Nursing Now Euskadi

Zer da Nursing Now Euskadi?

Nursing Now kanpaina globala da, Erizainen Nazioarteko Kontseiluak (ENK) eta Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) bultzatua. Kanpaina global hori Euskadin garatu nahian, hainbat arlotako zenbait eragilek talde bat osatu dute, Osakidetzak eta Osasun Sailak babesturik; horixe da Nursing Now Euskadi.

Euskal osasun-sistemaren barruan erizaintzaren garapena bultzatzeko lan egiten dugu, sinetsita baikaude herritarren osasunaren onerako izango dela, argi eta garbi. Nursing Now kanpainak erizaintzari bere balioa eman nahi dio, eta gizarteari azaldu zer-nolako ekarpen eztabaidaezina egiten duen, osasuna zaintzeaz den bezainbatean bai, baina baita erkidegoa kohesionatuago eta informatuago egon dadin eta hobeto jakin dezan zein diren osasunerako ohitura onak, horretan ere bai baitaukagu zer egina eta esana.

Helburu hauek ditugu:

  • Erizaintzak gizartean ikusgarritasun handiagoa izatea, eta herritarren artean jokatzen duen rola indartzea.
  • Erizaintzaren lidergoa indartzea, eta erabakiak hartzeko orduan parte-hartze handiago izatea.

Gaur egun, gizartea geroz eta zaharragoa da, geroz eta eritasun kroniko gehiago daukagu, baliabideak mugaturik ditugu, eta jendeak geroz eta zorrotzago zaintzen du bere burua eta estuago hartzen ditu zerbitzu publikoak; hau da, osasun-arretak izugarrizko erronkak ditu. Derrigorra da, hortaz, erizainen ahalari probetxurik handiena ateratzea, hartara, erronka horiei erantzuna eman ahal izan diezaiegun, erabakiak hartzeko orduan eragin-indar handiagoa hartuz. Osasun-sistemari esku artera datozkion zereginak ikusita, erizainek erantzukizun handiagoa hartu beharko dute eta zeresan handiagoa izan beharko dute; hori badator. Desafioak bertan ditugu, eta konponbidearen zati ikaragarri handi bat erizainak dira.

Nor dira motorea?

Nursing Now Euskadik badu talde bat motore-lanak egiten. Euskadi inguruko elkarte profesional, sanitario eta soziosanitario batzuetako profesional jakin zenbaitek osatzen dute. Ikus ditzagun:

  • Inmaculada Moro Casuso. Osakidetzako erizaintzako zuzendariorde-aholkularia, Osasun Sailaren ordezkari gisa.
  • Pilar Lekuona. Gipuzkoako Erizainen Elkargoko presidentea, Euskadiko elkargo profesionalen ordezkari gisa.
  • Jesus Rubio Pilarte. Dekanordea - Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak EHUn duen Ataleko koordinatzailea. Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatzen du.
  • Venan Llona. Paziente Aktiboa programan trebatzen jarduten duen pazientea, pazienteen ordezkari gisa parte hartzen duena.
  • Nerea Gutierrez Bartolomé. Arabako ESIko Erizaintzako zuzendaria, Euskadiko Erizaintzako zuzendarien kolektiboaren ordezkari gisa.
  • Ana Orbegozo. Matia Fundazioko Erizaintzako zuzendaria, testuinguru sozio-sanitarioaren ordezkari gisa.
  • Xabier Mujika Peña. Goierri-Urola Garaiko ESIko erizain laguntzailea, erizain gazteen ordezkari gisa.
  • Noelia Panadero Velasco. Osasun mentaleko barne-erizain egoiliarra, erizaintzako ikasleen ordezkari gisa.
  • Elena Arteagoitia. Kazetaria Osasun Saileko Prentsa Kabinetean. Sanitarioak ez diren profesionalen ordezkari gisa parte hartzen du.
  • Adolfo Delgado Fontaneda. Arabako ESIko medikua, Euskadiko profesional medikoen kolektiboaren ordezkari gisa.
  • Maria Angeles Cidoncha eta Lucia Garate, idazkari-lanetan eta kanpainarako laguntasun tekniko eta metodologiko gisa.

Nahi al duzu gurera batu?

Batu nahi? Nursing Now/Nursing Now web-orrian duzu atea (https://www.nursingnow.org/apply-to-set-up-a-group/).

Batzeko eskaera egiten duzunean, jakinaraz iezaguzu, mesedez, helbide honetan: NURSINGNOW.EUSKADI@osakidetza.eus. Eta beste gauza bat ere bai: zure ekimen guztien azalpena bidali kontaktu horretara; eta guk, gero, denen artean zabalduko ditugu Nursing Now Euskadi zigilupean programatzen diren jarduera guztiak.

Zer dakar Nursing Now Euskadira batzeak? Eskualdeko lan-taldeari zure laguntasuna eman beharko diozu. Nola? Antolakunde bakoitzak 2020rako planifikatu dituen jarduerak partekatuz. Eta ez horiek bakarrik: ikusgarritasuna edo lidergoa erdiesteko izan badaitezke, martxan jartzen dituzuen beste jarduera batzuk ere partekatu; helburu horien atzetik baikabiltza, esan dugunez. Motore-taldetik, berriz, informaturik edukiko zaituztegu, eta planifikaturiko ekintzetara elkar zaitezten saiatuko gara; hori gure kontu.

Kanpainaren jarraitzailea bazara, ez beldurrik izan kanpainaren izena eta logotipoa erabiltzeko, edo kanpainaren web orrian argitaraturik datorren eta deskarga daitekeen beste edozein material; betiere atribuzio-lizentzia oinarri hartuta.

Azken aldaketako data: