Sinkopea eta bihotz-biriken gelditzea

Sinkopea

Bihotzak gorputz osora ponpatzen du odola, uzkurdura edo taupaden bidez. Odola odol-hodien bidez (arteria eta zain) banatzen da gure gorputzean zehar. Aipatuak gure gorputz osoan zehar hedatzen diren hodi modukoak dira. Odolak oxigenoa garraiatzen du, bai eta gure gorputzeko zati ezberdinek beren eginkizunak betetzeko behar dituzten osagai guztiak ere.

SíncopeOdol-fluxua ez denean aldi batez behar bezala banatzen gure gorputzean zehar, eta arrazoia ez bada bihotzeko arazoren bat, bihotzak taupadak egiten jarraituko du. Nolanahi ere, pertsona lurrera eror daiteke, konortea galduta: sinkope edo zorabio arrunta deitzen zaio horri.

Sinkopea kontzientzia une batez eta era itzulgarrian galtzea da. Gorputzaren giharrek indarrik ez dutenez, sinkopea pairatu duen pertsona lurrera eror daiteke baina normal jarraituko du arnasa hartzen eta bere kabuz onera bueltatzeko kapaza izango da segundo edo minutu batzuren buruan. Berehala kliskatuko ditu begiak, edo hitz egiten saiatuko da. Sinkopeari zorabio edo lipotimia deitzen zaio normalean.

Lipotimia edo sinkopea askotan ematen da gazteen artean (arrunta da nerabeen artean), maiztasun handiagoa agertzen du baldintza zehatzetan (bero handiko edo itxitako ingurutan) eta zorabioa iragartzen duten zirkunstantziak edo sintomak egoten ohi dira (izerdia, larridura, belarrietako burrunba, etab., aurretik doaz askotan). Sinkope “basobagalak” izena eman zaie aipatuei: arinak dira eta ez dakarte inolako arriskurik (lurrerako erorikoa kenduta).

Síncope

Lipotimia gaixotasunik gabeko sinkope bat da eta ez dakar inolako arriskurik (kolpea kenduta). Gaixotasun batekin batera agertzen diren beste sinkope batzuk badaude, ordea, eta agian beste sintomarik ez duen ezkutuko gaixotasun horretaz abisatzen digute. Horrenbestez, bi sinkope mota daudenez (arriskurik gabeko arinak eta gaixotasun batez abisatzen diguten larriak), garrantzitsua da kasu bakoitza behar bezala baloratzea.

Sinkoperen bat izan edo konortea galdu baduzu, aditzera eman iezaiozu zure medikuari. Litekeena da inolako arriskurik ez izatea.

Norbaitek zorabio edo sinkope bat izan badu, nahiz eta arazorik gabe onera bueltatu, baina ordura arte zorabiorik izan ez badu eta, bereziki, bihotzeko gaixotasunaren bat edo bihotzerako sendagaiak hartzen baditu, bere medikuarekin kontsultatu beharko du hurrengo egunotan. Sinkope edo zorabio baten ostean kostatu izan bada onera bueltatzea edo onera bueltatu ondoren pertsona hori ondoezik badago, une horretan bertan baloratu beharko da.

Asko dira sinkopeen arrazoiak; arruntena, baina, arriskurik eta gaixotasunik gabeko lipotimia edo zorabioa da.

Sinkope baten zenbait datuk erne jarri beharko gintuzte. Sinkopearen harira nekea, aire falta, trinkotze bat bularrean edo palpitazioak sentituz gero, sinkopea egun berean errepikatzen bada edo ez bazara erabat bueltatu onera, berehala joan beharko zenuke larrialdi zerbitzuetara.

Zenbaitetan, lipotimiak oso sarri ematen dira eta inolako abisurik gabe, erorikoen ondoriozko traumatismoak sortuz eta pertsona horren egunerokotasun arrunta oztopatuz, aipatuen ondoriozko beldurra eta segurtasun falta direla eta; horrelakoetan, botikak beharko dira agian.


Laburpenaren ikonoa

Gogoan izan

  • Lipotimiak ez dakar inolako arriskurik pairatu duen pertsonarentzat, balizko erorikoa kenduta.
  • Sinkope edo zorabio bat gaixotasun baten ohartarazpena izan daiteke ere. Sinkope baten aurrean, pertsona horrek pairatzen duen lehena bada bereziki, medikuarekin kontsultatu beharra dago beti.
  • Errepikatzen den edo ondorioren bat izan duen sinkope baten aurrean (onera bueltatu ondoren ondoezik dago pertsona) edo bularrean oinazea, nekea edo palpitazioak sentituz gero, abisu eman beharko diozu larrialdi zerbitzuari. Kasu hori berehala baloratu beharko da.

Doktoreak ikonoa

Egileak

Nekane Murga Eizagaechevarria. Kardiologoa. Bilbao-Basurtoko ESIa.

Miren Morrillas. Kardiologoa. Bilbao-Basurtoko ESIa.

Zioak

Litekeena da sinkopea arina edo arriskurik gabekoa izatea eta presio arteriala une batez behera egin duelako gertatzea. Presio arterialaren behera egite hori horretarako joera duten pertsonetan gertatzen da normalean. Lipotimiak edo zorabioak pairatzen dituzten pertsonek, zer nolako baldintzetan ematen ohi diren badakite askotan.

Lipotimiak gaztaroan agertzen ohi dira lehenengoz eta pertsona geldirik dagoenean ematen dira askotan (zutik dago pertsona; normalean ez dira agertzen kirolean aritzen garenean).

Pertsona bakoitzak lipotimia eragiteko faktore ezberdinak izan ditzake; oso ohikoak diren eta saihestu beharko liratekeen zenbait faktore dago halere:

  • Beroa edo eguraldi umela.
  • Zutik egotea denbora luzez.
  • Pertsona asko dituzten itxitako lekuak (pilatzeak) saihestea.
  • Odola ikustea edo odol-ateratze bat.
  • Estres emozionala (oinaze bizia, izua, atsekabea).
  • Beherakoa, goitigaleak edo izerditze bizia.

Zenbait kasutan, eztulaldi baten ostean, txiza egin ostean edo arnasestukako arnasketa biziarekin batera ematen ohi da.

Lipotimia eragiten duten faktoreak dituzten pertsonen kasuan, errazena da faktore horiek saihestea (zutik ez egotea, likidoak hartzea, bero handiko itxitako lekutan ez egotea, etzan jartzea odola ateratzeko, etab.)

Zer egin dezaket lipotimiak saihesteko?

Normalean, norbaitek lipotimia bat pairatu behar duenean sentsazio berberak ditu, lipotimiak sintoma berdinekin hasten baitira beti pertsona bakoitzaren kasuan. Lipotimia bat izan duen pertsona batek sintoma horiek antzeman ditzake: honela, datozen minututan lipotimia bat izango duela jakin eta iraganean izan dituen zorabioak errepika daitezkeela identifika dezake.

Lipotimia baten etorreraz ohartarazten duten sintoma horiek, zorabioa baino minutu batzuk lehenago eman eta pertsona bakoitzean ezberdinak direnak (ikusmen lausoa, ezusteko izerditzea edo belarrietako burrunba, etab.), oso baliagarriak izan daitezke erorikoa saihesteko (lurzoruan eseriz edo etzan jarriz edo ingurukoak jakinaren gainean jarriz).

Bebiendo agua

Erregularki eginez gero lipotimien kopurua murriztu dezaken ariketa batzuk badaude (tilt training).

Zenbaitetan, lipotimia datorrela sentitzen badu norbaitek, bere gertaera hankak gurutzatuz eseriz eta ukabilak irmoki itxiz saihets dezake. Beste aukera batzuk dira burua jaitsiz esertzea, etzan jartzea, hozgiroko leku batera ateratzea edo likidoa hartzea. Posizio horiek hartuz gero, lipotimia ez gertatzea lor daiteke. Gogoan izan helburua dela erorikoen ondoriozko kolpeak saihestea.

Bestalde, lipotimiak pairatzen dituztenek aipatuak zer nolako baldintzetan ematen diren badakitenez, egoera horiek saihesten saiatu beharko dute:

  • Lipotimiak pairatzeko joera duen norbaitek konpresio-galtzerdiak janzten baditu zutik denbora luzez egon aurretik, lipotimia saihets dezake.
  • Bero handiko alditan ere, likidoak hartzea eta jakiak gatz pixka batekin jatea aukera egokiak izan daitezke lipotimiak saihesteko (tentsio altua izan ezean; medikuari galdetu beharko diozu jakietan gatza bota nahi izanez gero).
  • Ariketa fisikoa egin ondoren lipotimiak izan dituzten pertsonek intentsitate handiko esfortzuak saihestu beharko dituzte; eta ez diote bat-batean utziko esfortzua egiteari.
  • Erregularki eginez gero lipotimien kopurua murriztu dezaken ariketa batzuk badaude (tilt training).

Ezusteko zorabioak ditut makurtu edo altxatzen naizenean. Sinkopeak edo lipotimiak al dira?

Zenbaitetan, tentsio arteriala ez da ondo egokitzen posizio-aldaketetara. Ondorioz, gorputzaren eta, bereziki, buruaren posizioari loturiko iraupen oso laburreko zorabioak ematen dira. Zorabio posizional delakoak dira. Pertsona batzuen kasuan ere, bat-bateko posizio-aldaketek konortea galtzea edo iraupen oso laburreko sinkope bat eragin dezakete: sinkope ortostatikoak dira. Ohetik bat-batean altxatzean edo zapata-lokarriak lotu ondoren zorabiatzen diren pertsonak horien adibide argia dira.

Posizio-aldaketen ondoriozko zorabioak, ondorioz, sinkope edo zorabio izatera irits daitezke, erorikoak eta kolpeak (traumatismoak) eraginaraziz.

Adinak zorabio posizionalak eta sinkope ortostatikoak pairatzeko aukerak areagotu ditzake. Diabetesa edo Parkinsona bezalako gaixotasun batzuen ondorioz ematen dira ere. Tentsio arteriala jaisteko (hipotentsoreak) sendagaien edo txiza eginarazten duten pilulen (diuretikoak) ondorioz gerta daitezke ere. Ahulezia-egoerek (pertsonak sukarra duenean, pisua galdu duenean edo dieta egiten ari denean) aipatuak pairatzeko aukerak areagotzen dituzte.

Zorabio posizional edo sinkope ortostatiko bat pairatu baduzu, astiro eta pixkanaka altxa zaitez ohetik edo sofatik eta bat-bateko posizio-aldaketak saihets itzazu. Ohetik altxatzeko, ertzean eser zaitez hasteko eta, jarraian, astiro altxa zaitez zutik jarri arte.

Kontu handiz ibili, zorabio mota hauek bortitzagoak izan baitaitezke, eta erorikoa eraginarazi. Ohetik gauez altxatzen garenean, txiza egiteko xedearekin, tentuz ibiliko gara, erorikoa izateko arriskua handia baita: pixkanaka altxatuko gara eta kontu handiz joango gara komuneraino. Txiza egiteko nahiarekin gauez altxatzen diren gizonezkoen kasuan, txiza eserita egitea gomendatzen zaie.

Arreta berezia jar ezazu bero handiko egunetan edo sukarra edo beherakoa baduzu; zorabio posizional horiek bortitzagoak dira eta erorikoak ere maizkoagoak.

Konorte-galera guztiak ez dira lipotimia

Sinkopean kontzientzia galtzen da une batez, baina bihotzak odola gorputzean zehar ponpatzen jarraitzen du eta pertsonak arnasa hartzen jarraitzen du. Handik minutu gutxira onera bueltatzen ez dela edo arnasarik hartzen ez duela ikusiz gero, beste egoera mediko baten aurrean gaude.

1

Segurtasun jarrera 1

2

Segurtasun jarrera 2

3

Segurtasun jarrera 3
  • Arnasa hartzen badu baina konorterik ez badu, garun-arazo bat (iktusa edo epilepsia) izan daiteke eta pazientea segurtasun-posizioan jarri beharko da.
  • Segurtasun-posizioan, saiheska jarriko dugu pazientea, hanka eta besoa tolestuz, biratzea errazteko.
  • Garrantzitsua da 112ra deitzea eta saiheska jarri dugun pertsona arnasa hartzen jarraitzen duela baieztatzea. Pazientearen ondoan dei ezazu 112ra eta galdetzen dizuten gauzak azal itzazu.
  • Konorterik ez duen (erantzuten ez duen) pertsona batek arnasarik hartzen ez badu, bihotzeko gelditze bat da.
  • Konorte-galera horri arnasketa-falta lotu bazaio, bihotzeko gelditze baten aurrean gaude. Ondorioz, berehala deitu beharko da 112ra eta bularraldeko konpresioekin hasi, larrialdi zerbitzuak iristen diren arte. Gelditze baten aurrean zer egin nahi izanez gero, ondoko puntua irakur ezazu.
  • Konortea galdu duen pertsonak kontzientziarik gabe jarraitzen badu baina normalki hartzen badu arnas, garun-arazoren baten aurrean egon gaitezke. 112ra dei ezazu eta pazientea segurtasun-posizioan jar ezazu (saiheska).
  • Konortea galdu duen pertsonak kontzientziarik ez badu, arnasa hartzen badu baina bere gainean txiza egin eta besoak eta hankak mugitzen baditu, epilepsia dauka ziurrenik. Ez dago bularraldeko konpresiorik egiteko beharrik.
  • 112ra dei ezazu berehala; pazientea dardaraka hasten bada (mugimendu bortitz eta errepikatuak beso eta hankekin), ez sartu kalte egin dezakeen edo erants zezakeen objekturik bere ahoan, baina ahoa irekia mantentzen saia zaitez. Oso arraroa da mingainean indarrez koska egitea eta lesioren bat eragitea. Dardara-mugimenduak amaitzen direnean lasai geldituko da ziurrenik, baina erantzun gabe; pazientea segurtasun-posizioan (saiheska) jartzeko unea da.
  • Leku garai batetik erori bada, moto edo auto istripu bat izan badu burua edo lepoa kolpatuz, ez mugitu pertsona horren lepoa.

Bihotz-biriken gelditzea

  • Konortea bat-batean galtzearen zioetako bat bihotzeko gelditzea da. Bihotzeko gelditze bat bihotzeko taupaden edo ponpatzearen bat-bateko eta ezusteko gelditzea da. Horren ondorioz, odol-zirkulazioa eta oxigenazioa ere geldituko dira. Bihotzeko gelditzeak arnasketaren gelditzea ekarriko du segundo gutxiren buruan. Horrenbestez, bihotz-biriken gelditzea deitzen zaio ere.
  • Bihotzeko edo bihotz-biriken gelditzeak pairatu duen pertsonaren erorikoa eragingo du. Lipotimiarekiko duen aldea da pertsona horrek utzi egin diola arnasa hartzeari eta, garrantzitsuago dena, odol-zirkulazio egokia ez dela berez edo naturalki berreskuratuko.
  • Bihotzeko gelditzea ezustekoa eta bat-batekoa da normalean; litekeena da minutu gutxi batzuk lehenago pertsona hori ondo egotea eta, ondorioz, hasiera batean zaila izaten ohi da egoeraren larritasunaz ohartzea eta berehala erreakzionatzea.
  • Beste kasu batzuetan, ordea, bihotzeko gelditzeak aurretiko faktoreak agertzen ditu: ondoezik egotea denbora batez, oinazea bularraldean edo palpitazioak. Gerta liteke egoera hori garrantzirik gabeko jazoera bat bezala interpretatzea (digestio txarra). 
  • Bihotzaren taupaden eta arnasketaren gelditzeak bat-bateko heriotza ekarriko du pertsona zorabiatu edo erortzen denetik 5-10 minutura. Bihotzeko taupadak minutu gutxira berrabiarazten badira eta bihotzeko gelditzearen jatorria konpontzen bada, pertsona hori urte luzez biziko da ziurrenik, bizi-kalitate onarekin.
  • Larrialdi zerbitzuetara deitzea da lehen pausoa. Telefonoz bestaldean dagoenarekin hitz egiterakoan, garrantzitsua da pazientearen egoera azaltzea solaskideari, honek egoeraren larritasuna baloratzeko aukera izango baitu honela, gertueneko profesionalak martxan jarriz; eta beharrezko argibideak emango dizkigu ere, bihotzeko gelditzeari aurre egiten lagunduz.
  • Bideo edo irudi ezberdinak ikusiz har ditzakegun oinarrizko ezagutza batzuk izanez gero, ez dago zertan medikua izan beharrik bihotzeko gelditze bati aurre egiten hasteko.

Bihotzeko gelditze bat gertatzen denean odol-fluxua zenbait minutuz eten egiten da (garunean bereziki). Odol-fluxua berrabiarazten emandako denbora horrek kalte konponezinak eragin ditzake minutu gutxiren buruan baina bihotzeko masajea emateak (bularraldeko konpresioak pazientearen ondoan dagoen norbaiten eskutik) kalte horiek saihets ditzake. Horrenbestez, oso garrantzitsua da azkartasunez jokatzea.


Aplikazioa bihotzeko gelditze baten aurrean jarduteko

Jaitsi aplikazioa bihotzeko gelditze baten aurrean jarduteko


Bere aurka ekin ezean heriotza ekarriko duen egoera kritikoa bada ere bihotzeko gelditzea, ez dago gaixotasun larri edo itzuliezin bati lotua beti. Bihotzeko gelditzea egoera iragankor edo itzulgarri baten ondorio izan daiteke ere (arteria koronario baten buxadura dela eta bihotzeko zati batek oxigenazio-falta izan dezake eta bihotza horren harira geldi daiteke eta egoera hori tratatuz gero atzetikoak txikiak izan daitezke; edo erraz itzul daitekeen arritmia baten ondorioz geldi daiteke bihotza). Ondorioz, bihotzeko taupadak berrabiarazten baditugu gelditzea itzulgarria izan daiteke eta ez da errepikatuko akaso, bihotzeko taupadak edo ponpaketa berrabiaraziz.

Desfibrilador

Gelditutako bihotz batek ponpaketa erregular bat berreskura dezan, deskarga elektriko edo talka bat jaso beharko du: desfibrilatze delakoa da. Deskarga hori emateko, desfibriladore izeneko gailuak erabiliko ditugu. Batzuetan, leku publikoetan ikus daitezke.

Biziraupeneko katearen irudia

Biziraupeneko katea

1 DEITU 112

2 ARNASTEN duen baloratu

3a ARNASTEN DU ETA BERE SENERA ETORTZEN ARI DA

3b ARNASTEN DU ETA KONORTERIK GABE JARRAITZEN DU: ALBOKO JARRERAN IPINI.

3c EZ DU ARNASTEN: BIHOTZEKO MASAJEA HASI

Zer egin bihotzeko gelditze baten aurrean

Pertsona batek bihotzeko gelditze bat pairatu duela jakiteko zantzuak dira konortea galdu duela (lurrera erori eta ez da mugitzen), ez diela gure deiei erantzuten, bizi ezaugarririk ez duela eta, gehienbat, ez duela arnasarik hartzen.

Jarraitu behar diren urratsak

Bihotzeko gelditze bat bat-batean etor daiteke; edo ondoezik egon edo bularraldean oinazea izan ostean. Pertsonak konortea galdu du eta ez die gure deiei erantzuten. Ondorioz, bere alboan jarri era arnasa hartzen duen ikusiko dugu: ahotik edo sudurretik airea ateratzen den ala ez eta toraxa (bularra) mugitzen den ala ez baieztatuz. 10 segundo baino ez dugu behar horretarako.

Arnasarik hartzen du?    Arnasarik ez


Gogoan izan. LARRIALDI ZERBITZUEI ahalik eta azkarren ABISU EMATEA da gakoa. Horretarako, 112 telefonora dei ezazu.

Larrialdi zerbitzuetara dei ezazu berehala (112 Telefonoa), pazientearen egoera azal ezazu (konorte-galera arnasketarik gabe) eta zuengana iristeko datuak eman itzazu (helbide edo kokapen zehatza).

Bihotzeko masajea

Masajea emateko, pazientea hortzaz gora jarri beharko da, azalera gogor baten gainean (lurzorua da onena), eta bularraldeko konpresioak egin. Indar egiteko lekua bularraren erdia da (bi titiburuen arteko lerro bat irudika ezazu lekua topatzeko). Ziur egoteko: zintzilikatutako domina batek hartuko lukeen tokia da.

Gogoan izan: bihotzeko masajea eskuak erabiliz ematen da eta ez dio inolako kalterik sortuko bihotzeko gelditzea pairatu duen pertsonari.

Bihotzeko gelditzea pairatu duen pertsonaren bularraldean emandako konpresioak bi eskuak gurutzatuta egiten dira. Ez tolestu ukondorik. Besoak luzatuta manten itzazu, zure gorputz osoaren indarra aprobetxatzeko. Bularraldeko konpresioek indar nahikoa eraman beharko dute bularrezurra toraxaren barrualderantz 5 zentimetro jaitsi dadin. Zure eskuak pertsona horren bihotzerantz, bularraldearen erdian, joan behar dutela kontuan izan ezazu. Eta ondokoa izango da konpresioen erritmoa: 100 konpresio minutuko.

Gogoan izan.  100 konpresio egin behar dira minutuko. Bularra konprimatzeko erritmoa ezartzen laguntzen duten abestiak badaude. “Macarena” edo “Staying alive” abestiak, esaterako. Osakidetzaren “Bihotz Geldialdiari Lagundu” APPak ere erritmoa eta emandako denbora kontrolatzen lagunduko dizu.

Gogoan izan. Bihotzeko masajeari ekin eta ez gelditu, etenik ez egin. Nekatu edo ahituz gero, beste pertsona batekin txandaka zaitez konpresioak egiten. Anbulantzia iristen den arte konpresioak egiten jarraitu beharra dago.

Baliteke desfibriladoren bat (bihotza deskarga elektriko baten bitartez berrabiarazten duen gailua) gertu egotea eta oso erabilterraza da. Bularrean pegatinak jarri eta deskargarako argibideak ematen ditu.

Medikuntzako ezagutzarik ez baduzu ere, garrantzitsuena da laguntza eskatzea, larrialdi zerbitzuetara deitzea eta suspertzearekin hastea.

alt

Masajea: eskuak gurutzatuta

Erraza da bihotzeko masajearekin hastea: bularraren erdia eskuak gurutzatuta konprimatu beharra dago, minutuko 100 konpresioko erritmoarekin.


Masajea: konpresioak etenik gabe

Pertsonak konorterik gabe, bizi ezaugarririk gabe jarraitzen badu, ez etenik egin konpresioak egiten osasun arloko profesionalak iristen diren arte. Pertsona bat baino gehiago badago inguruan, bata konpresioak egiten has daiteke besteak deia egiten duen bitartean.


Masajea: 100 konpresio minutuko

Eroritako pertsonak konortea berreskuratzen badu edo bizi ezaugarriak agertzen badira (hitz egin du, begiak kliskatu ditu edo mugitu egin da), bularraldeko masajea eten eta segurtasun-posizioan jarriko dugu (saiheska).


Konorterik ez duen pertsona baten aurrean, ez denborarik galdu ahoz ahokoa egiten edo pultsua bilatuz edo bere onera bueltatzen den aukerari zain egonaz: gakoa da 112ra deitzea eta arnasa hartzen duen ala ez ikustea (ahotik edo sudurretik airea ateratzen den ala ez eta bularra mugitzen den ala ez baieztatzera gertura zaitez).

Azken aldaketako data: