Zorabioa, sinkopea eta bihotz-biriketako geldiadia
Zorabioa
Zer da?
Zorabioa alditxarra, nahastea, ahulezia, ezegonkortasuna eta antzeko sentsazioak eragiten dituen ondoeza da. Norbera edo ingurua biraka dabilen sentsazio faltsua eragiten duen zorabioari bertigo periferiko deritzo. Orekaz arduratzen den aparatuaren alterazio baten ondorio da, hots, entzumen-aparatuarena.
Zorabioak maiz gertatzen badira, nabarmen eragin diezaiokete pertsonari bere eguneroko bizimoduan, baina ez da ohikoa bizia arriskuan jar dezakeen nahasmendu baten adierazle izatea.
Zorabio-sentsazioa ohiko kontsulta-arrazoia da lehen mailako arretako osasun-zentroetan. Jotzen da prebalentzia % 20tik gorakoa dela, areagotu egiten dela adinarekin eta ohikoa dela emakumeetan.
Síntomak
Zorabioak izaten dituzten pertsonek zenbait modutara deskribatu ohi dituzte:
- Mugimendu- edo bira-sentsazio faltsua (bertigoa).
- Durduzadura- edo zorabialdi-sentsazioa.
- Ezegonkortasuna edo oreka galtzea.
- Airean flotatzen egotearen sentsazioa edo burua astun sentitzea.
- Goragaleak, gorakoak.
Sentsazio horiek oinez hastean, zutitzean edo burua mugitzean has daitezke edo okerrera egin dezakete orduan. Zorabioa goragalearekin batera ager daiteke, edo bat-batean ager daiteke, eta esertzeko edo etzateko beharra eragin. Zenbait segundotik hainbat egunera bitarteko iraupena izan dezake, eta denboran errepikatu egin daiteke.
Nola jokatu
Zorabioa gaixotasun batek eragiten badu, gaixotasuna tratatu beharko da lehenik.
Pertsona batek zorabiatzeko joera badu, honako hauek egitea gomendatzen da:
- Nahikoa likido edatea, elikadura osasungarria izatea, atseden hartzea eta estresa saihestea.
- Saihestu kafeina, alkohola, gatza eta tabakoa kontsumitzea. Substantzia horien gehiegizko erabilerak sintomak okerragotu ditzake.
- Bat-bateko jarrera-aldaketak eta bat-bateko mugimenduak saihestea.
- Etzanda badago, astiro jaiki eta segundo batzuetan eserita egon zutik jarri baino lehen.
- Zorabio-sentsazioa duenean berehala eseri edo oheratu. Zorabio baten aurrean, begiak itxita etzan gela ilun batean.
- Gelditu eta eusteko zerbait duzula ziurtatu.
- Zorabioak gehiegizko beroak edo deshidratazioak eragiten baditu, leku fresko batean atseden hartu eta likidoak edan behar dira.
- Sendagai batek zorabioak eragiten baditu, osasun-taldearekin kontsultatzea gomendatzen da.
- Saihestu gidatzea edo makina astunekin lan egitea, ustekabeko zorabioak izaten baditu maiz.
- Estropezu egiteko dauden oztopoak kentzea, hala nola alfonbrak eta kable elektrikoak agerian. Bainugelako eta dutxako solairuetan alfonbra irristagaitzak erabiltzea. Argiztapen ona izatea.
Zorabialdia edo sinkopea
Zer da?
Zorabialdia edo sinkopea bat-bateko korde-galdera da, iraupen laburrekoa, non pertsona bere kabuz leheneratzen baita. Garunak une batez odol-fluxu txikiagoa jasotzen duelako gertatzen da. Gainera, muskuluek indarra (tonua) galtzen dute, eta horrek erortzea eragin dezake.
Bihotzak arterien bidez ponpatzen du odola; hala, oxigenoa eta mantenugaiak gorputz osora iristen dira. Garunera bidaltzen den odol-kantitatea bat-batean eta aldi baterako murrizten denean, litekeena da kordea galtzea.
Maiz gertatzen da, eta, kasu gehienetan, ez da gaixotasunekin erlazionatuta egoten.Organismoko nerbioak bihotzarekin, arteriekin eta zainekin konektatuta daude, eta, hala, bihotza zer abiaduratan eta zer indarrekin uzkurtzen den erregula dezakete. Era berean, odol-hodien kalibrea aldatzen dute garunera behar beste odol iritsi dadin. Nerbio horiek seinale desegoki bat bidaltzen badute eta garunak behar duen odola jasotzen ez badu, pertsonak zorabialdi bat izan dezake, zeina onbera izan ohi baita. Sinkopeen ehuneko txiki bat baino ez da gertatzen bihotzeko eta garuneko gaixotasunen ondorioz.
Jotzen da biztanleriaren % 15-35ek sinkope bat izan duela bere bizitzan.
Síntomak
Sinkope bat izan eta kordea galdu aurretik, litekeena da pertsonak ahulezia edo zorabioa sentitzea. Gainera, sintoma hauek ere izan ditzake:
- Larruazal zurbila.
- Durduzadura.
- Ikusmen lausoa.
- Aldaketak ikusmenean: ikuseremua estutu egiten da eta aurrean dagoena baino ez da ikusten (tunel-erako ikuspegia).
- Goragalea.
- Beroa izatea.
- Izerdi hotza eta hezea.
Pertsona bat kordea galtzen ikusten dutenek honako hauek ikusiko dituzte:
- Mugimendu zakarrak eta ohiz kanpokoak..
- Pultsu motela eta ahula.
- Begi-nini dilatatuak.
Oro har, sinkopeek gutxi irauten dute eta pertsonak minutu bat baino gutxiago behar izaten du bere onera etortzeko.
Nola jokatu
Sinkopea errazten duten faktoreak
Zenbait faktorek pertsonek sinkope bat izatea eragin dezakete:
- Estresak.
- Minak.
- Atseden faltak.
- Ariketa fisiko biziak.
- Gorputz-jarrera zakar aldatzeak, hala nola oso azkar altxatzeak edo jaikitzeak.
- Tenperatura-aldaketa handiek.
- Alkohola kontsumitzeak.
- Otordu oparoak egiteak.
Nola prebenitu
Horregatik, oso garrantzitsua da horiek guztiak ezagutzea eta neurriak hartzea:
- Zorabioa edo ahulezia eragiten duten egoerak saihestea: bero handia egiten duen leku itxiak, jende asko edo aireztapen gutxi dagoen lekuak, zauriak edo odola ikustea, eta abar.
- Zorabialdi bat izan ondoren edo denbora luzez etzanda, makurtuta edo eserita egon ondoren poliki eta pixkanaka altxatzea. Hala, gorputzak denbora du jarrera-aldaketara egokitzeko.
- Luzaroan zutik geldirik ez egotea.
- Gomendatutako orduak lo egitea.
- Denbora luzez baraurik egotea saihestea.
Saihestu ezin denean
- Zorabialdi bat izatera zoazela nabaritzen baduzu, etzan zaitez, eta goratu hankak. Hala, grabitatearen eraginez, garunerako odol-fluxua mantenduko da. Beste pertsona bati gertatzen bazaio, saia zaitez erori eta kolpe bat hartzea saihesten, eta, etzaten denean, altxatu haren hankak.
- Beste aukera bat da esertzea eta burua belaunen artean kokatzea egoera hobetzen den arte.
Sinkopeak behin eta berriz gertatzen direnean, ohi baino gehiago irauten dutenean edo beste sintoma batzuekin batera gertatzen direnean, komeni da zure erreferentziako osasun-profesionalarekin hitz egitea.
Bihotz-biriketako geldialdia
Zer da?
Bihotz-biriketako geldialdia bat-bateko eta ustekabeko korde-galera da, bihotzak taupadak egiteari uzten dionean eta segundo gutxira arnasketa eteten denean gertatzen dena.
Bihotzak sistema elektriko bat du, taupaden maiztasuna eta erritmoa erregulatzen dituena. Sistema horrek behar bezala funtzionatzen ez duenean, bihotzak oso azkar, oso mantso edo deskoordinatuta egin ditzake taupadak. Batzuetan, ohiz kanpoko taupada horiek (arritmiak) ez dira gai odola gorputzeko organoetara eramateko; hori dela eta, organoek ez dute oxigenorik eta behar duten mantenugairik jasotzen, eta huts egiten hasten dira. 5-10 minuturen buruan, pertsona hil egiten da.
Espainiako Kardiologia Elkartearen arabera, Espainian 52.300 bihotz-geldialdi inguru gertatzen dira urtean. Eta Europan, bihotz-biriketako geldialdiak 250.000 heriotza baino gehiago eragiten ditu urtean.
Pronostikoa
Bihotz-geldialdia berehala hautematen eta tratatzen bada, organoetan eta garunean kalteak gertatzea saihestu daiteke, baita pertsona horren heriotza ere. Pronostikoa bihotza gelditzen denetik bizkortze-maniobrei ekiten zaienera bitartean igaro den denboraren araberakoa da. Horregatik, oso garrantzitsua da pertsona guztiek bizkor eta behar bezala jarduten jakitea egoera horren aurrean.
Zenbait faktorek areagotu egiten dute pertsona batek bihotz-geldialdi bat izateko arriskua:
- Tentsio arterial altuak.
- Kolesterol-maila altuak.
- Obesitateak.
- Diabetesak.
- Bizimodu sedentarioak.
- Tabakismoak.
- Alkohola kontsumitzeak.
- Zahartzeak.
- Bihotzeko gaixotasunek.
- Bihotz-geldialdien edo bihotzeko gaixotasunen aurrekariak familian.
Bihotz-geldialdiek bat-batean eta ustekabean agertzea dute ezaugarri. Pertsonak kordea galtzen du, zerraldo erortzen da eta ez du erantzuten deitzen zaionean edo estimulatzen denean. Gainera, ez du pultsurik, eta ez du arnasarik hartzen edo kosta egiten zaio hartzea. Larruazalak arrosa-kolorea galtzen du eta zurbil geratzen da.
Sarritan aurrez abisatu gabe gertatzen den arren, pertsona batzuek sintomak izaten dituzte bihotz-geldialdia izan aurretik. Hauek izan daitezke:
- Bularreko mina edo opresioa.
- Arnasa hartzeko zailtasunak.
- Alditxar- edo zorabio-sentsazioa.
- Goragalea.
- Izerditzea.
- Larruazala zurbil izatea.
- Kontrolik gabeko bihotz-taupadak.
- Besoetako mina.
Bihotz-geldialdi bat izaten duen pertsona bizirik irten daiteke arreta bizkor eta egokia jasoz gero. Horregatik, ahal bezain laster ekin behar zaio bihotz-biriketako bizkorketari (BBB), hau da, bihotz-taupadak eta arnasketak ordezteko egiten diren maniobrei, zeinek bihotz-geldialdia leheneratzen lagunduko baitute. Gainera, larrialdiko tratamenduak barne hartzen du kanpoko desfibriladore automatiko (KDA) bat erabiltzea.
Urrats baten eta bestearen artean ez da denborarik galdu behar.
Ekin aurretik, leku seguru batean zaudela ziurtatu behar duzu beti. Kontuz zirkulazioarekin errepidean, lurzorua bustita badago, etab.
Zer egin norbait konorterik gabe dagoenean
1
Egiaztatu bere kordean dagoen ala ez
Deitu pertsonari, eta estimulatu, sorbaldetatik astinduz.
2
Eskatu laguntza
Pertsonak erantzuten ez badu, egin oihu laguntza eskatzeko.
3
Egiaztatu arnasketa
- Ez da hamar segundo baino gehiago eman behar arnasa hartzen duen baloratzeko. Horretarako, lehenik, pertsona etzanda eta ahoz gora jarri behar da, ondoren, ireki arnasbidea bekokia-kokotsa maniobraren bidez (soilik heldua bada eta bizkarrezurra kaltetuta ez duela uste baduzu). Maniobra egiteko, eutsi bekokiari esku batez eta, beste eskuaren hatzak erabiliz, bota burua atzerantz eta mugitu masailezurra gorantz eta aurrerantz.
- Gero, "IKUSI, ENTZUN ETA SENTITU". Jarri masaila haren ahotik eta sudurretik hurbil; hala, haren bularra mugitzen den ikusiko duzu, arnasten duen entzungo duzu eta haren arnasketa sentituko duzu.
4.1
Korderik gabe, baina arnasa hartzen du
Jarri segurtasuneko alboko posizioan
Kasu honetan, alboranzko segurtasun-jarreran jarri behar da pertsona, laguntza eskatu eta 112ra deitu (larrialdi-zerbitzua). Une oro pertsonarekin egon beharko duzu haren bilakaera baloratzeko.
Nola jarri segurtasuneko alboko jarreran?
- Pertsona ahoz gora eta luzatuta dagoela, jar zaitez belauniko bere alboetako baten ondoan.
- Tolestu zugandik hurbilen dagoen bere besoa angelu zuzen batean.
- Tolestu eta altxatu zugandik urrunen dagoen belauna.
- Eutsi sorbalda eta tolestutako belaunari, eta biratu gorputza zugana, albo batera begira geratu arte.
- Jarri eskua masailaren azpian.
4.2
Korderik gabe dago eta ez du arnasarik hartzen
Deitu 112ra eta egin BBB
Arnasarik hartzen ez badu edo arnasketa oso motela eta zaila bada (agonikoa), laguntza eskatu eta 112ra deitu behar da. Eman ahalik eta informazio gehiena: leku zehatza; nola gertatu den, ikusi baduzu; egoera; zenbat denbora igaro den… Zer egin behar duzun eta KDA hurbilena non dagoen adieraziko dizute.
Beste norbaitekin bazaude, hark deitu behar du 112ra eta bilatu behar du KDA.
Bitartean, BBB maniobrak egin.
5
Leheneratzea
Pertsona bere onera etortzen bada, konpresioak egiteari utzi behar zaio, eta pertsona alboranzko segurtasun-jarreran jarri larrialdi-zerbitzuak iritsi arte.
Bere onera etorri da, baldin eta:
- Esna badago
- Mugitzen bada
- Begiak irekitzen baditu
- Arnasa normal hartzen badu
Hasi ahalik eta azkarren toraxeko konpresioak egiten. Toraxean 30 konpresio egin behar dira, eta bi arnasketa. Ahal bada, ziurtatu pertsona gainazal irmo baten gainean dagoela.
- Jarri belauniko haren albo batean, lotu eskuak bata bestearekin, luzatu besoak eta jarri esku-ahurra haren bularraren erdigunearen gainean (bularrezurraren beheko erdian).
- Konpresioek 5-6 cm jaitsarazi behar dute haren bularra.
- Erritmoak minutuko 100-120 konpresiokoa izan behar du, ahalik eta etenik gutxienarekin.
- Utzi bularrari berriz hedatzen konpresio bakoitzaren ondoren, hau da, ez jarri toraxaren gainean.
- Bi arnasketak egiteko, segundo batez airea bota behar da pertsonaren ahora indarrez. Aireak ihes egin ez dezan, ahoa estali egin behar da. Teknika ezagutzen ez baduzu edo egin nahi ez baduzu, jarraitu etenik gabe konpresioak egiten.
- Ez zaio konpresioak egiteari utzi behar, ezta etenik egin ere. Ahal izanez gero, txandakatu beste pertsona batekin 2 minutuz behin, konpresioek kalitaterik gal ez dezaten.
Badira konpresioak erritmo egokian egiten lagundu diezazuketen abestiak: La Macarena edo Staying alive abestiek balio dezakete. Osakidetzaren "Bihotz geldialdiari lagundu" aplikazioarekin ere kontrolatu ditzakezu erritmoa eta igarotako denbora.
KDAk ematen dituen deskarga elektrikoak funtsezkoak dira; izan ere, bihotzaren erritmo normala berrezartzen lagundu dezakete. Gogoan izan leku lehor batean egon behar duzula!
- Eskura duzunean, piztu, eta bete hitzez eta bisualki ematen dituen jarraibideak.
- Jarri eranskailuak (elektrodoak) pertsonaren bular biluzian, eskuineko lepauztaiaren azpian eta ezkerreko besapearen azpian. KDAren eranskailuetan ikusten da non kokatu behar diren. Beste pertsona batekin bazaude, hark jar ditzala zuk konpresioak egiten jarraitzen duzun bitartean.
- Jarraitu etengabe bular-konpresioak egiten. KDAk adieraziko dizu zer bi egoeratan gelditu behar duzun: bihotzaren erritmoa aztertzen duen bitartean eta deskarga elektriko bat eman behar duenean.
- Deskarga bat egiteko adierazten badu, KDAk automatikoki egingo du. Aldendu pertsonarengandik. Deskarga egin behar ez bada, jarraitu berriz konpresioak egiten.
Lekukorik badago, eskatu norbaiti kanpoko desfibriladore automatiko bat (KDA) bilatzeko
KDAk leku publiko askotan egon daitezke: udaletxeetan, ikastetxeetan, saltoki handietan, kirol-instalazioetan, geltokietan, eta abar. KDA baten kokapena seinale honen bidez adierazten da.
Gainera, badira hurbilen dagoen KDA aurkitzen laguntzen duten aplikazioak, hala nola “Ariadna”, Espainiako Kardiologia Elkartearena.
Azken aldaketako data: