Nahasmendu Bipolarra

Zer da?

Nahasmendu Bipolarra edo Nahasmendu Afektibo Bipolarra gaixotasun mental bat da, eta gogo-aldarteari, jarduera-mailari eta kontzentrazioari eragiten die. Desberdina da une jakin batean gertatzen diren eta nortasun-motarekin lotuta dauden umore-aldaketekin edo erreakzio bizi eta zakarrekin alderatuta. Terminoa arintzeak mina eragin diezaieke pertsona horiei eta haien hurbileko izakiei.

Gehienetan, 25 urte bete aurretik hasten da, kasuen erdietan 18 urte bete aurretik, baina edozein adinetan has daiteke. Helduen % 1,6-2,5i eragiten die. Orotariko populazio, herrialde eta kulturatan deskribatu da.

Nahasmendu hau dutenek mania aldiak (euforia neurrigabea), hipomania (mania arinagoa) eta depresioa (tristura, etsipena) tartekatzen dituzte. Adibidez, baliteke zenbait astez mania-fase bat igaro ondoren gogo-aldartea erregulatzea eta hilabete batzuk geroago fase depresibo bat hastea. Edo, bestela, gogo-aldarte egonkorrean (eutimia) egotea urteetan zehar eta, ondoren, fase maniako bat izatea. Batzuetan zaila da ulertzea pertsona berak nola izan ditzakeen mutur batetik bestera eramaten dituen sintomak. Konbinazio desberdinen arabera, nahasmendu honen hainbat forma edo mota daude:

I MOTAKO NAHASMENDU BIPOLARRA

  • Mania-faseak eta depresio-faseak tartekatzen dira

II MOTAKO NAHASMENDU BIPOLARRA

  • Mota honetan, euforia-faseak ez dira hain intentsitate handikoak, hipomania-faseak dira
  • 2 aste baino gehiago irauten dute

ZIKLOTIMIA

  • Forma arinagoa da, larritasun txikiagokoa
  • Intentsitate txikiagoko tristura- eta euforia-faseak
  • Aldartearen oszilazioak arinak dira. Nolabaiteko euforia-aldiak atsegin eta emankor gisa bizi daitezke, depresio-aldiak ez bezala

BESTE FORMA BATZUK

  • “Ziklo azkarrekoak”
    • Mania- eta depresio-faseak oso maiz agertzen dira, tartean ia egonkortasun- edo eutimia-aldirik izan gabe
    • Larritasun eta intentsitate bereziko 4 gertakari edo gehiago izan daitezke urtean
    • Eguneroko bizitzan, lanean eta familia-harremanetan eragin handia dute
    • Bereziki zaila da tratatzen eta kontrolatzen
  • Farmakoek, drogek eta gaixotasun organikoek eragindakoa.

Nahasmendu Bipolarra

Nahasmendu bipolarra gaixotasun kronikoa da, pronostiko hobea du goiz diagnostikatzen eta tratatzen bada. Jarraipen ona duten pertsonek bizitza betea lortzen dute. Medikazioa eteteko erabakia hausnartua izan behar da, eta osasun-langileari kontsultatu eta harekin adostu eta partekatu behar da, berriz gaixotzeko arriskua baitago.

Arrazoiak

Ez dakigu zergatik agertzen den gaixotasuna. Baliteke garuneko alterazio bat izatea, funtzio batzuen funtzionamendu anomaloa eragiten duena, faktore psikologikoen, genetikoen eta biokimikoen konbinazio batek lagunduta.

Diagnostikoa pertsonarekin hitz eginez eta haren sintomak eta jokabideak aztertuz egiten da. Antzeko sintomak eragin edo susta ditzaketen beste medikamentu batzuekin (antidepresiboak, kortikoideak, metilfenidatoa…) lehenago episodiorik edo tratamendurik izan den aztertzen da. Familian arazo mentalen aurrekaririk ote dagoen ere kontuan hartzen da.

Nahasmendu Bipolarraren arrazoiak. Emakume bat zoriontasun eta tristurako bi maskaren aurrean

Berriz gaixotzeko arrazoiak

Gaixotasunak okerrerera egitea saihesteko, funtsezkoa da episodio edo gaixoberritze gehiago ez izatea. Horretarako arrisku-faktorerik handiena tratamendua uztea da. Sarritan, fase egonkor batean egonik, hau da, ondo sentitzean eta eguneroko bizitza zailtasunik gabe igarotzean, nahasmendu hau duen pertsonak pentsatzen du ez dela beharrezkoa medikazioa hartzea, eta ez du ulertzen ongizate eta egonkortasun hori tratamenduaren ondorio dela.

Alkohola edo beste droga batzuk kontsumitzeak (kanabisa, kokaina, anfetaminak…) berriz gaixotzeko arriskua handitzen du. Baita kafe gehiegi hartzeak eta erregulartasunez lo ez egiteak ere. Jokabide horiek askotan dira episodio baten lehen alarma-zantzua.

Síntomak

Oro har, sintomak “fase” gisa agertzen dira, eta zenbait aste edo hilabete iraun dezakete. Fase horien artean, pertsonak gogo-aldarte egonkorra izan dezake, sintomarik gabea (eutimia).

Mania edo fase maniakoak

Hauek dira sintomak:

  • Neurriz kanpoko poza eta euforia, pertsonaren ohiko izaerarekin bat ez datorrena.
  • Autoestimu handiegia, muga irrazionaletaraino, errealitatetik urrun dauden usteak sor ditzakeena: pertsonaia garrantzitsua edo ospetsua dela pentsatzea, edo aberatsa dela sinestea.
  • Energia gehiago izatea eta etengabe aritzea jardunean, nahiz eta askotan arreta lausoa eta jarduera guztia nahiko alferrekoa izan.
  • Ongi sentitzea eta lo gutxiago egitea. Batzuetan, burua argi dutela eta deskantsatuta daudela pentsatzen dute, nahiz eta jarduera bizia izan eta ordu gutxiko loaldiak egin. Kasu larrietan, insomnioa erabatekoa izan daiteke.
  • Pentsamendua bizkortzea: ideia-jario azkarra eta aldakorra (takipsikia esaten zaio). Batzuetan larria da, ez dira ideia jakin batean kontzentratzeko edo pentsamendua geldiarazteko gai eta ezin dute ondoriorik atera (ideia-ihesa esaten zaio). Diskurtso desordenatua, inkoherentea eta jarraitzeko eta ulertzeko zaila eragiten du. Pertsonak etengabe eta oso bizkor hitz egiten du, entzuteko edo arreta jartzeko gai izan gabe (gehiegizko hitz-jarioa).
  • Ezinegona eta suminkortasuna, batez ere norbaitek kontra egiten badie.
  • Gaixotasunaren kontzientzia falta. Batzuetan, ez dira konturatzen beren umorea eta beren pertzepzioa (egoeraren, ingurunearen eta ekintzen ondorioen interpretazioa) ez datozela bat errealitatearekin eta arrisku-jokabideak eragin ahal dizkiotela, hala nola:
    • Gehiegi gastatzea eta/edo gastu desegokiak egitea; horrek, batzuetan, arriskuan jar dezake haien ondarea edo beste batzuena.
    • Sexu-desinhibizioa, sexu-jokabide desegoki eta/edo arriskutsuekin.
    • Jokabide eta janzkera bitxi edo desegokia beren adinerako eta beren ezaugarrietarako. Adibidez, handitasun-ideiak izanez gero, pertsonaia ospetsu bat bezala janztea edo gehiegi eta modu deigarrian makillatzea.
Nahasmendu Bipolarraren sintomak

Batzuetan, fase maniakoaren sintomak psikotikotzat jotzeko bezain larriak izan daitezke, eldarniozko ideiak (oro har, handitasun-sinesmen irrazionalak, botere eta gaitasun bereziak dituztela pentsatzea) eta haluzinazioak (existitzen ez diren sentsazioak, soinuak, irudiak eta usainak nabaritzea) barne hartzen dituztelako. Egoera larri horietan, ospitalizazioa beharrezkoa izaten da.

Hipomania edo fase hipomaniakoak

Intentsitate txikiagoko maniaren edozein sintoma duen fasea da. Ingurukoek ezohiko jokabideak nabaritzen dizkiote, hau da, nolabaiteko euforia, desinhibizioa eta gehiegizko jarduera.

Depresioa edo fase depresiboak

Hauek dira sintomak:

  • Triste sentitzea. Lur jota, hutsik eta etsita sentitzea, sarri egitea negar, ilusioa galtzea eta ez sentitzea plazerik.
  • Inguruko gauza eta pertsona gehienekiko interesik eza.
  • Ideia-jario katastrofista, ikuspegi negatiboa orainaldiari, etorkizunari eta iraganari dagokienez, aurreikuspen ezkor eta goibelak, eta ziur egotea etorkizunak zorigaitzak ekarriko dituela.
  • Autoestimu murriztua. Maite dituzten pertsonentzat ez direla garrantzitsuak pentsatzea, eta, askotan, haientzat karga bat direla sinestea.
  • Erru- eta porrot-sentimendua (bizitzan, lanean, familia-harremanetan, etab.).
  • Heriotza eta suizidio-ideiak: heriotza lasaigarri gisa ikustea, sufrimendu jasanezin baten irtenbide bezala, besteentzat karga bat izateari uzteko modu bat dela pentsatzea.
  • Loaren alterazioa. Modu desberdinetan agertzen da: batzuetan, lokartzea kostatzen zaie; beste batzuetan, goizaldean esnatzen dira, erabat larrituta eta egonezin handiarekin, eta ezin dira berriz lokartu; eta beste batzuetan, normaltzat jotzen dena baino ordu gehiago egiten dute lo.
  • Jateko gogoa galtzea, eta ondorioz, pisua jaistea; edo kontrakoa, janguraren gehiegizko igoera edo askoz gehiago jatea, eta ondorioz, pisua irabaztea. Antsietate handiz jatea, janariak antsietatea arinduko balie bezala, bereziki gozokiak edo karbohidrato askoko elikagaiak (ogia, pasta, pizza, opilak…).
  • Sexu-grina eta sexu-harremanak murriztea; are, desagertzea ere.
  • Neke iraunkorra, indarra eta energia galdu izanaren sentsazioarekin. Horrek, apatiarekin eta inhibizioarekin batera, ia erabateko jarduerarik eza eragiten du, baita ohetik ez irtetea ere.
  • Suminkortasuna eta haserrea agertzea ingurukoek eskatzen dietenean jokabidea aldatzeko, ahalegin ikaragarria delako haientzat.
  • Zalantzatan ibiltzea. Ez izatea gai erabakirik txikiena ere hartzeko.

Sintoma mistoak

Pertsona batzuen kasuan, mania- edo hipomania-sintomak depresio-sintomekin batera agertzen dira. Oro har, tratatzeko zailagoak dira.

Tratamendua

Tratamendua, oro har, medikazioa hartzean eta psikoterapia egitean datza. Helburua da pertsonak aldarte egonkor eta konpentsatua izatea (eutimia), eta ahalik eta denbora gehien igarotzea berriz gaixotu gabe.

Medikamentuak

Medikazioa tratamenduaren alderdi saihetsezin bat da, eta normalean farmako mota desberdinak behar izaten dira gaixotasunaren fasearen arabera. Medikazioari esker eutsi ahal zaie ongizateari eta egonkortasunari. Zalantzaren bat, bigarren mailako ondorioren bat edo sintomaren bat agertuz gero, terapeutari kontsultatzea lagungarria izan daiteke, tratamenduarekiko jarraipena lortzeko. Motak:

  • Eutimizatzaileak. Bereziki eraginkorrak dira berriz desegonkortzea prebenitzeko, gogo-aldartea egonkor (eutimia) mantentzeko erabiltzen direlako. Zenbait hilabetez jarraian erabili behar dira eraginkorrak izateko. Horregatik, hasieran, beste medikamentu batzuekin batera hartzen dira, eta gero beste medikamentuak pixkanaka kentzen edo doitzen dira. Aldi luzeetan edo bizitza osoan har daitezke. Ezagunena eta erabiliena litioa da. Aldizkako odol-analisiak behar dira dosia doitzeko. Beste farmako eutimizatzaile batzuk: lamotrigina, azido balproikoa (adin ugalkorrean dauden emakumeetan saihestu) eta karbamazepina.

Ondorengo gidan azaltzen da litioa nola erabili behar bezala

Gizon bat profesional batekin hizketan
  • Antidepresiboak. Medikamentu eraginkorrak dira gogo-aldarte deprimituari aurre egiteko, eta, beraz, fase depresiborako indikatuta daude. Aste batzuk behar izan ditzakete erabateko efektua lortzeko. Kontraindikatuta daude mania-faseetan. Farmako eutimizatzaile edo antipsikotiko batekin konbinatzen dira. Kontu handiz erabiltzen dira depresio bipolarra duten pertsonetan, eta ez dira gomendatzen sintoma mistoak dituztenentzat.
  • Antipsikotikoak. Batzuetan beharrezkoak dira pertsona eta gaixotasun-fase batzuetan. Beharrezkoak izaten dira mania-fasean, eta farmako eutimizatzaile batekin konbinatzen dira.

Psikoterapia eta tratamendu psikosozialak

Psikoterapia elkarrizketaz baliatzen da gaixotasuna ezagutzeko eta hura kudeatzeko estrategiak ikasteko. Psikiatra edo psikologo kualifikatu batek egiten du. Nahitaezkoa da pertsonaren eta terapeutaren artean harreman arina eta konfiantzazkoa izatea. Nahasmendu bipolarraren tratamenduan hainbat psikoterapia mota erabiltzen dira, eta ohikoena psikoheziketakoa da, batzuetan terapia kognitibo konduktualarekin konbinatuta. Gertuko pertsonek ere parte har dezakete, baita haren onura jaso ere.

Besteak beste, alderdi hauek lantzen dira:

  • Estresari aurre egitea.
  • Birgaixotze-zantzuak identifikatzea.
  • Harreman pertsonalak eta familiakoak hobetzea.
  • Medikazioaren onura garrantzitsuak eta albo-ondorio posibleak ezagutzea eta identifikatzea, baita azken horiek minimizatzeko estrategiak ere.
  • Substantzia kaltegarriak eta adiktiboak erabiltzearen inpaktua ezagutzea.
  • Pentsamendu negatiboak aldatzea.
  • Bizi-ohitura osasungarriak. Pertsona hauek gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku handiagoa dutenez, komenigarria da pisua eta tentsio arteriala kontrolatzea eta kontrol-analisiak egitea aldizka. Loa zaintzea, askotariko janariak eta sasoiko produktuak (frutak eta barazkiak barne) barne hartuz elikatzea eta jarduera fisikoa maiz egitea ere funtsezkoa da.

Beste tratamendu batzuk

Batzuekin, tratamendu horiek ez dute funtzionatzen, eta sintoma larriak dituzte, suizidio-ideia iraunkorrak kasu. Kasu horietan, terapia elektrokonbultsiboa (TEK) indikatuta dago. Tratamendu eraginkorra eta segurua da, eta ospitalean ematen da, anestesiarekin.

Zainketak

Gomendio hauek lagungarriak izango zaizkizu zeure burua zaintzeko:

  • Hartu medikazioa preskripzioa betez. Azaldu zure lehentasunak, albo-ondorioak eta eraginkortasuna zure osasun-langileari. Horrela, azkarrago aurkituko duzue ahalik eta dosi txikiena erabiliz hobekien sentiarazten zaituena. Berriz desegonkortzearen arrazoi nagusia medikazioa uztea da; horregatik, garrantzitsua da ez uztea edo aldatzea kontsultatu gabe.
  • Egin behar beste lo, eta ordutegi erregularrean Saiatu atseden hartzen egunean 7-8 orduz. Lo egiteko beharra eta orduak gutxitzea desegonkortzearen adierazgarri izan daitezke.
  • Ez hartu drogarik . Drogak hartzen dituztenek (alkohola eta kanabisa barne) bilakaera okerragoa dute, desegonkortzea errazten dutelako, sintomak areagotzen dituztelako eta onera itzultzea oztopatzen dutelako. Kafea, tea, edari estimulatzaileak eta abar ere ez gehiegi erabili.
  • Onartu zure senide, lagun eta ingurukoen laguntza. Ingura zaitez konfiantza transmititzen duten pertsonaz. Haiekin diseinatu desegonkortze posibleetarako jarduera-plan bat. Horrela, zure lehentasunak adieraz ditzakezu, zure ekintzen eta erabakien ondorioak eta errealitatea baloratzeko gaitasuna alteratuta bazenu eta norbaitek zure ordez erabaki behar balu ere.
  • Atzeratu erabaki garrantzitsuak, suspertuta eta egonkor zauden aldietara arte.
  • Bilatu zuretzako espazioak, atsegingarriak iruditzen zaizkizun jarduerak egiteko. Izan harremanak gauza positiboak ematen dizkizutenekin, eta ez zaitez isolatu.
  • Mantendu errutinak. Jarraitu zure ikasketekin, lanarekin edo zereginekin, eta saiatu estresa eta gehiegizko esfortzu-aldiak murrizten. Saihestu alferreko tentsioa sortzen dizuten egoerak, eta sinplifikatu zure bizitza.
  • Eutsi elikadura osasungarriari, ez erre edo ahal den neurrian murriztu tabakoa, egin ariketa fisikoa erregulartasunez. Ez egin pisua galtzeko dieta zorrotzik eta ez hartu pisua galtzeko pilularik.
  • Behatu zeure burua eta identifikatu arrisku-seinaleak, ezagutu sintomak eta ikasi nola maneia ditzakezun. Bilatu laguntza profesionala desegonkortze-zantzuak detektatzen badituzu.

Berriz gaixotzearen seinaleak

Berriz gaixotzearekin batera, jokabideak, pentsamenduak edo emozioak aldatzen dira. Hori errazago tratatu eta sendatuko da, sintomek aurrera egin aurretik detektatzen bada eta intentsitate handiagokoak izan baino lehen. Jarraian, ohikoenak eta horiek maneiatzeko estrategia erabilgarri batzuk aurkeztuko dizkizugu.

Eskatu laguntza eta jarri harremanetan zure psikiatrarekin alarma-seinale hauetakoren bat ikusten baduzu:

Suminkortasuna eta pazientzia falta:

  • Kontrolatu euforia, eta ez kontsumitu alkoholik ezta drogarik ere.
  • Atzeratu erabaki garrantzitsuak.
  • Atzeratu gastatzeko grina.

Asko lo egitea:

  • Egin lo ordu gutxiago (ahal baduzu, egunean 9 ordu gehienez).
  • Egin ariketa fisikoa erregulartasunez.

Gutxiago lo egitea:

  • Egin lo ordu gehiago (ahal baduzu, egunean 10 ordu ere).
  • Murriztu aktibatzen eta estimulatzen zaituzten jarduerak.

Jarduera-maila handiagoa, helburu, ideia eta plan gehiagorekin izatea. Arrisku-jarduerak:

  • Mugatu eta antolatu zeregin kopurua.
  • Finkatu jarduera-ordutegi bat, gehienez 6 ordukoa, bestela, amaitu ezin den kiribil bihur daiteke.
  • Atzeratu edozein inbertsio ekonomiko edo gastu esanguratsu (adibidez, egun batzuk). Kontsultatu konfiantzazko pertsona batekin.
  • Atzeratu muturreko irudi-aldaketak, hala nola orrazkera, tatuajeak, arropa-estiloa....
  • Ez egin arrisku-jarduerarik. Zaindu zure osasuna eta segurtasuna sexu-harremanetan.

Jarduera- eta gozamen-maila txikiagoa, muturreko nekea, zereginak ez zaintzea:

  • Handitu eta antolatu eguneko zereginen kopurua.
  • Markatu helburu errealistak, lor daitezkeen erronka txikiak eta bete itzazu.
  • Saiatu ariketa fisikoa egiten.
  • Jarraitu zure irudia zaintzen.

Asko eta azkar hitz egitea:

  • Kontrastatu zure «ideia handiak» konfiantzazko pertsonarekin.
  • Murriztu estimulatzaileen erabilera, hala nola alkohola, tabakoa, kafea, tea, edari energetikoak...

Erruduntasun- eta gutxiespen-sentimenduak:

  • Depresioa beste gaixotasun bat bezala gertatzen da, ez dago errudunik.
  • Partekatu eta adierazi zure sentimenduak konfiantzako pertsonekin.

Antsietatea eta larritasuna:

  • Egin erlaxazio-, meditazio- edo mindfulness-ariketak.
  • Ulertu sentimendu horiek depresioaren sintomak direla.

Aldaketak elikaduran:

  • Erabili ikasitako estrategiak elikadura desordenatua eta betekadak erregulatzeko.
  • Errespetatu ordutegiak eta ez pasatu otordurik.
  • Ez hartu otorduak ordezkatzen dituzten fidagarritasun gutxiko produktuak eta ez jarraitu zalantzazko dietarik.

Kontzentratzeko zailtasuna, maiz gauzak ahaztea, erreakzionatzeko gaitasun txikiagoa:

  • Ez automedikatu, hau da, ez aldatu agindutako dosirik eta ez hartu une honetan preskribatuta ez dituzun farmakoak.
  • Ez utzi ohiko medikazioa hartzeari.
  • Egin erlaxazio-, meditazio- edo mindfulness-ariketak.

Nahasmendu bipolarra: berriz gaixotzearen seinaleak

Nola zaindu eta lagundu

Nahasmendu bipolarra duen norbait baduzu inguruan (bizikidea, zure zaintzapean edo zurekin harremanetan dagoen norbait) baliagarria izango zaizu zer zeinu, sintoma eta tratamendu-indikazio dituen jakitea. Informazio fidagarria edukitzea eta kontsultatzea lagungarria da ulertzeko jokabide kezkagarri eta gogaikarri batzuk gaixotasunaren ondorio direla, eta ez borondatezko ekintzak. Era berean, desegonkortze bat goiz detektatzen lagun dezakezu, baita laguntza profesionala bilatzera animatu ere. Haren terapeutak esan ahal dizu une bakoitzean zein izan daitekeen jarduteko modurik egokiena.

Zaindu eta lagundu. Norbaitek laguntza emateko eskua luzatzen du

Gaixotasunaren hasieran ohikoa da errua, ezintasuna, kezka, zalantzak eta larritasuna sentitzea: “Ez dakit zergatik tokatu zaigun guri…”, “Zer egin dugu gaizki?”… Kasu gehienetan, episodio iragankor bat baino ez da izango, onera itzuliko da, eta ez du zerikusirik izango haren borondatearekin. Bizikidetza konplikatua izan daiteke batzuetan; beraz, lagungarria da sintomak ezagutzea eta fase desberdinetan nola jokatu jakitea, ahal bezain ondo laguntzeko, inguruko pertsonei higadura emozional txikiena eraginda.

Jarraian, igarotzen ari den aldirako gomendio orokor batzuk kontsulta ditzakezu:

Fase eutimikoa

Egonkortasun-etapan, nahasmendu bipolarra dutenek erabakiak beren kabuz hartzen dituzte. Erakutsi zure konfiantza eta babes osoa dituela, ez babestu gehiegi eta ez planteatu bete ezin den helbururik.

Haren erabakiak eta eskubideak errespetatzeko modu bat da harekin adostea zer nahi duen egitea desegonkortze kasuetan.

Anima ezazu tratamenduarekin eta jarraipenarekin jarraitzera. Tratamendua uzteko asmoa duela adierazten badu, bidal ezazu osasun-langilearen kontsultara, erabakia adosteko. Bestalde, ez egotzi desoreka-uneetan gertatutakoaren errurik.

Sustatu jarduera osasungarriak, eguneroko errutina mantentzea errazten dutenak.

Ez eragin alferreko estres-egoerarik.

Depresio-fasea

Aldi honetan, edozein arazo txiki oso serio bihurtzen da, askotan ez direlako gai ezta erabakirik txikiena ere hartzeko. Suizidio arriskua garrantzitsua da depresio-fasean. Emaiozu bere buruaz beste egiteko ideiak adierazteko aukera, hartu babes-neurriak, eman zure laguntza, eta jakinarazi haren osasun-langileari.

Ez egin honelako iruzkinik:

Soka batek gidatutako laguntzarekin igotzen ari diren pertsonak
  • “Zertaz kexatzen zara… ez zaizu ezer falta… dena daukazu!”. Nahasmendu bipolarrean, depresioa ez da familia-, ekonomia- edo lanbide-arazoen ondorioa (baina abiarazi egin dezakete).
  • “Egin ahalegina”, “irten behar duzu”… Egoera honetan, ezgai sentitzen dira. Gauza bakarrean pentsa dezakete: zein txarto dauden eta zenbat sufriarazten dituzten maite dituztenak. Horrek are errudunago sentiarazten ditu.
  • “Medikuari esan behar diozu zer gertatzen zaizun”, “adierazi zerk kezkatzen zaituen…”, “egia esaten diozu medikuari?”... Gehienek ez dute nahita ezkutatzen beren sufrimendua arintzeko garrantzitsua den informaziorik. Depresio batetik edo depresio-episodio batetik onera itzultzeko, tratamendua behar izaten da; alegia, ez da nahikoa arrazoia ezagutzea.

Fase maniakoa

  • Zure senidea fase maniako bat hasten ari dela susmatzen baduzu (loaldi laburragoak, ohiz kanpoko jarduera, gehiegizko proiektuak, suminkortasuna edo lehenagoko episodioengatik jada ezagutzen dituzun beste zeinu batzuk), konbentzitu zure senidea lehenbailehen joateko psikiatrarenera. Ezinezkoa bada, baliteke zuk zeuk jakinarazi behar izatea arreta ematen dioten profesionalei, eta larrialdietara joatea eta ospitalizatzea ere erraztu behar izatea.
  • Fase maniakoetan eta hipomaniakoetan, kosta ahala kosta saihestu behar da pazienteak alkohola eta drogak hartzea edo eskuratzea.
  • Kasu batzuetan, beharrezkoa izan daiteke gehiegizko gastu ekonomikoen arriskua minimizatzea, batzuetan katastrofikoak izan baitaitezke pertsonaren eta familiaren ekonomiarako (kreditu-txartelak, banku-kontuak eta abar eskuratzeko aukera mugatzea…).

Neurri horietako batzuek pertsona horrek egonkor dagoenean dituen eskubideak urra ditzakete, eta tentsioak eta haserreak eragin ditzakete; beraz, oso erabilgarria izan daiteke desegonkortzeetarako neurriak aldez aurretik adostea .

Ohiko galderak

Nahasmendu Bipolarra sendatu egin daiteke?

Nahasmendu Bipolarra gaixotasun kronikoa da. Askok aldi luzeak igarotzen dituzte sintomarik gabe, baina beti egongo da desegonkortze-arriskua. Antzeko beste gaixotasun batzuekin gertatzen den bezala, pertsonek larritasun eta bilakaera desberdinak dituzte. Batzuek oso episodio gutxi izango dituzte bizitzan eta sintomarik gabe egongo dira gehienbat. Beste batzuek sarritan edo oso maiz izango dituzte, eta eragin handia izango dute haien bizitzan, familian, harreman sozialetan eta lanean. Gehienek tarteko bilakaera izango dute, hau da, aldian behingo episodioak eta desegonkortzeak eta egonkortasun-fase luze edo laburragoak txandakatuko dituzte. Nolanahi ere, eta eskuragarri dauden tratamenduekin, gehienek bizitza betea, integratua eta egokitua izan ahalko dute.

Gaizki sentitzen den emakumea

Betiko hartu beharko dut medikazioa?

Desegonkortzea saihestu edo murriztu nahi izanez gero, litekeena da modu mugagabean behar izatea aldarte egonkorrari eusteko eta episodio gehiago saihesteko medikazioa (eutimizatzaileak). Tratamendua eteteko aukera aintzat hartu ahal izateko ezinbestekoa da egonkortasun aldi luzea igarotzea, eta nolanahi ere, pertsonak eta haren osasun-langileak elkarrekin hartu beharreko erabakia da, dakartzan arriskuez jabetuta.

Zer egin dezaket desegonkortzeek nire bizitzari ahalik eta gutxien eragiteko?

Ziur asko badakizu zer gertatzen zaizun desegonkortzen zarenean, bai fase depresiboan, bai maniakoan. Hala ere, desegonkortzen zarenean, gertatzen denaz jabetzeko eta errealitatea eta gaixotasunak sentiarazten dizuna bereizteko gaitasun gutxiago duzu, eta oso zaila izan daiteke zuretzat biak bereiztea. Depresio-episodio batean edo fase hipomaniakoan edo maniakoan erabakiak hartzen direnean, faseak berezko dituen sentimenduen eraginpean hartzen dira. Hori dela eta, egoera hori aurreikusiz, konfiantzazko senideekin eta gertuko pertsonekin nahiz arreta ematen dien talde profesionalarekin hitz egin dezakezu, zure segurtasuna bermatzen duten erabakiak har ditzaten (ospitalizatzeko aukera barne). Garrantzitsua da elkarrekin plan bat adostea, desegonkortuz gero gerta daitezkeen egoera horiei aurre egiteko eta zeure burua babesteko. Utzi laguntzen.

Seme-alabak izan ditzaket?

Nahasmendu Bipolarra ez da ama izateko oztopo; hala ere, garrantzitsua da emakumeek haurdunaldia planifikatzea. Hala, medikazioa alda daiteke, beharrezkoa izanez gero, eta haurdunaldian kontrol eta jarraipen egokia bermatzen da. Zenbait medikazio oso arriskutsuak dira haurrarentzat, batez ere azido balproikoa. Hori dela eta, zure medikuak tratamendua berrikusi eta doitu egingo du haurdunaldia gertatu aurretik. Gainera, jaiotza osteko aldian berriz gaixotzeko arriskua handia da, eta, beraz, jarraipen estuagoa egitea gomendatzen da. Aurreikusi gabe geratzen bazara haurdun, lehenbailehen jarri harremanetan zure profesionalekin. Ez utzi medikazioa.

Baliabide interesgarriak

Dokumentuak

Webguneak

Bideoak

Beste irakurgai batzuk

  • “Majareta” komikia. Ellen Forney (2012). La Cúpula argitaletxea.
  • “Una Mente Inquieta”. Kay R Jamison. Tusquets Editores.

Lekukotzak

Emakume bat liburu, bideo eta abarren aukerei begira

Azken aldaketako data: