2021eko gripearen aurkako txertaketa kanpaina

Gripea gaixotasun infekzioso bat da, eta oso kutsakorra den arren, oro har, onbera da. Gaixo gehienak astebetera edo bi astera sendatzen dira, eta ez dute tratamendurik behar izaten. Adineko pertsonen edo patologia kronikoak dituztenen artean, ordea, gripeak arazo larriak eragin ditzake.

Gripearen aurkako txertoa da gripeari aurre egiteko prebentzio-neurri nagusia, txerto segurua eta eraginkorra delako.

Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 18an hasiko da Euskadin, eta nagusiki pertsona hauek babestea du helburu: gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handiena dutenak eta konplikazio-arrisku handia duen beste norbaiti gaixotasuna transmititu diezaieketenak:

  • 65 urtetik gorakoak.
  • Gaixotasun kronikoak dituztenak: birikak, bihotza, gibela, diabetesa...
  • Haurdun dauden emakumeak
  • Osasun-langileak
  • Arrisku handia duten pertsonak zaintzen dituzten senideak edo haien bizikideak

Gainera, Osakidetzak eskainiko du COVID txertoaren HIRUGARREN DOSIA ematea, gripearen txertoarekin batera, bi baldintza betetzen diren kasuetan: 70 urte edo gehiago izatea eta COVID-19aren aurkako txertoa duela 6 hilabete baino gehiago jaso izana.

Gripearen kanpaina

NOLA HARTU HITZORDUA?

Kontuz! Arriskupeko kolektibo batekoa ez bazara, azaroaren 15era arte itxaron behar duzu

NON HARTU BEHAR DUT TXERTOA?

Aurten, zure ohiko osasun-zentroan, anbulatorioan edo kontsultategian egingo da kanpaina.


BABESTU ZEURE BURUA!

Gripea pertsonen artean kutsatzen da, hitz egitean, eztul egitean edo doministiku egitean ahotik edo sudurretik botatzen diren listu tantatxoen bitartez. Horregatik, txertoaz gain, gripea eta beste arnas infekzio batzuk saihesteko neurri batzuk honako hauek dira:

  • Maskara erabiltzea.
  • Eskuen higienea sarri egitea.
  • Espazio itxiak aireztatzea.
  • Eztul edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ukondoa tolestuz estaltzea.
  • Erabili eta botatzeko paperezko zapiak erabiltzea.
  • Ahal den neurrian saihestea jende-pilaketak.

Erlazionatutako dokumentuak


Ohiko galderak

Zer da gripea?

Gripea birus batek eragiten duen arnas gaixotasun infekziosoa da. Erraz transmititzen da, eta azkar zabaltzen da (gure inguruan, udazkenean eta neguan, batik bat).

Zer sintoma ditu?

Gripea duten pertsonek honako sintoma hauetako batzuk izaten dituzte maiz: sukarra, eztarriko mina, mukiak, eztul lehorra, zefalea, giharretako mina eta nekea. Gaixotasunaren sintomak birusa organismoan sartu eta 1-4 egunera hasten dira.

Nola transmititzen da?

Gripea pertsonatik pertsonara transmititzen da:

  • Infektatutako pertsona batek hitz egitean, eztul egitean, doministiku egitean edo kantatzean askatzen dituen arnas tantatxoen bidez. Birusa transmititzeko biderik ohikoena da.
  • Infektatutako pertsona baten tantatxoak edo jariakinak egon daitezkeen objektuak ukitu ondoren ahoa, sudurra edo begiak ukitzean.

Noiz arte da kutsakorra gripea?

Gripearen birusaz kutsatzen direnek sintomak hasi baino egun bat lehenagotik 3-7 egun geroago arte kutsa dezakete. Infektatutako pertsonek birusa kutsa dezakete, gaixotasuna edo sintomarik izan gabe ere. Haurrek sintomak hasten direnetik 7 egunera edo gehiagotara ere kutsa dezakete gripea.

Zein dira gripearen konplikazio posibleak?

Gripearen birusaren infekzioak ekar ditzakeen konplikaziorik ohikoenak honako hauek dira: pneumonia, otitisa, sinusitisa, deshidratazioa edo gaixotasun kronikoek txarrera egitea, hala nola bihotz-gutxiegitasun kongestiboak, asmak edo diabetesak.

Edonork izan ditzake konplikazioak gripearen ondoren, baina ohikoagoa da gaixotasun kronikoak dituztenen artean edo egoera jakin batzuetan (adinekoak, haurdunak, gehiegizko pisua, etab.).

Nola tratatzen da gripea?

Ez dago birusaren aurkako tratamendurik. Gripearen tratamendu bakarra da gaixotasunaren sintomak arintzea.

Gripe kasuetarako aholku batzuk: hartu atsedena, edan likido ugari, ez hartu alkoholik edo tabakorik, hartu gripearen sintomak hobetuko dituzten medikamentuak (sukarra jaisteko medikazioa, adibidez).

Haur edo nerabeei ez zaie aspirina eman behar, Reye Sindromea eragin dezakeelako (ez da ohikoa, baina larria da).

Gripearen aurkako medikamentuek gripea prebenitu edo senda dezakete?

Udazkenean eta neguan iragarki-kanpaina handietan ikusten diren gripearen aurkako medikamentuek EZ dute ez gripea sendatzen, ez prebenitzen. Ez diote eragiten gripearen birusari, infekzioaren ondoriozko sintomak arintzen dituzte, besterik ez. Infekzioaren sintomei aurre egiteko medikamentu bat baino gehiago izaten dituzte, eta ez dira kaltegabeak; are gehiago, kontrako erreakzioak eragin ditzakete.

Antibiotikoek gripeari aurre egiteko balio dute?

Birus batek eragiten du gripea, beraz, antibiotikoak ez dira eraginkorrak, bakterioei aurre egiteko balio dutelako. Ez dituzte sintomak hobetzen eta ez dute balio azkarrago sendatzeko. Gainera, albo-ondorioak dituzte, eta gaizki erabiltzen badira, bakterioak erresistente bihur daitezke.

Nola prebenitu daiteke gripea?

Txertoa hartzea da gripea eta haren konplikazioak prebenitzeko neurririk eraginkorrena.

Txertaketaz gain, beste prebentzio-neurri batzuk ere gomendatzen dira, hala nola:

  • Maskara erabiltzea
  • Gela itxiak aireztatzea
  • Jende-pilaketak saihestea
  • Eztul edo doministiku egitean ahoa estaltzea, erabili eta botatzeko zapiekin, ahal dela.
  • Eskuak maiz garbitzea, batez ere eztul edo doministiku egin ondoren.
  • Beste pertsona batzuekin kontaktua mugatzea ondoeza, sukarra edo gripearen beste sintoma batzuk izanez gero.

Zergatik da beharrezkoa gripearen aurkako txertoa urtero hartzea?

Bi arrazoirengatik da beharrezkoa urtero txertoa hartzea:

  • Gripearen birusek gaitasun handia dute infektatzeko garrantzi berezia duten proteinak aldatzeko. Horregatik, gripearen birus berriak agertzen dira, eta gizakiak ez du birus horietarako babesik.
  • ainera, denborarekin, txertoari esker sortzen diren antigorputzak gutxituz doaz.

Zein da gripearen txertoaren eraginkortasuna?

Gripearen aurkako txertoaren eraginkortasuna bi faktoreren araberakoa da funtsean:

  • Txertatutako pertsonaren adina eta osasun-egoera.
  • Zirkulatzen ari diren gripe-birusen eta txertoa egiteko erabili diren birusen arteko antzekotasuna.

Hala ere, txertatu ondoren hartzen bada infekzioa, gaixotasunak probabilitate handia du larritasun txikiagoa izateko. Oso txerto segurua da, eta oso eraginkorra da ospitalizazio eta heriotzen ehuneko handi bat saihesteko.

Zerez osatuta dago gripearen txertoa?

Aurtengo gripe-sasoirako txertoa tetrabalentea da, hau da, gripearen lau birus mota ditu (a motako bi eta b motako bi). Munduko Osasun Erakundeak denboraldi epidemiko bakoitzean behatu duenaren arabera hautatzen dira birus horiek.

Zer txerto mota emango dira aurten Euskadin?

Euskadin denboraldi honetan erabiliko diren txertoak aktibatu gabeko txertoak dira. Gainera, txerto tetrabalenteak dira, hau da, 4 motatako gripe-birusen aurka babesten dute.

Segurua al da gripearen aurkako txertoa?

Hainbat ikerketa klinikok berretsi dute gripearen aurkako txertoa segurua dela. Gripearen aurkako txertoaren ehunka milioi dosi ematen dira mundu osoan.

Zein dira txertaketaren albo-ondorio ohikoenak?

Txertoa eman osteko albo-ondoriorik ohikoena injekzioaren lekuan molestia eta/edo mina izatea da. Erreakzio lokal horiek 48 ordu baino gutxiago irauten dute, eta oso gutxitan eragiten diote txertatutako pertsonen eguneroko bizitzari. Antzeko iraupena duten beste erreakzio batzuk hauek izan daitezke: sukarra, ondoeza edo giharretako mina.

Txertoak gripea eragin dezake?

Kanpaina honetan Euskadin merkaturatuko diren txertoak inaktibatuak dira; hau da, birus zatiz osatuta daude, ez dute inoiz bizirik dagoen birus osorik, eta, beraz, ezin dute gripea sortu.

Gripearen txertoa hartu ondoren, pertsona batzuek katarro-sintomak izaten dituzte. Zergatik gertatzen da?

  • Arnasbideetako birus ugari daude (errinobirusa, arnas birus sintzitiala, parainfluenza birusa, adenobirusa..), gripe-denboraldian zehar zabaltzen dira eta gaixotasuna eragiten dute. Txertoak ez du birus horietatik babesten.
  • Txertoa jasotzen denetik, bi aste behar dira gorputza gripetik babestuta egoteko. Batzuetan, denbora tarte horretan gripeaz kutsa daiteke, txertoa jarrita izan arren.
  • Pertsona batzuk gripearen birus batekin infektatu daitezke, txertokoak ez direnak, edo baliteke behar bezala babestuta ez geratzea, adinagatik edo osasun-egoeragatik.

Zer kasutan dago kontraindikatuta txertoa?

  • 6 hilabetetik beherako haurrak.
  • Txertoaren printzipio aktiboei edo osagairen bati alergia dieten pertsonak.
  • Lehenago gripearen aurkako txertoaren aurrean erreakzio alergiko larria izan duten pertsonak.
  • Sukarra edo infekzio akutu bat duten pertsonak: txertoa atzeratu egin behar da sendatu arte.

Beharrezkoa da txertoa hartzea osasun ona dudala uste badut?

Edonor gaixotu daiteke gripeaz eta konplikazio larriak izan ditzake. Txertoa, batez ere, gripea izanez gero konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonei gomendatzen zaie, bai eta haiekin kontaktuan daudenei ere (birusa transmititu ahal dietelako), haien burua eta ingurukoak babesteko.

Arrisku-taldeetakoa izan gabe ere txertoa hartu nahi baduzu, azaroaren 15etik aurrera jarri harremanetan zure osasun-zentroarekin hitzordua eskatzeko edo webgunearen bidez egiteko.

Hobe da gaixotasuna hartzea gripearen aurkako txertoa hartzea baino?

Ez. Gripea gaixotasun larria izan daiteke, batez ere adinekoen eta gaixotasun kroniko jakin batzuk dituzten pertsonen artean. Gripeak eragindako infekzioak konplikazio larriak ekar ditzake, hala nola ospitalizazioa edo heriotza. Beraz, babes immunitarioa lortzeko, txertoa hartzea aukera seguruagoa da gaixotzeko arriskuan egotea baino.

Nori gomendatzen zaio gripearen aurkako txertoa hartzea?

Gripearen aurkako txertoa hartzea gomendatzen zaie, batez ere, lau biztanle-talde hauei:

  • 65 urtetik gorakoei. Arreta berezia jarriko zaie egoitza itxietan bizi diren pertsonei.
  • 6 hilabetetik 65 urtera bitarteko pertsonen artean, gaixotasunen bat izateagatik konplikazioak izateko arrisku handia dutenei.
  • Konplikazioak izateko arrisku handia dutenei gripea transmiti diezaieketen pertsonei: zaintzaileak, arrisku handiko pertsonekin batera bizi direnak.
  • Osasun-langileei eta langile soziosanitarioei, bai eta funtsezkotzat jotako zenbait talderi ere.

Haurdun banago, txertoa har dezaket?

Haurdunaldiko edozein hiruhilekotan txertoa hartzea gomendatzen da, eragin hirukoitza duelako:

  • Ama babesten du.
  • Jaioberria babesten du.
  • Haurra babesten du bere bizitzako lehen hilabeteetan.

Haurdun banago, noiz hartu behar dut txertoa?

Gripearen aurkako txertaketa-kanpainan, haurdunei haurdunaldiaren edozein hiruhilekotan txerto-dosi inaktibatua ematea gomendatzen da.

Immunodeprimituek txertoa har dezakete?

Immunodeprimituei txertoa jartzea gomendatzen da, hala nola immunoeskasia primarioak edo tratamendu jakin batzuen ondoriozkoak dituztenei, minbizia dutenei, GIB birusak kutsatuta daudenei, transplantatuta daudenei, barerik gabeko pertsonei, etab.

COVID-19 izan dutenek gripearen aurkako txertoa har dezakete?

Ez da ezagutzen gripearen aurkako txertoaren kontraindikazio medikorik txertatzea gomendatzen den eta COVID-19aren infekzioa izan duten pertsonen kasuan. Kasu horietan, gripearen aurkako txerto inaktibatuak ematea segurua da.

Maskara erabiltzen badut, txertoa hartu behar dut?

Bai. Maskara erabiltzeak eta beste prebentzio-neurri batzuek lagundu egiten dute arnas birusak prebenitzen. Hala ere, gripeagatik gaixotzeko arriskua murrizteko modurik onena txertoa hartzea da. Gripearen aurkako txertoa hartzean, gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handiagoa dutenak ere babesten dira.

Azken aldaketako data: