Zaintzailea

Zaintzailearen gainkarga deitzen diogu pertsona kroniko konplexu baten zaintzan zereginak luzaroan areagotzen direnean eta egoerak gainditzen gaituenean sentitzen dugun horri. Gure bizitzako hainbat alderdiri eragiten dioten sintomak ager daitezke. Ahalegin emozional eta fisiko handiak etengabe eta luzaroan egitearen ondorio izan ohi da, eta zaintzaileek behar den baino laguntza gutxiago izaten dute. Horrek norbere zainketaz ez arduratzea eragin dezake (elikadura, atsedena eta loa, jarduera fisikoa, zaintza emozionala, aisia eta lagunak).

alt

Zaintzailearen gainkargari buruz

Sintomak

Osasun fisikoa

Osasun okerragoaren sentsazioa, nekea, akidura, lo- eta elikadura-arazoak, zorabioak edo muskuluetako edota buruko mina.

Gogo-aldartea

Tristura, suminkortasuna, urduritasuna, haserrea, erruduntasuna, bakardadea, obsesionatzea edo beti kezkatuta egotea.

Portaera

Norbere zainketak albo batera uztea. Botika edo edari alkoholdun gehiegi kontsumitzea. Gauzei gehiegizko garrantzia ematea. Kontzentrazio- eta memoria-arazoak. Familia-harremanek txarrera egitea. Lagunak eta zaletasunak albo batera uztea.

Zer egin dezaket neure burua zaintzeko?

  • Denbora nahikoa lo egitea eta atseden hartzea.
  • Elikadura osasungarria eta ariketa fisikoko errutina bat izatea.
  • Erlaxatzeko eta estresa kontrolatzeko teknikak erabiltzea. Norbere espazioa izatea.
  • Tabakoaren, edari alkoholdunen eta botiken kontsumoa zaintzea.
  • Ez isolatzea. Etxetik ateratzea eta zaletasunak eta interesak izaten jarraitzea.
  • Sentimenduak eta emozioak ezagutu eta onartzea. Beste zaintzaile batzuekin gauzak partekatzeak eta harremana izateak egoera normaltzen laguntzen du.
  • Mugak ezagutu eta onartzea. Laguntza eskatzea, erantzukizuna, denbora eta zereginak argituta.
  • Errespetuzko eta maitasunezko tratua jasotzea, eta zeure buruarekiko eta zaintzen duzun pertsonarekiko jarrera maitekorra eta ulerkorra izatea.
  • Gauzen alde ona ikusten saiatzea. Zaintzea esperientzia oso positiboa eta atsegina izan daiteke.
  • Unean-unean gertatzen denaz pentsatzea: "orain eta hemen" egotea

Zer egin behar dut prebenitzeko?

Norbere burua zaintzearen beharra ulertu behar da besteak ondo zaindu ahal izateko. Norbere beharrei denbora eta arreta eskaini behar diezu.

Garrantzitsua da errespetuz zaintzea, zaindutako pertsonaren duintasunari eutsiz eta haren autonomia eta autoestimua sustatuz, baina, batzuetan, mugak jarri behar dira zainketa-eskaera gehiegizkoa denean edo/eta zaintzeko laguntza eskatu behar denean.

Egunerokotasuna planifikatzen laguntzeko tresna on bat asteko zainketa-plan bat idaztea izango da, egiteke dauden zereginak antolatzeko eta adosteko, hurbileko laguntza-pertsonak identifikatuz eta hartutako erantzukizunak eta konpromisoak definituz.


Gainkargaren sintomak kontrolatzen

Kasu hauetan:

  • Bizi-ohitura osasuntsuak badituzu.
  • Gauean ondo lo egiten eta atseden hartzen baduzu.
  • Harreman sozial eta familiar onak badituzu.
  • Zeure aisialdirako denbora gordetzen baduzu.
  • Zainketarako laguntza badaukazu.
  • Egoera kontrolpean dagoela uste baduzu.
  • Eskura dituzun baliabideak ezagutzen eta ondo erabiltzen badituzu.

Egoera kontrolpean daukazu!

  • Ez ahaztu besteak ondo zaintzeko funtsezkoa dela norbere burua zaintzea.
  • Jarraitu zeure behar pertsonalei denbora eskaintzen.
  • Eskatu laguntza behar duzunean.

Kasu hauetan:

  • Zeure bizi-ohiturez ez arduratzen hasten bazara.
  • Zure loaren kalitateak okerrera egin duela sentitzen baduzu.
  • Batzuetan haserrekor bazaude eta egoerak gainezka egiten dizula uste baduzu.
  • Zeure aisialdiari denbora gutxiago eskaintzen badiozu edota ez baduzu harreman sozialetarako gogorik.
  • Zainketarako laguntza edo baliabideak behar dituzula uste baduzu baina ez badakizu nora jo.
  • Har ezazu denbora zure egoerari buruz hausnartzeko. Norbere burua zaintzea ezinbestekoa da.
  • Saiatu zereginak asteko plangintza baten bidez antolatzen.
  • Bilatu laguntza zainketarako.
  • Informatu profesional sanitarioari zure egoeraren gainean.

Kasu hauetan:

  • Errutinak albo batera utzi dituzu.
  • Nekatuta zaude, fisikoki nahiz psikikoki.
  • Harreman sozialak albo batera utzi dituzu eta harreman familiarrek okerrera egin dute.
  • Antsietatea, erruduntasuna edota tristura dituzu sarri.
  • Uste duzu bakarrik zaudela pertsona zaintzen.
  • Egoerak gainezka egiten dizula sentitzen duzu askotan.
  • Laguntza eta baliabideak behar dituzula pentsatzen duzu baina ez badakizu nora jo.

BIlatu laguntza:/h3>

  • Informatu profesional sanitarioari zure egoeraren gainean.
  • Jarri udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin harremanetan.

Gehiago jakin nahi duzu?

Icono Diabetes

Zaintzailearen laburpen-fitxa

Ezagutu eta kontsultatu Zaintzailearen gainkargaren alderdi garrantzitsuenak laburpen-fitxaren bidez.

Icono Diabetes

Zaintzailearen fitxa osoa

Gehiago jakin nahi baduzu zaintzailearen gainkargari buruz, deskargatu fitxa osoa.


Autozainketak

Norbere burua zaintzearen beharra ulertu behar da besteak ondo zaindu ahal izateko.

Nire jarraipena

Ondoren, galdetegira sartu ahal izango zara. Baliozkotutako bi eskala dituzu bertan, zure egoerari buruz hausnartzen lagunduko dizutenak. Emaitzak ez du inola ere ordezten profesional sanitario batek egindako diagnostikoa, baina komeni da horri buruz hitz egitea; izan ere, beharrezkoa izanez gero, laguntza eman diezazukete, laguntza-zerbitzuetara bideratu edo zure zalantzak argitu.

Baliabide eta zerbitzu sanitarioak eta soziosanitarioak

Fitxa honetan, laguntza-baliabideei buruzko informazioa lor dezakezu.

Azken aldaketako data: