Proiektu nabarmenduak
Aniztasuna eta garapenerako leku duten euskal osasun-sistema publikoaren sare zabala erakusten duten ikerketa-proiektuen adibide batzuk:
ONKO-FRAIL
Onkogeriatriako pazienteen estratifikazioa eta esku-hartzeak pertsonalizatzea
Helburua: Onkogeriatria minbizia duen adineko gaixoa zaintzeko ardura duen arloa da, kontuan hartuta zahartze fisiologikoaren ondorioz adineko pertsonek berezko ezaugarriak dituztela eta arreta berezia behar dutela. Saiakuntza klinikoetan adineko paziente gutxik parte hartzen dute, azpipopulazio horretan saiakuntza espezifiko gutxi egin dira eta, gainera, biztanleria gero eta zaharragoa da. Hori dela eta, arlo horren garapena lehentasun bihurtu da osasun-politiketan. Onko-frail proiektuaren helburua da minbizia duten adineko pazienteak estratifikatzeko tresna berriak eta horiekin lotutako esku-hartze eraginkor eta pertsonalizatuak sartzea, zainketa-planen onuraren eta toxikotasunaren balantzea optimizatzeko. Proiektu horren emaitzei esker eta onkogeriatriaren eremuan laguntza ikertzeko eta ezartzeko estrategia bateratua finkatzeari esker, Osasun Sailaren Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategia 2020ren lehentasunak bultzatu ahal izango dira, I+Gk herritarren osasuna hobetzeko eta aberastasuna sortzen laguntzeko duen inpaktua handitzeari dagokionez.
Ikertzaile nagusia: Laura Basterretxea Badiola. Biodonostia OII
Proiektuko burua: Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua
Bazkideak:
- Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua
- Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua
- Bilbao-Basurtoko ESI
- Donostialdeko ESI
- Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESI
Xede-populazioa: Paziente onkologiko geriatrikoak
EXA-MINA
Adinekoen gaitasun funtzionalaren galera eta oinazea, haien balorazio integralerako prozedurak eta teknologiak garatzea
Helburua: Exa-mina proiektuaren helburu nagusiak hauek dira: min kronikoaren testuinguru konplexua eta horri lotutako funtzioaren galera deskribatzea, adineko pertsonengan, eta bien balorazio integrala ahalbidetuko duten teknika, eskala eta teknologia berriak garatzea. Minaren kudeaketa egokiak gutxitu egingo du minak erikortasun-kargan, bizi-kalitatearen murrizketan eta muga funtzionaletan duen eragina, eta horrek onura bikoitza izango du: alde batetik, botika analgesiko eta antiinflamatorioen kontsumoa murriztu ahal izango da, eta bestetik, mendekotasuna prebenitzeko estrategia izango da. Arlo horretan egindako aurrerapenei esker, mina kronikoan eta adineko pertsonen gaitasun funtzionalaren galeran funtsezkoak diren prozesuen diagnostikoa, jarraipena eta balizko tratamenduak hobetu ahal izango dira.
Ikertzaile nagusiak: Itziar Vergara. Biodonostia OII
Proiektuaren burua: Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua
Bazkideak:
- CIC biomaGUNE
- Tecnalia
- UPV/EHU
Xede-populazioa: Paziente nagusi ahulak
Zelula dendritikoen populazioetan esklerosi anizkoitz primario progresiboaren biomarkatzaileak identifikatzeko transkriptomikaren analisia
Helburua: Proiektuak esklerosi anizkoitzaren tratamenduan ikuspegi pertsonalizatua bilatzen du, paziente bakoitzaren pronostikoa eta tratamenduaren arriskuek zehaztuko dutena. Ikerketa honen helburu nagusia da transkriptomikaren analisia erabiltzea esklerosi anizkoitzaren ibilbidearen berezkoak diren geneen adierazpen-sinadurak aurkitu ahal izateko. Erabaki terapeutikoen zati integral bat biomarkatzaile molekularren erabilera izango da ezgaitasunaren progresioa aldez aurretik igarri ahal izateko, gaixotasunaren etengabeko jarduera monitorizatzeko eta tratamenduari ematen zaion erantzuna ebaluatzeko. Proiektu honetan, zelula dendritikoen biomarkatzaileen aurkikuntzan jarriko dute arreta, eta aurrerapen nabarmena sustatuko du esklerosi primario progresiboaren prozesuaren ezagutzan; horretarako, gaur egun tratamendu bakarra dago. Beraz, euskadiko osasun sistema ezgaitasun handia eragiten duen esklerosi anizkoitzaren mota horretako terapietan eta/edo prognosi-kitean egindako aurrerapenaz baliatuko da.
Ikertzaile nagusia: Alfredo Rodríguez Antigüedad Biocruces Bizkaia OII
Proiektuaren burua: Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua
Bazkideak:
- CIC biomaGUNE
- Tecnalia
- UPV/EHU
Xede-populazioa: Esklerosi anizkoitza duten gaixoak
Parkinson
Zentro anitzeko azterketa, koherentzia optiko makularreko tomografia parkinsonaren sindrome biomarkatzaile diagnostiko eta pronostiko gisa baliozkotzeko
Helburua: Proiektuak behaketaren zentro anitzeko azterketa bat egitea proposatzen du, Euskadiko hiru Osasun Ikerketa Institutuen partaidetzarekin (Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Bioaraba). Horren helburu nagusia da OCT (koherentzia optikoko tomografia) makularraren errendimendua baliozkotzea, Parkinson gaixotasunaren (EP) biomarkatzaile diagnostiko eta pronostiko gisa. Gainera, OCTren gaitasuna ebaluatuko da EPren eta Parkinson motako atrofia multisistemikoaren (AMS-P) arteko diagnostiko diferentziala erraztu ahal izateko (esplorazio-helburua). OCTari esker, modu ez inbaditzailean, azkar eta erreprodukzio maila altuarekin kuantifika daiteke erretinaren integritatea, eta dagoeneko euskal osasun sistemaren oftalmologia zerbitzuetan erabilgarri dagoen teknologia da. Proiektuak Parkinson gaixotasuneko erretinaren atrofiari buruzko ezagutza sortzen lagunduko du, eta OCT Parkinson sindromearen diagnostikoan eta pronostikoan tresna erabilgarri gisa baliozkotzen, erraz integratu baitaiteke osasun sisteman. Horrek eguneroko praktika klinikoa hobetuko du, begien pronostikoa ezartzeko eta EP duten pazienteen tratamenduan orientatzeko (Biozientziak-Osasuna arloaren garapenari egiten dion ekarpena), eta Euskadi aitzindari bihurtuko du gaixotasun neurodegeneratiboetan erretina-irudiaren biomarkatzaileak ikertzen.
Ikertzaile nagusia: Iñigo Gabilondo. Biocruces Bizkaia OII
Proiektuaren burua: Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua
Bazkideak:
- Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua
- Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua
Xede-populazioa: Parkinsona duten gaixoak
Gaixotasunarekin lotutako desnutrizioarekin ospitaleratutako pazienteengan burututako esku hartze baten eraginkortasunaren eta kostu-eraginkortasunaren azterketa
Helburua: Ospitaleratutako pazienteei emandako hiru arreta estrategiaren eraginkortasuna eta kostu-eraginkortasuna aztertzea, gaixotasunarekin lotutako desnutrizioari dagokionez, hainbat emaitzaren arabera, esaterako: ospitaleratzearen egun kopurua eta urtebete ospitaleratzearen ostean, heriotza tasa, konplikazioen agerpena, aldaketak pisuan eta nutrizio egoeran, aldaketak egoera funtzionalarekin eta osasunarekin lotutako bizi-kalitatean, berrospitaleratzeak, osasun baliabideen erabilera (lehen mailako arretako kontsultak, ospitalea eta larrialdiak) eta kostuak. Esku hartzeko azterlan bat egin nahi da, hiru adarreko hiru ospitale publikok parte hartuz. Hiru adar horietan, zentro guztietan baheketa nutrizionala burutu ondoren, lehenak barne izango du baheketaren ondoren, gaixotasunarekin lotutako desnutrizioa dutela edo izateko arriskua dutela ikusi den paziente taldeetan nutrizio-hobekuntzarako esku hartzea eta gainerako pazienteen jarraipena; bigarren kohorte/ospitalearen barne egongo dira esku hartzea, izatekotan, pazientearen ardura duten osasun langileek hala eskatuta jaso duten pazienteak; eta hirugarren adar/ospitalean, ospitaleko ohiko jardunbideak jarraituko dira, inolako esku hartze espliziturik gabe.
Ikertzaile nagusia: José María Quintana. Kronikgune
Osasunaren I+G+b erakundea: Kronikgune - Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutua
Xede-populazioa: Desnutrizioarekin ospitaleratutako pazienteak
TELEPOC
Adimen artifizialaren inpaktua (machine learning) BGBK duten paziente berringresatuen telemonitorizazio-programa batean
Helburua: Proiektuaren helburua da Adimen Artifizialeko sistema batek (machine learning) BGBK (Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa) duten paziente berringresatuen telemonitorizazio-programa aktibo batean aplikatzeak duen inpaktua zehaztea. Telemonitorizazio-programak pazienteen kontrolerako erabiltzen ziren sistema tradizionalen ordezkotzat planteatzen dira gaur egun, batez ere gaixotasun kronikoetan, eta pazienteen kontrol-maila hobetzen eta baliabideen kontsumoa optimizatzen lagun dezakete. Teknologia izango da aldaketa horren laguntzapuntu garrantzitsua. Osasun baliabideen erabileran, pazienteen bizi kalitatean, kostuetan, lan kargan eta eguneroko praktika klinikoan zehaztuko dira aldaketak.
Ikertzaile nagusia: Cristóbal Esteban. Biocruces Bizkaia OII
Osasunaren I+G+b erakundea: Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua
Xede-populazioa: BGBK duten pazienteak
B4H
Zauri kronikoen tratamendurako larruazaleko konstruktuak bioinprimatzeko oinarrizko lankidetza ikerketa
Helburua: Proiektuaren helburua da zehaztasuneko teknologia aurreratu berri bat diseinatu eta garatzea, zauri kronikoen erronkari aurre egiteko terapia jasangarria osatuko duten larruazaleko konstruktu funtzionalak batuz fabrikatzeko. Proiektuak jauzi teknologiko nabarmena ekarriko du gaur egungo artearekiko, zauri kronikoen erabileran, apositu tradizionalak eta aurreratuak erabiltzean oinarrituta baitago. Dermiseko baliokideak emanen ditu, zauri kronikoaren ezaugarriekin bat datozen propietate terapeutikoak dituztenak.
Ikertzaile nagusia: Isabel Andia. Biocruces Bizkaia OII
Proiektuaren burua: Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua
Bazkideak:
- Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua
- Tecnalia
- UPV/EHU
- Vicomtech
Xede-populazioa: Desnutrizioarekin ospitaleratutako pazienteak
GHELP
SUDOE (Europako Hego-mendebaldeko Eremuaren Lurralde Lankidetzarako Programa) espazioan haurren entzumengalera goiz detektatzeko berrikuntza sustatzea: diagnostikoko tresna genomikoetan oinarritutako medikuntza pertsonalizaturantz. GHELP proiektua Sudoe eskualde arteko programak ko-finantzatuta dago, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (FEDER) bidez.
Helburua: Proiektuaren helburua da hipoakusia detektatzeko egungo programak hobetzea, diagnostikorako tresna genomiko baten bidez, jarduketa goiztiarragoak egin eta tratamendu pertsonalizatuak garatu ahal izateko.
Ikertzaile nagusia: Xabier Altuna Mariezcurrena Biodonostia OII
Proiektuaren burua: Nafarroako Unibertsitatea
EAEko bazkideak:
- Biodonostia OII / Donostialdeko ESI
Xede-populazioa: Haurrak
RIS3 arloa: Medikuntza pertsonalizatua
TRAINERS
Training intercultural nursing educators and students
Hezitzaileen eta ikasleen kulturarteko prestakuntza
Helburua: Proiektuaren helburua da erizaintzako ikasleen kultura arteko gaitasunak eta trebetasunak garatzen parte hartzen duten hezitzaileentzako trebakuntza-programa bat garatzea. Programa horretan, nazioartean probatu, baliozkotu eta online/mugikorraren bidez egiaztatuta eta luzetarako laguntza erabiliko dira
Ikertzaile nagusia: Elena de Lorenzo Urien Bioaraba OII
Proiektuaren burua: Artesis Plantijn Hogeschool Antwerpen
EAEko bazkideak: Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskola
Xede-populazioa: Erizaintzako hezitzaileak eta ikasleak
TB-MED
Testing bed for the development of safe innovative medical devices
Gailu mediko berritzaile seguruak garatzeko proba-bankua.
Webgunea: https://tbmed.eu
Helburua: Proiektuaren helburua arrisku handiko teknologia medikuak garatzeko enpresa-sarea lagundu eta errazteko Europako plataforma bat (Open Innovation Test Bed) sortzea da.
EOSPren koordinazioa: Lorea Mendoza Arteche BIOEF
Proiektuaren burua: Fundación Cidetec
EAEko bazkideak:
- BIOEF
- Osakidetza
- IIS Biocruces Bizkaia
- IIS Biodonostia
- IIS Bioaraba
- IK4 Cidetec
- AJL Ophtalmic
RIS3 arloa: IKT
JA HEE
Joint action: Health equity Europe
Acción conjunta: Equidad en salud en Europa
Webgunea: https://jahee.iss.it/
Helburua: Proiektuaren helburua zera da: Europako herritarren osasuna eta ongizatea hobetzea eta osasun-emaitzetan ekitate handiagoa lortzea gizarteko talde guztietan, osasunaren determinatzaile sozioekonomikoetan eta bizi-estiloarekin lotutako osasun arloko desberdintasunetan oinarrituta.
Ikertzaile nagusia: Inés Urieta Guijarro Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila
Proiektuaren burua: Istituto Superiore di Sanita
EAEko bazkideak: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
Xede-populazioa: Gizartea, oro har, talde ahuletan eta migratzaileetan ikuspegi berezia jarriz. Ekintza bateratu horretan 25 herrialdetako 25 erakundek hartzen dute parte, dagozkien erakunde afiliatuekin: Italia, Belgika, Bosnia eta Herzegovina, Bulgaria, Kroazia, Zipre, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Grezia, Lituania, Herbehereak, Norvegia, Polonia, Portugal, Errumania, Serbia, Eslovakia, Espainia eta Erresuma Batua.
SCIROCCO EXCHANGE
Personalized Knowledge Transfer and Access to Tailored Evidence-Based Assets on Integrated Care
Ezagutzak modu pertsonalizatuan transferitzea eta arreta integratuan oinarritutako ebidentzian lagundutako neurrira egindako aktiboak eskuratzea
Webgunea: https://www.sciroccoexchange.com/
Helburua: Proiektuaren helburu nagusia osasun arloko eta gizarte laguntzako agintariei laguntza ematea da, bai adopzioan eta baita laguntza integratuko eskalatuan ere.
Ikertzaile nagusia: Esteban de Manuel Keenoy Kronikgune
Proiektuaren burua: NHS24, Eskozia
EAEko bazkideak: Kronikgune eta Osakidetza
SHARP
Joint action to strengthen preparedness in the EU against serious cross-border threats to health and support the implementation of international health regulations
Osasunerako larriak diren mugaz gaindiko mehatxuen aurrean EBren prestakuntza indartzeko eta Nazioarteko Osasun Erregelamendua ezartzen laguntzeko ekintza bateratua.
Webgunea: https://www.sharpja.eu/
Helburua: Proiektuaren helburua da osasunerako larriak diren mugaz gaindiko mehatxuen aurrean EBren prestakuntza indartzea eta Nazioarteko Osasun Erregelamendua ezartzen laguntzea
Ikertzaile nagusia: José Luis Díaz de Tuesta del Arco. Biocruces Bizkaia OII
Proiektuaren burua: Terveyden Ja Hyvinvoinnin Laitos
Euskal bazkideak: Biocruces Bizkaia OII / Bilbao-Basurto ESI
Xede-populazioa: Gizartea, oro har
RIS3 arloa: Gaixotasun infekziosoak
Ekintza bateratu horretan 26 herrialdetako 26 erakundek hartzen dute parte, dagozkien erakunde afiliatuekin: Finlandia, Alemania, Italia, Austria, Bosnia Herzegovina, Kroazia, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Letonia, Lituania, Malta, Herbehereak, Norvegia, Polonia, Portugal, Serbia, Eslovenia, Espainia, Suedia, Erresuma Batua, Irlanda eta Moldavia.
HODI ARTERIALAREN IRAGAZKORTASUNA
B motako peptido natriuretikoa erabiltzea hodi arterialaren iragazkortasunaren diagnostikoan eta pronostikoan jaioberri goiztiarretan
Helburua: Proiektuaren helburua da bi hauen artean lotura bat dagoen edo ez zehaztea da: areagotutako B motako peptido nautriuretikoaren (BNP) plasma-kontzentrazio balioen artean eta jaioberri goiztiarretan hemodinamikaren aldetik esanguratsua den hodi arterialaren iragazkortasuna (DAP-HS) egotearen artean. Eta baita DAP-HS dagoela adierazten duen BNP kontzentrazioa zein den ezartzea ere. Hodi arterialaren iragazkortasuna (DAP) jaiotzatiko kardiopatia da, jaioberri goiztiarretan maizago ematen dena eta bihotzeko gutxiegitasuna sortzen duena. Gainera, gaixotze-tasa altuagoarekin lotuta dago, batez ere birikako gaixotasunetan. Gaixotasun honetan, hurbileko beheranzko aorta birikaarteria nagusiarekin konektatuta mantentzen da jaiotzaren ondoren. Jaioberri goiztiarren artean duen intzidentzia % 20ren eta % 60ren artean dago. DAP diagnostikatzeko ekokardiografia erabiltzen da, hau da, aukerazko froga ez inbaditzailea edo gold estandarra. Hala ere, froga honek baditu hainbat muga, eta beraz, ez da erraza zehaztea DAP hemodinamikaren aldetik esanguratsua den edo ez, tratamendu goiztiarra eskatuko lukeena. Hori dela eta, gaur egun, interes handia dago kostu baxuko tresnak identifikatzeko, aldi berean, pazientearentzat ondoriorik ez dutenak DAP duten jaioberri goiztiarren bihotz gutxiegitasuna diagnostikatzerakoan. Ildo honetatik, azken urteetan, BNPk garrantzia handia hartu izan du bihotz gutxiegitasunaren markatzaile sentikor gisa. Hala ere, gaur egun, ez dago normaltasunaren erreferentzia diren BNP balioak adin pediatrikoan eta hau bezalako ikerketek jaioberri goiztiarren populazioan BNPrako normalak diren balio barruti bat ezartzen lagunduko dute.
Ikertzaile nagusia: Elena Vera de Pedro. Bioaraba OII
Proiektuaren burua: Bioaraba OII // Arabako ESI (Osakidetza)
Bazkideak:
- Biocruces Bizkaia OII // Ezkerralde-EnkarterriGurutzetako ESI eta Bilbao Basurtoko ESI
- Biodonostia OII // Donostialdeko ESI
Xede-populazioa: Jaioberri goiztiarrak
Ikus ezazu nabarmendutako proiektu gehiago
Ezagutu itzazu garatzen ditugun beste proiektu batzuk.
Azken aldaketako data: