Umetoki-lepoko minbizia

Zer da
umetoki-lepoko minbizia?

Minbizi hau umetoki-lepoko zelulak anormal bihurtu eta kontrolik gabe handitzen hasten direnean sortzen da. Oro har, minbiziak denbora asko behar izaten du garatzeko, 10 urte baino gehiago; beraz, epe luzea dago detektatzeko, tratatzeko eta sendatzeko.

Umetoki-lepoa edo zerbixa uteroaren (edo umetokia) beheko aldea da; baginaren gainean dago.

Umetoki-lepoko minbiziaren irudia

Informazio gehiago

Helburua da lesio premalignoak sasoiz eta minbizia hasierako faseetan detektatzea.


Sorburua

Umetoki-lepoko minbiziaren motibo nagusia Giza Papilomaren Birusa (GPB) da.

GPBa sexu-transmisiozko infekziorik ohikoena da, eta sexualki aktiboak diren emakumeen % 80k birus horren infekzioa izaten du noizbait. GPBak ez du tratamendurik, baina kasu gehienetan berez sendatzen da. Prozedurak zenbait urte iraun dezake, baina emakume gehienentzat infekzio iragankorra izaten da, inolako arriskurik ez dakarrena, GPBa guztiz desagertzen baita azkenean.

Infekzio horiek oharkabean igarotzen dira normalean. Hala ere, kasuen ehuneko txiki batean (% 10-15 inguru), ordea, infekzioak luze irauten du (10 urtetik gora), eta horrek aldaketak eragin ditzake umetoki-lepoko zeluletan; horren ondorioz, lesio premalignoak sor daitezke, eta minbizi bilaka daitezke denborarekin.

Azken batean, umetoki-lepoko minbizia nahiko arrunta den fenomeno baten –GPBaren infekzioaren– konplikazio larria da, baina ez da batere ohikoa.

GPBaren 100 mota baino gehiago daude. Horietatik, 15-20 inguruk eragin desberdina dute gizonen eta emakumeen sexu-organoetan. Bi talde handitan sailka ditzakegu:

  • Umetoki-lepoko minbizia izateko arrisku handikoa (GPB-AH). Horietatik, GPB 16ak eta 18ak umetoki-lepoko minbizi-kasuen % 70etik gora eragiten dituzte.
  • Umetoki-lepoko minbizia izateko arrisku txikikoa. Horietatik, GPB 6a eta 11 lesio onberekin lotuta daude, hala nola sexu-organoetako garatxoekin edo kondilomekin.

GPBa sexu-harremanen bidez transmititzen da (homosexualak zein heterosexualak izan). Ez da beharrezkoa koitoa gertatzea, sexu-organoak ukitzearekin ere transmiti baitaiteke. Hortaz, preserbatiboak transmisio-arriskua gutxitzen du, baina ez du desagerrarazten.

Birus hori duten pertsona gehienek ez dute sintomarik izaten, eta jakin gabe transmiti dezakete. GPBa izateko arriskua handiagoa izaten da sexu-bikotekideen kopurua handiagoa den heinean.

Ezin da ziur jakin noiz kutsatu den GPBa, ez eta nork transmititu duen ere. Pertsona batek luzaroan izan dezake GPBa, detektatu baino lehen. Beraz, GPBa izateak ez du esan nahi pazienteak edo haren bikotekideak beste pertsona batekin sexu-harremanak dituela orain. Oraindik ez dago gizonentzako GPBaren probarik.

Umetoki-lepoaren irudia

Umetoki-lepoa edo zerbixa uteroaren (edo umetokia) beheko aldea da; baginaren gainean dago.


Prebentzioa

Umetoki-lepoko minbizia honela prebeni daiteke:

  • GBParen txertoa. Txertoek babes eraginkorra ematen dute umetoki-lepoko lesio premalignoak eta lesio gaiztoak sortzen dituzten GPB mota nagusien kontra. Gaur egun, umeen txertaketa-egutegian sartuta dago, 12 urteko neskentzat; izan ere, oso eraginkorra da GPBaren infekzioa prebenitzeko oraindik sexu-harremanik izan ez duten emakumeengan. Hala eta guztiz ere, txertoa onuragarria izan daiteke, halaber, GPBaren infekzioa izan duten edo izateko arriskuan egon diren emakumeentzat, beste infekzio batzuetan ez bezala, aurretik infekzioa izateak ez baitu guztiz eragozten BPGaren mota horien infekzioa berriz izatea.
  • Umetoki-lepoko minbizia detektatzeko probak: zitologia eta GPBaren proba. Gaur egun,umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programan eskaintzen ditu proba horiek Osakidetzak.
  • Preserbatiboa behar bezala erabiltzeak transmititzeko arriskua nabarmen gutxitzen du, baina ez du erabat desagerrarazten, estaltzen ez dituen eremuak egon baitaitezke GPBaren eraginpean.

Infekzioaren ondoren, faktore batzuek GPB desagerraraztea zailtzen dute:

  • Erretzea. Tabakoa kontsumitzeak murriztu egiten du immunitate-sistemak GPB infekzioa desagerrarazteko duen gaitasuna. Tabakismoarekin infekzioak gehiago irauten du eta, beraz, handitu egiten da lesio premalignoak agertzeko arriskua.
  • Ahotiko antisorgailuak hartzea. Zenbait azterlanetan ikusi da ahotiko antisorgailu hormonalak urteetan hartu dituzten emakumeen artean GPBak irauteko arriskua pixka bat handitzen dela. Arriskua murriztu egiten da tratamendua utzi ondoren. Umetoki barneko gailua (DIU) erabiltzeak, aldiz, ez du arrisku hori handitzen, eta gutxitu egiten duela ere esan daiteke. Antisorgailu hormonalek beste arlo batzuetan eragin onuragarriak izan ditzaketenez gomendagarria da ginekologoarekin aztertzea arriskuen eta onuren zenbaterainokoa, metodo antisorgailu egokiena zein den erabaki aurretik.
  • Immunitatea aldatzen duten gaixotasunak: giza immunoeskasiaren birusagatiko (GIB) infekzioa, trasplantedun pertsonak…
Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programaren irudia

Umetoki-lepoko minbiziaren baheketarako programa

Osakidetzak, dagoeneko, Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa pilotua hasi du eta, horretarako, lehen gutunak bidali dizkie Debabarrena eskualdeko 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei. Programa Euskadiko gainerako udalerrietara zabalduko da, pixkanaka, 2019. urtean zehar, eta 2023rako erabat finkatuta egongo da.

Helburua da lesio premalignoak sasoiz eta minbizia hasierako faseetan detektatzea.

Informa zaitez


Azken aldaketako data: