Zaintzailea
Osasunaren Mundu Erakundeak honela definitzen du zaintzailea: mendekotasun-maila jakin bat duen pertsona baten ardura hartzen duen pertsona (aita, ama, semea edo alaba, senitartekoa edo hurbilekoa, kanpoko zaintzailea).
Zer da zaintzailearen gainkarga?
Zainketaren funtzioak, intentsitatea eta eskainitako zainketa-denbora artatutako pertsonaren zirkunstantzien araberakoak izango dira. Batzuetan beharrezkoa izan daiteke ahalegin emozional eta fisiko handiak etengabe eta luzaroan egitea, behar baino laguntza gutxiago izanda eta norberaren premiak alde batera utzita. Egoera horrek berekin ekar dezake zaintzailearen gainkarga deituriko higadura fisikoa, psikologikoa eta, oro har, osasun-higadura.
Sintomak
Pluripatologia duen pertsona baten zaintzan zereginak denbora luzez luzatzen direnean eta egoerak dedikazio handia eskatzen duenean, hainbat sintoma ager daitezke:
- Osasun fisikoa. Osasun okerragoaren sentsazioa, nekea, akidura, lo- eta elikadura-arazoak, zorabioak edo muskuluetako edota buruko mina.
- Gogo-aldartea. Tristura, suminkortasuna, urduritasuna, haserrea, erruduntasuna, bakardadea, obsesionatzea edo beti kezkatuta egotea.
- Botika edo edari alkoholdun gehiegi kontsumitzea. Norbere zainketak albo batera uztea. Gauzei gehiegizko garrantzia ematea. Kontzentrazio- eta memoria-arazoak. Familia-harremanek txarrera egitea. Lagunak eta zaletasunak albo batera uztea.
Zer egin dezaket neure burua zaintzeko?
Bizi-ohiturak
- Denbora nahikoa lo egitea eta atseden hartzea.
- Elikadura osasungarria eta ariketa fisikoko errutina bat izatea.
- Erlaxatzeko eta estresa kontrolatzeko teknikak erabiltzea. Norbere espazioa izatea.
- Ez erretzea, alkohol-kontsumoa mugatzea eta medikamentuak preskribatutako moduan hartzea.
- Ez isolatzea. Etxetik ateratzea eta zaletasunak eta interesak izaten jarraitzea.
Ongizate sozial eta emozionala:
- Sentimenduak eta emozioak ezagutu eta onartzea. Beste zaintzaile batzuekin harremana izatea eta gauzak partekatzea.
- Mugak ezagutu eta onartzea. Laguntza eskatzea, erantzukizuna, denbora eta zereginak argituta.
- Errespetuzko eta maitasunezko tratua jasotzea, eta jarrera ulerkorra izatea.
- Gauzen alde ona ikusten saiatzea.
- Unean-unean gertatzen denaren inguruan pentsatzea: "orain eta hemen" egotea
Nola jokatu gainkarga-sintomen aurrean?
HAU BADAUKAZU
- Errutinak albo batera utzi dituzu.
- Neke fisikoa eta psikikoa duzu.
- Zure gizarte- eta familia-harremanak bertan behera utzi dituzu.
- Antsietatea, erruduntasuna edota tristura dituzu sarri.
- Bakardadea sentitzen duzu pertsona zaintzen duzunean.
- Kezkatuta zaude egoerak askotan gainditzen zaituelako.
- Laguntza eta baliabideak behar dituzu, eta ez dakizu nora jo.
JARRI HARREMANETAN EMERGENTZIEKIN
Deitu:
- Araba: 945 24 44 44
- Bizkaia: 94 410 00 00
- Gipuzkoa: 943 46 11 11
- edo 112ra beste autonomia-erkidego batzuetatik
HAU SENTITZEN BADUZU
- Zeure bizi-ohiturez ez arduratzen hasten bazara.
- Zure loaren kalitateak okerrera egin duela sentitzen baduzu.
- Batzuetan haserrekor bazaude eta egoerak gainezka egiten dizula uste baduzu.
- Zeure aisialdiari denbora gutxiago eskaintzen badiozu edota ez baduzu harreman sozialetarako gogorik.
- Zainketarako laguntza edo baliabideak behar dituzula uste baduzu baina ez badakizu nora jo.
ESKATU BALORAZIO BAT
Baliteke tratamendua doitu behar izatea. Jarri harremanetan:
- Ohiko ordutegian: osasun-zentroko zure erreferentziako profesionalarekin.
- Ordutegitik kanpo: Osasun Aholkuarekin (tel.: 900 20 30 50) edo joan zaitez zure EAGra (Etengabeko Arretako Gunera).
ZURE SINTOMAK KONTROLATUTA BADAUDE
- Ez ahaztu besteak ondo zaintzeko funtsezkoa dela norbere burua zaintzea.
- Jarraitu zeure behar pertsonalei denbora eskaintzen.
- Eskatu laguntza behar duzunean.
- Parte hartu zure komunitateko jardueretan edo laguntza-taldeetan.
Gehiago jakin nahi duzu?
"Zeure burua zaintzea zaintzen duzun bitartean. Zaintzailea» laburpen-fitxa.
Ezagutu eta kontsultatu gaixotasunaren alderdi garrantzitsuenak laburpen-fitxaren bidez.
"Zeure burua zaintzea zaintzen duzun bitartean. Zaintzailea» fitxa osoa.
Gaixotasunari buruz gehiago jakin nahi baduzu, deskargatu fitxa osoa.
Autozainketak
Nola nago?
Ondoren, galdetegira sartu ahal izango zara. Baliozkotutako bi eskala dituzu bertan, zure egoerari buruz hausnartzen lagunduko dizutenak. Emaitzak ez du inola ere ordezten profesional sanitario batek egindako diagnostikoa, baina komeni da horri buruz hitz egitea; izan ere, beharrezkoa izanez gero, laguntza eman diezazukete, laguntza-zerbitzuetara bideratu edo zure zalantzak argitu.
Baliabide eta zerbitzu soziosanitarioak
Fitxa honetan, laguntza-baliabideei buruzko informazioa lor dezakezu.
Azken aldaketako data: