Zainketak diabetesean
- Zainketak diabetesean
- Bizi-ohitura osasungarriak
- Oinak zaintzea
- Odoleko glukosa neurtzea
- Tratamendu farmakologikoa
- Egoera zehatzak
- Noiz galdetu profesionalei?
- -
Zainketen helburua odolean glukosa-maila egokia mantentzea da, diabetesari lotutako arriskuak prebenitzeko. Erreferentziazko osasun-taldeak egiten dituen jarraipen-zitetara joateaz gain, diabetesa duten pertsonek honako gomendio hauek bete beharko dituzte:

- Elikadura orekatu eta askotarikoa izatea.
- Ariketa fisikoa maiz egitea.
- Ez kontsumitzea ez tabakorik ez alkoholik.
- Adinari eta sexuari egokitutako gorputz-pisua mantentzea.
- Oinak bereziki zaintzea.
- Preskribatutako tratamendu farmakologikoa betetzea.
- Konplikazioak prebenitzea, eta noiz eta nori kontsultatu jakitea.
Horrekin batera, gorputz-gantz maila osasungarria edukitzeak karbohidratoen metabolismoa hobetzen du eta intsulinarekiko erresistentzia murrizten du. Horregatik, gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonen kasuan, pisua murriztea gomendatzen da, muskulu-masa mantenduz. Horrek, bizi-kalitatea hobetzeaz gain, intsulina edo medikazioaren beharra murrizten lagun dezake.
Bizi-ohitura Osasungarriak
Diabetesa duten pertsonei herritar guztiei ematen zaizkien nutrizio-gomendio berberak ematen zaizkie:
- Elikadura askotarikoa eta orekatua izatea. Fruta osoak, barazkiak eta lekaleak eta fruitu lehorrak jan behar dira. Elikagai integralak aukeratzea. Izan ere, zuntzak glukosa astiroago xurgatzea eragiten du, eta horrek gluzemia egonkorragoa izaten laguntzen du. Horrek hipogluzemia-arriskua saihesten du.
- Ura edatea, edari azukredunak edan beharrean.
- Gantz saturatu asko duten elikagaiak saihestea, hala nola frijituak, besteak beste.
- Prozesatutako eta paketatutako elikagaiak kentzea, hala nola galletak, opilak, frijituak... koipe kaltegarri kopuru handia dutelako.
- Jandako karbohidrato sinpleen kopurua eta maiztasuna murriztea, hala nola zukuak, eztia, gozogintza, freskagarriak, edari energetikoak, etab.
- Edulkoratzaile natural kalorikoak (eztia, astigar-jarabea, palma-azukrea, koko-azukrea...) eta edulkoratzaile artifizial kalorikoak (sorbitola, xilitola, manitola...) saihestea, gluzemia areagotu baitezakete. Horren ordez, aspartamoa eta sakarina erabil daitezke, ez baituzte glukosa-maila aldatzen.
- Lurrunetan, labean, galdarraztatuta, irakinda, plantxan eta estofatuta kozinatzea gomendatzen da.
Erreferentziazko osasun-taldeak baloratuko du elikadura-plan espezifiko bat sortu behar den. Gainera, karbohidrato ugariko elikagaiak zeintzuk diren jakiten eta otordu bakoitzean zenbat jan ditzakezun kalkulatzen lagunduko dizu.

Ariketa fisikoan zehar eta ondorengo orduen ondoren, muskuluetako zelulek glukosa kontsumitzen dute, eta horrek gluzemia murrizten laguntzen du. Horregatik, diabetesa duten pertsonek hipergluzemiak prebenitu ditzakete egunero ariketa fisikoa eginez. Gainera, jarduera fisikoak arteria-presioa eta odolaren zirkulazioa hobetzen laguntzen du, bai eta pisua kontrolatzen, gertaera kardiobaskularrak prebenitzen, bizi-kalitatea handitzen eta hilkortasuna murrizten ere.
Oro har, hau egitea gomendatzen da:
Ariketa fisiko aerobikoa
Intentsitate ertaineko, hala nola azkar ibiltzea, korrika egitea, bizikletaz ibiltzea, makina eliptikoa, igeri egitea, dantzatzea, arraun egitea... Gomendatutako gutxieneko denbora 150 minutu da astero, 20-60 minutuko saioetan, eta 3 eta 5 egun artean bana daitezke.
Muskulu-entrenamendua
Aste guztietan eta elkarren segidakoak ez diren 2 egunetan. Saioak 20-30 minutukoak izan beharko lirateke, eta besoak, sorbaldak, toraxa, abdomena, bizkarra, aldakak eta hankak lantzeko 8 ariketa mota egin beharko lirateke.
Malgutasun-ariketak
Gutxienez 10 minutu astean 2 egunetan. Komeni da poliki eta progresiboki egitea, ariketa bakoitza 2-4 aldiz errepikatuz. Adibidez: luzamendu estatikoak eta dinamikoak, Yoga, pilatesa, Tai Chi...
Hipogluzemiei aurrea hartzea
Jarduera fisikoak odoleko glukosa-maila murrizten duenez, hipogluzemiak prebenitu behar dira. Hipogluzemiak gehiago gertatzen dira entrenamendu luze eta bizia egin duten pertsonengan, ariketa egin aurretik jan ez dutenengan edo intsulina edo farmako sekretagogo bidezko tratamendua dutenengan, zeinak intsulina askatzea estimulatzen baitute (sulfonilureak eta errepaglinida).
Kontuan izan behar da gorputzak glukosa kontsumitzen duela ariketa aerobikoan eta, gehienez ere, bi ordu geroago. Muskulatura entrenatuz gero, hipogluzemia izateko arriskua 24 ordu geroago ere gerta daiteke. Horregatik guztiagatik, ariketa planifikatzea gomendatzen da, eta, kasuaren arabera, odoleko glukosa-mailak neurtzea, aurretik, bitartean eta justu ondoren.

Kontsumo seguru bakarra zero gramokoa da. Pisua handitzeaz gain, alkoholak azukre-jaitsiera berantiarrak eragin ditzake, edan eta 3-4 ordura. Glukagoiarekin zuzentzen ez diren hipogluzemiak dira. Beraz, konorterik gabe dagoen pertsona baten gluzemia areagotzeko, glukosa eman beharko zaio ospitalean, zain bidez.

Tabakoaren kontsumoak, berez, gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko arriskua areagotzen du, baina gaixotasun kroniko bat gehitzen bazaio (diabetesa, adibidez), probabilitatea are handiagoa da. Gainera, erretzeak konplikazio diabetikoak agertzen laguntzen du, hala nola oinetako, begietako eta giltzurrunetako arazoak.
Hipergluzemien ondorioz, zailagoa izan daiteke ahoa osasuntsu edukitzea; izan ere, globulu zuriak ahultzen dituzte, eta horiek dira gorputzeko babesle nagusiak ahoko infekzioen aurrean.
Odoleko glukosa-mailak altuak badira, listukoak ere bai. Hortz-plaka substantzia itsaskor bat da, eskuilatzearekin kentzen ez bada gogortu egiten dena eta lertzo bihurtzen dena. Bertan azukreaz elikatzen diren bakterioak daude. Bakterio horietako batzuek hortzoietako gaixotasunak eta hortzetako txantxarrak eragin ditzakete, eta horiek tratatzen ez badira, hortzak erortzea eragin dezakete.
Gainera, aho-hortzetako infekzioek odoleko glukosa-maila handitzea eragin dezakete, eta horrek gaixotasunaren kontrol egokia izatea eragotziko luke.

Osasun mentala zaintzea diabetesa kudeatzen jakitea bezain garrantzitsua da. Diabetesa duzula jakiteak larritasuna, mehatxua eta ziurgabetasuna eragin diezazuke. Sentsazio horien aurrean, pertsonak egokitzapen-prozesu baten bidez babesten dira. Prozesu horrek hainbat fase izan ohi ditu:
- Ukapena: "Erratu dira, nik ez daukat diabetesik".
- Amorrua: "Zergatik ni?".
- Negoziazioa: "Diabetesa dut, baina ez dut intsulina hartuko".
- Depresioa: "Konplikazioak izango ditut", "ez naiz lehen bezala izango".
- Egokitzapena: "Soberan ditudan kiloak galduko ditut, horrela azkarrago sentituko dut neure burua eta, gainera, kolesterola jaitsiko da".
Hona hemen zure ongizate emozionala indartzen lagun diezazuketen ekintza batzuk:
- Ezagutzak eskuratzea diabetesaren plan terapeutikoa maneiatzeko moduari buruz, eta erreakzio ohikoenak ezagutzea.
- Laguntza-sare bat eraikitzea. Komunikazioa funtsezko laguntza da; horregatik gomendatzen da diabetesa duten beste pertsona batzuekin harremanetan jartzea, eta emozioak eta kezkak partekatzeak lagunekin, senideekin edo osasun-arloko profesionalekin.
- Atsegin dituzun eta erlaxatzen zaituzten aisia-jarduerak egitea, eta denbora hartzea zuretzat bakarrik.
- "Ez" esaten ikastea.Gizarte-egoera askok (bilerak, ospakizunak, jaiak, etab.) arriskuan jar dezakete diabetesa ondo kontrolatzea. Gomendagarria da ingurune horietan harremantzeko eta dibertitzeko modu berriak bilatzea.
- Helburu errealistak ezartzea, tratamenduaren pauten gaineko kontrol obsesiborik gabe.
- Lorpenak eta egindako ahaleginak ospatzea, baita txikiak ere, motibazioa, autoestimua eta ongizate emozionala areagotu ditzake.
- Egoera kontrolatzeko duzun gaitasunean sinestea.
- Errutina osasungarria ezartzea jateko, lo egiteko, ariketa fisikoa egiteko eta medikamentuak hartzeko ordutegiekin; hori lagungarria izan baitaiteke egonkortasun emozionalari eusteko. Errutinak ziurgabetasunak eragiten duen antsietatea eta estresa murrizten ditu.
- Estres-maila baxua mantentzea, hala nola muskuluak erlaxatzeko eta arnasketa sakona egiteko tekniken bidez, edo erabakiak hartzen eta arazoak konpontzen ikasiz.

Oinak zaintzea
Diabetesa duten pertsonek oinen zainketa berezia behar dute. Izan ere, "oin diabetikoa" izeneko konplikazio-mota bat garatzeko arriskua dute. Konplikazio horretan, oinetan zauriak eta ultzerak agertzen dira, odoleko glukosa-maila altuagatik. Horri bi faktore gehitu behar zaizkio, konplikazio hau agertzeko arriskua areagotzen dutenak:
- Odol-zirkulazioaren alterazioa (gaixotasun baskular periferikoa). Zauriak sendatzen zailagoak dira eta denbora gehiago behar izaten dute horretarako, oinek odol gutxiago jasotzen dutelako; ondorioz, oxigeno, nutriente eta zelula gutxiago jasotzen dute orbaintzeko.
- Sentikortasun-falta (neuropatia). Odoleko glukosa-maila altuek nerbioak kaltetzen dituzte. Pertsonak minarekiko, hotzarekiko, beroarekiko eta presioarekiko sentikortasun txikiagoa duenez, ez da konturatuko oinetan minik hartzen duen, adibidez, berogailu bero batekin edo zapatan sartutako harri batekin.
Odol-zirkulaziorik eta sentikortasunik ezak zauriak infektatzeko arriskua areagotzen du. Ez badira sendatzen edo ez badute behar bezala eboluzionatzen, ehunak hil egin daitezke (nekrosia) eta beharrezkoa izan daiteke kaltetutako eremua moztea.
Lehen Mailako Arretako osasun-taldeak jarraipen-zitak programatzen ditu diabetesa duen pertsonaren oinen egoera ezagutzeko. Bisiten maiztasuna lesioak izateko arriskuaren araberakoa izango da.
Gogoan izan! Oinak erregulartasunez zaindu behar dituzu. Zauriak, minik ez izan arren, oso larriak izan daitezke. Oinetan edonolako lesiorik izanez gero, jarri harremanetan zure erreferentziazko osasun-profesionalarekin.
Nola zaindu oinak eta nola prebenitu zauriak?
- Aztertu oinak egunero. Egiaztatu ez dagoela eremu gorririk, kailurik, babarik, pitzadurarik edo zauririk. Aztertu, batez ere, oinplanoa, azazkalak eta hatzen artean. Ispilu bat erabil dezakezu gutxien ikusten diren eremuak aztertzeko (oinplanoa, esaterako), edo hurbileko pertsonei laguntza eskatu.
- Garbitu oinak egunero. Erabili xaboi neutroa eta ur epela, 32ºC eta 35ºC artean. Ez utzi uretan 5 minutu baino gehiagoz, eta lehortu ondo, baita hatzen artean ere, eskuoihal leun batekin, igurtzi gabe. Krema hidratatzailea erabil dezakezu (hatzen artean izan ezik), larruazala leun mantentzeko eta pitzadurak saihesteko.
- Zaindu azazkalak. Mantendu azazkalak motz kartoizko lima batekin; hobe da moztu behar ez izatea. Lerro zuzenean limatu behar dira, maiztasunez. Moztu behar badituzu, erabili punta biribileko guraizeak, eta zuzen utzi, milimetro bat luze. Azazkal lodiak badituzu, zaintzea zaila suertatzen bazaizu edo ondo ikusten ez baduzu, joan podologia-zerbitzu batera.
- Aukeratu galtzerdi egokiak. Kotoizko edo artilezko galtzerdiak edo galtzetak erabiltzea gomendatzen da, estuegiak ez direnak eta josturarik edo tolesturarik gabekoak. Saiatu egunero aldatzen.
- Aukeratu oinetako egokiak. Zapatak zola irristagaitza izan beharko luke, eta itxita izan, punta zabal eta biribilduarekin marruskadurak saihesteko. Hobe da takoiekin ez ibiltzea, baina, erabiliz gero, oinarri zabala izatea eta 5 zentimetro baino gehiago ez neurtzea gomendatzen da. Hobe da material natural, arin eta malguak erabiltzea, hala nola larrua. Oinetako berriak erabili behar badituzu, hobe da pixkanaka erabiltzen hastea.
- Oinetakoak jarri aurretik, begiratu ea larruazala kaltetu dezakeen objekturik edo josturarik ez duen.
- Ez da oinetakorik gabe ibili behar.
- Ez jarri gauza beroak edo hotzak zuzenean oinen gainean (berogailua, manta elektrikoa, ur beroko poltsak, izotza...).
- Kailuak azaltzen badira, ez erabili objektu zorrotzik edo ziztakaririk horiek kentzeko. Garbitu ondoren, apar-harri batekin limatu ditzakezu. Joan podologia-zerbitzu batera.
- Zauririk, ebakirik, azazkal iltzaturik edo antzekorik izanez gero, kontsultatu zure erreferentziazko osasun-profesionalarekin.
- Oinetako odol-zirkulazioa hobetzeko:
- Esertzen zarenean oinak altu jarri, zure aldaken parean.
- Mugitu oinetako behatzak, tolestu eta luzatu egunero minutu batzuk.
- Mugitu oinak gora eta behera, eta biratu itzazu.
Noiz kontsultatu?
Kontsultatu zure osasun-ekipoarekin honako hauek hautematen badituzu:

- Egun gutxi batzuetan sendatzen ez den ebaki, anpoila edo hematoma bat.
- Gorritasuna, hantura, berotasun- edo min-sentsazioa oinetako azalean. Infekzio baten zantzu izan daitezke.
- Barrutik odol lehorra duen kailu bat ikusten baduzu, larruazalaren azpiko lesio baten lehen adierazgarria izan daiteke.
- Sendatzen ez den ultzera edo handiagoa egiten den ultzera baduzu, beltz edo usain txarra duena.
Odoleko glukosa neurtzea
Odoleko glukosa-mailak (gluzemia) ezagutzea funtsezkoa da diabetesa duten eta intsulinaren bidezko edo hipogluzemia eragin dezakeen medikazioaren bidezko tratamendua duten pertsonentzat. Hala, behar duten intsulina-dosiari, bere elikadurari eta egin nahi duten ariketa fisikoari buruzko erabakiak har ditzakete.
Gluzemia kapilarra

Gluzemia neurtzeko modu tradizionala da. Emaitza unean bertan lortzen da, glukometro baten bidez, hatzetik odol-tanta bat hartuz.
Autoanalisi hori, batez ere, diabetesarako intsulina edo sulfonilurea bidezko tratamenduak dituztenek egiten dute. Gluzemia zehazteko aldiak eta uneak pertsona bakoitzaren premien eta bizimoduaren araberakoak dira.
Behar den materiala





Nola egin gluzemia kapilarraren kontrola
Odoleko glukosa-mailak glukometro baten bidez ezagutzeko, jarraitu urrats hauek:
- Garbitu eskuak ur eta xaboiarekin, eta lehortu. Janari-hondarrak izanez gero, hala nola laranja edo azukrea, bustita egonez gero edo lehortu gabeko desinfektatzailea izanez gero, baliteke glukometroaren emaitzak benetakoak ez izatea.
- Prestatu ziztada-gailua. Sartu lantzeta bat ziztada-gailuaren barruan, eta kendu babeslea, orratza agerian uzteko. Gailu batzuek ziztadaren sakonera aldatzeko aukera ematen dute. Urrats hori ez da beharrezkoa lantzetak gailurik gabe erabiltzen badira.
- Prestatu glukometroa. Jarri zerrenda erreaktiboa neurgailuan. Bakarrik piztuko da. Zerrendak poto batean badaude, ez ahaztu estaltzea, hondatu ez daitezen.
- Atera odol-tanta bat. Lehenik eta behin, hatz bat aukeratu eta masajea eman behar zaio. Ondoren, ziztada-gailua kargatzen da, ermamiaren alboan jartzen da eta estutu egiten da. Ziztada bakoitzean hatz desberdin bat erabili behar da.
- Jarri tanta zerrenda erreaktiboaren gainean. Behar baduzu, estutu hatza poliki-poliki, odol-tanta ateratzeko. Jarri zerrenda erreaktiboaren gainean. Makinak detektatzen duenean, gluzemia kapilarraren zifra agertuko da.
- Idatzi gluzemiaren zifra. Gomendagarria da glukometroaren pantailan agertzen den glukosaren zifra koaderno batean idaztea, bai eta hartuko den intsulina-dosia ere.

Garrantzitsua da eskuak garbitzea eta lehortzea gluzemia neurtu aurretik, emaitzetan akatsik egon ez dadin
Glukosaren etengabeko monitorizazioa

Glukosa mailak neurtzeko, zifrak etengabe jasotzen dituen sistema bat erabil daiteke, larruazalaren gainean jartzen den adabaki baten bidez. Hona hemen horren ezaugarriak:
- Gluzemia 1-5 minutuan behin erregistratzen du, eguneko 24 orduetan.
- Sentsoreak glukosa interstiziala hartzen du, hau da, zelulen artean dagoen likidoan dagoena.
- Glukosa sentsoreak neur dezakeen tartetik kanpo dagoenean, LO (glukosa 40 mg/dl azpitik) eta HI (glukosa 500 mg/dl gainetik) letrak agertuko dira. Kasu horietan, zifra glukometro baten bidez berretsi behar da.
- Odoleko glukosa neurtzen ez duenez, sentsoreak ematen duen balioak 10 minutuko desfasea du gluzemia kapilarrarekin alderatuta.
- Adierazten du norantz alda daitekeen glukosa-maila eta zein abiadurarekin. Horrek erabakiak hartzea ahalbidetzen du.
- Sentsorea besoan jartzen da aplikagailu automatiko bati esker. Horrela, murriztu egiten da gluzemia kapilarrak hatzetan egiteko beharra.
- Sentsorea kendu eta sentsore berri bat jarri behar da 7, 10 edo 14 egunez erabili ondoren.
- Glukosaren balioak hargailu bati transmititzen zaizkio; hargailu hori gailu edo aplikazio batean egoten da, eta telefono mugikorrean instalatzen da.
- Gailuak alarmak ditu, glukosa-balio altuen eta baxuen berri emateko.
- Ereduaren arabera, baliteke sentsorea kalibratu behar izatea.
- Informazioa web edo app bidez parteka daiteke, adibidez, zaintzaileekin edo osasun-taldearekin.
Odol-analitika
Osasun-taldeak egiten duen jarraipenak barne hartzen du aldizka odola ateratzea, glukosa eta hemoglobina glikosilatuaren maila aztertzeko.
Glukosa-maila
Proba hau pertsonak barauan dagoenean odolean duen glukosa-maila jakiteko egiten da. Horregatik, ezin da ezer jan edo edan, ura salbu, gutxienez analitika egin aurreko 8 orduetan.
Hemoglobina glikosilatua
A1c hemoglobina glukosilatuaren balioak adierazten du proba egin aurreko bi edo hiru hilabeteetan odolean dagoen glukosaren batez bestekoa. Balio hori ezagutzea baliagarria da ebaluatzeko tratamendua eta bizi-ohituren aldaketak eraginkorrak izaten ari diren glukosa-mailak kontrolatzeko eta, ondorioz, epe luzera ager daitezkeen diabetesaren konplikazioak prebenitzeko.
Oro har, esaten da diabetesa duen pertsona batek gluzemiaren kontrol egokia duela baldin eta hemoglobina glikosilatua % 7tik beherakoa bada. Hala ere, kopuru hori pertsonalizatu eta egokitu egiten da adinaren, diabetesarekin igarotako urteen, hipogluzemia-arriskuaren eta beste gaixotasun batzuen presentziaren arabera, besteak beste. Adibidez, helburu zorrotzago bat agindu ohi da (% 6,5etik beherako zifrak) konplikaziorik ez duten edo diabetesa diagnostikatu berri zaien gazteengan. Aitzitik, adineko pertsonentzat eta pertsona ahulentzat, egunean bost medikamentu baino gehiago modu kronikoan hartzen dituztenentzat, hainbat gaixotasun dituztenentzat eta abar, % 7,5 eta % 8 arteko helburua agintzen zaie.
Konplikazioak izateko arriskua, hemoglobina glikosilatuaren (HbA1c) balioen arabera
Batez besteko gluzemia 130-155 mg/dl
Konplikazioak izateko arriskua: TXIKIA
Batez besteko gluzemia 155-180 mg/dl
Konplikazioak izateko arriskua: ERTAINA
Batez besteko gluzemia 180-210 mg/dl
Konplikazioak izateko arriskua: HANDIA
Batez besteko gluzemia 210-270 mg/dl
Konplikazioak izateko arriskua: OSO HANDIA
Batez besteko gluzemia 270-300 mg/dl
Konplikazio LARRIAK izateko arrisku kritikoa
* Hemoglobina glikosilatuaren ehunekoak adierazten du zein den odoleko batez besteko glukosa-maila proba egin aurreko bi edo hiru hilabeteetan.
Tratamendu farmakologikoa
Odoleko glukosa-maila egokia mantentzeko erabiltzen den medikazioa aldatu egin daiteke, pankreak sortzen duen intsulina kantitatearen arabera:

- Intsulina gutxi sortzen badu, ahotik hartzeko antidiabetikoak hartuko dira ekoizpena estimulatzeko. Hori II motako diabetesean gertatzen da, oro har.
- Intsulina sortzen ez badu, intsulina injektatu beharko da.
Bi farmakoen kasuan, funtsezkoa da medikazioa agindutako dosiaren arabera hartzea, agindutako egunean eta agindutako denboran, gluzemien kontrola hobetzeko. Zalantzarik izanez gero, zure erreferentziazko osasun-profesionalarengana jo dezakezu.
Intsulina bidezko tratamendua
Intsulinak, produktu farmakologiko gisa, pankreak modu naturalean askatzen duen intsulinaren funtzio bera betetzen du, hau da, elikagaien glukosa eraldatua odoletik zelulen barrura pasatzea ahalbidetzen du. Horrela, organismoko zelulek (muskuluek, nerbioek...) funtzionatzeko behar duten erregaia lortzen dute.
Intsulina-motak
Intsulinak eragin motelekoak, azkarrekoak edo bien nahasketa izan daitezke, odolean zenbat denbora ematen duten eta eragin handiena noiz den.
INTSULINA MOTELA
Glukosa-maila egonkorra mantentzen du otorduen artean eta gauez
- Gorputzak poliki eta egonkorki xurgatzen du, eta egunaren zati handi bat irauten du.
- Egunean behin jartzen da, eta beti ordu berean, bazkaltzeko ordua edozein dela ere.
- Dosi egokia zein den jakiteko, gluzemia baraurik zehaztu behar da.
INTSULINA AZKARRA ETA ULTRA-AZKARRA
Glukosa-maila egokiari eusten diote otorduen ondoren
- Organismoak azkar xurgatzen du, eta eraginak ordubete (intsulina ultra-azkarra) eta hiru ordu artean (intsulina azkarra) irauten du.
- Otordu bakoitzaren aurretik ematen da, ultra-azkarra (5-10 minutu) edo azkarra (15-20 minutu) den.
- Dosi egokia kalkulatzeko, gluzemia baraurik zehaztu behar da, eta zenbat karbohidrato hartuko diren jakin.
- Eremua aukeratzea: Intsulina abdomenean, besoen atzealdean (sorbaldaren eta ukondoaren artean), ipurmasailetan eta hanken alboetan injekta daiteke.
- Miatu eremua: Saihestu intsulina injektatzea gogortasunak, koskorrak, hondoratzeak, orbainak, lunarrak, tatuajeak, zauriak, erredurak edo hanturak dauden lekuetan.
- Txandakatu eremuak: Ziztatzerakoan, gomendatzen da eremu zabalak aukeratzea sabelaldean, besoetan, hanketan edo ipurmasailetan. Errutina bat ezartzea gomendatzen da; adibidez, gorputzaren ezkerreko aldea erabiltzea astebetez, eta hurrengo astean eskuinekoa erabiltzea. Gainera, egunero eremu ezberdin batean ziztatzeko, eremuan bertan txandakatu beharko litzateke, adibidez, orduen noranzkoan.
- Hatz bateko distantzia: Injektatu intsulina 1-2 zentimetroko distantziarekin (hatz bat) ziztaden artean.

Intsulinak espero den efektua izan dezan, oso garrantzitsua da behar bezala prestatzea. Gailu bidez erabiltzeko (normalean luma edo boligrafo deitutakoa), urrats hauek egin behar dira:

- Garbitu eta lehortu eskuak.
- Intsulina lausoen kasuan (horrela deitzen zaie gardenak ez direlako), astindu eta 20 aldiz alderantzikatu behar dira, hauts esekia nahas dadin eta uniforme gera dadin.
- Jarri orratz berri bat boligrafoan dosi bat eman behar den bakoitzean. Orratzak erabilera bakarrekoak dira, eta hainbat luzerakoak izan daitezke. 4 mm-koa da motzena, min gutxien ematen du eta intsulina muskuluan injektatzea eragozten du. Zalantzarik baduzu orratzaren tamainari buruz, galdetu erreferentziazko osasun-profesionalari.
- Hariztatu orratza eta kendu orratzaren babesgarriak.
- Egiaztatu intsulina-tanta bat agertzen dela puntan. Hala ez bada, markatu 2 intsulina-unitate luman eta bota, orratza purgatzeko.


Intsulina larruazalaren eta muskuluaren artean dagoen gantzean ziztatzen da (larruazalpeko ehuna).
Teknika egokia egiteko, honako hau egin behar da:
- Markatu dosia luman.
- Egin atximur, gantzari hatz erpuruarekin eta erakuslearekin eutsiz. Ez egin atxikimur handiegirik, intsulina muskuluan injektatzeko arriskua baitago.
- Sartu orratza 90º-ko angeluarekin, baldin eta 4 mm-ko orratza erabiltzen ari bazara. 4 mm baino gehiagoko orratza erabiliz gero, ziztatu 45º-ko angeluan.
- Estutu enboloa apurka-apurka, intsulina guztia injektatu arte.
- Zenbatu 10 arte, eta ondoren askatu atximurra eta atera orratza.
- Odola ateratzen bada, estutu gaza batekin. Ez da masajerik eman behar, ezta ingurua igurtzi ere.
- Kendu orratza lumatik eta bota edukiontzi egoki batean (osasun-zentroetan emango dizute).

- Ireki gabeko intsulina-boligrafoak hozkailuan gorde behar dira, 4 eta 8 ºC artean, inoiz ez izozkailuan.
- Boligrafoa ireki ondoren, hozkailutik kanpo egon beharko du, 30 gradutik behera, eta gehienez ere lau astetan erabili ahal izango da. Beste intsulina-mota batzuk sei edo zortzi astera arte erabil daitezke.
- Bero-iturri batetik hurbil egotea saihestu behar da.
- Boligrafoek estalkia jarrita izan behar dute, intsulina argitik babesteko.
Gogoratu
1
Aldatu egunero intsulina injektatzeko eremua
Intsulina eremu berean behin eta berriz injektatzen bada, baliteke koskor eta gogortasun iraunkorrak agertzea (lipodistrofiak). Ez dute minik eragiten, baina leku horretan emandako intsulinak eragin txikiagoa izan dezake. Horrek hipogluzemiak eta hipergluzemiak azaltzea eta odoleko glukosa-kontrolak aldakorrak izatea eragin dezake.

2
Orratz guztiak erabilera bakarrekoak dira
Orratz bat erabiltzen den bakoitzean, behin bakarrik bada ere, alakak punta galtzen du. Horren ondorioz, ziztadak mingarriagoak dira eta lipodistrofiak agertzen dira. Ondorioz, gorputzak intsulina xurgatzeko ahalmena eraldatuko da.

Egoera zehatzak
Bidaiatzeko gakoak
Oro har, honako hau gomendatzen da:
- Planifikatu medikazioa eta eraman farmako-kopuru bikoitza. Intsulina erabiliz gero, eraman injektatzeko eta/edo autoanalisirako material bikoitza.
- Eduki txosten mediko bat, ohiko tratamendua eta garrantzitsuak izan daitezkeen beste alderdi batzuk zehazten dituena.
- Eraman osasun-txartel indibiduala eta diabetesa duen pertsona zarela adierazten duen dokumenturen bat.
- Eraman azukrea zurekin, hala nola azukre-koskorrak, zukuak, glukosa-tabletak... Bidaia denbora luzerako bada, xurgapen moteleko karbohidratoak eskura izatea gomendatzen da, hala nola ogia, galletak eta abar.
- Aurretik informa zaitez destinoko osasun-zerbitzuei
- Ordu-alderik badago, kontsultatu osasun-taldearekin tratamenduan egin beharreko doikuntzak.
Gainera, hegazkinez bidaiatzen baduzu:
- Materiala eta medikazioa ez dira fakturatu behar, maletak galtzeko arriskua baitago. Gainera, intsulinak zamategian izoztu daitezke eta haien eragina gal dezakete.
- Kontrola pasatzerakoan, jakinarazi aireportuko segurtasun-zerbitzuari eskuko ekipajean diabetesa zaintzeko medikazioa eta materiala daramazula.
- Intsulinaren infusio-sistema badaukazu, komeni da jakinaraztea, ikuskatzean deskonektatu behar ez izateko. Ez erabili "bonba" hitza intsulina-ponpari buruz hitz egiteko.
- Materiala eta medikazioa jatorrizko ontzian egotea gomendatzen da.

Gidatzea
Diabetesa duen pertsona batek gidatu dezake. 2010eko irailetik, intsulina edo farmako hipogluzemiante bidezko tratamendua behar duten pertsonen gidabaimenen indarraldia bost urtera artekoa da, 1. taldeko gidabaimenen kasuan. 2. taldeko gidabaimenetarako, gehieneko indarraldia hiru urtekoa da.
Tratamendu hipogluzemiatzailea edo antidiabetikoa behar denean, aldeko txosten medikoa aurkeztu beharko da, eta, pertsonal sanitarioak hala baderitzo, indarraldia murriztu ahal izango da.

Lanean
Konplikazio kroniko garrantzitsurik ez dagoen bitartean, pertsonak lanean jarraitu ahal izango du, diabetesak ez baitu ezintasuna eragiten.

Noiz galdetu profesionalei?
Sintomak ezagutzen ikastea lagungarria da egoera bakoitzean nola jokatu jakiteko:
HAU BADAUKAZU
- Hipogluzemia, adierazitako neurriekin hobetzen ez dena.
- Min handia bularrean.
- Palpitazioak edo takikardia, zorabiatzea edo izerditzen hastea eragiten dizutenak.
- Nahastuta sentitzen zara.
- Konortea galtzen duzu.
- Indarra galtzen baduzu gorputz-adarren batean, ahoa okertzen bazaizu edo hitz egiteko zailtasunak badituzu.
- Ikusmen lausoa.
JARRI HARREMANETAN EMERGENTZIEKIN
Deitu:
- Araba: 945 24 44 44
- Bizkaia: 94 410 00 00
- Gipuzkoa: 943 46 11 11
- edo 112ra beste autonomia-erkidego batzuetatik
HAU SENTITZEN BADUZU
- Sukarra.
- Ahulezia.
- Nekea.
- Zorabioa.
- Arazoak edo zauriak oinetan.
- Gernu-molestiak.
- Arnas infekzioak.
- Autokontrolak egiten badituzu eta normalak ez badira.
- Mina hanketan ariketa fisikoa egitean.
ESKATU BALORAZIO BAT
Baliteke tratamendua doitu behar izatea. Jarri harremanetan:
- Ohiko ordutegian: osasun-zentroko zure erreferentziako profesionalarekin.
- Ordutegitik kanpo: Osasun Aholkuarekin (tel.: 900 20 30 50) edo joan zaitez zure EAGra (Etengabeko Arretako Gunera).
ZURE SINTOMAK KONTROLATUTA BADAUDE
- Jarraitu medikazioa hartzen presbrikatutako moduan.
- Jarraitu agindutako elikadurarekin eta ariketarekin.
- Joan jarraipen-kontsultetara.
- Parte hartu zure komunitateko jardueretan edo laguntza-taldeetan.
- Argitu zure zalantzak zure osasun-zentroarekin edo Osasun Aholkuarekin harrema netan jarrita.
Azken aldaketako data: