Erresonantzia magnetikoa
Zertan datza?
Erresonantzia magnetikoa gorputzaren irudiak lortuz diagnostikatzeko balio duen teknika bat da. Irudiak potentzia handiko iman baten bitartez lortzen dira, irrati-maiztasun uhinak erabilita.
Gaur egun dauden beste teknika batzuen aldean, bere abantaila da ez duela X Izpirik erabiltzen.
Erresonantzian ez da inolako ondorio kaltegarririk ezagutzen. Hala ere, ez da gomendatzen haurdun dauden pazienteetan erabiltzea, ezinbestean ez bada behintzat.
Probaren garapena
Zentrora iristen zarenean zure datu pertsonalak eta txostenak eskatuko zaizkizu eta segurtasun-galdetegi bat betetzeko eskatuko dizute.
Proba egin aurreko momentuan, kabina batera eramango zaituzte eta bertan utzi ahal izango dituzu zure objektu pertsonalak eta erakutsiko dizute aldagela. Erresonantzia-gelan zaudenean, osasun-langileak mahai baten gainean ipiniko zaitu jarrera egokian. Etzandakoan, ziurtatu egin behar duzu ahalik eta jarrera erosoenean zaudela.
Aztertuko zaizun gorputz-aldean gailu batzuk ipini ohi dira (antenak) eta haien xede bakarra da lortu nahi ditugun irudiek ahalik eta kalitate onena izatea.
Mahaia imanaren barrurantz labainduko da eta orduan hasiko da miaketa.
Zer sentituko dut?
Azterketa EZ DA MINGARRIA. Hala ere, miaketan zehar intentsitate-maila desberdinetako soinuak entzungo dituzu, ezatseginak izan daitezkeenak. Normala da, ez zaitez kezkatu. Eremu magnetikoak sorrarazitakoak dira, eta irudiak lortzeko beharrezkoak. Osasun-langileak tapoi edo aurikular batzuk eskaini ahal izango dizkizu soinu hori arintzeko.
Zer egin behar dut nik?
Ezinbestekoa da zure lankidetza: geldi-geldi egon behar duzu, lasai arnas hartu eta arreta ematen ari zaizun langilearen jarraibideak bete.
Probaren iraunaldia
Ohi denez, 20 - 60 minutu irauten ditu miaketak, aztertu beharreko gorputz-aldearen arabera, ez ordea gaixotasunaren larritasunaren arabera.
Eta zerbait gertatzen bazait, abisatu dezaket?
Bai, jakina, erresonantziako langileak beti egongo dira zuregandik oso gertu.
Miaketan zehar osasun-langileek kristalezko leiho batetik eta telebista-pantaila batetik behatuko zaituzte. Aretoaren barruan dauden bozgorailuen bitartez jarriko dira osasun-langileak zurekin kontaktuan eta entzun egingo dizute. Gainera, txirrin bat izango duzu eskuan osasun-langileei abisatu ahal izateko, miaketan zehar arazoren bat sortzen bazaizu.
Jan edo edan dezaket proba egin aurretik?
Ez da beharrezkoa baraurik etortzea, hitzordua eman dizutenean kontrakoa propio adierazi ez badizute behintzat. Medikazioa har dezakezu medikuak aginduta bada. Bizitza normala egin dezakezu miaketaren aurretik eta ondoren.
Probari buruz
Zer arrisku ditu?
Batzuetan, pazienteari zainetatik sustantzia bat sartu behar zaio (kontrastea): egitura desberdinen irudiak hobetzeko erabiltzen da, baita diagnostiko batera iristeko posibilitateak handitzeko ere. Substantzia hori gadolinioa izan ohi da, eta ez dauka iodorik.
Paziente gutxi batzuek alergia-erreakzioak izan ditzakete hartutako farmakoa hartu ondoren, baina oso gutxitan izan daitezke larriak. Dena den, jakin behar duzu arrisku hori badela eta, horregatik, segurtasuneko galdera-sortan zure baimena eskatzen dugu.
Hartu behar dut neurririk?
Klaustrofobikoa bazara eta aparatuaren barruan antsietatea sentitu zenezakeela uste baduzu, mesedez, jakinarazi zentroko langileei proba egin aurretik. Miaketa batzuk diseinu zabalagoa duen erresonantzia-aparatu batean egin daitezke.
Beste aukera bat litzateke zure medikuari eskatzea lasaigarriren bat errezetatzeko hitzorduaren egunerako.
Segurtasun-galdetegia betetzean, erresonantziako proba egin aurretik, garrantzizkoa da OSATEKeko langileei ohartaraztea hemen aipatzen diren objektuetakoren bat badaramazu:
- BIHOTZ TAUPADA-MARKAGAILUA, ELEKTRODO kardiakoak edo zerebralak.
- KLIP BASKULARRAK (aneurismak)
- GAILU ELEKTRONIKOAK ezarrita (neuroestimulatzaileak, infusio-ponpak, belarri-protesiak, kokleako inplantea, DAI, larruazalpeko Holter-a)
- STENT-AK (kateterismoa).
- BIHOTZ-BALBULA ARTIFIZIALA, AORTAKO PROTESIA, HODI BARNEKO FILTROAK.
- KATETERRA bide zentralekoa (Swan-Ganz edo Bovriac motakoa, PICC, erdiko lerroa, erreserborioa)
- OBJEKTU METALIKOAK BEGIAN (ebakuntzengatik edo istripuengatik txirbilekin / puska metalikoekin)
- PUSKETA METALIKOAK (torlojuak, iltzeak, plakak, metraila eta abar)
- PROTESIAK (artikulazioak, hortzetakoak, bularretakoak, bular-hedagailua)
- TATUAJEAK edo PIERCINGAK.
Aretoan sartzean, ez eraman gainean objektu metalikorik; hondatu egin daitezke, irudien kalitatea txarragoa izatea eragin dezakete eta batzuk arriskutsuak izan daitezke.
Haurdunaldia: Ez da erresonantziaren inolako ondorio kaltegarririk ezagutzen fetuan. Hala ere, ez da gomendatzen haurdun dauden pazienteetan egitea, ezinbestean ez bada behintzat. Mediku espezialistek aztertuko dute kasu bakoitza.
Edoskitzaroa: Ez dago frogarik gadolinio-kontrasteek edoskitzaroan ondorio kaltegarriak izan ditzaketela egiaztatzen duenik. Hala ere, edoskitzaroan bazaude eta proba egiteko nahitaez kontrastea sartu behar badizute, aldez aurretik eskatu informazioa segurtasun-gomendioei buruz; Osatek-eko langileek emango dizute informazio hori.
Giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa baldin baduzu eta/edo dialisian bazaude, jakinarazi ezazu hitzordua duzunean.
Azken aldaketako data: