Osakidetzak web berria du

Osakidetzak web orri berria du gaurtik aurrera, eta euskal osasun zerbitzuaren gaineko informazioa zein zerbitzuen eta izapideen berri emango da bertan. Pilotatzen hasi den atari berriaren helburua da erabiltzaileen esperientzia hobetzea eta espero dutenari hobeto erantzutea, komunikazio-tresna modernoagoa, hurbilagoa eta erabilerrazagoa eskainiz. Gainera, pantaila txikiko terminaletan nabigatzeko egokituta dago, mugikor eta tabletekin sartzean, edukiak modu erosoagoan ikusi ahal izateko.

Oro har, Osakidetzak eta Osasun Sailak gizarte aurreratua eta osasungarria lortzea dute jomugan, eta horretarako nahitaezkoa da norberaren osasuna zaintzeari buruzko argibideak ematea, eduki erabilerrazak, erakargarriak eta kalitatezkoak eskainiz. Horrexegatik, bada, web berri honetan garrantzi berezia izango du Osasun Eskolak. Herritarrei zuzendutako zerbitzua da eta osasunaren eta gaixotasunaren inguruan jarrera aktiboa izan dezaten informazioa eta prestakuntza emango die.

Era berean, web orriaren bitartez bultzada bat eman nahi zaie herritarren parte-hartzeari, enplegu publikoari, online osasun-zerbitzuei eta osasun-arloko ikerketa eta berrikuntzari, beste hainbat gai interesgarri jorratzearekin batera.

Azken batean, tresna hau euskarri bizia izateko sortu da, unean-unean eguneratuko dena eta sektorean eta erakunde barruan ere sortuz doazen egoera berrietara egokituko dena. Hortaz, web orriaren eremu guztiak edukiz hornitzen eta moldatzen ere joango gara.

Osakidetzak web berria du

Azken aldaketako data: