Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa

Umetoki-lepoko
minbiziaren baheketarako programari buruz

Osakidetzak eskaintzen duen Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketa Programaren barruan, emakumeek gutun bidez zita jasotzen dute dagokien osasun-zentroko emaginaren kontsultara joan daitezen. Bertan, proba erraza egingo da, umetoki-lepoko minbizia garatu aurreko lesioak detektatu ahal izateko.

Programa 2018an abiarazi zen, eta Araba eta Gipuzkoa osoan ezarrita dago gaur egun. 2019an Bizkaia osoan ezartzen bukatzea aurreikusten da. Lehen fasean, 25 eta 29 urte arteko emakumeei eman zaie lehentasuna. Halere, programaren helburua da 2023a baino lehen Euskal Autonomia Erkidego osoko 25-65 urteko emakume guztiak barne hartzea.

Hala ere, baten batek gonbidapena jaso aurretik programan parte hartu nahi badu, orain arte bezala egin dezake, lehen mailako arretako emaginarenera joan.

Helburua da lesio premalignoak sasoiz eta minbizia hasierako faseetan detektatzea.

Programa-mota horrek argi erakutsi du nolako eragina duen; izan ere, egokiro eta sistematikoki aplikatuta, herrialde batzuetan intzidentzia eta minbizi horrek eragindako heriotza % 70-80 murriztea lortu da. Lesio premaligno asintomatikoak detektatzean lortzen da hori; izan ere, lesio horiek diagnostikatzean eta tratatzean minbizi bihurtzea saihesten da.

Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programaren irudia

Herritarrentzako kontaktu-harremana:

Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa

Umetoki-lepoko minbiziari buruzko informazio osoa



Nork egin behar du proba?

25 eta 65 urte bitarteko emakume guztiek, baldin eta sexu-harremanak izan badituzte edo izaten badituzte:

  • 25-34 urte bitartean: zitologia 3 urtean behin.
  • 35-65 urte bitartean: GPBaren detekzioa 5 urtean behin. Adin-talde horretan egiten den GPBaren probak sentsibilitate handiagoa du, minbiziaren aurreko lesioak detektatzeko; beraz, proba sarriago egiteak ez dakar inolako onurarik.

65 urtetik aurrera, aurreko probak normalak izan badira, ez da beharrezkoa berriro egitea.

GPBaren kontrako txertoa hartu duten emakumeek ere umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko probak egin behar dituzte; izan ere, txertoa oso eraginkorra izan arren, ez du GPBaren mota guztietatik babesten.

Sekula sexu-harremanik izan ez duten emakumeek umetoki-lepoko minbizia garatzeko oso arrisku baxua dute; beraz, beraiek aukeratu ahalko dute proba egin ala ez. Une honetan sexu-jarduerarik ez duen baina iraganean izan duen emakumearen kasuan, komeni da aldian behin, gomendatzen diren tarteetan, probak egitea.

Probak egin aurretik, honako hauek izan behar dira gogoan:

  • Proba ez da emakumeak hilekoa duenean egin behar.
  • Proba aurreko hiru egunean, ez da bagina bidezko medikamenturik erabili behar, baginako eraztuna izan ezik, ez baitu eraginik.

Zergatik ez da komeni umetoki-lepoko minbizia detektatzeko probak 25 urtetik beherako eta 65 urtetik gorako emakumeetan egitea?

25 urtetik beherako emakumeek umetoki-lepoko minbizia izatea oso arraroa da. Nerabezaroan, umetoki-lepoa oraindik garatzen ari da, eta, hori dela eta, berez prozesu fisiologiko arrunta bada ere, ezohiko emaitzak eman ditzake. Ondorioz, gerta liteke tratamendua hartzen hastea benetan beharrezkoa ez denean. Beraz, kasu horietan detekzio goiztiarrak mesede baino kalte gehiago ekarriko luke.

Ebidentzia zientifikoak erakusten duenez, umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programa 25 urtetik aurrera da mesedegarria emakumeetan.

65 urtetik gorakoen kasuan, umetoki-lepoko minbiziaren historia naturala eta bilakaera aintzat hartuta, eta adierazitako adin-tartean detekzio goiztiarreko programa bete bada, gaixotasuna garatzeko probabilitatea oso txikia da.

Probak egin aurretik, honako hauek izan behar dira gogoan:
Proba ez da emakumeak hilekoa duenean egin behar.
Proba aurreko hiru egunean, ez da bagina bidezko medikamenturik erabili behar, baginako eraztuna izan ezik, ez baitu eraginik.

Nolakoak dira umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programan erabiltzen diren probak? (zitologia/GBParen proba)

Probak umetoki-lepoko sekrezioaren lagin baten azterketan oinarritzen dira. Lagin hori mikroskopioarekin aztertzera bidaliko da eta, horrela, birusik (GPBaren proba) edo lesio premalignoen adierazle den zelula-alterazio garrantzitsuagorik dagoen detektatu ahalko dugu (umetoki-lepoko zitologia).

Proba erraza da, ez du minik ematen eta ez du inolako prestaketa-lanik behar. Proba horretan, umetoki-lepoa estaltzen duten zelulen lagin bat hartzen da. Horretarako, baginan espekulu izeneko tresna jartzen da, umetoki-lepoa ikusteko eta lagina hartzeko. Proba emagin batek egiten du, normalean.

Zitologia eta GPBaren proba umetoki-lepoko minbizia detektatzeko programetan erabiltzen dira. Zitologia 25 urtetik gorako emakumeei egiten zaie, eta hiru urtean behin errepikatu ohi da. Duela gutxi, GPBaren proba gehitu da umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko; izan ere, zitologia baino zehatzagoa da (detektatzeko gaitasun handiagoa), eta, horrela, proben arteko tartea 5 urtera ere luza daiteke, modu seguruan. GPBaren infekzioa emakume gazteen artean oso ohikoa denez, eta, halakoetan, gehienetan iragankorra izaten denez, 35 urtetik gorakoei egiten zaie GPBaren proba.

Umetoki-lepoaren proba irudia

Umetoki-lepoko minbiziaren irudia

Zein izan daitezke proben emaitzak (zitologia/GBParen proba) eta zer esan nahi dute?

Zitologia negatiboa bada edo GPBa detektatzen ez bada, lesio premalignoak izateko arriskua oso txikia da; beraz, ohiko kontrolak baino ez dira egin beharko.

Zitologia egin duten 25 eta 34 urte bitarteko emakumeen kasuan, gehienek zitologia normala izango dute. 100 emakumetik 4k bakarrik izango dute zitologia anormala. Horrek ez du esan nahi minbizia dutenik; izan ere, zitologiaren emaitza anormala duten emakume horietako gehienek ez dute tratamendurik behar izango.

35 eta 65 urte bitarteko emakumeetan, GPBaren probaren emaitza negatiboa edo positiboa izan daiteke:

  • Emaitza negatiboak esan nahi du ez duela umetoki-lepoko minbiziarekin lotura duen GPB motarik.
  • Emaitza positiboak esan nahi du umetoki-lepoko lesioarekin lotura izan dezakeen GPB motaren bat duela. Horrek ez du esan nahi umetoki-lepoko minbizia duenik. Kasu horretan, emaginak berriro egingo dio GPBaren proba, urtebetera; izan ere, infekzio asko berez desagertzen dira, eta, momentuz, ez da bestelako azterketarik behar.

Zitologiaren emaitza anormal batek (SIL/CIN) edo urte berean GPBaren bigarren proba positibo batek esan nahi du balitekeela umetoki-lepoaren lesio premaligno baten eramailea izatea; hori dela eta, azterketa ginekologiko zehatzagoa egin beharko dizute, susmoa baieztatu ahal izateko. Horrelakoetan, kolposkopia izeneko proba egiten da.

Emaitzak postaz edo telefono-deien bidez jakinaraziko dira; beraz, garrantzitsua da zurekin harremanetan jartzeko datuak eguneratuta izatea osasun-zentroan. Era berean, emaitzak Osasun Karpetaren bidez kontsulta daitezke, zure mugikorretik edo ordenagailutik (www.osakidetza.euskadi.eus edo Osakidetzako app-etik). Gakorik ez baduzu, eskatu zure osasun-zentroan.


Zer da kolposkopia?

Zitologia eta GPBa ez dira proba diagnostikoak. Umetoki-lepoko lesioa izateko arrisku handiagoa izan dezaketenak identifikatzeko balio dute. Beraz, proba horien emaitza anormalak esan nahi du prozedura espezifiko bat, kolposkopia eta biopsia egin beharko direla, diagnostikoa izateko eta lesio premalignoak edo umetoki-lepoko minbizia daudela baztertzeko.

Kolkoskopiaren irudia

Kolposkopiaren bidez, ginekologoak, handipen gutxiko lente batez, “kolposkopio” izenekoaz, umetoki-lepoa zehaztasun gehiagoz aztertzen du. Zenbait likido jarri ondoren, epitelioaren lesio premalignoak ikusarazi egiten dira, eta, horrela, horien neurria eta kokapen zehatza jakin ditzakegu. Proba horrek ez du bestelako trabarik eragiten, zitologiak eragiten dituenez gain.

Kolposkopiaren bidez umetoki-lepoan alterazioaren bat ikusten bada eta horrek lesioa egon litekeela adierazten badu, zure ginekologoak arlo anormalaren biopsia txiki bat egingo du. Horretarako, pintza bereziak erabiliko ditu; pintza horien bidez, ehun-zati txiki bat hartuko du. Prozedura horretarako ez da anestesiarik behar; traba txikia baino ez duzu nabarituko.

Bestalde, ez da analgesiarik behar, eta ondoren ez da atsedenik hartu behar izango. Biopsiaren analisiaren bidez, behin betiko diagnostikoa izango dugu. Diagnostiko hori ezinbestekoa da jakiteko zer kasu tratatu behar den edo zer kasutan egin beharreko bakarra aldizkako kontrolak diren, lesioaren mailaren eta ezaugarrien eta pazientearen ezaugarrien arabera. Ginekologoak horren inguruko informazio guztia emango dizu, proba egin bitartean.


Erabakia hartzea: baheketa-probaren onura eta arrisku posibleak

Onurak:

Baheketa-proba hauek lagungarriak dira umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko. Programa antolatuetako zitologiarekin, umetoki-lepoko minbiziaren intzidentzia eta heriotza-tasa %70-80 murriztea lortu da.

Gure herrialdean, umetoki-lepoko minbizi kasuen % 60 baino gehiago dira baheketan parte hartu ez duten edo behar bezala egiun ez duten emakumeak.

Arriskuak:

Baheketa-probak (zitologia/GPBaren proba) ez du berez arriskurik, tratamenduak baizik. Baheketa-probaren emaitza positiboa bada, kolposkopia eta biopsia egiten dira behin betiko diagnostikoa lortzeko. Biopsiari esker ikusten bada minbizi aurreko lesioa dagoela, konizazioa izeneko tratamendu bat eskaintzen da, hau da, umetoki-lepotik kono formako ehun-lagin bat hartzen da. Kasu batzuetan, baliteke horrek odoljarioa edo infekzioak eragitea, edo etorkizuneko haurdunal dietan eragina izatea, behar baino goizago erditzeko arrisku handiagoa izateagatik.

Konizazio-tratamendua eskaintzen zaien emakume guztiek ez zuten nahitaez garatuko umetoki-lepoko minbizia. Halere, minbizi aurreko lesioak dituzten emakume guztiei eskaintzen zaie konizazio-tratamendua, ezinezkoa delako aldez aurretik jakitea nork garatuko duen eta nork ez.


Kontaktuaren ikonoa

Herritarrentzako kontaktu-harremana:

Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa

Azken aldaketako data: