Ezagutu ezazu Osakidetza
PUBLIKOA, UNIBERTSALA ETA KALITATEZKOA
1983an Euskal Osasun Zerbitzua sortu zenetik, Osakidetzaren helburua izan da pertsona guztiei osasun-sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatzea. Gaur egun, euskal osasun publikoa euskal gizartearen lorpen kolektiboa ere bada, erreferentziako eredua.
Egunerokotasunean, Osakidetzak antolakunde eraginkorra du eta horren ezaugarri dira: bere zentro eta unitateen kudeaketa-autonomia, osasun-arretaren etengabeko hobekuntza helburu izatea eta talde-lana. Hori guztia bertako profesionalen inplikazio eta konpromisoari esker eta osasunaren eremuan ikerkuntza eta berrikuntzaren aldeko apustu garbiri esker lor daiteke.
OSASUN SISTEMAREN ARDATZ NAGUSIA
PERTSONAK
Osakidetzaren xedea da pertsona guztien osasunaren alde lan egitea, eta horixe da ekintza guztien ardatza. Osasuna babesteko eskubidea, hortaz, eskubide ukaezina da eta Euskal Osasun Sistema Publikoa sostengatzen duten printzipioetako bat.
Gaur egun, Osakidetzaren erronka nagusienetako bat da euskal gizartearen zahartzeak eragiten duen erronka demografikora egokitzea. Horrek gaixotasun kronikoak nagusitzea eta pertsonen hauskortasuna eta menpekotasuna areagotzea dakar. Osakidetzak urtero 16 milioi kontsultari ematen dio arreta. Kontsulta hauetan gizarteak kualifikazio altuko, kalitatezko eta balorazio altuko osasun arreta jasotzen du.
KAPITAL NAGUSIA
PROFESIONALAK
Kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko, instalazio egokiak eta teknologia aurreratuena izateaz gain, funtsezkoa da profesional aditu eta konprometituak edukitzea. Osasun-zerbitzuen oinarrian pertsonekin eta pertsonentzat lan egiten duten pertsonak daude. Hori dela eta, profesionalak dira euskal osasun sistema publikoren kapital nagusia.
Gaur egun, Osakidetzaren egituran 27.500 profesional ari dira lanean, eta % 79 emakumeak dira; Euskadiko emakumeentzako enplegu-emaile handiena gara. Gainera, emakumeak gehiengo dira zuzendaritza-postuetan, arreta-buruzagitzan, baita kategoria profesional gehienetan ere.
HELBURUA, HERRITARREN ONGIZATEA
PREBENTZIOA ETA SUSTAPENA
Osasuna da euskal gizarteak gehien aintzat hartzen duen balioetako bat, osasun-egoera egokia baita beste edozein gaitasun garatzeko aukera ematen digun oinarria. Hortaz, osasuna sustatu eta prebenitzea da Osakidetzarentzako berebiziko zeregina.
Osakidetzak egindako prebentzio-programek ibilbide luzea dute, eta herritarrek konfiantza handia eman diete; parte-hartze tasa altuek eta emaitza egokiek hala frogatu dute. Azpimarratzekoak dira: jaioberrien behaketa, Down Sindromea detektatzea, bularreko, kolon-ondesteko edo zerbixeko minbiziak garaiz detektatzea, eta haurren aho-hortzetako arreta (PADI).
ETENGABE HOBETZEA
BERRIKUNTZA ETA IKERKUNTZA
Osakidetzak osasun-ikerkuntzaren aldeko apustua egiten dut, BioGipuzkoa, BioBizkaia, BioAraba eta BioSistemak institutuen bidez, unibertsitate eta industria biosanitarioarekin lankidetzan, osasuneko emaitzak hobetzeko, osasun-sistema eraldatu eta euskal gizartearen garapen ekonomiko eta sozialari laguntzeko.
IDENTITATE KORPORATIBOA
IDENTITATE GRAFIKO KORPORATIBOAREN ESKULIBURUA
Osakidetzak hasiera-hasieratik zaindu ditu zorrozki bere nortasunari lotutako alderdi guztiak. Helburua da, hain zuzen, gizarteari aurkeztutako irudi korporatiboaren bidez erraz identifikatu ahal izatea Ente Publiko honek sustatzen dituen mezu eta erreferentzia bisualak.
Hau dela eta, 2022an eguneratu da Identitate Grafiko Korporatiboaren Eskuliburua, eta besteak beste, honako hauek jasotzen ditu: markari, argitalpen ofizialei eta seinaleztapenari dagokionez jarraitu beharreko arau eta jarraibideak, eta azpiegituren arloan, eraikinen barnealdeari buruzko gida bisual bat.
Azken aldaketako data: