Osasun Eskola +
Osakidetzako telerrehabilitazio-plataforma
Osakidetza telerrehabilitaziorako plataforma digital bat ezartzen ari da, profesionalek errehabilitazioan dauden pazienteak artatzeko eta haiei jarraipena egiteko modua eraldatuko duena.
Ekimen hau aukera ezinhobea da pazienteei, dauden tokian daudela, saio terapeutikoak, balorazio funtzionala eta urrutiko monitorizazioa egiteko. Hori Osakidetzaren informazio-sistema korporatiboekin integratuko dute.
Proiektua pilotaje-fasean da jada Arabako ESIan, baita, geroago, Donostialdeko ESIan ere. Horren helburua da tratamenduarekiko atxikidura hobetzea, errekuperazio-denborak murriztea eta sare osoko prozesu asistentzialak homogeneitzatzea.

Errehabilitaziorako arreta-eredu berria. Irisgarriagoa, efizienteagoa eta pazientearengan zentratuagoa
Telerrehabilitazioa Osakidetzaren eredu asistentziala eraldatuko duen ekimen bat da, eta horretarako, erreminta digitalak baliatuko dira errehabilitazio-prozesuetan zehar. Horren bitartez, pazienteak arreta presentziala osatuko du ariketa zenbait biltzen dituen plataforma digital batekin. Pazienteak dagoen lekuan dagoela egin ahalko ditu ariketa horiek; eta artatzen duen profesionalak, berriz, jarraipena egingo dio tratamenduan aurrera egin ahala. Funtsean, pazienteari jarraipena egingo zaio bere etxetik bertatik.
Eredu hibrido horri esker, jarraitutasun asistentziala bermatuko da, izan ere, aukera bikaina da tratamendua pertsona bakoitzaren erritmora egokitzeko, baita kontsulta batetik besterako laguntza profesionala optimizatzeko ere. Horrela, teknologia zainketaren zerbitzura izango dugu, kalitatite asistentziala eta herritarren esperientzia hobetuko baititugu.
Telerrehabilitazioa Osakidetzaren eraldaketa digitalerako estrategiaren parte da, arreta hurbilago, irisgarriago eta berritzaileago baterantz aurrera egiteko.
Azken aldaketako data:


