Sifilia
Zer da sifilisa?
Sifilisa Treponema Pallidum izeneko bakterio batek eragindako sexu-transmisiozko infekzioa (STI) da.
Preserbatiborik erabiltzen ez bada, hura harrapatzeko arriskua dago infekzioa duen pertsona batekin baginako, uzkiko edo ahoko sexu-harremana izatean. Gaixotasun honek GIBaren sexu-transmisioa errazten du.
Iraganean sifilisa izan eta sendatu arren, berriz harrapa daiteke, ez baitu bizitza osorako babesik sortzen.
Prebentzioa
Sifilisa preserbatiboa beti erabiltzen prebenitzen da, baginako, uzkiko eta ahoko sexu-harremanetan.
Preserbatiboa erabiltzea infekzio hau prebenitzeko modu oso eraginkorra da
Sintomak
Infekzioan 4 etapa bereizten dira:
- Sifilis primarioa: Minik ematen ez duen ultzera bat agertzen da (txankroa) bakterioarekin kontaktuan egon den gorputz-zatian: genitalak, uzkia edo ahoa. Infekzioa duen pertsona batekin sexu-harremanak izan eta 2-3 astera gertatzen da hori, eta tratatzen ez bada ere, berez desagertzen da. Baliteke 6 aste behar izatea desagertzeko. Ultzeraren kokapenaren arabera oharkabean pasa daiteke.
- Sifilis sekundarioa: Tratatzen ez bada, infekzioak aurrera egiten du eta erupzio bat agertzen da larruazalean, batez ere enborrean, esku-ahurretan, oin-zoletan, genitaletan eta ahoan. Ez du minik ematen, ezta azkurarik ere, eta batzuetan oharkabean pasatzen dira. Sukarra, muskuluetako mina edo hantura ere ager daitezke gongoil linfatikoetan.
- Sifilis latentea: Tratamendurik gabe, fase hau sifilis sekundarioaren sintomak desagertzen direnean hasten da. Etapak hainbat urte iraun dezake, eta ezaugarri du pertsonak ez duela infekzioaren ageriko sintomarik edo zantzurik. Odol-analitika baten bidez detekta daiteke.
- Sifilis tertziarioa:Infekzioa hartu eta urte askoan ez bada tratatu, arazo neurologiko, osteoartikular edo bihotzeko arazo larriak agertu daitezke. Hori tratatu gabeko sifilisa duten hamar pertsonatik bati gertatzen zaio.
Diagnostikoa eta tratamendua
Pertsona batek sifilisa duen jakiteko, miaketa fisikoa eta odol-analisia egiten dira, infekzio horren aurkako antigorputzak detektatzeko. Gainera, ultzeraren bat badago, lagin bat hartzen da.
Garrantzitsua da tratamendu espezifikoa ahalik eta lasterren jasotzea; izan ere, infekzioak konplikazioak eta osasun-arazo larriak eragin ditzake, tratatzen ez bada. Era berean, pazientearekin sexu-harremanak izan dituzten pertsonen azterketa egokia egin behar da.

Esteka interesgarriak
- Osasun Ministerioa: SIFILIS (sanidad.gob.es)
- CDC: Sifilisari buruz | Sifilisa | CDC
Azken aldaketako data: