Osasun-karpeta
Zure Osasun-karpetara sartzen gonbidatzen zaitugu. Osakidetzak 16 urtetik gorakoen eskura jartzen duen informazio-tresna digitala da, eta bertan historia klinikoa kontsultatu eta aberastu dezakezu, baita elkarreraginak izan ere. Hori guztia nonahi eta noiznahi, baina beti modu seguruan.
Honako hauek egin ahalko dituzu:
- Oraintsuko jarduera edo egiteke duzuna azkar ikusi: azken analisiak edo txostenak, hurrengo zitak, tratamendu aktiboa eta egiteke dituzun zereginak (jarraipen-programaren batean parte hartzen ari bazara).
- Filiazio-datuak ikusi: zure datuak kontsultatu ditzakezu eta telefono-zenbakia edota helbide elektronikoa eguneratu.
- Txostenak kontsultatu eta deskargatu: ospitale-altakoak, kirurgikoak, analisietakoak, erradiologiakoak, anatomia patologikokoak eta Lehen Mailako Arretakoak (aurretik eskatuta), baita egindako beste proba batzuenak ere (endoskopiak, dentsitometriak...).
- Historia farmakologikoa ikusi, preskripzioak barne, eta tratamendu aktiboaren orria deskargatu. Sintrom hartzen ari direnek tratamenduaren pauta ere deskarga dezakete.
- Txertaketa-historia, proba erradiologikoen erradiazioekiko esposizio-maila (OTA) eta alergien historia ikusi, baita historiaren laburpena QR formatuan ere.
- Kirurgiako itxarote-zerrendan baldin bazaude, interbentzioaren datari buruzko informazioa ikus dezakezu edota interbentzioa programatzeke dagoen, besteak beste. Horrez gain, posta elektroniko bidez Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzuarekin harremanetan jar zaitezke informazioa eskatzeko.
- Lehen Mailako Arretako profesionalekin zita eskatu, zure identifikazio-datuak berriro idatzi beharrik gabe. Gainera, osasun-profesionalekin dituzun hurrengo zitak kontsultatu eta deskargatzeko aukera izango duzu.
- Osakidetzaz kanpoko txostenak gehitu (enpresaren bidez egindako azterketa medikoak, analisiak…) PDF formatuan.
- Profesional sanitarioekin elkarreraginean aritu, arreta ez-presentzialeko kanal hauen bidez: Nire egunerokoa (pazienteak bere historia klinikoan idazten dituen oharrak), Pazientearentzako mezuak (profesionalek pazienteei bidalitako abisuak, posta elektronikoz Osasun-karpetara sartzeko aukerarekin) eta pazienteak profesionalei zalantzak bidaltzeko aukera.
- Jakinarazpenak jaso, koloneko, bularreko edota umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programei buruz, eta egindako proben txostenak ikusi.
- Aurretiazko Borondateen Agiria (ABA) ikusi, eginda izanez gero.
- Hirugarrenen karpetarako sarbidea, dagokion eskaera egin ondoren.
- Esteka interesgarrietarako sarbidea, baita kanpaina, ohitura osasungarriak sustatzeko ekimen eta abarretarako ere.
Oraindik ez bazara Osasun-karpetara sartu, informazio gehiago eska dezakezu osasun-zentroan.
Kartela
Triptikoa
Azken aldaketako data: