2022eko gripearen aurkako txertaketa kanpaina

COVID-19ari eta gripeari aurre egiteko txertaketa-kanpaina bateratua egingo da Euskadin. «BAI, TXERTATZEN GARA» leloaren bidez, helburua da argi uztea txertaketa dela tresnarik eraginkorrena bi gaixotasun horiei aurre egiteko. Osakidetzak txertaketa bikoitza eskainiko du, beso bakoitzean ziztada bat.

SARTU WEB BIDEZKO ZITAN

Txertaketa-kanpaina urriaren 3an hasiko da biztanleentzat (irailaren 26an, egoitzetan bizi direnentzat).

 Osakidetzak arrisku-talde hauei jarriko die txertoa lehendabizi:

  • 65 urtetik gorako pertsonak
  • gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak: diabetesa, BGBK, kardiopatiak...
  • emakume haurdunak
  • osasunaren eremuko eta eremu soziosanitarioko profesionalak

Nola eskatu zita?

Arrisku-taldeetako pertsonei emango zaie lehentasuna:

Arrisku-talde batekoa bazara, hartu hitzordua osasun-zentrora deituta edo Osakidetzaren webgunean.

EZ bazara arrisku-talde batekoa, azaroaren 1era arte itxaron behar duzu. Webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta eska dezakezu zita.

Campaña gripe vacunación 2022

Babestu zeure burua!

Txertoa da birus biei aurre egiteko tresnarik onena. Hala ere, beste neurri batzuk ere har ditzakezu:

  • Erabili maskara (sintomarik baduzu, arrisku-taldekoa bazara edo arrisku-taldeko pertsonekin kontakturik baduzu)
  • Garbitu eskuak maiz.

Txertoak:

  • GRIPEA: txerto tetrabalentea, zirkulatzen ari diren gripearen birusen aurkako babes, segurtasun eta eraginkortasun handiagoa eskaintzeko.
  • COVID-19: txerto bibalentea, omikron aldaeraren azpialdaera berrietara egokitua.

Informazio gehiago

COVID-19ari buruzko informazio gehiago: Osasun Sailaren webgunean


Ohiko galderak

Zer da gripea? Ezaugarri nagusiak

Gripea birus batek eragindako arnas gaixotasun infekzioso bat da. Birusa erraz kutsatzen da, azkar zabaltzen baita (gure ingurunean, udazkenean eta neguan, nagusiki). 

Gripea hartzen dutenek, sarritan, honako sintoma batzuk izaten dituzte: sukarra, eztarriko mina, mukiak, eztul sikua, zefalea, muskuluetako mina eta nekea.

Inkubazio-aldia eta kutsapena

Birusa organismoan sartu eta egun batetik 4ra bitartean hasten dira gaixotasunaren sintomak .

Gripearen birusarekin kutsatzen direnek sintomak hasi baino egun 1 lehenago has daitezke gaixotasuna transmititzen eta 3 eta 7 egun geroagora arte egon daitezke transmititzen. Kutsatuta dauden pertsonek birusa kutsa dezakete, nahiz eta sintomarik ez izan eta gaixotasuna dutenik ez nabaritu. Umeek gripea 7 egun baino gehiagoz transmiti dezakete, sintomak hasten direnetik.

Nola zabaltzen edo kutsatzen da gripearen birusa?

Gripea pertsona batetik bestera kutsatzen da: 

  • Kutsatutako pertsona batek hitz egitean, eztul egitean, doministiku egitean edo abestean sortutako arnas tantatxoen bidez. Kutsatzeko biderik ohikoena da.
  • Kutsatutako pertsona baten tantatxoak edo jariakinak izan ditzaketen objektuak ukitzean eta, ondoren, ahoa, sudurra edo begiak ukitzean.

Gripearen eta COVIDaren arteko antzekotasunak eta desberdintasunak

Gripea eta COVID-19a arnas gaixotasun kutsakorrak dira, baina gaixotasun horiek birus desberdinek eragiten dituzte. COVID-19a SARS-CoV-2 birusaren infekzioak eragiten du, eta gripea Influenza birusaren infekzioak.

 GRIPEaren eta COVID-19aren sintoma batzuk antzekoak direnez, zaila izan daiteke bi gaixotasunen artean bereiztea sintometan soilik oinarrituta, eta baliteke diagnostikoa egiaztatzen laguntzeko detekzio-proba bat egin behar izatea.

Gripea eta COVIDa izan ditzaket aldi berean?

Bai. Posible da GRIPEa edo beste arnas gaixotasun batzuk izatea eta, aldi berean, COVID-19a izatea.

GRIPEaren eta COVID-19aren sintoma batzuk antzekoak dira; beraz, zaila izan daiteke bi gaixotasunen artean bereiztea sintometan soilik oinarrituta. Diagnostikorako probek GRIPEa eta COVID-19a den zehazten lagundu dezakete

Arriskutsuagoa da COVID-19a Gripea baino?

GRIPEak eta COVID-19ak, pertsona bakoitzaren immunitate- eta osasun-egoera eta arrisku-faktoreak kontuan hartuta, konplikazioak eragin ditzakete eta haiek, kasu batzuetan, larriagotu egin daitezke.

Nori gomendatzen zaio gripearen aurkako txertoa jartzea?

Gripearen aurkako txertaketa, nagusiki, konplikazioak izateko arrisku handiena duten pertsonei zuzentzen zaie, bai eta kutsapena transmititzeko arriskua dutenei ere. Hori dela eta, txertaketa, funtsean, honako populazio-talde hauei bideratuta dago:  

  • 65 urtetik gorako pertsonak. Arreta berezia jarriko da erakunde itxietan bizi diren pertsonengan.
  • Oinarriko gaixotasunen bat izan eta konplikazioak izateko arrisku handia duten 6 hilabete eta 65 urte bitarteko pertsonak.
  • Konplikazioak izateko arrisku handia dutenei gripea kutsa diezaieketen pertsonak: zaintzaileak, arrisku handiko pertsonen bizilagunak.
  • Langile sanitario eta soziosanitarioak, bai eta funtsezkotzat jotzen diren zenbait talde ere.

Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina

Urriaren 3an, gripearen aurkako 2022ko txertaketa-kanpaina hasiko da.
Beti bezala, kanpainaren helburua konplikazioak izateko arrisku handiena duten pertsonen eta infekzioa transmititzeko arrisku handiena duten pertsonen immunizazioa da.

Hona hemen hitzordua hartzeko bideak: “Aurretiko Hitzordua” aplikazioaren bidez, bai webaren bitartez bai Osakidetzaren App-aren bitartez, edo osasun-zentrora deituz eta 2. aukera hautatuz:

Azaroaren 1etik aurrera, hitzordua hartzeko aukera izango dute herritar guztiek, arrisku-talderen batekoak izan ala ez.

Txertoaren konposizioa

Denboraldi honetan, gripearen txertoa laubaliokoa da; alegia, gripearen lau birus mota ditu (bi A motakoak eta bi B motakoak). Birus horiek Osasunaren Mundu Erakundeak denboraldi epidemiko bakoitzean eginiko behaketaren arabera hautatzen dira.

Arrautza bidez eginiko txertoen konposiziorako gomendioa honako hau da:

  • A motako birusa/Victoria/2570/2019 (H1N1) pdm09
  • A motako birusa/Darwin/9/2021 (H3N2) (eguneratuta)
  • B motako birusa/Austria/1359417/2021 (B klasea/Victoria) (eguneratuta)
  • B motako birusa/Phuket/3073/2013 (B klasea/Yamagata)

Jar ditzaket gripearen aurkako txertoa eta COVID-19aren aurkako oroitzapen-dosia aldi berean?

Bai. COVID-19aren dosi gehigarri bat edo oroitzapen-dosi bat emateko gomendioa duten taldeetako batean bazaude eta, era berean, urte-sasoiko gripearen aurkako txertoa jartzeko gomendioa ere baduzu, bi txertoak hitzordu berean eman diezazkizukete. Bi txertoak leku anatomiko desberdinetan emango dizkizute.

Zergatik jarri behar dut gripearen aurkako txertoa urtero?

Txertaketa urtero egin behar da, bi motiborengatik:

  • Gripearen birusek kutsatzeko ahalmen handia duten proteinak aldatzeko gaitasun handia daukate. Ondorioz, gripearen birus berriak agertzen dira, eta gizakiak ez ditu haientzako babesik izaten.
  • Gainera, txertaketari esker sortzen diren antigorputzak gutxitu egiten dira denborarekin.

Txertaketak berehala ematen du babesa?

Ez, txertoa jarri eta bi aste ingurura hasten dira antigorputzak garatzen eta Influenza birusak eragindako infekzioaren aurkako babesa ematen. Hori dela eta, onena da txertoa gripearen birusa zabaltzen hasi aurretik jartzea.

Txertoaren eraginkortasuna

Gripearen aurkako txertoaren eraginkortasuna alda daiteke. Bi faktorek dute eragina, funtsean: 

  • Txertoa jarri duen pertsonaren adina eta osasun-egoera.
  • Zabaltzen diren gripearen birusen eta txertoa fabrikatzeko erabili zirenen arteko antzekotasuna.

Hala ere, kutsatzen den pertsonak txertoa jarrita badu, gaixotasunaren larritasun-maila baxuagoa izango da ziurrenik. Txertoa oso segurua da eta ospitalizazio eta heriotza kopuru handia ekiditeko eragin handia du.

Gripea har dezaket nahiz eta aurten txertoa jarri?

Bai. Baliteke gripea hartzea, txertoa jarri arren. Honako motibo hauengatik da posible:

  • Beharbada Influenza birus baten eraginpean egon zara txertoa jarri aurretik edo zure organismoak txertaketaren ondoko babesa garatzen duen denbora-tartean.
  • Beharbada gripearen aurkako txertoan jaso ez den Influenza birusetako baten eraginpean zaude. Urtero zabaltzen dira gripearen zenbait birus, baina txertoak ikerketen arabera ohikoenak izango diren gripearen lau birusen aurkako babesa ematen du.
  • Zoritxarrez, pertsona batzuk, txertoa jarrita ere, txertoan sartutako gripearen birus batez kutsa daitezke. Influenzaren aurkako txertoak ematen duen babesa asko alda daiteke; izan ere, txertoa jartzen duen pertsonaren adinak eta osasun-egoerak ere eragina dute.

Zein dira gripearen aurkako txertaketaren onurak?

Urtero influenzaren aurkako txertoa jartzeko zenbait motibo daude:

  • Gripearen aurkako txertaketak ekidin dezake gaixotasunaz kutsatzea.
  • Azterlanek erakusten dute gripearen aurkako txertaketak gaixotasunaren larritasun-maila murrizten duela txertoa jarrita duten pertsonengan.
  • Gripearen aurkako txertaketak gripeari lotutako ospitalizazioaren arriskua murritz dezake.
  • Gripearen aurkako txertaketa prebentzio-tresna garrantzitsua da gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzat.
  • Gripearen aurkako txertaketa gomendatuta dago haurdunaldian, ondorio hirukoitza baitu: babesa amarentzat, jaioberriarentzat eta bularreko haurrarentzat bizitzako lehen hiletan.
  • Txertaketak, era berean, txertoa jartzen duenaren ingurukoak ere babesten ditu, pertsona kalteberenak eta konplikazio gehien jasan ditzaketenak barne.

Bigarren mailako zein ondorio egon daiteke gripearen aurkako txertoa jarri ondoren?

Euskadin erabiltzen den gripearen aurkako txertoa birus zatikatuen txerto bat da, eta ondorio kaltegarriak izateko aukera gutxi dakar.

Beste txerto batzuekin gertatzen den bezala, txertaketaren ondoren tokiko erreakzioak egon daitezke eta, kasu gutxitan gertatzen bada ere, sukarra, ondoeza eta gorputzeko minak ager daitezke. Erreakzio horiek lehen 6-12 orduetan hasi eta 1-2 egunez izaten dira.

Immunodeprimitua naiz eta, dagoeneko, jarri didate COVID-19aren aurkako laugarren oroitzapen-dosia. Beste bat hartu behar dut? Hitzordua eskatu behar dut, edo nire erreferentziazko osasungintzako profesionalak egingo ditu kudeaketak?

Immunodeprimituei dosi gehigarri bat jartzen zaie; beraz, oroitzapen-dosi hau bosgarrena izango da haientzat. Oroitzapen-dosi hau eman behar dizute, babes egokia izan dezazun. Hitzordua eskatu web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz.

“COVID-19aren hirugarren dosia hartu nahi izan nuen, baina kutsatu egin nintzen. Zer txerto jarri behar dut orain, hirugarrena ala laugarrena?

Infekzioa izan baduzu ere, komeni da oroitzapen-dosia jartzea. Osakidetza orain eskaintzen ari dena da dagokizuna. Hitzordua eskatu web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz.

Zenbat denbora igaro behar da COVID-19arekin kutsatu naizenetik dosi hau eman arte?

80 urteko eta gehiagoko pertsonei, adinekoen egoitzetan bizi direnei eta aurretik infekzioa izan duten (diagnostiko erregistratuarekin) immunoezabatze-maila altuko pertsonei oroitzapen-dosia kutsatu eta 3 hileko gutxieneko tartean emango zaie.

Gainerako populazio-taldeetan, infekzioaren ondoren oroitzapen-dosia emateko gutxieneko tartea 5 hilekoa izango da.

Dosi bakarra jarri dut; orain oroitzapen-dosia jarri behar dut?

Ez, aurretik lehen txertaketaren pauta osatu behar duzu. Jarri dagokizun osasun-zentroarekin harremanetan eta azaldu zer egoeratan zauden.

Bi aldiz izan dut COVID-19a; jarraitu behar dut txertoa jartzen?

Bai, COVID-19agatik izan dituzun infekzioak gorabehera, oroitzapen-dosia jaso behar duzu populazio kaltebera bazara eta azken dositik 5 hilabete igaro badira.

Oraintsu kutsatu bazara, gutxienez 5 hilabete itxaron behar duzu kutsatu zarenetik (edo 3 hilabete 80 urtekoa eta gehiagokoa bazara, adinekoen egoitzetan bizi bazara edo immunoezabatze-maila altua baduzu).  

Ez ditut bi txertoak aldi berean jarri nahi; eska dezaket hitzordua txerto bakoitza bereiz hartzeko?

Bai, bereiz har daitezke, baina ez dago egun berean jasotzeko kontraindikaziorik, eta ez dira ondorio kaltegarriak areagotzen. Gainera, abantaila bat da zuretzat; izan ere, behin baino ez duzu joan beharko zentrora.

Zer txerto jarriko didate?

Osakidetzak oroitzapen-dosirako birusaren aldagaietara egokitzen diren txerto berriak erabiliko ditu.

Osakidetzaz bestelako aseguru medikoa daukat, eta COVID-19aren eta gripearen aurkako txertoak jartzeko gomendioa duten pertsonen taldearen barruan nago; nola eska dezaket txertoa jartzeko hitzordua?

Osasun-zentrora edo 900 20 30 50 zenbakira deitu, txertaketarako hitzordua eskatzeko.

Kontuan izan une horretan txertoa hartzen ari diren kolektiboetako pertsonei baino ez zaiela jarriko txertoa.

Azken aldaketako data: