Haurrek pixoihalaren dermatitisa dutenerako gomendio erabilgarriak
Normalean pixoihalak estaltzen duen larruazalaren eremuaren hantura izaten da. Larruazala gorritu egiten da, sentikorrago dago eta batzuetan zauriak ere izaten dira, eta horrek ondoeza eta suminkortasuna eragiten dizkio haurrari.
Oso ohikoa da edozein pixoihal mota erabiltzen denean. Batez ere bizitzako lehen urteetan sortzen da, eta are ohikoagoa da larruazal sentikorra duten haurretan.
Pixoihalaren dermatitis gehienak etxean trata daitezke, eta egun batzuk igarota desagertzen dira.
Arrazoiak
Dermatitisa izaten dute substantzia narritagarriekin kontaktuan daudelako, adibidez hauekin:
- Gernua eta gorozkiak
- Pixoihalen osagaiak edo garbitzeko paper-zapiak (koloratzaileak, lurrinak, gai kimikoak)
Ingurua gehiegi garbitzeak ere narritadura eragin dezake.
Duela gutxi tratamendu antibiotikoa hartu badu, baliteke onddoengatiko infekzioa (kandidiasia) izatea pixoihalean.
Nola arindu sintomak
- Aldatu pixoihala maizago. Aldatu pixoihala bustita dagoenean edo gorozkiz zikin dagoenean, edo aldatu pixoihala 2-3 orduz behin.
- Ahal izanez gero, utzi pixoihalik gabe zenbait orduz egunero, dermatitisa duen eremua aire zabalean izanik.
- Eremuaren garbiketa:
- Ur epela eta oihal leun bat erabili
- Xaboia erabiltzen baduzu, erabili xaboi leun bat, pH fisiologikoa duena, lurrinik gabea eta kantitate txikitan
- Zapi hezeak erabiltzen badituzu, lurrinik eta alkoholik ez dutenak aukeratu
- Ukitutxo leunekin lehortu, baina igurtzi gabe.
- Hesi-efektudun kremak erabil daitezke, zink oxidoa dutenak; larruazalera atxikitzen dira eta hezetasunarekin kontaktua izatea ekiditen dute. Krema lodienek hesi-efektu handiagoa dute. Ez da beharrezkoa krema guztia kentzea pixoihala aldatzen den bakoitzean.
- Ez erabili talko-hautsik, zaurietan itsatsita gera eta arnastu ere egin litezke eta.


Egin kontsulta baldin eta…
- Ondoez handia badu edo ez badu normaltasunez jaten edo lo egiten
- Larruazala aipatutako neurriak aplikatzen hasi aurretik baino okerrago badago
- Narritadura ez bada hobetzen egun batzuk igaro ostean
Azken aldaketako data: