Sarna edo Eskabiosia
- Zer da?
- Sintomak eta diagnostikoa
- Nola kutsatzen da?
- Tratamendua
- Eskola- edo lan-ingurunea
- Baliabide interesgarriak
Zer da?
Sarna edo hazteria larruazaleko gaixotasun bat da, akaro mikroskopiko batek eragiten duena. Erraz transmititzen da eta edonork eduki dezake. Gaur egun, badakigu aurretiko higiene-ohiturek ez dutela eraginik kutsaduran; halere, behin gaixotasuna hartuta, higienea tratamenduaren funtsezko zatia da.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, azken urteetan, kasuen kopuruak gora egin du pixkanaka, eta hazteriak 200 milioi pertsona ingururi eragiten die mundu osoan. Beste leku batzuetan bezala, Euskadin ere osasun publikoko arazo handitzat jotzen da.
Sintomak
Sintomarik ohikoena azkura bizia da, batez ere gauez eta gorputz atal hauetan: hatzamarrak, behatzak, eskumuturrak, ukondoak, abdomena, izterrak, genitalen eremua eta tolesturak (besapeak, bularren azpian, ipurmasailen artean, etab.).
Batzuetan ildo txikiak agertzen dira larruazalean, lerro irregular baten itxurakoak. Baliteke ere erreakzio alergikoen antzeko lesio txikiak nabaritzea.
Hiru urtetik beherakoek eta ohean denbora luzez egon behar dutenek buruko eta lepoko lesioak izan ditzakete.
Maiz hazka eginez gero, erraz agertzen dira infekta daitezkeen zauri txikiak.
Diagnostikoa
Sintomen balorazioaren bidez diagnostikatzen da. Batzuetan, baliteke diagnostikoa zaila izatea edo denboran atzeratzea, sintomak larruazaleko beste gaixotasun batzuen sintomen oso antzekoak direlako (psoriasia, dermatitis atopikoa, edo produktu narritagarriek –hala nola latexa edo detergenteak– eragindako erreakzioak).
“Azkura jasanezina da, batez ere gauez eta beroa egiten duenean”
Nola kutsatzen da?
Sarna duen norbait ukituta transmititzen da (azala azalaren kontra), edota haren objektuak ukituta (arropa, eskuoihalak, izarak, sofa...). Badakigu sarna eragiten duen akaroak ez duela ez salto ez hegan egiten, eta 4-7 egun irauten duela larruazaletik kanpo (tenperaturaren eta hezetasunaren arabera). Beraz, transmisioa gertatzeko, gutxienez 15-20 minutuko kontaktua behar da. Eskuak estutzeak edo besarkadek, oro har, ez dute kutsatzen.
Norbait kutsatzen denetik azkura duen arte 2-6 aste igaro daitezke. Aldez aurretik hazteria izan dutenen kasuan, baliteke denbora hori egun batzuetakoa izatea (1-4 egun). Nahiz eta sintomarik ez eduki, kutsatuta daudenek infekzioa transmiti dezakete.
Animaliek ere hazteria izan dezakete, baina haiengan gaixotasuna desberdina da. Beraz, ezinezkoa da animaliek gizakiak kutsatzea. Zure maskotak hazteria badu, agian zuk ere azkura edo narritadura sentituko duzu; halere, akaroa ez da ugaltzen giza gorputzean.
Sarna duen norbaitekin egon naiz
Oso gaixotasun deserosoa izan daiteke, baina ez du osasuna arrisku larrian jartzen; hortaz, ez dugu zertan larritu. Gainera, norbaitekin kontaktuan egoteak ez dakar beti kutsatzea. Kontaktu estutzat hartzen direnei soilik aginduko zaie tratamendua, sintomarik gabe ere, transmisio gehiago saihesteko.
Kontaktu estuak dira sintomak hasi aurreko 4-6 asteetan kutsatutako norbaitekin denbora luzez, gutxienez 15-20 minutuz, zuzeneko kontaktua izan dutenak, azala azalaren kontra egonda edo kutsatutakoak erabiltzen dituen ehunak ukitzearen ondorioz (izarak, arropa...). Adibidez:
- Bizikideak.
- Etxera maiz datozen lagun edo senideak (esaterako, sofan esertzen badira, gurean lotan geratzen badira, zaintzan laguntzen badute...).
- Arropa, eskuoihalak, izarak edo maiz erabiltzen diren bestelako ehun-materialak (kuxinak, sofak, peluxeak, autoko eserlekuak, mantak) partekatu dituzten pertsonak.
- Sexu-harremanak.
- Etxeko langileak.
- Zaintzaileak.
- Tratatu gabeko hazteria duen norbaiten zainketak jasotzen dituztenak
Transmisioa gertatzeko, gutxienez 15-20 minutuko kontaktua behar da
Tratamendua
Tratamenduak 3 alderdi biltzen ditu: hazteria duen pertsona, haren kontaktu estuak, eta hark erabiltzen dituen arropa eta ehun-altzariak. Berrinfestazioak saihesteko neurri bat da (hau da, behin baino gehiagotan ez infestatzeko). Tratamenduari esker, pertsonek –sintomak eduki zein ez– eta objektuek eduki lezaketen akaroa desagertu egiten da.
Hazteria duenak eta haren bizikideek aldi berean hasiko dute tratamendua, eta arropa eta ingurua ere une horretan garbituko dira.
Tratamendu farmakologikoa (medikamentuak)
Jarraian, sarna tratatu eta zaintzeko gehien erabiltzen diren medikamentuak zein diren azalduko dugu. Gerta daiteke osasun-taldeak tratamendua zure egoerara egokitzea, eta, beraz, guztiz bat ez etortzea hemen azaltzen denarekin. Jarraibide pertsonalizatuak eta indibidualizatuak emango dizkizute; bete itzazu.
Hazteria tratatzeko erabiltzen diren medikamentuei eskabizida deritze, eta hainbat aukera daude:
Krema bat da, honela aplikatzen dena:
- Aukeratu une egokia, arratsaldez/gauez, jarraibide guztiak bete ahal izateko.
- Dutxatu eta ordubete itxaron krema emateko. Beharrezkoa da denbora hori igarotzea gorputzaren tenperatura erregulatu eta gorputza lehor edukitzeko.
- Krema aplikatu aurretik, ebaki esku eta oinetako azazkalak, haien azpian akaroak pilatu baitaitezke.
- Eman % 5eko permetrina kreman gorputz osoan, salbu eta aurpegian eta buruko ile-larruan. Normalean, ontziaren erdia erabiliko da aplikazio bakoitzeko. Hasi masailezurretik behera, tolesturak dituzten eremuetan arreta jarrita:
- Belarrien atzealdea
- Genitalak
- Eskuetako eta oinetako azazkalen azpiko aldea
- Hatzen arteko hutsuneak
- Orkatilak
- Ipurmasailen arteko tolestura
- Ez garbitu eskuak krema eman ondoren.
- Eduki krema larruazalean 12 orduz.
- Hurrengo goizean, denbora hori igarotakoan:
- Dutxatu ur hotz edo epelarekin.
- Eman krema hidratatzailea.
- Jantzi arropa garbia eta aldatu oheko arropa.
- Kutsatutako arropa tratatzeko, jarraitu aurrerago azalduko ditugun urratsei.
- Astebetera, errepikatu tratamendua urratsez urrats.
Hiru urtetik beherakoen eta ohean denbora luzez egon behar dutenen kasuan, aurpegian eta buruko ile-larruan ere emango da % 5eko permetrina, begien eta ahoaren inguruko eremua saihestuta.
Haurdunaldian eta edoskitzaroan, segurua da % 5eko permetrina kreman erabiltzea.
Batzuetan, osasun-taldeak agindutako tratamendua ahotik hartzekoa izan daiteke soilik, ibermektinaren bidez (konprimatuak), edo permetrina-kremarekin edo % 6ko baselina sufreztatuarekin konbinatuta.
Normalean, dosi bat agindu ohi da (pilula bat edo batzuk une berean), ahal dela gauez hartzeko, baraurik (hau da, ez da elikagairik hartuko 2 ordu lehenago eta ondoren). Astebete igarotakoan, tratamendua errepikatuko da. Indikazioa aldatu egin daiteke; beraz, bete osasun-taldeak ematen dizkizun jarraibideak.
Oro har, ukendua 3 gauez jarraian aplikatu behar da, eta tratamendua astebetera errepikatu. Indikazioak aldatu egin daitezke; beraz, bete osasun-taldeak ematen dizkizun jarraibideak.
- Aukeratu une egokia, arratsaldez/gauez, jarraibide guztiak bete ahal izateko.
- Dutxatu eta ordubete itxaron krema emateko. Beharrezkoa da denbora hori igarotzea gorputzaren tenperatura erregulatu eta gorputza lehor edukitzeko.
- Krema aplikatu aurretik, ebaki esku eta oinetako azazkalak, haien azpian akaroak pilatu baitaitezke.
- Eman % 6ko baselina sufreztatua gorputz osoan, salbu eta aurpegian eta buruko ile-larruan. Hasi masailezurretik behera, laguntza eskatu norbera iristen ez den aldeetan krema emateko. Tolesturak dituzten eremuetan arreta jarri:
- Belarrien atzealdea
- Genitalak
- Eskuetako eta oinetako azazkalen azpiko aldea
- Hatzen arteko hutsuneak
- Orkatilak
- Ipurmasailen arteko tolestura
- Ez garbitu eskuak krema eman ondoren.
- Eduki krema larruazalean 24 orduz.
- Errepikatu 4. puntuko errutina hurrengo 3 gauetan.
Tratamenduaren eta dutxen laburpen-taula
1. EGUNA
ARRATSALDEZ/GAUEZ:
dutxa+baselina sufreztatua
2. EGUNA
GOIZEZ:
arropa aldatzea+arropa eta etxea garbitzea (3. orria)
ARRATSALDEZ/GAUEZ:
dutxa+baselina sufreztatua
3. EGUNA
ARRATSALDEZ/GAUEZ:
dutxa+baselina sufreztatua
4. EGUNA
ARRATSALDEZ/GAUEZ:
dutxa+krema hidratatzailea
8. EGUNA
ARRATSALDEZ/GAUEZ:
dutxa+baselina sufreztatua
9. EGUNA
GOIZEZ:
arropa aldatzea+arropa eta etxea garbitzea (3. orria)
ARRATSALDEZ/GAUEZ:
dutxa+baselina sufreztatua
10. EGUNA
ARRATSALDEZ/GAUEZ:
dutxa+baselina sufreztatua
11. EGUNA
ARRATSALDEZ/GAUEZ:
dutxa+krema hidratatzailea
Hiru urtetik beherakoen eta ohean denbora luzez egon behar dutenen kasuan, aurpegian eta buruko ile-larruan ere emango da baselina, begien eta ahoaren inguruko eremua saihestuta.
Larruazalaren zainketak
Tratamenduok aplikatu eta hurrengo egunetan, larruazala ondo hidratatu behar da, krema hidratatzailea emanez, narritatu egin daiteke eta. Horrek azkura arindu dezake (azkurak 2-3 astez iraun ohi du). Oso deserosoa iruditzen bazaizu, galdetu osasun-taldeari. Norbait kutsatuta edo tratamendurik gabe egon daitekeen susmoa badago, ez egon harekin zuzeneko kontaktuan (azala azalaren kontra).
Arroparen eta inguruaren tratamendua
Arropa
Krema eman eta hurrengo goizean, dutxatu ondoren, jantzi azken egunetan erabili ez duzun arropa. Medikamentu bidezko tratamendua egin eta 24 ordu igaro aurretik tratatuko dira azken 4 egunetan erabilitako arropa eta ehunak (eskuoihalak, izarak...). Bete jarraibide hauek:
- Arropak eta ehunek tenperatura handia jasan badezakete, garbitu itzazu garbigailuan 60 °C-tan 10 minutuz, edo erabili lehorgailua 20 minutuko ziklo bero batean.
- Sartu arropa delikatua plastikozko poltsa itxi batean 7 egunez.
Altzariak
Akaroa ehunetan edo tapizatutako altzarietan bizi daiteke (sofak, autoaren eserlekuak, kuxinak, peluxeak...); beraz, xurgagailua pasatu behar da, edo objektuok ukitzea saihestu tratamendua hasi ondorengo 7 egunetan. Xurgagailuak poltsa badauka, bota poltsa erabili ondoren. Ez da beharrezkoa mahai-tresnak, sukaldeko tresneria, gortinak, sukalde-gainekoak eta abar tratatzea. Bestalde, ez dago frogatuta etxean egindako intsektiziden edo prestakinen eraginkortasuna.
Jarraipena
Behin tratamendua hasita, baliteke azkura desagertzeko 2-3 aste behar izatea. Tratamendua amaitu ostean ere, zenbait egoeratan beharrezkoa izan daiteke beste balorazio bat egitea, adibidez:
- Azkurak edo bestelako sintomek okerrera egiten badute tratamenduaren ondorengo 2-3 asteetan.
- Kontaktu estutzat hartzen direnek sintomak badituzte hurrengo 4 asteetan.
Informazio-orria
Permetrina eta/edo ivermektina bidezko tratamendua
Baselina sufredun eta/edo ivermektina bidezko tratamendua
Eskola- edo lan-ingurunea
Tratamendua agindu badizute eta oraindik hasi ez baduzu, ikastetxera edo lanera joan zaitezke, neurri hauek hartuta:
- Saihestu kontaktu fisiko luzea
- Ez partekatu ehunik
- Erabili mahuka luzeko arropa
Sarna edo hazteria jada ez da kutsakorra tratamendua hasi eta 12 ordura; hortaz, lehenengo aplikazioa egindakoan (edo tratamendua gauez aplikatuz gero, hurrengo egunean), normaltasunez joan zaitezke ikastetxera edo lanera.
Egoitzetan edo ikastetxeetan agerraldirik gertatzen bada (hau da, baieztatutako hainbat kasu badaude), beste neurri mota batzuk ere agindu daitezke.
Esteka interesgarriak
Informazio-orria
Permetrina bidezko tratamendua
Baselina sufredun bidezko tratamendua
Azken aldaketako data: