Zerbixeko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa
Zerbixeko minbizia
goiz detektatzeko programari buruz
Programa honen helburua da utero-lepoko edo zerbixeko gaiztotu aurreko lesioak eta minbizia hasierako faseetan modu goiztiarrean detektatzea. Egiaztatuta dago halako programak eraginkorrak direla, hainbat herrialdetan modu egokian eta sistematikoan aplikatu izanak ekarri baitu minbizi mota honen intzidentzia eta heriotza-tasa % 70-80 jaistea.
Osakidetzak aukera eskaintzen du minbizi aurreko lesioak edo lesio horien aitzindari diren infekzioak detektatzeko balio duen proba sinple bat egiteko. Proba horren emaitzaren arabera, arriskua baloratzen da eta gomendio pertsonalizatu bat eskaintzen zaio pazienteari. Norberak erabakitzen du proba egin nahi duen, baina gaixotasunak prebenitzeko eta nork bere burua zaintzeko modu ona da proba egitea.
Hona hemen programari buruzko informazio guztia.
Zer da Zerbixeko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa?
Nolakoa da proba?
Baheketa edo detekzio goiztiarraren proba zerbixa estaltzen duten zelulen lagin bat hartu eta aztertzean datza. Lagina, normalean, emaginak hartzen du, eta proba jasangarria izaten da. Espekulu baten laguntzaz (baginan sartzen den gailua), utero-lepoa ikusten da, eta lagina hartzen. Prozedura erraza da; normalean ez du minik ematen, eta ez du aurretiko prestaketarik behar.
Adin-taldearen arabera analisia eta maiztasuna diferenteak izango dira:
- 25-34 urtekoen kasuan, utero-lepoko zelulak mikroskopio baten bidez aztertuko dira (zitologia zerbikobaginala). Arriskua oso txikia denean, 3 urtean behin errepikatu behar da proba.
- 35-65 urtekoei giza papilomaren birusa (GPB) detektatzeko proba egingo zaie. Arriskua oso txikia denean, 5 urtean behin errepikatu behar da proba.
Gaur egun, GPBak eragindako infekzioa oso ohikoa da 35 urteko pertsonengan, eta hori detektatzeak ez du ahalbidetzen umetokiaren lepoan lesioa izateko arriskua zehaztea; beraz, adin horretara arte egiten da zitologia. Oso arrisku txikiko emaitzak denbora mugatuan balio du, eta komeni da baheketa-proba aldizka egitea.
Zerbixeko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa
- Doako telefonoa: 900 222 002
- Email: programacervix@osakidetza.eus
Zerbixeko minbiziari buruzko informazio guztia
Norentzat da?
Euskadin erroldatutako 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei eta utero-lepoa duten pertsonei* zuzenduta dago.
- 25-34 urte: zitologia 3 urtean behin.
- 35-65 urte: GPBaren detekzioa 5 urtean behin.
GPBaren kontrako txertoa jaso dutenek ere egin behar dituzte utero-lepoko minbizia goiz detektatzeko probak aldian-aldian; izan ere, txertoak, oso eraginkorra izan arren, ez du GPBaren mota guztietatik babesten.
Sexu-harremanik inoiz izan ez dutenek utero-lepoko minbizia garatzeko oso arrisku txikia dute; beraz, proba egin ala ez erabaki dezakete. Aitzitik, pertsona batek gaur egun ez badu sexu-jarduerarik baina iraganean izan bazuen, gomendagarria da aldizkako probak egiten jarraitzea.
Programaren gonbidapen bat jasotzen baduzu (gutun edo SMS bidez) eta Ginekologia Zerbitzuak jarraipena eta kontrola egiten badizu, proba egiteko irisgarritasun-arazoren bat baduzu edota programan parte hartu behar ez duzula uste baduzu, gurekin harremanetan jar zaitezke, bai 900 222 002 doako telefonoaren bidez, bai programacervix@osakidetza.eus helbide elektronikoaren bidez.
* Utero-lepoa duten pertsona trans eta ez-bitarrak.
Proba egiteko kontsultara joan aurretik, kontuan izan:
- Proba ezin da egin hilerokoa baduzu.
- Probaren aurreko hiru egunetan ezin da medikamenturik hartu baginatik (baginako eraztuna eta hormona bidezko UBG izan ezik).
Ez dute proba egin behar...
25 urtetik beherakoek, sexu-harremanak hasteko adina edozein dela ere, utero-lepoko minbizia oso ezohikoa da-eta adin hori baino lehen, eta 65 urteko edo gehiagoko pertsonek, baldin eta aurreko aldizkako probak normalak izan badira. Era berean, ez dute proba egin behar zerbixik ez duten pertsonek.
Programatik salbuetsita edo kanpo zaudela dioen gutun edo SMS bat jaso baduzu, eta zalantzarik baduzu, ez bazaude ados edo informazio gehiago nahi baduzu, 900 222 002 doako telefono-zenbakira dei dezakezu, edo programacervix@osakidetza.eus helbide elektronikora idatzi.
Onurak eta arriskuak
Baheketa sintomarik ez dutenei egingo zaie. Espainian, zerbixeko minbizia duten pertsonen % 60-70ek ez zuen parte hartu diagnostiko aurreko 10 urteetan detekzio goiztiarreko programetan. Baheketaren aldizkako probarik ez egotea da gaur egun arrisku-faktore garrantzitsuena.
Onurak:
- Zerbixeko minbiziaren intzidentzia eta hilkortasuna murrizten ditu.
- Bizi-kalitatea hobetzen du, detektatutako gaiztotu aurreko lesioak tratamendu ez hain erasokorrekin tratatu ahal baitira.
- Emaitza negatiboa jakiteak gaixotasunik gabeko segurtasun-tarte bat eskaintzen du, eta hori lasaigarria izan daiteke.
Kalte potentzialak:
- Miaketarekin lotutako min fisikoak, hala nola mina, odoljarioa edo lesioen tratamenduaren konplikazioak.
- Minbizi aurreko lesioen tratamenduarekin lotutako efektu obstetriko kaltegarriak (ez baheketa-probarekin lotutakoak); adibidez, garaia baino lehen erditzeko arrisku handiagoa izatea.
- Antsietatea, baheketa anormala jaso, azterketa kolposkopikoa egin eta tratamendua jasotzean.
- Atzerapena lesioaren diagnostikoan, baldin eta emaitza negatibo faltsu batekin badago lotuta.
- Gehiegizko tratamendua jasotzea, emaitza positibo faltsu bat jaso ondoren.
Har ezazu parte detekzio goiztiarreko programan, zeure burua zaintzeko eta osasun-arazoak prebenitzeko modua da eta
Nola interpretatu emaitza?
Analisia egin ondoren, emaitza jakinaraziko dizute. Horretarako, gutun bat, SMS bat edo telefono-dei bat erabiliko dira, osasun-zentroan erregistratuta dauzkaten zuren datu pertsonalen arabera. Horrez gain, Osasun-karpeta aplikazioaren bidez ere kontsultatu ahalko duzu emaitza.
Zer emaitza jaso ahal duzun eta emaitza horiek nola interpretatu azalduko dizkizugu jarraian:
Emaitza ez argia. Emaitza honek esan nahi du analisia ezin izan dela egin eta proba berriz egin behar dela. Normalean, azterketa egiteko material nahikorik ez izatea izaten da emaitza horren arrazoia (lagina ez nahikoa), eta horregatik egin behar izaten da proba berriz. Oraindik ez baduzu zitarik emaginarekin, hartu hitzordua aurreko zitatik gutxienez 4 hilabetera, proba lehenago errepikatzeak emaitza nahasgarriak eman litzake eta.
Arrisku oso txikia. Emaitza honek esan nahi du gaiztotu aurreko lesio bat edo lesio gaizto bat izateko probabilitatea une horretan oso txikia dela. Hurrengo kontrola 3 edo 5 urtera egingo dizu osasun-zentroko emaginak. Hain zuzen, Baheketa Programak beste gonbidapen bat bidaliko dizu denbora-tarte hori igarota, ginekologoak berariaz besterik adierazi ezean. Aldi horretan sintoma berriren bat nabaritzen baduzu (genitaletako odoljario espontaneoa, irregularra eta errepikatua; koitorragia errepikatua; baginako fluxu anomaloa), jar zaitez harremanetan profesionalekin.
Arrisku txikia/ertaina. Emaitza honek esan nahi du alterazioren bat dagoela, baina une horretan lesio bat izateko probabilitate txikia dagoela. Gertuagotik kontrolatu beharreko emaitza da, urtebetera normalean. Programa berriro jarriko da zurekin harremanetan denbora-tarte hori igaro ondoren.
Azkenik, detektatutako alterazio batzuek gaiztotu aurreko lesioak edo lesio gaiztoak izateko arrisku handiagoa dakarte; halakoetan, azterketan sakontzea komeni da. Horretarako, Ginekologiako kontsultara joan beharko zara, benetako egoera zein den egiaztatu eta beharrezko tratamendua edo jarraipena egin diezazuten. Oro har, emaitza alteratu baten jakinarazpena jasotzeak kezka eta ezinegona sortzen ditu, baina, gehien-gehienetan, aldizkako zaintza nahikoa izango da arazoa konpontzeko.
Azterketa hori Ginekologiako kontsultan egiten da, kolposkopiaren bidez. Proba hori ez da ohiko ginekologia-azterketa baino askoz ere gogaikarriagoa. Kolposkopian, tindaketa batzuk aplikatzen dira, eta uteroaren lepoa, bagina eta bulba behatzen dira mikroskopio baten bidez, lesio posibleak bilatzeko. Lesioren bat aurkituz gero, konizazioa deritzon tratamendua egiten da.
Bideo hauetan aurkituko duzu gaiari buruzko informazio gehiago:
Herritarrentzako kontaktu-harremana:
Zerbixeko minbizia goiz detektatzeko programa
- Doako telefonoa: 900 222 002
- Emaila: programacervix@osakidetza.eus
Azken aldaketako data: