Euskararen erabilera Osakidetzan
Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko (2022-2028) III. Planaren oinarri diren printzipioen artean daude hizkuntza-eskubideen errespetua eta zerbitzuaren kalitatea hobetu nahia. Komunikazioa da tresnarik garrantzitsuena jarduera asistentzialean, beraz eztabaidaezina da zerbitzuaren kalitatearen bermea dela paziente eta erabiltzaileei bermatzea erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialaren erabilera.
Herritarren eta Osakidetzaren arteko harremanetan, herritarrek dituzten hizkuntza eskubideen inguruko informazio interesgarria aurkituko duzu atal honetan. Eskura dituzu, besteak beste, legedia, profesional elebidunak aukeratzeko jarraibideak edo kexak aurkezteko prozedura.
Zure interesekoa izan ahal da...
…lehentasunezko hizkuntza erregistratzea
Osakidetzak ahozko harremanetarako lehentasunezko hizkuntza (euskara ala gaztelania), erregistratzeko aukera ematen dizu. Horretarako, hiru aukera dituzu:
- Zure osasun zentroko Pazienteak Artatzeko Eremuan eskatu.
- Erizainaren edo medikuaren kontsultan adierazi.
- Etxetik, Osasun Karpetaren bitartez Sartu...
…profesional elebiduna aukeratzea
Ahal den neurrian, profesional elebidunak esleituko zaizkie lehentasunezko hizkuntzatzat euskara aukeratu duten pertsonei, hala nahi badute. Beraz, kontsultatu zure osasun zentroan profesional elebidunen eskaintza, eta horietako bat esleitzeko aukera. Gogoratu edozein izapide egiteko, txartel sanitarioa aurkeztu behar dugula.
… kexa bat jartzea
Zure hizkuntza-eskubideak urratuak izan direla uste baduzu, kexa bat jar dezakezu. Horretarako, hainbat bide dituzu:
- Entregatu zure idazkia Osakidetzako edozein osasun zentroko Pazienteak Atenditzeko Eremuan.
- Zure kexa Elebidera bidal dezakezu, Hizkuntza Eskubideen Bermerako Zerbitzura, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzara atxikia. Sartu...
- Hizkuntza Eskubideen Behatokian ere aurkez dezakezu. Sartu...
Erabiltzen duzun bidea erabiltzen duzula, dagokion zerbitzuak jarritako erreklamazioaren berri izango du, eta irtenbidea emateko neurriak jarriko dira.
Ohiko galderak
Nola eska dezaket dokumentazio klinikoa euskaraz?
Osakidetzako II. Euskara Planean jasota dago beharrezkoak diren neurriak abiatu beharko direla historia kliniko elebiduna izateko. Hori dela eta, arian-arian, posible izango da gure historia klinikoan dagoen dokumentazio klinikoa euskaraz jasotzea.
Zure historia klinikoan jasota dagoen dokumentu bat behar baduzu, eta euskaraz nahi baduzu, jo ezazu dagokion Osakidetzako zentrora, eta bertan azalduko dizute nola egin eskaera idatziz. Ezarritako epean, eskatutako dokumentazioa izango duzu, euskaraz.
Nola identifikatzen dira zerbitzu elebidunak?
Osakidetzak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu guztiak ez daude prestatuta oraindik zerbitzu elebiduna emateko. Horregatik, prest daudenak identifikatzea garrantzitsua dela deritzogu.
ikurra ikusten duzun Osakidetzako zerbitzu guztietan, aukeratu duzun hizkuntza ofizialean atenditzeko moduan daude. Ikur hori hainbat formatutan dago eskuragarri, beraz karteletan, mahai-gaineko euskarrietan, direktorioetan… ikus daiteke. Halaber, langile elebidunak ere ikur horrekin identifikatzen dira, beraz, haien laneko arropatan ere ikusiko duzu. Hurrengo estekan identifikazio-eskuliburua kontsultatu dezakezu; bertan jasotzen dira langile, zerbitzu eta abarrak identifikatzeko formatuak:: Esteka...
Gure zentroetan, ondoren dituzun kartelen bitartez jakinarazi nahi diegu herritarrei nola identifikatzen diren zerbitzu eta profesional elebidunak: Kartelak...
Zure eskubideak
Uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuan, Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena, 4.n artikuluan ezartzen da, osasun-egiturekiko harremanetan, autonomia-erkidegoan ofizialak diren hizkuntzetako edozein erabiltzeko eskubidea bermatua izango dela, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legean (6/2003 Legea, 2003ko abenduaren 22koa) eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuaren euskararen erabilera normalizatzeko 2003ko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
Legedia
- II. Eranskina – Derrigortasun datadun lanpostuak. Osakidetzako Administrazio Kontseiluak 2022ko maiatzaren 13an onartutako gaurkotzea
- Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plana 2013-2019, Administrazio-Kontseiluaren Akordio bidez onartua 2013ko abenduaren 3an. Oinarrian, ondoren aipatuko diren hainbat arau ditu.
- 2017ko uztailaren 20ko Akordioa, Osakidetzako Administrazio Kontseiluarena: II Euskara Planaren 5.4.f eta 5.4.i artikuluen eguneraketa
- 67/2003 Dekretua, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko; besteak beste, hizkuntza-eskakizunen esleipena arautzen da bertan
- Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Karta
- Pertsonen Eskubideak eta Betebeharrak Euskadiko osasun-sisteman
Azken aldaketako data: