Depresioa

Sarrera. Ezagutu beharreko zenbait datu:

Depresioa gaixotasun mental bat da, gure ohiko gaitasunekin eta energiarekin jardutea galarazten diguna eta gure familia-bizitza, lan-bizitza eta gizarte-bizitza larriki kaltetu ditzakeena.

  • Normalean, tristura handia, energiarik eza, gauzen oso ikuspegi negatiboa eta lo egiteko, kontzentratzeko edo elikatzeko zailtasunak eragiten ditu, baina koadroa askotarikoa izan daiteke.
  • Nerbio-sisteman du jatorria, baina arrazoi zehatza ezezaguna da.
  • Oso larria izan daiteke, eta suizidio-kasuen ehuneko handi batekin lotuta dago.
  • Depresioa ohikoa dela esan daiteke: gure herrialdean, 10 pertsonatik gutxienez batek jasango du depresioaldi bat bere bizitzan.
  • Edozein pertsonak izan dezake depresioa, adina, sexua edo egoera sozioekonomikoa edozein izanik ere. Hala ere, pertsona talde jakin batzuek arrisku handixeagoa dute.
    Horri dagokionez, garrantzitsua da jakitea depresioa ez dela beti arazo, zailtasun edo kezka jakin batzuk dituzten pertsonengan agertzen; ageriko “eragile” edo estresorerik gabe ere ager daiteke.
  • Depresioaren iraupena aldakorra da, aste batzuetatik hainbat urtetara bitartekoa. Oro har, esan daiteke depresioa jasaten duten pertsona gehienak hobeto sentitzen direla 4-6 hilabete igaro ondoren. Pertsona batzuek, ordea, sintoma iraunkorragoak izaten dituzte. Depresioaren iraupena 2 urtekoa edo hortik gorakoa bada, depresio kroniko deitzen zaio.

Depresioa duen emakume baten irudia

Baditugu tratamendu eraginkorrak, hala nola hilabete batzuetan sendagaiak (antidepresiboak) hartzea eta terapia psikologikoak egitea

Baditugu tratamendu eraginkorrak, hala nola hilabete batzuetan sendagaiak (antidepresiboak) hartzea eta terapia psikologikoak egitea. Halaber, autolaguntza-teknika batzuk oso baliagarriak dira larritasun txikiko depresio-kasuetan. Nolanahi ere, kasu guztietan “osasun mentalerako osasungarriak” diren bizi-ohitura batzuei jarraitzea komeni da.

Tratamendu eraginkorrak badaude ere, depresioa duten pertsonen % 40k ez diote kontsulta egiten beren medikuari, haien balorazioa eta tratamendua jasotzeko. Askotan, ezjakintasunagatik (ez dute ongi ulertzen zer gertatzen ari zaien) edo beldurragatik (gaixotasun mentalaren eta besteek esango dutenaren beldur dira).

"Depresio Nagusia",
depresiorik ohikoena

Ohikoena eta “depresioaz” hitz egiten dugunean buruan izan ohi duguna da.

Depresio nagusia ez da berdina pertsona guztiengan, baina badaude identifikatzen laguntzen duten eta osasun-arloko profesionalei diagnostikoa egitea ahalbidetzen dieten alderdi komun batzuk. Pertsona batek depresio nagusia duela esateko, hainbat sintomaren agerpena egiaztatu behar da. Sintoma horien artean, honako hauek aipa daitezke:

Emozioak: tristura handia, negarra, suminkortasuna edo gauzez gozatzeko ezintasuna.

Pentsamenduak: ezkortasuna, autoestimu txikia, erruduntasuna, kontzentratzeko edo gauzak gogoratzeko arazoak.

Portaera: isolamendua, gelditasuna, ardurei jaramonik ez egitea.

Beste batzuk: aldaketak jateko gogoan, lo-arazoak edo energiaren galera.

Sintomen agerpenaz gain, eguneroko jardunaren alterazio bat behar da, eta pertsonak ohiko jarduerak egiteko gauza ez dela sentitu behar du (adibidez, normal lan egiteko, gainerakoekin harremanetan jartzeko edo ohiko aisia-jarduerak edo zaletasunak egiteko zailtasunak).

Sintomek eta zailtasunek denboraren zatirik handienean agertu behar dute, 2 astetan gutxienez.

Pertsona batzuek (adinik handienekoek bereziki) beste sintoma desberdin batzuk izan ditzakete, hala nola ondoez fisikoak (buruko mina, zorabioak edo digestio-ondoezak, adibidez), oroimen-arazoak, antsietatea edo egonezina.

Sintomen intentsitatearen arabera, depresioa arina, moderatua edo larria izan daiteke. Depresio arinaren kasuan, sintoma gutxiago agertzen dira, eta eguneroko jardunaren alterazioa txikiagoa da.


Depresioa “tristura normalaren” desberdina da

Depresioa ez da “TRISTURA NORMALAREKIN” nahasi behar. Normala da noizean behin tristura edo kezka sentitzea, baina tristura “normala” arina eta iragankorra izaten da, eta ez du eragin esanguratsurik pertsonaren jardunean. Horregatik, ez du tratamendu medikorik behar, ingurunearen nolabaiteko babesa jasotzea eta ohitura osasungarriak hartzea komeni bada ere.

Depresioa duen gizon baten irudia


Egileen ikonoa

Autores

Andrea Gabilondo. Psikiatra. Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea. Osakidetza

Alvaro Iruin. Psikiatra. Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea. Osakidetza

Diagnostikoa

Depresioa elkarrizketa klinikoaren bidez diagnostikatzen da. Hori dela eta, diagnostikoa egiteko, osasun-arloko profesionalak hainbat galdera egin behar dizkio pertsonari, nola dagoen (gogo-aldartea, kezkak, energia-maila, jateko gogoa eta abar) eta noiztik jakiteko. Galdera horiek gaixotasunaren bereizgarri diren sintomak dauden ala ez egiaztatzeko aukera emango diote profesionalari.

Beharrezkoa da sintoma horiek gutxienez 2 asteko iraupena izatea eta denboraren zatirik handienean agertzea. Osterantzean, oraindik ezin da esan pertsonak “depresioa” duenik.

Depresio bat diagnostikatzeko, ez da proba osagarririk egin behar (hala nola analitikak eta irudi-probak –eskanerra, erresonantzia eta abar–).Hala ere, zenbaitetan profesionalek proba horietakoren bat egiteko eskatzen dute, detektatutako depresio-sintomen jatorria beste gaixotasun bat dela baztertzeko (arazo hormonal edo neurologiko bat, adibidez).

Depresioa duen emakume irudia

Irizpide diagnostikoak

Profesionalek sintoma-zerrenda (edo irizpide diagnostiko) batzuk erabiltzen dituzte depresio bat dagoela berresteko. OMEk CIE10 irizpideak landu ditu, eta profesionalek gehien erabiltzen dituztenetakoak dira:

A - Depresioaldi baterako irizpide orokorrak

  1. Depresioaldiak bi asteko iraupena du gutxienez.
  2. Depresioaldia ez da substantzia psikoaktiboen abusuaren edo nahasmendu mental organiko baten ondorioa.

B - Honako sintoma hauetako biren agerpena gutxienez

  1. Umore depresiboa, subjektuarengan erabat ezohikoa, ia egunero eta egunaren zatirik handienean agertzen dena, ingurune-zirkunstantziek oso neurri txikian aldatzen dutena eta gutxienez bi asteko iraupena duena.
  2. Lehen atseginak ziren jarduerekiko interesaren edo jarduera horiez gozatzeko ahalmenaren galera nabarmena.
  3. Bizitasunik eza edo nekagarritasunaren areagotzea.

C - Gainera, honako zerrenda honetako sintoma batek edo gehiagok agertu behar dute, guztizko batura gutxienez 4 izan dadin

  1. Norberarenganako konfiantzaren eta estimuaren galera eta gutxiagotasun-sentimenduak.
  2. Norberarenganako neurriz kanpoko agirakak, eta erru-sentimendu handiegi eta desegokiak.
  3. Heriotza- edo suizidio-pentsamendu errepikatuak eta jokabide suizida.
  4. Kexak eta kontzentratzeko eta pentsatzeko ahalmenaren murrizketa, erabakitasunik ezarekin eta zalantzekin batera.
  5. Aldaketak jarduera psikomotorrean, asaldu edo inhibizioarekin.
  6. Loaren mota orotako alterazioak.
  7. Aldaketak jateko gogoan (gogo txikiagoa edo handiagoa), eta, horren ondorioz, pisuan.

Alarma-seinaleak depresioan

Depresioa oso gaixotasun larria izan daiteke, eta pertsonaren bizitza larriki kaltetu dezake. Depresioaren “alarma-seinaleek” larritasun-egoera hori iradokitzen dute. Seinale horien artean, honako hauek azpimarra daitezke:

  • Pertsonak heriotzaren edo suizidioaren inguruko ideiak ditu, edo adierazten ditu.
  • Jokabide agresiboa agertzen du, hitzezkoa edo fisikoa.
  • Bere burua neurri handian abandonatuta dauka: ia ez du jaten, ez da garbitasun pertsonalaz arduratzen, eta ez die jarraitzen depresiorako edo izan dezakeen beste gaixotasunen baterako aginduta dituen tratamenduei.
  • Isolamendu-egoera larrian dago; ia ez da gainerakoekin harremanetan jartzen, eta ia ez da kalera irteten.
  • Errealitatearen zentzua gal dezake (klinika psikotikoa): oso ideia bitxiak adierazten ditu (edo ezohikoak berarengan), oinarririk gabeko beldur berriak ditu, eta ez dauden gauzak entzun edo ikusten ditu (haluzinazioak).
Ikus laguntza nola eta noiz eskatu behar den azaltzen duen atala

Arrisku-faktoreak eta prebentzioa

Depresioa faktore psikologiko, biologiko eta sozialen konbinazio konplexu baten ondorioa da. Edonola ere, konbinazio hori ez da ongi ulertzen oraindik.

Jakin beharra dago edonork izan dezakeela depresioa, adina, sexua edo gizarte-maila edozein izanik ere. Dena dela, badira depresioaren agerpena errazten duten arrisku-faktore batzuk, kasu guztietan agertzen ez badira ere.

Depresioaren arrisku-faktoreak honako hauek dira:

  • Emakumea izatea.
  • Duela gutxi gertaera estresagarri bat bizi izana (pertsona maiteen galera, arazo ekonomikoak, lan-arazoak eta abar).
  • Mina edo desgaitasuna sorrarazten duten gaixotasun fisiko larriak izatea.
  • Bakarrik edo isolatuta egotea.
  • Depresioaren edo osasun mentaleko beste arazo baten aurrekariak izatea.
  • Depresioaren edo osasun mentaleko beste arazo baten familia-aurrekariak izatea.

Zientziak frogatu duenez, depresio baten agerpenari aurrea har dakioke, eta neurri eraginkorrak askotarikoak izan daitezke, depresio-sintoma arin batzuk edo arrisku-faktore asko dituzten pertsonei zuzendutako terapia psikologikoekin hasi eta bizitzako ohituren aldaketarekin amaitzeraino.

Depresioa duen emakume baten irudia
Jakin beharra dago edonork izan dezakeela depresioa, adina, sexua edo gizarte-maila edozein izanik ere

Osasun mentala zaintzeko ohitura osasungarriak

Gure ongizate mental eta emozionalerako, komeni da ohitura osasungarri batzuk hartzen saiatzea. Ohitura horiek bereziki garrantzitsuak dira osasun mentaleko arazoren bat izan duten pertsonentzat edo estres edo urduritasun handiagoko aldiak bizi dituztenentzat, baina edonork saiatu beharko luke ohitura horiek hartzen.

  • Fisikoki aktibo jarraitzea: aldizka ariketa fisikoa egitea (pertsona bakoitzaren ezaugarri, lehentasun eta ahalmenak kontuan hartuta).
  • Sozialki aktibo jarraitzea: gainerakoekiko harremanak zaintzea, konfiantzarik handieneko pertsonekin harreman erregularrak izaten saiatzea eta komunitatearekin (auzotarrekin, lankideekin eta abar) beste hurbiltasun- eta konexio-lotura batzuk sortzen saiatzea.
  • Gauza berriak ikastea: ikaskuntza formaleko jardueretan (ikastaroak eta abar) zein ikaskuntza informalekoetan parte hartzea.
  • Behar adinako atsedena hartzea: behar adinako atsedena hartzen saiatzea eta loari lotutako higiene-ohitura egokiak hartzea.
  • Alkoholaren eta mendekotasuna sortzen duten beste substantzia batzuen kontsumoa ahal den neurrian murriztea.

Tratamendua

Zein da depresioaren tratamendua?

Baditugu tratamendu eraginkorrak depresiorako. Tratamendu horiek depresioak eragiten duen sufrimendua murrizten laguntzen dute, eta gaixotasunak kaltetutako gaitasunak (harreman-gaitasunak, lanerako gaitasunak eta abar) berreskuratzea ahalbidetzen dute.

Beste gaixotasun batzuekin gertatzen den bezala, tratamendua goiz hasten denean aukera gehiago daude hobeto osatzeko. Tratamendurik gabe, errazagoa da depresioak okerrera egitea edo kroniko bihurtzea.

Egiaztatu denez, hainbat tratamendu eraginkor daude depresiorako. Nagusien artean, farmako bidezko terapia, tratamendu psikologikoa (psikoterapia) eta autolaguntza-teknikak aipa daitezke. Medikuak erabakiko du kasu bakoitzean zein den egokiena.

FARMAKO BIDEZKO TERAPIA

Depresioari aurre egiteko farmakorik eraginkorrenak antidepresibo izenekoak dira. Nerbio-sisteman eragiten dute. Zehazki, garuneko substantzia kimiko jakin batzuen mailak igotzen laguntzen dute, eta horrek hobetu egiten du depresioa duten pertsonen gogo-aldartea. Garrantzitsua da honako hauek jakitea:

  • Antidepresibo mota desberdinak daude, eta, oro har, ongi toleratzen dira eta seguruak dira.
  • Ez dute mendekotasunik sortzen.
  • Gehienek ez dute logurarik eta sedaziorik sortzen.
  • 4-6 aste behar izaten dira eragina izaten hasteko, eta hobera egin ondoren ere hartu behar dira aldi batean, berrerortzeak saihesteko.
  • Tratamendu “estandar” batek 6 hilabete inguruko iraupena izan ohi du, baina pertsona bakoitzaren ezaugarrien arabera egokitu behar da. Medikuak erabaki behar du kasu bakoitzean iraupen zehatza.
  • Bigarren mailako ondorioren bat agertzen bada, garrantzitsua da medikuari kontsulta egitea; izan ere, ondorio horiek ere beren tratamendua izan ohi dute, eta ez dute antidepresiboak uztera behartzen.

TERAPIA PSIKOLOGIKOA (psikoterapia)

Hainbat terapia psikologiko edo psikoterapia mota daude.

  • Terapia espezifikoki prestatutako profesional batek egin behar du (psikologoak edo psikiatrak, normalean).
  • Hitza eta gogoeta erabili ohi dituzten teknika zehatzak erabiltzen dira. Zenbaitetan, beharrezkoa izan daiteke saioen artean jarduera edo betebehar batzuk egitea, ikasitako trebetasun berriak praktikan jartzeko.
  • Iraupen ertain edo luzeko terapiak izan ohi dira, eta, askotan, hainbat saio egin behar dira hilabete batzuetan sintomak arintzeko.
  • Badaude, halaber, kasu arinetarako baliagarriak direla erakutsi duten iraupen laburragoko eta konplexutasun txikiagoko aldaera batzuk.
  • Egiaztatu denez, terapia kognitibo konduktuala depresioari aurre egiteko eraginkorrenetako bat da, eta antidepresibo bidezko tratamendua bezain eraginkorra izan daiteke. Depresio moderatu, larri edo erresistenteari aurre egiteko lehentasunezko tratamendu psikologikoetako bat da. Halaber, berrerortzeen prebentziorako ere eraginkorra dela frogatu da.
  • Depresioari aurre egiteko erabili ohi diren beste terapia batzuk pertsona arteko terapia eta orientazio psikodinamiko edo psikoanalitikoko terapiak dira.
  • Depresio arinaren kasuan, tratamendu psikologiko labur espezifiko batzuk aplika daitezke, hala nola arazoak konpontzeko terapia edo terapia kognitibo-konduktual laburra (6-8 saio 10-12 astetan).
Pilulak bote baten irudia
Hainbat tratamendu eraginkor daude depresiorako: farmako bidezko terapia, tratamendu psikologikoa (psikoterapia) eta autolaguntza-teknikak.

AUTOLAGUNTZA-TEKNIKAK

autolaguntza-tekniken bidez, bere osasun-arazoa hobeto kudeatzeko hainbat trebetasun eta ezagutza erakutsi nahi zaizkio depresioa duen pertsonari. Modalitatearen arabera, depresioa hobeto ezagutzen eta gainditzeko jarduera batzuk praktikan jartzen laguntzen duten idatzizko materialak (biblioterapia) edo programa informatikoak (irakurketa, ariketa praktiko edo bideoekin) erabil daitezke. Teknika horiek depresio arinean erabiltzen dira bereziki, edota, depresio larriagoen kasuan, beste tratamendu batzuen osagarri gisa.

Eskatu profesionalen laguntza

Uste dut depresioa dudala… Zer egin behar dut?

Depresioa duzula uste baduzu, garrantzitsua da laguntza eskatzea. Zenbat eta lehenago eskatu, orduan eta lehenago hasiko zara hobeto sentitzen.

Komeni da zure familia-medikuarekin ordua eskatzea, zer gertatzen ari zaizun balora dezan eta hobetzen lagunduko dizun tratamenduren bat egin behar duzun ala ez esan diezazun.

Gogoan izan depresioaren diagnostikoa egiteko beharrezkoa dela hainbat sintoma eta eguneroko jardunerako zailtasunak izatea, eta, hori guztia, bi astetan gutxienez (irakurri arretaz “Depresio nagusia" atala). Tristura “normala" iragankorra izan ohi da, ez du eraginik gure jardunean, eta ez du tratamendu medikorik behar.

Profesional bati laguntza eskatzea erabaki zaila izan daiteke batzuentzat, baina depresio bat lehenbailehen gainditzeko erabakirik garrantzitsuenetako bat da. Familia-medikuak oso ohituta daude depresioa duten pertsonei laguntzen (antsietatea eta depresioa kontsulta-arrazoirik ohikoenetakoak dira lehen mailako arretan), eta eraginkortasunez laguntzeko beharrezkoa den ezagutza dute.

Zure medikuak galdera sinpleak egingo dizkizu, eta ez zaitu behartuko nahi ez duzunari erantzutera. Gogoan izan konfidentzialtasun osoz tratatuko duela azaltzen diozun guztia. Gainera, gertatzen zaizunari buruzko informazioa eta osatzeko alternatibarik onenak eskainiko dizkizu. Ez zara behartuta egongo tratamendua hartzera, eta zure kasurako tratamendurik komenigarrienari buruzko erabakian parte hartu ahal izango duzu.


Sintomen ikonoa

Zer egin
larrialdi-egoeretan?

Zailtasunak edo ondoeza bat-batekoak edo oso biziak badira edo pertsonak depresioaren alarma-seinaleren bat badu (suizidio-ideiak, adibidez), komeni da lehenbailehen balorazio mediko bat eskatzea.

Pertsona dagoeneko tratamendua jasotzen ari bada, komeni da lehenik eta behin haren terapeutarekin harremanetan jartzea.

Une horretan terapeutarekin harremanetan jartzerik ez badago edo egoera oso larria bada, 112 telefono-zenbakian osasun-arreta jaso daiteke asteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan. Beste aukera bat etxetik hurbilen dagoen larrialdi-zentrora joatea da.

Laguntza eskaintzen duen esku baten irudia

Zer egin dezaket hobera egiteko, depresioa badut?

Zure medikuak depresioa diagnostikatu badizu, oso garrantzitsua da haren aholkuei eta gomendatu dizun tratamenduari zorrotz jarraitzea eta kontrol-bisitaldietara joatea. Bisitaldi horietan, tratamenduan egin beharreko doikuntzen berri emango dizu medikuak. Beste atal batean, depresioari aurre egiteko tratamenduari buruzko informazio zabalagoa aurkituko duzu.

Gogoan izan depresio bat gainditzeko gakoa ez dela “borondate handiagoa izatea” edo “indartsuago izaten saiatzea”. Borondateak jarri dituzun helburuak eta zure medikuaren aholkuak betetzen lagunduko dizu, baina, beste gaixotasun edo osasun-arazo batzuetan bezala, ez da nahikoa depresioa gainditzeko, jarraibideei eta tratamenduari jarraitzen ez badiezu.

Borondateak, jarraibideen jarraipena eta tratamendua lagungarriak dira depresioa gainditzeko.

Laguntza profesionalaz gain, komeni da konfiantzazko pertsonen babesa bilatzea. Nola sentitzen zaren eta zer kezka eta zailtasun dituzun azaltzea eta hurbileko pertsonei laguntza eskatzea oso erabaki egokia izan daiteke, osatzeko prozesuan behar izango duzun babesa, laguntza eta jarrera ulerkorra jasoko baitituzu.

Komeni da depresioari buruzko gauza sinple batzuk ikastea: zertan datzan eta gainditzeko zer egin behar den eta zer egin behar ez den. Ongi informatuta egoteak osatzen lagunduko dizu. “Intereseko estekak” atalean, horri buruzko dokumentazioa aurkituko duzu.

Fisikoki eta mentalki aktibo egoten saiatzea ere oso lagungarria izan ohi da, askotan zaila bada ere. Kasu horietan, baliagarria izan daiteke egun bakoitzerako helburu txiki batzuk jartzea eta haiek betetzean nork bere burua saritzea. Nolanahi ere, komeni da hasieran asmo handirik gabe, baina etengabe eta temati jardutea. Adibidez: paseatzera irtetea (beste norbaitekin bada hobeto), konfiantzazko pertsona batekin zerbait hartzeko geratzea, liburutegirik hurbilenera aldizkariren bat irakurtzera joatea, etxean jarduera sinpleekin entretenituta egoten saiatzea (landareak zaintzea, puzzleak egitea, sukaldean aritzea eta abar). Osasun-arloko profesionalak zure kasurako egokienak diren jarduerak hautatzen lagundu ahal izango dizu.

Osasun mentalerako osasungarriak diren bizi-ohiturak hartzea, hala nola elikadura osasungarria eta orekatua egitea, alkohola eta beste droga batzuk ez kontsumitzea, behar adinako atsedena hartzea edota tentsio edo urduritasun handia sortzen duten egoerak murrizten saiatzea.

Nola lagundu depresioa duen pertsona bati?

Senide eta lagunentzako jarraibide batzuk

Senideek edo lagunek funtsezko zeregina bete dezakete depresioa duen pertsona bati osatzen laguntzeko. Izan ere, osasun-arloko profesional batengana joatera bultza dezakete, funtsezko aliatuak izan daitezke sendatzeko prozesuan, alarma-egoerak goiz detekta ditzakete, eta pertsonari garaiz jokatzen lagun diezaiokete.


Depresioa al du?

Askotan, hurbileko pertsonak izaten dira norbait ongi ez dagoela konturatzen diren lehenak, eta funtsezko piezak dira pertsona horri osasun-arloko profesional baten laguntza behar duela konturatzen laguntzeko.

Hona hemen pertsona batek depresioa izan dezakeela iradokitzen duten seinale batzuk, batez ere bat baino gehiago eta hainbat astetan segidan agertzen badira:

  • Ohi baino tristeago, ezkorrago, suminkorrago eta sentiberago agertzen da.
  • Ohi baino despistatuago, ahazkorrago edo nahasiago dago.
  • Lehen gozarazi egiten zioten jarduerekiko interesa galdu duela dirudi.
  • Isolatuago dago, edota interes txikiagoa agertzen du lagunekin eta familiarekin egoteko.
  • Lo egiteko arazoak ditu (edo ohi baino gehiago lo egiten du).
  • Energia- edo motibazio-faltaren kexu da.
  • Jateko gogoa galdu du (edo ohi baino gehiago jaten du).
  • Ohi baino gehiago erretzen du, edo ohi baino alkohol gehiago edaten du.

Oso garrantzitsua da depresioa benaz hartzea. Izan ere, larria izan daiteke eta pertsonaren bizitza arriskuan jar dezake. Susmoa izanez gero, komeni da pertsona familia-medikuarengana joatera eta balorazio bat eskatzera bultzatzea.


Nola lagundu dezaket?

Emakume bat beste bati laguntzen duen irudia

Depresioa duen pertsona bati babesa eta laguntza ematea zaila izan daiteke, eta senideak edo lagunak nahasita, larrituta edo errudun senti daitezke pertsonaren sufrimendua arintzeko zer egin behar duten ongi ez jakiteagatik.

Garrantzitsua da honako alderdi hauek kontuan hartzea:

  • Depresio bat gainditzeko, denbora behar izaten da, eta gorabeherak edo egun txarrak ager daitezke gauzak hobera zihoazela zirudienean.
  • Depresioak eragin handia du jasaten duen pertsonaren portaeran, eta pertsonak ez ditu beti bezala kontrolatzen bere sentimenduak eta egiten edo esaten dituen gauzak.
  • Borondateak zeregin garrantzitsua betetzen du sendatzeko prozesuan, baina ez da nahikoa depresioa gainditzeko. Funtsezko elementua medikuak adierazitako tratamendua da.
  • Egoera ezkutatzeak eta jaramonik ez egiteak ez du arazoa konpontzen laguntzen, eta osatzeko garrantzitsua den denbora galtzea eragin dezake.

Depresioa duen pertsona bati laguntzeko egin daitekeen gauzarik garrantzitsuenetako bat osasun-arloko profesional batengana joatera animatzea da, edo, dagoeneko profesional batek tratatzen badu, kontrol-bisitaldietara joatera.

Familia eta/edo lagunak osasun-arloko profesionalaren funtsezko aliatuak izan daitezke depresioa gainditzeko prozesuan. Oro har, komeni da:

  • Depresioa duen pertsonari animoak, adorea eta babesa ematen saiatzea, medikuak emandako jarraibideak bete ahal izan ditzan (ariketa fisikoa egitea, zaletasunen bati berriz heltzea eta abar).
  • Hurbiltasuna, jarrera ulerkorra eta pazientzia agertzen saiatzea. Pertsonak behar duenean harekin hitz egiteko eta laguntzeko prestasuna agertzea.
  • Zailtasunak agertzen badira, komeni da egoera gehiegi ez behartzea, oso kritiko ez agertzea eta tentsio handiko egoeretara ez iristea. Zalantzarik izanez gero, hobe da osasun-arloko profesionalarekin kontsultatzea.

Komeni da depresioari buruzko informazioa jasotzea, zer gertatzen den hobeto ulertzeko eta egoera batzuetan zer egin behar den jakiteko. Ongi informatuta egotea oso lagungarria da osatzeko prozesuan laguntzeko. Informazio gehiago “Intereseko estekak” atalean.

Funtsezkoa da norberaren osasuna zaintzea, depresioa duen pertsona bati laguntzeak eragin dezakeen ahultze emozionala saihesteko (beste gaixotasun batzuekin gertatzen den bezala). Komeni da nork bere buruari denbora eskaintzea, atseden hartu eta beste gauza batzuetan pentsatu ahal izateko. Pertsona maite bat sendatzeko prozesua ez da erantzukizun propiotzat hartu behar. Senide edo lagun batek laguntza eman dezake, baina ez da depresioak hobera egitearen erantzulea.

Azken aldaketako data: