Eskizofrenia
- Zer da
- Diagnostikoa
- Sintomak
- Tratamendua
- Pronostikoa
- Zainketak
- Nola zaindu eta lagundu
- Ohiko galderak
- Esteka interesgarriak
Zer da?
Eskizofrenia gaixotasun mentala da, eta pentsamenduan, jokabidean (portatzeko modua), emozioetan eta gauzak hautemateko moduan du eragina. Nahasmendu psikotikoen taldekoa da, eta horrek esan nahi du eskizofrenia dutenek zailtasunak izan ditzaketela errealitatearen eta gaixotasunak eragindako pentsamendu, ideia edo pertzepzioen artean bereizteko.
Gaixotasun kronikoa da, arazo iraunkorrak eragin ditzake eta bizi-itxaropena murriztu, baina bakoitzarengan duen eragina oso bestelakoa izan daiteke. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, biztanleriaren % 1ek baino gutxiagok du eskizofrenia, edozein dela ere sexua, arraza, kultura edo maila ekonomikoa. Oro har, gaztaroan hasten da, nerabezaroan eta 35-40 urte bitartean, baina edozein adinetan ager daiteke.
Arrazoiak
Eskizofreniak pentsamenduari, jokabideari, emozioei eta estimuluak hautemateko moduari eragiten die.
Eskizofreniaren kausak ezezagunak dira. Badira zenbait faktore genetiko eta ingurumen-faktore aurrejoera eragiten dutenak, baina ez dira erabakigarriak. Besteak beste, lehen mailako familia-aurrekariak, arazoak haurdunaldian eta erditzean, haurtzaroko traumak eta abusua, edo droga batzuen eraginpean egotea. Faktore horiek guztiek, genetikoek eta ingurumenekoek, alterazioak eragin ditzakete garunaren garapenean, bai eta neuronen eta garuneko eremuen arteko komunikazioa ezartzen duten substantzia kimikoetan ere (neurotransmisoreak).
Ez dakigu, ezta ere, nola prebenitu halakorik agertzea. Esku-hartze batzuek nabarmen hobetu dezakete eskizofreniaren garapena. Diagnostiko eta tratamendu goiztiarrak bilakaera eta pronostiko hobea izatearekin lotuta daude. Drogek, berez, ez dute eskizofrenia eragiten, nahiz eta aldez aurretiko joera dutenengan gaixotasuna agertzea laguntzen duten. Bereziki kanabisak eta estimulatzaileek (anfetaminak eta deribatuak, kokaina, etab.) lotura zuzena dute sintoma psikotikoen agerpenarekin eta bilakaera nabarmen okertzearekin.
Diagnostikoa
Osasun-arloko profesionalek egiten dute diagnostikoa, elkarrizketa klinikoan eta pertsonaren jokabide, sintoma eta bilakaeraren azterketan oinarrituta. Senide eta ingurukoek emandako informazioa ere kontuan hartzen da. Arretaz eta arduraz egin behar da ebaluazioa eta, batzuetan, denbora igaro behar da bilakaera nolakoa izan den ikusteko, behin betiko diagnostikoaren aurretik.
Eskizofreniaren ezaugarri dira sintoma psikotikoak (deliriozko ideiak eta haluzinazioak) eta ohiko funtzionamenduaren narriadura (isolamendua, ikasketak eta lana uztea, etab.); narriadura horrek denboran irauten du eta/edo zenbait episodiotan agertzen da. Pertsona bakoitzaren sintomen konbinazioa oso aldakorra izan daiteke, eta ohikoa da gaixotasunaren maila eta agerpena nabarmen aldatzea bizitzan eta gaixotasunaren bilakaeran zehar. Batzuetan, aldez aurretik inolako abisurik eman gabe agertzen dira (estresak, droga-kontsumoak eta abarrek eraginda), eta ohikoena da motel eta progresiboki agertzea, hilabeteetan eta baita urteetan ere, agerian geratu arte.
Sintomak honela sailkatzen dira:
- "Positiboak" edo psikotikoak: errealitatearen balorazioa oztopatzen dute, eta jokabide zalapartatsu eta kezkagarrienekin lotuta daude. Esan liteke norberaren pentsamendu edo pertzepzioei gehitzen zaizkiela.
- "Negatiboak": emozio, interes, motibazio, interakzio eta gizarte-harremanetan dute eragina. Funtzionamendu psikosozialerako beharrezkoak diren gaitasunak gutxitu edo desagerrarazten dituzte.
Sintoma psikotikoen episodio bat jasateak alarma pizten du, baina kasu guztietan ez da eskizofrenia diagnostikatuko: estres-egoerek edo droga jakin batzuen kontsumoak episodio zalapartatsuak eragin ditzakete, jokabide oso aztoratuak, deliriozko ideiak eta haluzinazioak, zeinak desagertu egiten baitira ondoriorik utzi gabe eta errepikatu gabe. Oro har, sintoma negatiboak ezgaitzaileagoak dira.
Eskizofrenia diagnostikatzen zaienek sintoma psikotikoak dituzte eta ohiko funtzionamenduaren narriadura, zeinak denboran irauten baitu eta/edo berriz desegonkortzea dakar.
Sintomak
Sintoma positiboak edo psikotikoak:
- Haluzinazioak: existitzen ez diren sentsazioak antzematen dituzte (soinuak, usainak, irudiak). Eskizofreniaren kasuan, ohikoenak entzutezkoak dira, gehienetan pertsonari zuzendutako ahotsak, edo haien artean pertsonaren ekintzei buruz ari direnak. Atseginak izan daitezke, baina, oro har, oso modu desatseginean bizi dira. Musika, kolpeak edo ahotsak entzun ditzakete inork hitz egin ez duenean, edo barne-organoetan aldaketak sentitu.
- Deliriozko ideiak: ideia eta sinesmen hauek ez datoz bat errealitatearekin; besteek ez dituzte partekatzen, baina pertsonak egiazkotzat bizi ditu. Batzuetan, guztiok pentsatzen dugu errealitatearekin bat ez datozen gauzetan, baina eskizofrenia dutenen artean pentsamendu horiek biziagoak dira eta sufrimendu handiagoa dakarte. Askotan, ideia hauek paranoideak dira, alegia, pertsona horiek uste dute beste norbait ari dela –izan pertsona, pertsona-talde, erakunde, etab.– haiek begiratzen, zelatatzen, jazartzen, mehatxatzen edo haiei kalte egiten. Batzuek deliriozko ideia arraroak eta irrazionalak izan ditzakete, adibidez: “Txip bat ezarri didate garunean” edo “Kamerak jarri dizkidate etxean, ni begiratu eta zelatatzeko".
Haluzinazioek eta deliriozko ideiek larritasun eta beldur handia eragin dezakete.
- Pentsamendu desantolatua: modu logikoan pentsatzeko eta ideiak argi adierazteko zailtasunak dakartza. Arrazonamenduaren eta pentsamendua eratzen duten ideiak konektatzeko prozesuak ere kaltetu egin daitezke, bereziki, norbanakoa berriz desegonkortzen den uneetan. Ondorioz, baliteke zaila izatea hark esandakoa ulertzea, hau da, baliteke elkarrizketa nahasi, arraro eta ez oso argia izatea. Arazoak izan ditzake kontzentratzeko, arretari eusteko eta ideiak antolatzeko; horrek eragin nabarmena du haren gizarte-harremanetan eta laneko eta ikasketetako errendimenduan.
Deliriozko ideiak eta haluzinazioak mehatxu gisa sentitzen dituenez, larritasun eta beldur handia eragin diezaiokete, bai eta ustezko erasoetatik ihes egin eta/edo defendatzea helburu duten portaera asaldagarriak ere. Ez dira, krisi-uneetan behintzat, arrazonamenduaren bidez aurre egiteko moduko akatsak, errakuntzak edo irudimenak; pertsona horientzat erabat errealak dira, nahiz eta ingurukoentzat hala ez izan.
Sintoma negatiboak:
- Lautze afektiboa. Badirudi erreakzionatzen ez duela; haren adierazpen emozionala (poztasuna, tristezia) murriztu egiten da, keinuak eta ahots-tonua barne. Eman dezake gauzak ez dituela sentitzen edo gutxiago sentitzen dituela, baina baliteke barrutik emozio biziak izatea.
- Sentsazio atsegingarriak nabaritzeko zailtasuna (anhedonia). Eguneroko gauzez gozatzeko duen gaitasuna murrizten da: izan elkarrizketa bat, irakurgai bat, film bat, paseo bat…
- Zerbaitekiko interesa gutxitzea (apatia). Ohiko jardueren aurrean axolagabe ageri da eta ez du jarduera berririk hasi nahi.
- Ekimena murriztea (abulia). Eguneroko zereginetarako behar den energia galtzen da, eta zaila da erabakiak hartzea.
- Gizarte-isolamendua.
Sintoma hauek emozio, interes, motibazio, interakzio eta gizarte-harremanetan dute eragina. Sintomen presentzia oso aldakorra da, eta agerikoagoa izan daiteke egonkortasun-aldietan eta gaixotasunaren fase aurreratuenetan. Oro har, ingurunean alarma txikiagoa sortzen dute, baina eguneroko bizitzari eta gizarte-harremanei aurre egiteko arazo handienak dakartzate, eta laneko edo ikasteko errendimenduan eta bizi-kalitatean gehien eragiten dutenak dira. Desgaitasunarekin lotzen dira, eta egonkortzeko zailagoak dira.
Eragina izan dezake pertsonen arteko harremanetan. Batzuetan familia-ingurunera mugatzen dira, edo, muturreko egoeretan, isolamendura hel daitezke. Loan, elikaduran, higiene pertsonalean eta janzkeran ere eragina izan dezake.
Kognitiboak:
Sintoma kognitiboak dira, hain zuzen, pertsona horiek zailtasunak izatea kontzentratzeko, zerbait gogoratzeko, antolatzeko, planifikatzeko eta arazoak konpontzeko. Hainbat modutan adierazten dira, hala nola irakurtzeko, film bat ikusteko, telebista ikusteko edo jarraibideak betetzeko behar adina kontzentratzeko zailtasun gisa. Batzuei ezinezkoa zaie arreta ez galtzea.
Afectiboak:
Aldartearen nahasmenduak eta antsietatea ohikoak dira eskizofrenia dutenen artean. Batez ere bi une hauekin lotuta daude:
- Gaixotasunaren hasiera: lehen sintomak nabaritu eta harriduraz bizi dituzte, ezjakintasunagatik.
- Sintomak desagertu, eta egoeraz eta ondorioez jabetzen diren unea.
Tratamendua
Eskizofrenia dutenek tratamendu espezifikoa behar dute, sintomen, egoera pertsonalaren eta familia- eta gizarte-egoeraren ezaugarrietara egokitua. Tratamenduak modu integralean aurreikusi behar ditu gaixotasunaren alderdi esanguratsu guztiak, zeintzuk eta, zehazki, pertsonaren bizitzan eragina dutenak.
Hainbat tratamendu-lerro konbina daitezke:
- Medikazioa.
- Psikoterapia.
- Psikoheziketa.
- Laguntza-sarea. Zaintzailea (egoera batzuetan).
- Errehabilitazio-programak, pertsonari gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko, helburuak bete edo haiei berriro heldu ahal izateko.
Bizitzarako autonomia eta gaitasunak berreskuratzea da errekuperazioaren lehentasunezko helburua.
Tratamenduaren helburu nagusia errekuperazioa da, ez sendatzea. Praktikan horrek bizitza gogobetegarria izateko gaitasunak eskuratzea dakar, helburu pertsonalekin, autoestimuarekin eta ingurunearekiko konexioarekin. Errekuperazioa zera da: pertsonak bere gaixotasuna maneiatu eta kudeatzea, sintomak kontrolatzea eta bizitzaren alderdi guztiei eutsi edo berriro ekiteko aukera bere gain hartzea. Sarritan gorabeherak izango ditu, eta errazago gainditu ahalko ditu partaidetza-jarrerari, informazioari eta besteen babesari esker.
Prozesuan zehar bakoitzak behar dituen laguntza eta babesak desberdinak izango dira beharbada. Ildo horretan, funtsezkoak dira:
- Norberak jarrera baikorra izatea eta hobetzeko aukeretan konfiantza izatea.
- Babes soziala izatea (familia, lagunak eta ingurunea).
- Baliabideak edukitzea lan-munduan sartzeko eta bizimodu independentea izateko.
- Estigmarik gabeko gizarte-jarrera.
Eskizofrenia dutenek medikazioa hartu behar izaten dute denbora luzez edo, askotan, denbora-mugarik gabe. Hartzen dituzten medikamentuei antipsikotiko deritze. Sintomak tratatzeko erabiltzen dira –hala nola deliriozko ideiak eta haluzinazioak–, deskonpentsazio-episodio gehiago agertzea prebenitzen dute eta bizi-itxaropena handitzen. Garuneko substantzietan eragiten dute, alegia, neurotransmisore delakoetan. Albo-ondorio batzuk eragin ditzakete, besteak beste, logura edo pisua hartzea. Azken urteotan, baina, farmako berriak agertzearekin batera, albo-ondorioak gero eta arinagoak izateaz gain, gutxiagotan gertatzen dira.
Ahotik edo injekzio bidez ematen dira. Batzuentzat injekzioa erosoagoa da, epe luzeagoetan ematen baita (aste edo hilabete batzuez); pilulak, aldiz, egunean behin edo gehiagotan hartu behar dira.
Medikazioarekiko erantzuna oso aldakorra izan daiteke pertsonaren arabera; beraz, batzuetan, probak eta aldaketak egin behar dira harik eta egokiena aurkitu arte, eraginkorrena eta ondoen onartzen dena. Pertsonaren eta osasun-arloko profesionalaren arteko elkarlana beharrezkoa da.
Psikoterapia bidezko arreta profesionalak, konfiantzazko harreman jarraitu baten bidez, estrategiak batera garatzeko aukera ematen du, egonkortasunari eutsi eta berriz desegonkortzea saihesteko. Laguntza eta babesa ezinbestekoak dira errekuperazio-prozesuarekin jarraitzeko, prestakuntza berrorientatzeko, pertsonak bere ardurekin jarraitzeko, emozioak kudeatzeko eta gizarte-loturei eusteko (familia, lagunak).
Helburua da, batetik, gaitasun pertsonalak indartzea, eta, bestetik, laguntza eta babesa eskaintzea, eskizofrenia dutenen ongizateari bide eman eta bizi-kalitatea hobetzeko, errekuperazio-prozesuan haien ondoan egonda. Gaixotasunaren sintoma negatiboen ondorioz –bereziki apatia, ekimenik eza, isolamendua, etsipena eta kontzentratzeko zailtasunak–, pertsona batzuek beren ohiturak eta eguneroko bizitzako jarduera, etxeko trebetasun, gestio edo zaintza pertsonalari aurre egiteko gaitasunak galdu edo narriatuta izaten dituzte. Gainera, normalean, helduaroaren oinarriak ezartzen direneko adinaren bueltan hasten da eskizofrenia, hau da, norbera bere prestakuntza, lan, emozio eta harremanen oinarriak finkatzen hasten denean. Horrek zailtasunak eragin ditzake ikasketetan, lana bilatzean, eta gizarte-harremanei zein bikote-harremanei eustean. Badaude gaitasun horiei eusteko terapiak.
Era berean, euskarri ematen dioten ingurukoentzat programa espezifikoak daude, egoerari aurre egiten, zama emozionala egoki kudeatzen eta gaitasunak hobetzen laguntzeko. Gainera, eskizofrenia maneiatzeko oinarrizko zutabeak lantzen dira, hala nola familian adierazten den emozioa, ingurune emozionala eta eskizofrenia duen pertsonarekiko jarrera biltzen dituena.
Eskizofrenia dutenei, haien senideei eta ingurukoei gaixotasunari buruzko informazio espezifikoa ematean datza. Hauek dira esku-hartze psikoedukatibo nagusiak:
- Gaixotasunaren sintomak ulertu eta maneiatzea.
- Berriz desegonkortzearen zeinuak detektatzea.
- Medikazioren albo-ondorio posibleak aurkitu eta jakinaraztea
- Gaixotasunari eta haien bizitzetan duen eraginari hobeto aurre egitea
Pronostikoa
Askoren bilakaera oso positiboa izaten da episodio edo krisi bat edo gehiago jasan ostean, hau da, ez dute ondorengo desorekarik eta bizitza integratua egiten dute. Beste batzuek, aldiz, nolabaiteko afektazio-maila dute bizitzan zehar: deskonpentsazio-episodio gehiago, sintoma iraunkorrak, harremantzeko zailtasunak, lan-jarduerako zailtasunak, eguneroko bizitzako jarduerei aurre egiteko zailtasunak eta laguntza-premia aldakorrak. Egoera hori eta errekuperazioa ez dira bateraezinak. Beste gaixotasun kronikoen kasuan bezala, posible da eskizofreniarekin ondo bizitzea, tratamendu eta zainketa egokiei jarraituz.
Hainbat azterlanek erakusten dute ehuneko handi batek errekuperazioa lortzen duela, bizi-kalitate onean.
Horren testigantza dira John Forbes Nash matematikari ospetsua, 1994an Ekonomiako Nobel saria jaso zuena eta gaixotasun horrekin bizi izan zena hogeita hamar urte zituenetik, edo Nathaniel S. Lherman psikiatra, zeinak artikulu batean azaldu baitzuen nola gainditu zuen gaixotasuna, eta nola jarraitu zuen bere ibilbide profesionalarekin, Brooklyneko Kingsboro Zentro Psikiatrikoko (New York) zuzendari klinikoa izatera heldu arte.
Lotutako arazoak
Pronostikoan eragina duten arazo gehigarriak ere badaude, gaixotasunaren bilakaeran zehar sarritan agertzen direnak:
- Gaixotasunaz jabetzea: sintomak kontrolatzen, arriskuak saihesten eta mugak onartzen ikasteko bide ematen du. Askotan, eskizofrenia dutenak ez dira ohartzen gaixotasunaren eraginaz eta ondorioez. Batzuetan, ukatu egiten dute eta tratamenduari uko egiten diote. Egoera larriagotzen duten deskonpentsazio-episodioak gertatzeko arrisku nagusia da tratamendua ez betetzea eta medikazioa bertan behera uztea.
- Indarkeriazko jokabidea: eskizofrenia duten pertsonak ez dira biztanleria orokorra baino bortitzagoak. Krisietan eta berriro desegonkortzen direnean, beste norbaiten aldetik jazarpena, mehatxua edo kaltea jasaten ari direla uste badute, baliteke ihes egitea edo indarkeriaz adierazten diren defentsarako jokabideak izatea, zeinak arriskutsuak izan daitezkeen bai eurentzat bai ingurukoentzat. Tratamendua jarraitzen ez badute eta/edo drogak hartzen badituzte, jokabide horiek okerrera egiteko joera dago.
- Bizi-ohitura desegokiak: nahiko sarritan agertzen dira tabakoaren kontsumo handia, elikadura desantolatua, jarduerarik eza, ariketa fisikorik eza, arrisku-egoeren eraginpean egotea eta/edo drogen kontsumoa. Bizi-kalitatean eta bizi-itxaropenean eragina duten osasun-arazo gehiagorekin lotzen dira. Gaixotasun horien artean daude obesitatea, diabetesa, hipertentsio arteriala eta tabakismoa, zeinen eraginez nabarmen handitzen baita bestelako gaixotasun kardiobaskularrak, metabolikoak eta infekziosoak izateko arriskua.
- Suizidioa: jokabide autoerasotzaileak (nork bere buruari kalte egitea) eta suizidioa ohikoagoak dira biztanleria orokorrean baino. Angustiak, beldurrak, depresioak, bizi-perspektibarik ezak eta etsipenak eragin ditzakete.
- Bazterketa-arriskua: gizarte-isolamendua, estigma, eta enplegurik eta baliabide ekonomikorik eza izan daitezke gizarte-bazterketako, bizilekuarekin lotutako prekarietateko, marjinalitateko eta bizi-baldintzen pixkanakako narriadurako egoeretan izateko motibo, batez ere familiaren laguntzarik ez badute edo laguntza hori galtzen badute. Bazterketa-egoeraren ondorioz, bereziki zaurgarriak dira abusuen eta indarkeriaren biktima izateko.
- Estigma: eskizofrenia da aurreiritzi eta konnotazio negatibo gehien eragiten dituen gaixotasun mentala. Estigmaren, aurreiritziaren eta horrek berekin dakarren diskriminazioaren oinarri dira, batetik, ezjakintasuna, eta, bestetik, dauden eta transmititzen diren uste negatiboak. Pertsona horiek erabat gizarteratzeko oztopo garrantzitsuak dira, besteak beste, indarkeriaren eta eskizofreniaren arteko lotura hedatua, bai eta hobekuntzarako aukeretan eta pertsona horiek euren buruari buruz duten balio sozialean dagoen itxaropen ezkorra ere. Ildo horretan, OMEk adierazten du eskizofrenia dutenek estigmatizazioa, diskriminazioa eta giza eskubideen urraketa jasan ohi dituztela.
Zainketak
Zeure burua zaintzen laguntzeko zenbait gomendio:
- Medikazioa hartu preskripzioa betez. Azaldu zure lehentasunak, albo-ondorioak eta eraginkortasuna osasun-langileari. Horrela, azkarrago aurkituko duzue ahalik eta dosi txikiena erabiliz hobekien sentiarazten zaituena. Berriz desegonkortzearen arrazoi nagusia medikazioa uztea da; horregatik, garrantzitsua da ez uztea edo ez aldatzea kontsultatu gabe.
- Ez hartu drogarik. Drogak kontsumitzen dituztenek –alkohola eta kanabisa barne– eboluzio askoz ere txarragoa izaten dute kontsumitzen ez dituztenek baino. Drogak hartzean, berriz desegonkortzeko aukera gehiago izaten da, sintomak areagotu egiten dira eta eragina du errekuperazio-prozesuan.
- Arrisku-seinaleak identifikatu, sintomak ezagutu eta ikasi nola maneia ditzakezun. Ezegonkortze-zantzuak detektatzen badituzu, laguntza profesionala bilatu.
- Senide, lagun eta ingurukoen laguntza onartu.
- Izan harremanak gauza positiboak ematen dizkizutenekin, eta ez zaitez isolatu.
- Egon aktibo. Ikasten edo lanean jarraitu edo denbora bete.
- Elikadura zaindu, osasungarria izan dadila, eta ariketa fisikoa egiteko ohitura izan.
- Ez erre edo tabakoaren kontsumoa murriztu, ahal den neurrian. Konplikazioak prebenitzeko, galdetu osasun-taldeari.
- Jarrera proaktiboa izan, kontrola hartu gauzak gerta daitezen. Poza ematen dizuna bilatu, etorkizuneko erronkak eta ametsak jarri zeure buruari, oroitzapen positiboak sortzeko aukerak eman zeure buruari, pentsamendu ezkorren aurrean alternatibak planteatu eta konfiantza transmititzen dizuten pertsonez inguratu; azken batean, izan zaitez baikor, horrek zure igurikimenak betetzen lagunduko du eta.
Nola zaindu eta lagundu
Eskizofrenia duen norbaitekin bizi bazara edo hura zaintzen baduzu, zer zeinu, sintoma eta tratamendu-indikazio dituen jakin behar duzu; gainera, kontuan izan behar duzu zer bizi-etapatan dagoen. Esaterako, gazteek edo bizitzaren amaierako egoerari aurre egiten diotenek zainketa desberdinak behar dituzte, eta horri gaixotasunaren fasetik eratorritako premiak gehitu behar zaizkio.
Gaixotasunaren fasearen araberako gomendio lagungarriak:
Egonkortasun-fasea
Pertsonak tratamenduarekin jarraitzen du, eta sintomak eta albo-ondorioak kontrolatuta ditu. "Ondo dago".
- Pertsonaren autonomia eta autozainketa sustatu, eguneroko errutinen bidez: ordutegia, garbitasuna, denbora betetzea, ariketa fisikoa, medikazioa...
Alerta-fasea
Pertsonak sintoma batzuk ditu, deskonpentsazio bat egon daitekeela pentsarazten dutenak. "Ondo dago, baina...".
- Pertsonaren autozainketa eta eguneroko errutinak sustatu.
- Bai hurbiltasunetik bai distantziatik behatu. Baliteke jokabiderik ez aldatzea zu aurrean zaudenean, eta jokabideak aldatzea zu ez zaudenean. Ikusten duzunaren arabera erabaki bat ala beste hartu beharko duzu: behatzen jarraitu ala jardun. Errekuperazio-prozesuan ikasitakoa kontuan hartu eta/edo erreferentziazko osasun-profesionalarekin harremanetan jarri, ekintzarik egokienari buruzko informazioa jasotzeko.
Deskonpentsazio-fasea
Pertsonak sintomak ditu, eta baliteke tratamendua utzi izana. "Ez dago ondo". Beharbada, ospitalean ingresatuta egon beharko du errekuperatzeko. Osasun-profesionalek emango dizkizute jarraibide zehatzak. Ospitalean, haren eboluzioan duzun inplikazioa eta ematen dizkiozun zainketak ikasbide izango dituzu, eta alta ematen diotenerako prestaketa gisa erabili ahalko dituzu.
Ezin da aurreikusi zenbat denbora beharko duen ospitalean edo, ondoren, etxean errekuperatzeko. Ezta aldi horretan zaintza eta laguntza handiagoa beharko duen ere. Baliteke guztiz edo zati batean errekuperatzea; beraz, zainketak desberdinak izango dira kasuan kasu. Arreta ematen dioten profesionalek adieraziko dizute zein diren bete beharreko jardunbide zehatzak.
Zure osasuna eta atsedena zaindu; "atsedenaldiak" behar badituzu, antola zaitez une horiez gozatu ahal izateko.
Ohiko galderak
Eskizofrenia sendatzen al da?
Eskizofrenia gaixotasun kronikoa da, eta ez dago sendatzeko erabat eraginkorra den tratamendurik. Pertsona guztiengan eragin-maila ez da bera: batzuek ez dute ia sintomarik eta bizitza erabat integratua egin ahalko dute, egokitzapenekin; beste batzuek, aldiz, sintoma iraunkorrak izango dituzte, sarritan desegonkortuko dira berriro, eta horrek muga esanguratsuak eragingo dizkie, bai eta laguntza-beharrak ere. Gehienek tarteko eboluzioa izango dute, eta, tratamenduaren jarraipen egokiari eta beharrezko babesa eta laguntzari esker, egonkortasun-egoeretara iritsi eta bizi-kalitate ona lortzeko joera izango dute.
Ezinbestekoa al da medikazioa?
Bai, oro har, medikazioa funtsezkoa da, berriz desegonkortzea eta ospitalean ingresatu behar izatea prebenitu ez ezik, pertsonaren bizi-kalitatea ere hobetzen duelako. Zalantzarik baduzu, galdetu erreferentziazko osasun-profesionalari.
Bortitzak al dira eskizofrenia duten pertsonak?
Indarkeriazko jokabidearen eta gaixotasun mentalaren, eta, bereziki eskizofreniaren arteko lotura oso errotuta dago biztanleen artean, eta estigma elikatzen duten aurreiritzi garrantzitsuenetako bat da. Gehienek ez dute indarkeriazko jokabiderik eta ez dira mehatxu beste pertsona batzuentzat. Kontrara da, eskizofrenia dutenak zaurgarriagoak dira eta abusua eta indarkeria jasateko arrisku handiagoa dute, bereziki bazterketa eta babesik gabeko egoeretan daudenean.
Egia da, zenbait egoeratan, jokabide erasokorrak izan ditzaketela, bereziki deliriozko ideiak eta haluzinazioak dituzten deskonpentsazio-episodioetan. Drogak hartzen dituztenek edo tratamendua betetzen ez dutenek jokabide horiek izateko arrisku handiagoa dute.
Norbaitek al du errua?
Ez. Aditu eta ikertzaile gehienak bat datoz honetan: eskizofrenia gaixotasun bat da, eta horretarako aurretiko joera biologikoa da; zati batean behintzat, genetikoa. Ia gaixotasun gehienetan bezala, aurretiko joera biologikoak elkarreraginean dihardu ingurunearekin: estresa, trauma-egoerak haurtzaroan, drogen kontsumoa edo beste faktore psikosozial eta ingurumeneko batzuk, gaixotasuna eragiten eta gaixotasunaren eboluzioa modulatzen laguntzen dutenak.
Esteka interesgarriak
Elkarteak
- AVIFES. Osasun Mentaleko Arazoak dituzten Pertsonen eta haien Senitartekoen Bizkaiko Elkartea
- AGIFES. Osasun Mentaleko Arazoak dituzten Pertsonen eta haien Senitartekoen Gipuzkoako Elkartea
- ASAFES. Osasun Mentaleko Arazoak dituzten Pertsonen eta haien Senitartekoen Arabako Elkartea
- ASASAM. Osasun Mentaleko Arazoak dituzten Pertsonen eta haien Senitartekoen Aiarako Elkartea
- FEDEAFES. Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta haien Senitartekoen Elkarteen Euskadiko Federazioa
- Salud Mental España. Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioa
Beste esteka batzuk
- Cómo afrontar la esquizofrenia: Una guía para familiares, cuidadores y personas afectadas. Egileak: Sergio Rebolledo Moller eta María José Lobato Rodríguez, Espainiako Psikiatria Elkartearen eta Espainiako Neuropsikiatria Elkartearen babesarekin.
- Convivir con la Esquizofrenia: Guía dirigida a personas afectadas por la esquizofrenia. Guía de Práctica Clínica sobre la Esquizofrenia y el Trastorno Psicótico Incipiente lantaldeak egina (2009). Osasun eta Kontsumo Ministerioak eta Generalitateko Osasun Sailak bermatua. Osasun Mentaleko Erabiltzaileen Elkarteak (ADEMM) berrikusia.
- Manejando la esquizofrenia: Un folleto para pacientes, familiares y cuidadores. Dokumentua Eskozian egin zen 2013an, eta Andaluziako Osasun Zerbitzuak gaztelaniara itzuli zuen 2014an.
- Hacer de la recuperación una realidad. Sainsbury Centre for Mental Health zentroak argitaratu zuen, eta Andaluziako Osasun Zerbitzuak gaztelaniara itzuli zuen 2008an.
- Entendiendo la Esquizofrenia. Guía de Osakidetza nº 8.
- Portal Clinic. Tratamiento de la esquizofrenia.
- Medicamentos antipsicóticos para tratar la esquizofrenia y el trastorno bipolar. Guías Sumarias de los Consumidores. Estatu Batuetako Agency for Healthcare Research and Quality agentziak argitaratutako gidaren gaztelaniazko bertsioa da. Kontuan izan Ipar Amerikako testuinguruari bideratutako informazioa dela, eta, beraz, gurean ezberdina izan daitekeela.
Azken aldaketako data: