Zerbixeko minbizia
Zer da zerbixeko minbizia?
Minbizi hori agertzen da utero-lepoko zelulak anormal bihurtu eta kontrolik gabe hazten hasten direnean. Zerbixeko minbiziak denbora asko behar izaten du garatzeko, 10 urte baino gehiago; beraz, epe luzea dago minbizia detektatu, tratatu eta sendatzeko.
Utero-lepoa edo zerbixa uteroaren (edo matrizearen) beheko aldea da, eta baginaren gaine-gainean dago.
Zebixeko minbizia goiz detektatzeko programaArrazoia
Utero-lepoko minbiziaren kausa nagusia giza papilomaren birusagatiko (GPB) infekzio luzea da.
Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroaren arabera, GPBa sexu-transmisiozko infekzio ohikoena da munduan: sexualki aktiboak diren pertsonen % 80k birus horren infekzioa izaten du noizbait. Gaur egun ez dago tratamendu eraginkorrik, nahiz eta kasu gehienetan infekzioa berez sendatzen den. Sendatzeko prozesu horrek hainbat urte iraun dezake, eta, beraz, aldi baterako egoera da, arriskurik ez dakarrena.
Ohikoena da infekzio horiek oharkabean pasatzea, ez baitute sintomarik ematen. Kasuen % 10-15ean, infekzioak urteetan irauten duenean, aldaketak eragin ditzake utero-lepoko zeluletan, eta, horren ondorioz, gaiztotu aurreko lesioak sor daitezke, zeinak denborarekin minbizi bilaka baitaitezke.
Hain zuzen, utero-lepoko minbizia fenomeno ohiko baten konplikazio larri oso ezohiko bat da, GPBaren ondoriozko infekzioarena alegia.
100 GPB mota baino gehiago daude. Horietako 15-20 inguruk eragin desberdinak dituzte gizonezkoen eta emakumezkoen genitaletan. Bi talde handitan bana ditzakegu:
- Utero-lepoko minbizirako arrisku handikoak (GPB-AH). Horietatik, 16 eta 18 azpimotek eragiten dute zerbixeko minbizi-kasuen % 70.
- Utero-lepoko minbizirako arrisku txikikoak. Horietatik, 6 eta 11 azpimotak lesio onberekin lotuta daude, hala nola garatxo genitalekin edo kondilomekin.
GPBa sexu-harremanen bidez transmititzen da. Ez da ezinbestekoa penetraziorik egotea; eremu genitalak ukituz ere transmiti daiteke. Beraz, preserbatiboak arrisku hori murrizten du, baina ez du ezabatzen.
Oro har, zaila izaten da ziur jakitea noiz kutsatu zen pertsona bat GPBaz; izan ere, baliteke kutsatu eta denbora luze igaro arte ez detektatzea infekzioa. Une jakin batean diagnostikatzeak ez du esan nahi kontaktua duela gutxikoa izan denik.
GPBri buruz gehiago jakiteko, egin klik bideo honetan:
Giza papilomaren birusak (GPB) eragindako infekzioa mundu mailako STI ohikoena da.
Prebentzioa
Zerbixeko minbizia honako hauen bidez prebeni daiteke:
- GPBaren aurkako txertoa. Txertoak babes eraginkorra ematen du utero-lepoko gaiztotu aurreko lesioak eta lesio gaiztoak sortzen dituzten GPB mota nagusien kontra. Gaur egun, haurrak txertatzeko egutegian dago sartuta txertoa, 12 urteko umeentzat; izan ere, txertoa eraginkorragoa da sexu-harremanak hasi aurretik hartuz gero. Halaber, txertoa baliagarria izan daiteke infekzio bat badago edo kontakturen bat izan bada aldez aurretik; izan ere, aurrekari horrek ez du erabat babesten GPB mota horiengatiko etorkizuneko kontaktuetatik.
- Detekzio goiztiarreko programetan parte hartzeak nabarmen murrizten du minbizia izateko probabilitatea. Gaur egun, Osakidetzak Zerbixeko Minbizia Goiz Detektatzeko Programan eskaintzen ditu detekzio goiztiarreko probak.
Zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ikus bideo hau:
-
Preserbatiboa behar bezala erabiltzeak nabarmen murrizten du transmisio-arriskua, baina ez du erabat desagerrarazten.
Immunitate-sistema gai izan daiteke giza papilomaren birusak eragindako infekzioa desagerrarazteko, baina infektatu ondoren birusa desagerraraztea zailtzen duten hainbat faktore daude.
- Erretzea. Tabakoaren kontsumoak murriztu egiten du immunitate-sistemak birusak kanporatzeko daukan gaitasuna, eta birusak luzeago irautea dakar. Beraz, erretzeak gaiztotu aurreko lesioak agertzeko arriskua areagotzen du.
- Ahotiko antisorgailuak hartzea. Hainbat azterketaren arabera, GPBak irauteko arriskua apur bat handiagoa dago ahotiko antisorgailu hormonalak urte luzez hartu dituzten emakumeen artean. Arriskua gutxitu egiten da tratamendua utzi ondoren. Utero barneko gailua (UBG) erabiltzeak, aldiz, ez du arrisku hori handitzen; arean ere, gutxitu egiten duela ere esan daiteke. Erabaki bat hartu aurretik, galdetu ginekologoari zer arrisku eta zer abantaila dituen tratamendu honek zure kasuan.
- Immunitatea aldatzen duten gaixotasunak: giza immunoeskasiaren birusagatiko (GIB) infekzioa, transplantedun pertsonak, gaixotasun edo tratamendu immunoezabatzaileak…
GPB izanez gero zer egin jakin nahi baduzu, egin klik bideo honetan:
Zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programa
Osakidetzak 2018an abiarazi zuen Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketa Programa, 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei gutunak bidaliz. Gonbidapenak pixkanaka egiten ari dira, eta ezarpena 2024rako bukatzea kalkulatzen da, ordurako xede-populazio osoak jasota edukiko baitu gutuna.
Programa honen helburua da gaiztotu aurreko lesioak eta minbizia hasierako faseetan modu goiztiarrean detektatzea.
Kontaktua
- Doako telefonoa: 900 222 002
- Helbide elektronikoa: programacervix@osakidetza.eus
Azken aldaketako data: