Osakidetzak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2025-2028) onartu du. Berdintasun Plan berriak finkatu egiten du Osakidetzak genero-ikuspegia txertatzearekin duen konpromisoa. Zehazki, bi ikuspegitatik heltzen dio konpromiso horri, EAEko biztanle guztiei osasun-arreta ematen dien enpresa publikoa izateaz gain, EAEko emakumeen enplegatzaile handiena baita.
Osakidetzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2025-2028) eskuragarri dago Osakidetzaren webgunean eta intranet korporatiboan, profesionalek kontsulta dezaten. Bertan dago, era berean, Osakidetzan sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokoloa.
Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok Berdintasun Plan berria berretsi du, eta zeharkakotasunaren printzipioa nabarmendu du generoagatiko diskriminazio eta desberdinkeria mota guztiak ezabatzera bideratuta baitago. “Langile guztiak gonbidatzen ditut modu aktiboan parte hartzera II. Berdintasun Planaren ezarpenean; izan ere, ziur nago guztion konpromisoarekin bakarrik lor dezakegula erakunde eta, ondorioz, gizarte berdinzaleago bat eraikitzea”, esan du.
II. Planak jarraipena ematen dio duela bost urte Osakidetzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2021-2024) onartu zenean gauzatu zen berdintasunarekiko konpromiso erreal eta eraginkorrari, eta profesionalek konpromiso demokratiko, ageriko eta funtsezko hau beren gain har dezatela sustatzen du, euskal gizartearen kohesiorako eta ongizaterako, berdintasunaren arloko gizarte aurreratuenen artean erreferente izateko.



