Osasun Publikoko Zuzendaritzaren oharra Andaluziako listeriosi-agerraldiari buruzkoa
Listeriosia normalean kasu soltetan agertzen da. Maila epidemiologikoan, aipagarria da gizakien artean modu bertikalean transmititu ahal dela, baina azken urteotan agerraldi garrantzitsu batzuk izan dira elikagaien bidez transmititu delako.
Listerosia Listeria monocytogenes bakteriak eragiten du. Bakteria honek nolabaiteko gaitasuna du inguru azidoan nahiz gatz-kontzentrazio altutan bizirik irauteko. Tenperatura baxutan hazi egiten dira, baita izozte-tenperaturatik behera ere.
Listeriosiak sukar pixka bat eragiten du, baina meningoentzefalitisa, septizemia edo biak eragin ahal dizkie jaioberri nahiz helduei, eta haurdun dauden emakumeek umea galtzea ere eragin dezake. Meningoentzefalitisa (ezohikoa haurdun dauden emakumeen artean) bat-batean has daiteke, eta subakutua izan daiteke batez ere immunodepresioa dutenen eta adineko pertsonen artean. Oinarrizko beste gaixotasunik ez duten pertsonen artean, sukar arineko koadro akutu bat baino ez du eragiten, batzuetan gripearenaren antzekoa. Inkubazio-aldi aldakorra du, 3 eta 70 egun bitartekoa, baina 21 egunekoa izaten da batez beste.
Gaixotasun hau hartzeko joera handiagoa dute (arrisku-taldeak) fetuek eta jaioberriek, adineko pertsonek, immunodeprimituek, haurdun dauden emakumeek eta bestelako nahasmenduak (alkoholismoa, zirrosia, diabetesa, neoplasiak, etab.) dituzten pazienteek. Ume eta gazteengan eragiten duen koadroa adineko pertsonena eta immunodeprimituena baino arinagoa izaten da.
Transmisio-iturri nagusia kutsatutako elikagaiak izaten dira batik bat, normalean kontsumitu baino lehen termikoki tratatu ez direnak (okelak, gaztak, pateak…).
Abuztuaren 16an Zaintza Epidemiologikorako Sareari jakinarazi zioten Andaluzian listeriosi-agerraldi bat izan zela, “La Mechá” markako haragi metxatuaren kontsumoari lotuta.
Egun horretatik aurrera, elikagaien inguruko alerta sistema jaki horren banaketaren eta birbanaketaren inguruko datuak eguneratzen ari da. Momentuz ez dago Euskal Autonomia Erkidegoan banatu izanaren daturik.
Opor garaian gaudenez, herritarrak lekualdatu egiten direnez eta listeriosiaren inkubazio-aldia luzea denez, ezin da ziur esan ez dagoenik Andaluziara bidaiatu eta agian produktu hori kontsumitu ondoren itzultzean sintomak izango dituen inor. Bestalde, ezin da ziurtatu partikularrek produktu hori ekarri eta etxean kontsumitu ez dutenik.
Horregatik gogorarazi nahi dugu listeriosia nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna dela, eta susmorik izanez gero berehala jakinarazi behar zaiola zaintza epidemiologikorako sistemari, kasua lehenbailehen ikertzeko.
Egoera honen garrantzi mailan aldaketarik izanez gero, horren berri emango da.
Azken aldaketako data: