Osasun-zentroetako ordutegiak Gabonetako jaietan
Hiru lurraldeetako ESI guztietan, Etengabeko Arreta Guneak ohiko ordutegian egongo dira irekita, osasun-zentroak itxita daudenean arreta ematen jarraitzeko
Lehen Mailako Arretako gainerako baliabideetan ordutegi-aldaketa txikiak egingo dira, jaietako egun seinalatuenetan
Osakidetzak optimizatu egiten ditu Lehen Mailako Arretako osasun-zentroen ordutegiak Gabonetako asteetan. Plangintza hori bi irizpideren arabera egiten da: herritarrek izango dituzten osasun-premien aurreikuspena, batetik, eta profesionalek atseden hartu ahal izatea, bestetik.
Plangintza egokitu egin da, beraz, eta, horri esker, urtarrilean eskura ditugun baliabide guztiekin egingo diogu aurre arnasketa-birusen zirkulazioaren gorakadari, halakorik baldin badago. Erregeen jaiaren ondoren eta normaltasunera itzulitzearekin batera gertatu ohi dira gorakadarik handienak.
Ahalegin handia egin da, esan bezala, ohiko arreta-ordutegiei eusteko. Izan ere, hiru osasun-zentro edo kontsultategitik bitan ez da inolako murrizketarik egongo pazienteei arreta emateko orduan; ohiko ordutegiak bere horretan utzi dira. Eta, nolanahi ere, ordutegiak egokitzen dituzten zentro gehienek ez dute egingo abenduaren 23ko astera arte.
Ordutegietan egokitzapenen bat egingo duten zentroen artean, aldaketa nagusia da arreta-ordutegia 08:00etatik 17:00etara izango dela, eta ez 20:00ak arte. Ordutegi-doikuntza horrek urtarrilaren 10era arte iraungo du, gehienez ere. Horrez gain, astean egun batean edo bitan zerbitzua ematen duten kontsultategi batzuetan, gerta liteke puntualki ixtea ere.
Ohiko ordutegitik kanpo, beraz, asistentzia sanitarioa bermatuta egongo da Osakidetzan Etengabeko Arreta Guneetan eta errefortzu-guneetan, horietan eutsi egingo baitzaie ohiko arreta-ordutegiei, osasun-zentroak itxita daudenean herritarrei zerbitzua emateko, ospitaleko larrialdi-zerbitzuekin batera, larrialdi bat denean.
Hurrengo egunetan ordutegiak aldakorrak izan daitezkeenez (izan ere, kontuan izan behar da zentro batzuek ordu batzuetan egokituko dituztela haien arreta- orduak Eguberrietan, beste batzuek egun zehatzetan eta beste batzuek inoiz ez), herritarrek beren osasun-zentroetan edo Osakidetzaren webgunean jaso dezakete informazioa. Bertan, aurreikusitako aldaketa nagusiak jasotzen dituen dokumentu hau eskuragarri egongo da, eta plangintza hori etengabe berrikusiko da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 17a



