Osasun Karpeta erabiltzeko terminoak eta baldintzak

Xedea

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua (aurrerantzean, Osakidetza) Zuzenbide Pribatuko Ente Publiko bat da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari atxikia, eta Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-zerbitzuak ematea du helburu, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak, ekainaren 26koak, eta Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretuak, azaroaren 11koak, xedatutakoarekin.

  • Klausula hauen xedea da Osakidetzaren Osasun-karpeta elektronikoa (aurrerantzean, “OSASUN-KARPETA”) erabiltzeko baldintza orokorrak ezartzea, bai web-nabigatzaileentzat garatutako bertsioan, bai gailu mugikorretan instala daitekeen App-aren bertsioan. Osakidetzak 16 urtetik gorako pertsonen eskura jartzen duen tresna digital gisa definitzen da OSASUN-KARPETA, eta, bertan, zure historia klinikoa kontsultatu, harekin elkar eragin eta hura aberastu dezakezu, edozein lekutan eta edozein unetan eta, betiere, modu seguruan.

OSASUN-KARPETA Osakidetzaren jabetzakoa da guztiz.

OSASUN-KARPETAren bidez, behar bezala egiaztatutako erabiltzaileak honako hauek egin ditzake:

  • Azkar batean bistaratu oraintsuko jarduera edo egiteke dagoena, azken analisiak edo txostenak, etorkizuneko hitzorduak, tratamendu aktiboa eta, jarraipen-programa batean egonez gero, egiteke dauden zereginak.
  • Filiazio-datuak ikusi; pazientearen oinarrizko datuak erakusten dira, bai eta esleitua duen osasun-profesionala ere. Gainera, erabiltzaileak berak egunera ditzakeen eremuak erakusten dira, hala nola telefonoa eta posta elektronikoa.
  • Bere txostenak kontsultatu eta deskargatu: ospitaleko altak, kirurgia, analitika, erradiologia, anatomia patologikoa, lehen mailako arretakoak (aldez aurretik eskatuta) eta egindako beste proba batzuk (endoskopiak, dentsitometriak...).
  • Bere historia farmakologikoa eta preskripzioak ikusi, eta tratamendu aktiboaren orria deskargatu. Sintroma hartzen ari diren pazienteek tratamenduaren jarraibidea ere deskarga dezakete.
  • Honako hauek ikusi: txertaketaren historia, proba erradiologikoetako (OTA) erradiazioekiko esposizio-maila, alergien historia edo historiaren laburpena QR formatuan.
  • Kirurgiako itxarote-zerrendan sartu ondoren, horri buruzko informazioa ere agertzen da: ebakuntzaren data, ebakuntza aurreko data, eta abar. Halaber, leiho horretatik bertatik informazioa eska dakioke Pazientearen Arreta Zerbitzuari, mezu elektroniko bat bidalita.
  • Lehen Mailako Arretako profesionalekin hitzordua eskatu, berriro identifikatu beharrik izan gabe. Gainera, osasunaren arloko profesionalekin etorkizunean izango diren hitzorduak elektronikoki kontsulta eta deskarga daitezke.
  • Ohiko patologia edo arazoei buruzko informazioa eskuratu, eta intereseko esteketara sarbidea izan.
  • Osakidetzatik kanpoko txostenak sartu, PDF formatuan.
  • Osasun-arloko profesionalekin elkarreraginean aritu, arreta-kanal ez-presentzialen bidez, hala nola: Nire egunerokoa (pazienteak bere historia klinikoan egiten dituen oharrak), eta Pazientearentzako mezuak (profesionalek e-mail bidez bidaltzen dituzten abisuak, pazientea osasun-karpetara sar dadin), eta profesionalei zalantzak bidali egoera jakin batzuetan.
  • Koloneko, bularreko eta umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programekin lotutako push jakinarazpenak jaso, bai eta egindako proben txostenak ikusi ahal izan ere.
  • Aurretiazko Borondateen Agiria (ABA) bistaratu, eginda izanez gero.
  • Hirugarren pertsonen karpetara sartu ahal izan, aurreikusitako kasuetan eta dagokion eskaera egin ondoren.
  • Esteka interesgarrietara sartu: kanpainak, ohitura osasungarrien sustapena...
  • Tutoretza-fundazioek, eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren, tutoretzapeko pertsonen (legez ezinduak) karpetetara sartu ahal izateko baimen berezia.

Osasun-Karpetara sartzea eta arauak onartzea

OSASUN-KARPETARA sartzeko, erabiltzaileak identifikatu egin behar du bere burua, baimendutako sistema hauetako baten bidez:

  • Izenperen BakQ sistema.
  • Onartutako ziurtagiri elektronikoak.

Erabiltzaileak adierazten du 16 urtetik gorakoa dela, eta baldintza orokor hauek betetzea onartzen eta baimentzen du. Era berean, berariaz eta salbuespenik gabe onartzen eta baimentzen du bere erantzukizun bakarraren eta esklusiboaren pean atzitu eta erabiliko duela OSASUN-KARPETA, eta, hala badagokio, haren edukiak, eta erabilera horren ondoriozko eragiketak ere bere gain hartuko dituela.

Baldintza hauen amaieran dagoen “Onartu” botoian sakatuz gero, erabiltzaileak adierazten du dokumentu honetan jasotako guztia irakurri duela eta bertan xedatutako guztia betetzea onartu duela.

Erabilera-baldintza hauek OSASUN-KARPETArako sarbidea eta haren erabilera arautzen dituzte, bai eta bertan agertuko diren edo OSASUN-KARPETAren erabiltzaileen eskura jarriko diren edukiak ere.

Erabilera-baldintza hauetan xedatutakoaren ondorioetarako, edukitzat hartzen dira testuak, diseinuak, aurkibideak, formak, argazkiak, bideoak, audioa, irudiak, txostenak, iritziak eta, oro har, OSASUN-KARPETAren bidez erreproduzitu, banatu eta eraldatu daitekeen edozein informazio.

Edozein dokumentu, testu, irudi, bideo edo informazio jarri izanaren erantzukizuna jarri duenarena soilik izango da. Dokumentu, testu, irudi, bideo audio edo beste edozein informazioren bat jartzen den unetik, ulertuko da hura helarazi duenak uko egiten diela dokumentazioaren edo informazioaren gainean duen jabetzari dagozkion eskubideei, halakorik izanez gero.

Era berean, jabetza intelektual edo industrial bat aitortuta daukaten dokumentu, testu, irudi, bideo, audio edo beste edozein informazio haien egileen borondatearen aurka jartzearen erantzukizuna, beti eskatuko zaio jabetza-erregimenaren aurkako ekintza egin duenari.

Kasu honetan, indarrean dagoen legedia hautsi dela atzemanez gero edo legez kanpoko edozein ekintza egin dela jakinez gero, Osakidetzak eskubidea du agintari eskudunei hori jakinarazteko eta haiekin lankidetzan aritzeko, eta OSASUN-KARPETAtik ezabatu eta/edo kendu ahal izango du lege-haustea eragin duen edukia.

Arauak aldatzea

Osakidetzak eskubidea du Erabilera-baldintza hauek edozein unetan berrikusteko eta aldatzeko, besteak beste, arrazoi legalengatik, teknikoengatik edo OSASUN-KARPETAn izandako aldaketengatik, bai eta erabaki korporatiboek eragin ditzaketen aldaketengatik ere. Hori gertatzen denean, baldintza berriak OSASUN-KARPETAn argitaratuko dira, eta erabiltzaileak karpeta erabiltzen jarraitzen badu, aldaketak onartzen dituela ulertuko da. Erabiltzailea ez badago ados egindako aldaketekin, utzi egin beharko dio OSASUN-KARPETA erabiltzeari.

OSASUN-KARPETAko zenbait eduki eskuratu eta hainbat funtzionaltasun erabili ahal izateko, baliteke Baldintza bereziak bete behar izatea; kasu horietan, Baldintza berezi horiek erabilera-baldintza hauek ordeztu, osatu edota aldatuko lituzkete.

Datu pertsonalak jaso eta tratatzeari, eta datu horien gaineko eskubideak erabiltzeari dagokionez, araudi aplikagarrian eta erabilera-baldintza hauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

App-ra gailu mugikorren bidez sartzea

OSASUN-KARPETAra web-nabigatzaile bidez sartu ahal izateaz gain, gailu mugikorretarako App bidez sar daiteke. Aukera hori izango du aplikazioa deskargatzeko erabilgarri dauden mekanismoen bidez, eta beharrezko baimenak onartu ondoren, bere gailuan aplikazio hori instalatu duen erabiltzaile orok. Mekanismo horien artean, besteak beste, merkatuan ohikoenak diren plataformek beren erabiltzaileen eskura jartzen dituzten App dendak daude.

Erabiltzailearen gailuan honako baimen hauek gaitu behar dira OSASUN-KARPETAra sartzeko:

  • Jakinarazpenak onartzea (push).
  • Biltegiratzea / Gailuaren biltegiratze espaziora sarbidea izatea, Osakidetzaren plataformara kanpoko txostenak igo ahal izateko.

Sarbide-Profilak

OSASUN-KARPETAn sarbide-profil hauek daude:

  • Titularra: 16 urtetik gorako erabiltzailea. Haren izenean dago Osasun-karpeta.
  • Baimendutako pertsona: beste titular baten osasun-karpetara sartzeko legez gaitutako hirugarren pertsona. Bere karpetan dituen funtzionalitate berberak izango ditu, baina ezingo da sartu Aurretiazko Borondateen Agirira.
  • Osakidetzako osasun-profesionalak: titularraren osasun-erreferenteak.
  • Osasun-karpetaren kudeatzaileak: zerbitzu horren funtzionamendu egokia kudeatzen duten Osakidetzako erreferenteak.

Konfidentzialtasuna

Osakidetzak eta bere profesionalek, bai eta OSASUN-KARPETAren funtzionamenduarekin eta helburuekin zerikusia duten jardueretan esku hartzen duten beste edozein erakundek eta langilek ere, konfidentzialtasuna gorde behar dute, indarrean dagoen legeriaren arabera, eskura dituzten datu pertsonalei dagokienez.

Pribatutasun-Politika eta datu pertsonalen babesa

Erabiltzaileei jakinarazten zaie Osakidetzak jarraian adierazten den bezala tratatuko dituela haien datuak.

OSASUN-KARPETA erabiltzeko, informazioak eskatuko zaizkio erabiltzaileari, hura zuzenean identifikatzeko.

Osakidetzak beharrezko neurriak hartu ditu datu pertsonalak baimenik gabe aldatzea, galtzea, tratatzea edo eskuratzea saihesteko, teknologiaren egoera une oro aintzat hartuta. Hala ere, erabiltzaileak jakin behar du Interneteko segurtasun neurriak ez direla gaindiezinak.

OSASUN-KARPETAren erabiltzaileen datu pertsonalak tratatzeari dagokionez, jarraian, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) 13. artikuluan eskatzen den informazioa jasotzen da (2016/679 [EB] ERREGELAMENDUA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa):

Datuak babesteari buruzko informazio osagarria
Tratamenduaren izena HISTORIA KLINIKOA
Tratamenduaren arduraduna eta harremanetarako datuak

Osakidetza / Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza

  • Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz

Osakidetzako Datuak Babesteko ordezkaria:

Tratamenduaren xedeak Pazientearen historia klinikoa izatea, haren jarraipena egin ahal izateko; asistentzia-jarduna kudeatzea; gaixotasun-tasei buruzko azterketak egitea; finantza-kudeaketa; irakaskuntza; estatistika kopurua eta ikerketa sanitarioa.
Datuak gordetzeko epea Gutxienez: episodio asistentzialaren alta jaso denetik 5 urte. Agiri Klinikoak Baloratzeko, Aukeratzeko eta Garbitzeko Batzordeak (AKBAGABA) ezartzen duenaren arabera.
Tratamenduaren oinarri juridikoa Zeregin bat betetzea interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzeko, ekainaren 26ko 8/1997 Legeari (Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoa) eta martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuari jarraikiz (historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa).
Hartzaileak
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila
  • Osasun Ministerioa
  • GSIN
  • Agintari judizialak
  • Aseguru-etxeak, legezko xedapenen arabera
  • Eremu soziosanitarioa
Eskubideak baliatzea Interesdunak datuetara sartzeko eta horiek zuzendu edo ezabatzeko, eta tratamendua mugatzeko edo horri uko egiteko eskubideak baliatu ahal izango ditu idatzi bat bidalita, Osakidetza - Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz helbidera, non NANaren edo beste nortasun-dokumentu baliokide baten kopia erantsi behar den.
Interesdunak eskubidea du erreklamazioa Datuak Babesteko Euskal Bulegoan aurkezteko ere.
Datuen jatorria eta kategoriak Datuak interesdunak berak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako langile sanitarioek eman dituzte.
Datuak: identifikazio-datuak; ezaugarri pertsonalei buruzko datuak, osasun-datuak.

Bestalde, datu pertsonalak biltzen zaizkien pertsonek Datuak Babesteko ordezkariarengana jo dezakete, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan erreklamazio bat aurkeztu aurretik, tratamenduaren ardura duen organoaren edo arduradunaren aurka.

Osakidetza Erakunde Publikoaren esparruan, datu pertsonalak babestearekin lotutako beste alderdi interesgarri batzuei buruzko informazioa aurki daiteke, webgune honetan:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/osakidetza-eus/-/datu-pertsonalen-babesa-osakidetzan/

Cookien erabilera aplikazioaren web-bertsioan

Cookieak web-orrien bidez zure gailuan instala daitezkeen fitxategiak dira. Erabilgarriak dira informazioaren gizarteko zerbitzuak emateko. Esate baterako, web-orri batek erabiltzailearen edo haren ekipoaren nabigazio-ohiturei buruzko informazioa (bisitatutako orrialde kopurua, hizkuntza lehenetsia, etab.) gordetzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute, eta, lortutako informazioaren arabera, erabiltzailea ezagutzeko eta hari eskainitako zerbitzua hobetzeko erabil daitezke.

Cookieak “norberarenak” eta “hirugarrenenak” izan daitezke, cookie horiek kudeatzen dituen erakundearen arabera; nabigatzailean irauten duten denboraren arabera, berriz, “saiokoak” edo “iraunkorrak” izan daitezke. Azkenik, lortutako datuei ematen zaien tratamenduaren helburuaren arabera, cookie mota hauek bereizten dira: cookie teknikoak, pertsonalizatze-cookieak, cookie analitikoak, publizitate-cookieak eta portaeran oinarritutako publizitate-cookieak.

Osakidetzak ziurtzat jotzen du cookieak erabiltzea onartzen duzula. Hala eta guztiz ere, bere webgunean ikusgai du cookien politikari buruzko informazioa. Informazio horren aurrean, aldatu egin dezakezu zure nabigatzailearen konfigurazioa: zure ekipoan instalatutako cookieak baimendu, blokeatu edo ezabatu ditzakezu, nabigatzailearen aukerak konfiguratuta edo gure webguneetara sartzeko erabiltzen duzun ekipoaren pribatutasun-aukerak baliatuta. Zure nabigatzailean cookieak instalatzeko baimenik ematen ez baduzu, baliteke webgune honetako atalen batera sartu ezin izatea.

Era berean, honako tresna hauen bidez kudea ditzakezu cookieak zure nabigatzailean:

  • Ghostery -> www.ghostery.com/
  • Your online choices -> www.youronlinechoices.com/es/

Erabilitako cookieak:

Izena Mota Jabea Erabilera Iraupena
GUEST_LANGUAGE_ID Funtzionala Liferay Nabigazio-hizkuntza gordetzeko 1 urte
COOKIE_SUPPORT Funtzionala Liferay Erabiltzaileak cookieak onartzen dituen jakiteko 1 urte
JSESSIONID Funtzionala Liferay Plataformaren saio-hasierako cookie bat da, eta JavaServer Pages (JSP) teknologian oinarritutako webguneek erabiltzen dute. Cookie hori erabiltzaile-saio anonimo bat zerbitzarian mantentzeko erabiltzen da. Saioa
LFR_SESSION_STATE_ Funtzionala Liferay Erabiltzailearen saioaren epemugako denbora-marka kontrolatzeko cookiea. Saioa
COMPANY_ID Funtzionala Liferay Logeatutako erabiltzailearentzat Liferay instantzia identifikatzen duen cookiea. Saioa

Rantzukizunak eta bermeetatik salbuespena

Erabiltzaileak behartuta daude OSASUN-KARPETA zentzuz erabiltzera, sortu den helburuarekin bat etorrita, hasierako XEDEA atalean adierazitakoari jarraikiz.

Osakidetzak erabiltzaileen eskura jartzen du OSASUN-KARPETA, eta legez eska dakiokeen diligentziari lotutako erantzukizuna baino ez du hartzen du bere gain. Osakidetzak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko, ez zuzenean eta ez zeharka, erabiltzaileek OSASUN-KARPETA txarto edo iruzurrez edo legez kontra erabiltzeagatik sor litekeenik.

Osakidetzak ahal duen guztia egingo du OSASUN-KARPETAn dauden edukien (testu-formatuan, bideoan, audioan, etab.) legezkotasuna zaintzeko.

Hala ere, erabiltzaileak izango dira OSASUN-KARPETAren bidez partekatzen diren edozein motatako edukien arduradun bakarrak.

Bereziki, Osakidetza ezin izango da argitalpen- edota bitartekaritza-erantzuletzat jo, eta berariaz adierazten da Ente Publikoak ez duela ezinbestean bat egiten erabiltzaileek OSASUN-KARPETAREN bidez parteka ditzaketen edukiekin, eta haien ondorioen erantzule osoa osasun-karpeta partekatzen duen erabiltzailea izango da.

Osakidetzak murriztu ahal izango ditu OSASUN-KARPETA bidez biltegiratu, argitaratu, banatu edo partekatzen diren edukiak, eta, horretarako egokitzat joz gero, iragazkiak instalatu ahal izango ditu.

Horrek ez du inolaz ere esan nahi Osakidetzak zorrotz kontrolatu behar dituela OSASUN-KARPETAn sar daitezkeen edukiak, baizik eta Osakidetzak, ahal den neurrian, eragotzi egin nahi duela OSASUN-KARPETAn partekatzen diren edukiak difamaziozkoak, arrazistak, sexistak, xenofoboak, diskriminatzaileak, pornografikoak edo indarkeriazkoak izatea; edo moralaren, ordena publikoaren edo ohitura onen aurkakoak izatea; edo nabarmenki legez kontrakoak izatea, edo, azken batean, OSASUN-KARPETAren xedearekin zerikusirik ez izatea.

Erabiltzaileak dira erantzule bakarrak sarbide-pasahitzak gordetzeari dagokionez, eta haiena da pasahitz horiek baimenik gabe erabiltzeagatik Osakidetzari edota hirugarren pertsonei eragin lekizkiekeen kalteen erantzukizuna.

Halaber, Osakidetza ez da inola ere erantzule izango honako kasu hauetan:

  • OSASUN-KARPETAn jartzen diren edukietan birusak edo bestelako elementu kaltegarriak izanez gero, eta haiek gainerako erabiltzaileen informazio-sistemetan alterazioak eraginez gero.
  • OSASUN-KARPETA eten, amaitu edo bertan disfuntzioak izateagatik erabiltzaileei edo hirugarren pertsonei kalteak eraginez gero, edozein motatakoak direla ere.
  • Osakidetzaren kontrol esklusibotik kanpo dauden OSASUN-KARPETAko elementuen zaurgarritasuna edo bertan hartzen diren segurtasun-neurrien menderaezintasuna.
  • Baimendu gabeko hirugarrenek OSASUN-KARPETAko erabiltzaile-kontu bat eskuratu eta/edo erabiltzearen ondorioz, galerak eta/edo kalteak gertatuz gero.

Dena den, Osakidetzak adierazi du beharrezko neurri guztiak hartu dituela, bere aukeren barruan eta teknologiaren egoera kontuan hartuta, OSASUN-KARPETAren funtzionamendua bermatzeko eta erabiltzailearen gailuan birus informatikoak eta gainerako elementu kaltegarriak zein horien transmisioa saihesteko.

Erabiltzaileak onartzen du Osakidetzak sortu eta garatu duela OSASUN-KARPETA, barne- zein kanpo-iturrietako informazioa erabilita, egungo egoeran eskaintzen ari zaiola aplikazioa, eta zehaztugabetasunak edo akatsak izan ditzakeela. Hori dela eta, erabiltzaileak salbuetsi egiten du Osakidetza OSASUN-KARPETAren fidagarritasunaren, erabilgarritasunaren eta haren erabilerak eragin dakiokeen itxaropen faltsuen gaineko edozein erantzukizunetatik.

Osasun-Karpeta behar bezala erabiltzeko betebeharra. Baimenduta ez dauden erabilerak

Erabiltzaileak OSASUN-KARPETA modu egokian erabiltzeko konpromisoa hartzen du, baita plataforma ekintza hauetarako ez erabiltzeko konpromisoa ere: legez kontrako jarduerak edo fede onaren eta lege-ordenamenduaren aurkako jardueretarako (modu orokorrean, eta ez xehean); arduradunaren, bere hornitzaileen edo hirugarrenen sistema fisiko eta logikoetan kalteak eragiteko; sarean birus informatikoak edo aurretik aipatutako kalteak sor ditzakeen edozein sistema fisiko edo logiko sartzeko edo zabaltzeko. Era berean, kalte horien artean hauek daude: ohorea eta norberaren eta familiaren bizitza pribatua urratzea eta haustea, eta, hirugarren baten irudiari, jabetza eskubideei eta bestelako eskubideei eragindakoak, baldin eta hirugarrenen edukiak edo irudia zabaldu, hedatu, biltegiratu, eskura jarri, hartu, lortu edo sartzearen ondorioz direnean. Aldi berean, konpromisoa hartzen du hauek ez egiteko: bidegabeko lehia eta legez kontrako publizitatea, baldin eta hirugarrenen edukiak zabaldu, hedatu, biltegiratu, eskura jarri, hartu, lortu edo sartzearen ondorioz direnean; edukien egiazkotasun, zehaztasun, xehetasun, egokitasun eta/edo egunerokotasun eza. Edozein modutan, edozein erreklamazio egonez gero, judiziala nahiz judizioz kanpokoa, erabiltzaileak Osakidetza kaltegabe uzten du.

Debekatuta dago OSASUN-KARPETA indarrean dagoen legearen kontrako helburuekin edo erabilera-baldintza hauetan baimendu gabeko helburuekin atzitu edo erabiltzea; beraz, horren ondorioak erabiltzailearen erantzukizun izango dira, eta ez beste inorenak. Bereziki, zehatz-mehatz jasotzen ez bada ere, debekatuta dago:

  1. Honako hauek ostatatzea, biltegiratzea, publikoki jakinaraztea, argitaratzea, banatzea edo partekatzea:
    • Komunikazioen sekretua, jabetza industrialaren eta intelektualaren eskubideak edo datu pertsonalen babesa arautzen duten arauak urratzen dituen edozer eduki.
    • Titularren berariazko baimenik gabe, hirugarrenen irudiak edo datu pertsonalak dituzten irudiak edo argazkiak. Bereziki, historia klinikoekin lotutako datuak; hau da, laguntza-prozesuan zehar paziente batek izandako egoera eta bilakaera klinikoari buruzko edonolako datuak, balorazioak eta jakinarazpenak dituzten informazioak; edo osasunari buruzko datuak (hau da, identifikatutako edo identifika daitezkeen pertsona fisikoen iraganeko, egungo edo etorkizuneko osasun fisiko nahiz mentalari dagozkien informazioak).
    • Hirugarren pertsonen eta, bereziki, adingabeen edo ezinduen ohorearen, irudiaren eta intimitate pertsonal eta familiarraren oinarrizko eskubideak urra ditzakeen edozer eduki.
    • Lege-arauen kontrakoa, arrazista, lizuna, pornografikoa, abusuzkoa, iraingarria, engainagarria, iruzurrezkoa, laidogarria, kalumniazkoa, mehatxuzkoa, larderiazkoa, jazarpenezkoa edo edozein modutan moralaren edo ordena publikoaren aurkakoa den edozer eduki.
    • OSASUN-KARPETAko edukietan, programetan edo sistemetan kalteak edo aldaketak eragin ditzaketen birus informatikoak, fitxategi akastun edo kaltegarriak, edo beste edozer material edo programa informatiko.
    • Eskatu edo onartu gabeko publizitatea, legez kontrako eskaintzak, sustapen-materialak, “zabor-posta”, “spama”, “eskutitz kateatuak” edo antzeko ezaugarriak dituzten komunikazioak.
  2. OSASUN-KARPETAren bidez, beste erabiltzaile batzuek txertatutako edukiak kopiatu, banatu, besteen eskura jarri edo, oro har, partekatzea, baldin eta eduki horien titularrek berariazko baimenik eman ez badute.
  3. OSASUN-KARPETAko beste erabiltzaile batzuen helbide elektronikoak edo harremanetarako beste edozein informazio eskuratu edo biltzea, eskatu gabeko mezu elektronikoak edo bestelako komunikazioak bidaltzeko.
  4. OSASUN-KARPETA eta/edo bertako edukiak, baliabideak eta/edo funtzionaltasunak helburu ekonomiko, komertzial eta/edo publizitarioekin erabiltzea.
  5. OSASUN-KARPETAren funtzionamendu normala eragoztea, legeen aurka aldatuta edo aldatzen saiatuta, emaitzak faltsututa edota iruzurrezko metodoak erabilita, edozein prozedura tekniko edo informatikoren bidez edota erabilera-baldintza hauek modu batean edo bestean urratuz.

Erabiltzaileak Erabilera-baldintza hauen aurkako edozein jarduera egiten badu, Osakidetzak, hala badagokio, jardueraren larritasunaren eta bere irizpidearen arabera, egokitzat irizten dituen legezko jarduerak gauzatu ahal izango ditu bere eskubidea defendatzeko.

Ondore horietarako, Osakidetzak, indarreko legediaren edozein urraketa atzemanez gero edo legez kontrako edozein jardueraren susmoa izanez gero, eskubidea du hori Segurtasun Indar eta Kidegoei eta agintari judizial eskudunei jakinarazteko eta haiekin lankidetzan aritzeko.

Sarbidea, zerbitzuak eta edukiak ezereztea

Osakidetzak automatikoki eten edo ezereztu ahal izango du erabiltzaileen sarbidea, aldez aurretik abisatu gabe. Etete edo ezerezte horrek ez du inola ere kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik emango.

Osakidetzak ezetsi, kendu, eten eta/edo blokeatu egin ahal izango du, edozein unetan eta aurrez ohartarazi beharrik izan gabe, bere iritziz baldintza hauek betetzen ez dituen erabiltzaile oro. Era berean, ezabatu egin ahal izango du haren kontua, baita kontu horrekin lotutako informazio guztia ere, edo, bestela, fitxategietarako edo OSASUN-KARPETArako sarbidea debekatu ahal izango dio.

Halaber, edozein erabiltzailek eman ahal izango dio Osakidetzari, egoki baderitzo, ustez erabilera-baldintzak urratzen ari diren eduki, iruzkin eta erabiltzaileen berri. Salaketa horiek egiazkoak direla egiaztatzen bada, Osakidetzak aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera jardun ahal izango du.

Jabetza intelektuala eta industriala

OSASUN-KARPETAri dagozkion jabetza industrialeko eta intelektualeko eskubide guztien erakunde titularra Osakidetza da. Osakidetzaren jabetza esklusibokoak dira OSASUN-KARPETA izena eta bertan agertzen diren bestelako zeinu bereizgarriak (grafikoak edo izendatzaileak). Beraz, debekatuta dago hirugarrenek erabiltzea, Osakidetzaren berariazko baimenik izan gabe.

Erabilera-baldintza hauen bidez, Osakidetzak, OSASUN-KARPETAREN jabea den aldetik, lizentzia ez-esklusiboa, mugatua, aldi baterakoa, errebokagarria, mundu-mailakoa eta azpilizentziaezina ematen dio erabiltzaileari, OSASUN-KARPETA, bere funtzionalitateak eta edukiak erabiltzeko.

OSASUN-KARPETA eta bere edukia ezin dira kopiatu, erreproduzitu, banatu edo erabili OSASUN-KARPETAri ez dagozkion lanak sortzeko, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren berariazko eta idatzizko baimenik gabe.

Zibersegurtasuna eta monitorizazioa

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko uztailaren 6ko 2016/1148 (EB) Zuzentarauak –Europar Batasuneko informazio-sare eta -sistema guztietan segurtasun handia eta berdina bermatzeko neurriei buruzkoak– ezarritakoari jarraikiz, erabiltzaileak OSASUN-KARPETAren bidez egiten dituen jarduerak Osakidetzak erregistratuko ditu.

Horretarako, OSASUN-KARPETAn edo OSASUN-KARPETAk eskaintzen dituen zerbitzuetan biltegiratu, transmititu edo tratatutako informazioaren erabilgarritasuna, egiazkotasuna, osotasuna edo isilpekotasuna arriskuan jar dezaketen segurtasun-gorabeherak monitorizatu, aztertu, ikertu eta dokumentatzeko beharrezko informazioa atxikiko du. Hori guztia, erabiltzaileen ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea bermatuz, eta datu pertsonalak babesteko araudiarekin bat etorriz egingo da.

Irrisgarritasuna

OSASUN-KARPETAk desgaitasuna duten pertsonek eta adinduek baliabide elektronikoen bidez emandako informazioa eskuratu ahal izateari buruzko legedian ezarritakoa betetzen du, honako hauek xedatutakoari jarraikiz: Informazioaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuei buruzko uztailaren 11ko 34/2002 Legearen bosgarren xedapen gehigarria; Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legea; eta azaroaren 12ko 1494/2007 Errege Dekretua, desgaitasuna duten pertsonek informazioaren gizartearekin eta gizarte komunikabideekin lotutako teknologia, produktu eta zerbitzuetara sarbidea izateko oinarrizko baldintzei buruzko araudia onartzen duena. Zehazki, OSASUN-KARPETAk UNE 139803:2012 Arauaren 1. eta 2. lehentasunen baldintza guztiak betetzen ditu.

Estekak erabiltzea

Ez dago baimenduta inolako baliabide tekniko, logiko edo teknologikorik erabiltzea, horren bidez edozein pertsonak (OSASUN-KARPETAren erabiltzaile izan zein ez) OSASUN-KARPETAko edukietatik, zuzenean edo zeharka, irabaziekin edo irabazirik gabe, onura ateratzeko.

Erabiltzaileek ezingo dute ezarri OSASUN-KARPETAko edukietako URLetara birbideratzen duen lotura, hiperlotura, esteka, hiperesteka edo antzekorik sare sozialetako webgune, blog, foro edo profiletan. Osakidetzak erabilera-baldintza hauek urratzen dituen horrelako estekaren bat atzematen badu, eskubide osoa izango du esteka hori ezerezteko eta, hala badagokio, agintaritza eskudunari jakinarazteko.

Administrazio-egintzak eta -izapideak

Osakidetzak administrazio-egintzak eta -izapideak egiteko erabiliko du OSASUN-KARPETA, administrazio-araudiari, eta bereziki, honako lege hauei jarraikiz: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

Hala, Osakidetzak jakinarazpenak egiteko erabiliko du OSASUN-KARPETA, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Deuseztasuna eta eraginkortasunik eza

Erabilera-baldintza hauetako klausularen bat, osorik edo zati batean, deuseztatzen edo eraginik gabe uzten bada, deuseztatu den edo eraginik gabe utzi den xedapenari bakarrik eragingo dio deuseztasun edo eragingabetasun horrek, eta erabilera-baldintzen gainerako edukia mantendu egingo da.

Lege aplikagarria eta jurisdikzioa

Indarreko araudiak zehaztuko du zein lege-arauren eta zein jurisdikzioren mende egongo diren Osakidetzaren eta OSASUN-KARPETAren erabiltzaileen arteko harremanak. Hala eta guztiz ere, indarreko araudiak alderdiei eskumen jakin baten pean jartzeko betebeharra ezartzen ez dien kasuetan, Osakidetzak eta erabiltzaileek berariaz uko egiten diote beste edozein eskumeni, halakorik badagokie, eta Gasteizko Epaitegi eta Auzitegien ardurapean jartzen dira.

Osakidetza, 2021eko urtarrila

Azken aldaketako data: