Euskararen erabilera Osakidetzan
Komunikazioa tresnarik garrantzitsuenetako bat da jarduera asistentzialean; beraz, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea.
Kalitatezko zerbitzua ematea eta hizkuntza-eskubideen errespetatzea printzipio gisa hartuta, 67/2003 Dekretuan euskararen normalizaziorako lehentasunak eta oinarriak ezarri ziren, eta, ordutik, Osakidetzan euskararen presentzia eta erabilera zabaltzeko irizpide eta neurriak abiatu dira euskara-planen bitartez. Une honetan Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko (2022-2028) III. Plana dago indarrean.
Zeintzuk dira zure hizkuntza-eskubideak?
Euskadiko herri-administrazioekiko harremanetan euskaraz jarduteko eta arreta euskaraz jasotzeko eskubidea duzu. Hori Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legean onartu zen esplizituki, eta, ondoren, Osakidetzari aplikatzekoak zaizkion hainbat lege-xedapenetan azaldu da:
- Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 67/2003 Dekretua
- Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko 123/2008 Dekretua
- Euskadiko osasun-sisteman pertsonen eskubideen eta betebeharren adierazpena onartu zuen 147/2015 Dekretua
Halaber, Europako Kontseiluak hizkuntza-eskubideen aitortza egin zuen 1992an, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunean.
Osakidetzan, nola erregistra dezakezu zure lehentasunezko hizkuntza?
Osakidetzan aukera daukazu harremanak EAEko zein hizkuntza ofizialetan nahiago dituzun erregistratzeko. Horretarako, 3 bide dituzu:
- Osasun-zentroko harrera-zerbitzuan
- Kontsultan
- Osasun Karpetaren bidez.
Nola aukera dezakezu mediku, erizain edo emagin euskalduna?
Mediku, erizain edo emagin euskalduna nahi baduzu, osasun-zentroko harrera-zerbitzuan kontsulta dezakezu aldatzeko aukera.
Nola daude identifikatuta zerbitzu eta profesional euskaldunak?
Osakidetzak identifikazio-ikur bat dauka (e bat) euskaraz zein zerbitzutan eta zein profesionalekin egin daitekeen erraz ikusteko.
Ikur hori ikusten duzunean, egizu beti euskaraz.
Nola jar dezakezu kexa bat edo iradokizun bat hizkuntzaren erabilera dela eta?
Euskararen erabilera dela-eta kexaren bat jarri edo hobetzeko proposamen bat egin nahi baduzu, osasun-zentroko edo ospitaleko Pazienteak eta Erabiltzaileak Artatzeko Zerbitzura (PEAZ) jo dezakezu.
Euskara-titulurik eskatzen al da Osakidetzan aritzeko?
Hainbat lanpostutan (derrigortasun-data dutenetan), beharrezkoa da euskara-titulua:
- Arlo sanitarioko lanpostuetan, B2
- Besteetan, B1, B2, C1 edo C2, titulazioaren arabera
Zer laguntza-tresna dago Osakidetzan euskaraz lan egiteko?
Osakidetzak askotariko tresnak jartzen ditu arlo sanitarioko profesionalen esku, pazienteak euskaraz artatu eta eguneroko lanean euskaraz ari daitezen. Adibidez, badira hainbat arlo profesionaletako euskarazko gidaliburuak, hiztegi terminologikoak, testu klinikoetan espezializatutako itzultzaile automatiko neuronala, eta abar.
Osasun-eremuko euskal testuak estilo homogeneoan idazteko, Osakidetzaren euskarazko estilo-liburua dago.
Azken aldaketako data: