2023ko txertaketa kanpaina

Honako arrisku-talde hauetako batekoa bazara:
OSASUNA, MUNDUKO ONDASUNA. HARTU TXERTOA

Osakidetza hasi da arrisku-taldeei gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoa jartzen. Taldeak hauek dira, funtsean.

Gainera, aurten gripearen aurkako txertoa jarriko zaie 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei.

SARTU WEB BIDEZKO ZITAN

COVID-19ari eta gripeari aurre egiteko txertaketa-kanpaina bateratua egingo da Euskadin.

"OSASUNA, MUNDUKO ONDASUNA. HARTU TXERTOA" leloaren bidez, helburua da argi uztea txertaketa dela tresnarik eraginkorrena bi gaixotasun horiei aurre egiteko. Osakidetzak bi gaixotasunen aurkako txertaketa bikoitza eskainiko du zita berean.

Nola eskatu zita?

Arrisku-taldeetako pertsonei emango zaie lehentasuna:

  • Arrisku-talderen batekoa bazara, hartu zita eskatu hitzordua zure osasun-zentrora deituta, Osakidetzaren webgunearen bidez, edo 900 20 30 50 telefonora deituta (1. aukera).
  • Arriskuko taldekoa EZ bazara eta gripearen aurkako txertoa hartu nahi baduzu: itxaron urriaren 30era arte. Eska dezakezu zita webgunearen bidez, osasun-zentrora deituta edo deitu 900 20 30 50 telefonora (1. aukera).
Campaña gripe vacunación 2023

Babestu zeure burua!

Txertoa da birus biei aurre egiteko tresnarik onena. Hala ere, gripea eta beste arnas birus batzuk (hala nola COVIDa) prebenitzeko, kontuan izan neurri higieniko, erraz eta eraginkor hauek:

  • Sarritan garbitu eskuak, ura eta xaboia erabiliz.
  • Estali ahoa besoarekin eztula edo doministiku egitean.
  • Erabil itzazu botatzekoak diren zapiak.
  • Erabili maskara, batez ere sintomarik baduzu edo pertsona kalteberekin kontakturik baduzu.

Txertoak:

  • GRIPEA: txerto tetrabalentea, zirkulatzen ari diren gripearen birusen aurkako babes, segurtasun eta eraginkortasun handiagoa eskaintzeko.
  • COVID-19a: Omikron aldaeraren azpialdera berrietara egokitutako txertoa.

Informazio gehiago

COVID-19ari buruzko informazio gehiago: Osasun Sailaren webgunean


Logo Unión Europea Logo Ministerio de Sanidad Logo Osakidetza Logo Gobierno Vasco

Ohiko galderak

Zer da gripea eta zein dira sintomak?

Gripea birus batek eragiten duen arnas gaixotasun infekziosoa da. Erraz transmititzen da, eta azkar zabaltzen da (gure inguruan, udazkenean eta neguan, batik bat).

Gripea duten pertsonek honako sintoma hauetako batzuk izaten dituzte maiz: sukarra, eztarriko mina, mukiak, eztul lehorra, zefalea, muskuluetako mina eta nekea.

Zein dira inkubazio- eta kutsatze-aldiak?

Gripearen birusaz kutsatzen direnek sintomak hasi baino egun bat lehenagotik 3-7 egun geroago arte kutsa dezakete. Infektatutako pertsonek birusa kutsa dezakete, gaixotasuna edo sintomarik izan gabe ere. Haurrek sintomak hasten direnetik 7 egunera edo gehiagotara ere kutsa dezakete gripea.

Nola zabaltzen edo transmititzen da gripearen birusa?

Gripea pertsonatik pertsonara transmititzen da:

  • Infektatutako pertsona batek hitz egitean, eztul egitean, doministiku egitean edo kantatzean askatzen dituen arnas tantatxoen bidez. Birusa transmititzeko biderik ohikoena da.
  • Infektatutako pertsona baten tantatxoak edo jariakinak egon daitezkeen objektuak ukitu ondoren ahoa, sudurra edo begiak ukitzean.

Nori gomendatzen zaio gripearen aurkako txertoa hartzea?

Gripearen aurkako txertoaren kanpainak konplikazioak izateko arriskurik handiena duten pertsonak eta infekzioa transmititzeko arriskua dutenak du helburu batik bat. Horregatik, txertaketa honako biztanle-talde hauetan gomendatzen da batez ere:

  • 60 urtetik gorakoei. Arreta berezia jarriko zaie egoitza itxietan bizi diren pertsonei.
  • 6 hilabetetik 60 urtera bitarteko pertsonen artean, gaixotasunen bat izateagatik konplikazioak izateko arrisku handia dutenei.
  • 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrak.
  • Konplikazioak izateko arrisku handia dutenei gripea transmiti diezaieketen pertsonei: zaintzaileak, arrisku handiko pertsonekin batera bizi direnak.
  • Osasun-langileei eta langile soziosanitarioei, bai eta funtsezkotzat jotako zenbait talderi ere.

Txertoaren konposizioa

Kanpaina honetan, Osakidetzak gripearen aurkako txerto tetrabalente bat erabiliko du; horrek esan nahi du gripearen lau birus mota dituela (bi A motakoak eta bi B motakoak). Munduko Osasun Erakundeak denboraldi epidemiko bakoitzean behatu duenaren arabera hautatzen dira birus horiek.

Arrautzaz egindako txertoen konposizio-gomendioa da:

  • A/Victoria/4897/2022 (H1N1) pdm09 motako birus bat
  • A/Darwin/9/2021 (H3N2) (eguneratua) motako birus bat
  • B/Austria/1359417/2021 (B/Victoria leinua) (eguneratu) birus mota bat
  • B/Phuket/3073/2013 (B/Yamagata leinua) birus mota bat

Aurten txertoa jarri badidate ere, gripea har dezaket?

Bai. Txertoa jarri arren, baliteke gripea izatea. Hori posible da honako arrazoi hauengatik:

  • Baliteke influenza birusetako baten eraginpean egon izana txertoa hartu aurretik edo zure organismoak txertoaren ondorengo babesa garatzen duen denbora-tartean.
  • Gripearen aurkako txertoan sartuta ez dagoen influenza birusetako baten eraginpean egon ahal zara. Urtero hainbat gripe-birus ibiltzen dira, baina txertoak lau gripe birus moten aurkako babesa ematen du; izan ere, ikerketen arabera, birus horiek ohikoenak izango dira.
  • Zoritxarrez, pertsona batzuk txertoan sartutako gripearen birus batekin infekta daitezke, txertoa jarri arren. Gripearen aurkako txertoak ematen duen babesa asko alda daiteke, txertoa jartzen duen pertsonaren adinaren eta osasun-egoeraren araberakoa baita.

Zer onura ditu gripearen aurkako txertaketak?

Hainbat arrazoi daude urtero gripearen aurkako txertoa hartzeko:

  • Gripearen kontrako txertaketak gaixotasuna hartzea saihestu dezake.
  • Azterlanek erakusten dute gripearen aurkako txertaketak gaixotasunaren larritasuna murrizten duela txertoa hartu duten pertsonen artean.
  • Gripearen aurkako txertaketak murriztu egin dezake gripeari lotutako ospitalizazio-arriskua.
  • Gripearen aurkako txertoa prebentzio-tresna garrantzitsua da gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzat.
  • Gripearen aurkako txertoa haurdunaldian gomendatzen da, eragin hirukoitza duelako: amaren, jaioberriaren eta bularreko haurraren babesa bizitzako lehen hilabeteetan.
  • Txertaketak inguruko pertsonak ere babesten ditu, baita pertsona zaurgarriena eta konplikazio gehien izan ditzaketenak ere.

Zer albo-ondorio gerta daitezke gripearen aurkako txertoa hartu ondoren?

Euskadin erabiltzen den gripearen aurkako txertoa birus zatikatuen txertoa da, eta kontrako erreakzioak izateko probabilitate txikia du ezaugarri.

Beste txerto batzuekin bezala, txertoaren ondoren erreakzio lokalak gerta daitezke, eta, gutxiagotan, sukarra, ondoeza eta gorputzeko mina eragin ditzakete. Erreakzio horiek lehen 6-12 orduetan hasten dira, eta 1-2 egun irauten dute.

Urtero hartzen dut gripearen kontrako txertoa?

Bi arrazoirengatik da beharrezkoa urtero txertoa hartzea:

  • Gripearen birusek gaitasun handia dute infektatzeko garrantzi berezia duten proteinak aldatzeko. Horregatik, gripearen birus berriak agertzen dira, eta gizakiak ez du birus horietarako babesik.
  • Gainera, denborarekin, txertoari esker sortzen diren antigorputzak gutxituz doaz.

Gripearen txertoa hartu ondoren, pertsona batzuek katarro-sintomak izaten dituzte. Zergatik gertatzen da?

  • Arnasbideetako birus ugari daude (errinobirusa, arnas birus sintzitiala, parainfluenza birusa, adenobirusa..), gripe-denboraldian zehar zabaltzen dira eta gaixotasuna eragiten dute. Txertoak ez du birus horietatik babesten.
  • Txertoa jasotzen denetik, bi aste behar dira gorputza gripetik babestuta egoteko. Batzuetan, denbora tarte horretan gripeaz kutsa daiteke, txertoa jarrita izan arren.
  • Pertsona batzuk gripearen birus batekin infektatu daitezke, txertokoak ez direnak, edo baliteke behar bezala babestuta ez geratzea, adinagatik edo osasun-egoeragatik.

Zer kasutan dago kontraindikatuta txertoa?

  • 6 hilabetetik beherako haurrak.
  • Txertoaren printzipio aktiboei edo osagairen bati alergia dieten pertsonak.
  • Lehenago gripearen aurkako txertoaren aurrean erreakzio alergiko larria izan duten pertsonak.
  • Sukarra edo infekzio akutu bat duten pertsonak: txertoa atzeratu egin beharko da sendatu arte.

Zergatik da garrantzitsua gripearen aurkako txertoa haurtzaroan?

Gripeak etengabeko mehatxua izaten jarraitzen du, eta mundu osoko 5 urtetik beherakoen artean milioi bat gripe-kasu larri eragiten ditu urtero. Osasun publikoko arazo garrantzitsua da, eta ondorio sozioekonomiko garrantzitsuak ditu. Txertoa da gaixotasun horren aurkako prebentzio-neurri eraginkorrena.

Beste herrialde batzuetan ere gomendatzen al da gripearen aurkako txertoa jartzea 5 urtetik beherakoei?

2012. urteaz geroztik, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (OME, ECDC) 6 eta 59 hilabete arteko biztanleak sartu zituzten gripearen aurkako txertoa jartzeko lehentasun-taldean. Europako beste herrialde batzuek ere (Austria, Danimarka, Finlandia, Irlanda, Italia, Erresuma Batua, etab.) gripearen aurkako urtaroko txertaketa unibertsala ezarri dute adin-talde horretan.

Espainian, Txertaketen Programa eta Erregistroaren Ponentziak gomendioen dokumentu espezifiko bat prestatu du 6-59 hilabeteko pediatriako populazio osasuntsuari gripearen aurkako txertoa jartzeari buruz. Osasun Publikoko Batzordeak onartu du, eta hemen kontsulta daiteke: Recomendaciones de vacunación frente a la gripe en población infantil

Zein da gripearen txertaketak arriskuko haurrengan duen garrantzia?

Arrisku-taldeak lehentasun bat diren arren, talde horietako haur eta nerabe askok oraindik ez dute jaso, hainbat arrazoirengatik, urteko txertaketa hori, ezta haien bizikideek ere. Azterlan batzuek erakusten dutenez, Espainian, oinarrizko gaixotasunak dituzten haurren txertaketa-estaldurak ez du, oro har, % 20 gainditzen, eta gripeagatik ospitalizatutako arrisku-faktoreak dituzten haurren laurdenak soilik hartu du gripearen aurkako txertoa. Jakin badakigu, halaber, zaila dela txerto-estaldura handiak izatea pediatrian, haurren txertaketa unibertsala ezarrita ez dagoen herrialdeetan.

Zein da haurren arrisku globala urteko epidemietan?

Urteko gripe-epidemiek eragindako haurren proportzioa % 5etik % 35era bitartekoa da oro har, eta % 50etik gorakoa da biztanle-talde itxietan, hala nola eskola-giroan. Adingabeak, bestalde, gaixotasuna transmititzeko bektore nagusia dira.

Zergatik da garrantzitsua haurren txertaketa unibertsala 6 eta 59 hilabete bitartean?

Arrisku-taldeetan sartuta ez dauden 6 hilabetetik gorako haurren gripearen aurkako txertoa prebentzio-neurri gomendagarria da, haurrari banakako babesa ematen diolako eta familia- eta komunitate-babesa errazten duelako. 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrei gripearen aurkako txerto unibertsala gomendatzeko ebidentzia zientifiko nahikoa dago, eta horretarako osasun-agintariek haurren txertaketarako emandako gomendio ofizialetan txertatu da.

Zein dira gripearen aurkako txertaketaren gomendio orokorrak haur eta nerabeei dagokienez?

  • 6 eta 59 hilabete bitarteko haur guztiak.
  • Arrisku-taldeak: egoera jakin batzuetan dauden edo gripearen konplikazioak izateko arrisku handiagoa dakarten oinarrizko gaixotasunak dituzten 6 hilabetetik gorako pertsonak.
  • Arriskuko pazienteekin bizi diren 6 hilabetetik gorako pertsonak.
  • Haurdun daudenak, bai beren burua babesteko, bai etorkizunean izango duten haurra babesteko, haurdunaldiaren edozein unetan.

Zer gomendio dago lehentasunezko talde horietatik kanpoko haurren txertaketari buruz?

Gainera, arrisku-taldeetan sartuta ez dauden 5 urtetik gorako haurrei gripearen aurkako txertoa jartzea neurri gomendagarria da, prebentzio-jarduera horrek banakako babesa ematen baitie haurrei eta nerabeei, eta familia- eta komunitate-babesa errazten baitu.

Txertoa hartu nahi duten 5 urtetik gorako haurrek osasun-profesionalarekin kontsultatu ahal izango diote eta zita eskatu urriaren 30etik aurrera.

Gripearen aurkako zer txerto-mota gomendatzen da?

Gripearen aurkako txerto tetrabalenteak erabiltzea gomendatzen da, bai inaktibatuak muskulu barnetik edo larruazalpetik erabiltzeko, bai indargetuak sudurretik erabiltzeko.

Osakidetzan gripearen aurkako txerto tetrabalente inaktibatu bat erabiliko da 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrei txertoa jartzeko.

Nola jartzen da gripearen txertoa eta zenbat dosi behar dira?

Txerto injektagarri inaktibatua muskulu barneko injekzio baten bidez ematen da izterrean edo besoan, haurraren adinaren arabera.

Haurrei gripearen aurkako txertoaren dosi bakarra emango zaie, arrisku-egoeraren bat duten eta gripearen aurkako txertoa lehen aldiz hartzen duten haurrei izan ezik. Kasu horretan, txertoaren bi dosi jasoko dituzte, elkarren artean 4 asteko tartea utzita.

Gripearen aurkako txertoa beste txertoekin batera eman daiteke?

Bai. Beste txerto batzuekin batera jar daiteke, baina injekzioa jartzeko leku desberdinak hautatuta.

Haur batek gripearen aurkako txertoa hartu behar al du denboraldi honetan jada jarri badu?

Bai. Gripearen aurkako txertoa gomendatuta dago oraindik, infekzioa izan arren. Gripearen birusa hainbat hilabetez ibil daiteke, eta gripe-denboraldian zehar hainbat gripe-koadro izan ditzake. Horregatik, txertoa hartzea da babesik onena.

COVIDa izan duten haurrek gripearen aurkako txertoa har al dezakete?

Ez da ezagutzen COVID-19a gainditu duten pertsonei txertoa jartzeko kontraindikaziorik. Era berean, COVID-19ak eragindako infekzio aktiboa duten adingabeei gripearen aurkako txertoa ematea gomendatzen da, eta nahikoa da txertoa egun batzuetan atzeratzea koadro klinikoa bidali arte.

Zer neurri hartu behar dira haurtzaroko gripearen aurkako txertaketari dagokionez?

  • Sukar-gaixotasuna edo prozesu akutu ertaina edo larria.
  • Guillain Barré-ren sindromea gripearen aurkako aurretiko txertaketaren ondorengo sei asteetan (ez txertatu haur osasuntsua bada; baloratu banan-banan arrisku-faktore espezifikoak dituzten haurrak).
  • Purpura tronbopeniko immunea gripearen aurkako txertoaren aurretiko dosi baten ondorengo 7 egunetan.
  • Alergia larria arrautzari.

Zer kontraindikazio daude haurtzaroan gripearen aurkako txertoa jartzeko?

6 hilabete baino gutxiago izatea edo gripearen aurkako aurretiko txertoari edo txertoan sartutako beste osagairen bati alergia larria izatea.

Zeintzuk dira gripearen aurkako txertoaren ondorio kaltegarriak?

Gripearen aurkako txertoa oso segurua da. Albo-ondorioak beste txerto injektagarri batzuetan ohikoak direnak dira, batez ere tokian tokikoak (mina eta gorritzea injekzio-tokian) edo orokorrak arinak (sukarra, ondoeza...). Beste erreakzio mota batzuk salbuespenezkoak dira.

Berehalako erreakzioen aurreko arreta-neurri gisa, injektagarri bat ematen den bakoitzean, 20 minutu eman behar dira txertaketa-zentroan.

Haurdunaldian, zein da gripearen aurkako txertaketa gomendioa?

Gripearen aurkako txerto injektagarria haurdunaldiaren edozein unetan eman dakieke haurdunei, eta eman egin behar zaie. Izan ere, haurdun dauden emakumeak konplikazioak izateko arrisku-taldeetan sartuta daude, eta horrek ez dio inolako arriskurik ekarriko fetuari. Aitzitik, bizitzako lehen hilabeteetan haurra babesten du. Haurdunaldian txertorik hartu ez duten erdiberriak, erditzearen ondorengo 6 hilabeteetan.

Esteka honetan, COVIDaren aurkako txertaketari (Euskadin) buruzko informazio guztia duzu:

https://www.euskadi.eus/covid-19aren-aurkako-txertaketaren-inguruko-galderak-eta-erantzunak/web01-a3txerto/eu/

Gaur egun, nori dago zuzenduta COVID-19aren aurkako txertoa?

COVIDaren aurkako txertaketa talde hauentzat da:

  • Adina: 60 urtetik gorakoak.
  • Arrisku-baldintzak dituzten 6 hilabete eta 59 urte bitarteko pertsonak.
  • Gomendatuta dago, halaber, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetako langileentzat, bai lehen mailako arretakoentzat, bai ospitale-arretakoentzat, publiko zein pribatuentzat, bai pazienteekin harremanetan dauden osasun-larrialdietako zerbitzuetan lan egiten dutenentzat, bai eta adinekoen egoitzetako edo desgaitasuna dutenentzako arretako langileentzat ere.

Eta arrisku-talde horietako kide ez banaiz eta txertoa jarri nahi badut, jar dezaket?

Zure osasun-profesionalarekin kontsultatu behar duzu, zure egoera balora dezan.

Zergatik jarraitzen dugu gomendatzen pertsona zaurgarriei txertoa jartzea?

Oraindik ere birusak aldaera berriak dituelako eta pertsona zaurgarrienek infekzio larriagoak izateko arrisku handiagoa dutelako, adinagatik edo oinarrizko gaixotasunagatik.

Nola eskatu zita?

60 urtetik gorakoei eta arrisku-taldeetakoei COVIDaren aurkako txertoa eskainiko zaie gripearen aurkako txertoa jartzen zaien unean bertan; beraz, ez da zitarik eskatu behar.

Edozein arrazoi dela medio, COVIDaren aurkako txertoa soilik hartu nahi duten pertsonek beren osasun-zentrora deitu behar dute, edo 900 20 30 50 telefonora (1. aukera).

Ez dut gizarte segurantzarik. MUFACE, MUGEJU, ISFAS, desplazatuak... Zer egin behar dut? Nola zitatuko naute?

Osakidetzako OTIrik ez baduzu, deitu osasun-zentrora edo 900 20 30 50 telefonora (1. aukera).

Zer txerto emango da aurten?

Medikamentuen Europako Agentziak (EMA) eta Osasun Publikoko Batzordeak birusaren aldaera berrietara egokitutako txertoak gomendatzen dituzte, aurrez emandako txerto mota edozein dela ere.

Osakidetzak une horretan eskuragarri dagoen txertoa eskainiko du.

Zenbat denbora igaro behar da aurreko txertoetatik?

Dosi hori jasotzeko, gutxienez 3 hilabeteko tartea igaro behar da hartutako azken txerto-dositik.

Duela gutxi COVIDa izan badut, txertoa har dezaket?

Gutxienez 3 hilabeteko tartea igaro behar da, aurretiko infekzioren bat izan duzunetik.

Ez dut COVIDaren aurkako txertoa hartu. Zenbat dosi jarri behar ditut orain?

Aurretiko dosi kopurua alde batera utzita, 60 urte edo gehiago baditu edo arrisku-talderen bateko kide bada, gaur egun txerto-dosi bakarra gomendatzen da.

Immunodeprimitutako pertsonek COVID-19aren aurkako txertoaren dosi bat gehiago ematea eska dezakete.

Zer txerto emango zaie haurrei?

Pfizer laborategiaren txerto pediatriko espezifiko bat adin-talde horretarako, helduentzako txertoak baino dosi txikiagoa duena.

Zer albo-ondorio izan ditzaket txertoa jartzen badut?

Medikamentu guztiek bezala, txertoak albo-ondorioak eragin ditzake. Efektuok ez dira beti agertzen, eta gehienak arinak eta iraupen laburrekoak izaten dira (besteak beste, sukarra edota injekzio-lekuko mina).

COVID-19aren sintomak baditut, txertoa jar dezaket?

Diagnostikoa baztertu arte itxaron behar duzu. COVID-19ak eragindako infekzioa dela baieztatzen bada, ez da txertaketa gomendatzen 3 hilabete igaro arte.

COVID-19a duen pertsona baten kontaktu estua banaiz, txertoa jar dezaket?

Sintomarik ez baduzu, txertoa jar dezakezu. Ez da gomendatzen test diagnostiko birologiko edo serologikorik egitea txertaketa baloratzeko.

Gripea eta COVIDa eduki ditzaket aldi berean?

Bai. Baliteke aldi berean GRIPEA, beste arnas gaixotasun batzuk eta COVID-19a izatea.

GRIPEAren eta COVID-19aren sintoma batzuk antzekoak dira; beraz, zaila izan daiteke bi gaixotasunak bereiztea sintomak soilik kontuan hartuta. Diagnostiko-probak lagungarriak izan daitezke norbaitek influenza ala COVID-19a duen zehazteko.

Gripearen eta COVIDaren arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak

Gripea eta COVID-19a arnas gaixotasun kutsakorrak dira, baina birus ezberdinek eragiten dituzte. COVID-19a SARS-CoV-2 birusaren infekzioak sortzen du, eta gripea influenzaren birusak.

GRIPEAren eta COVID-19aren sintoma batzuk antzekoak direnez, zaila izan daiteke bi gaixotasunak bereiztea sintometan soilik oinarrituta, eta baliteke detekzio-proba bat egin behar izatea diagnostikoa baieztatzen laguntzeko.

Jaso al ditzaket aldi berean gripearen aurkako txertoa eta COVID-19aren aurkako txertoa?

Bai. COVID-19aren aurkako dosi bat ematea gomendatzen den taldeetako batekoa bazara, eta urtaroko gripearen aurkako txertoa ere gomendatzen badizute, bi txertoak jar ditzakezu zita berean. Bi txertoak leku anatomiko desberdinetan emango dira.

Ez ditut bi txertoak batera jarri nahi. Txerto bakoitzerako zita bana izan dezaket?

Bai, bereiz jaso daitezke, baina ez dago kontraindikaziorik egun berean jasotzeko, eta ez dituzte kontrako erreakzioak areagotzen. Gainera, abantaila bat da zuretzat, zentrora behin bakarrik joan behar duzulako.

Txertoek ematen duten babesa berehalakoa da?

Ez, txertoa(k) jaso eta handik bi astera antigorputzak garatzen eta gripearen birusak eta/edo COVIDak eragindako infekzioaren aurkako babesa ematen hasten dira. Horregatik, onena da birusak zirkulatzen hasi aurretik txertoa hartzea.

Sukarra daukat. Txertoa jarri ahal dut?

Gaixotasun akutu larri edo sukarra eragiten duen prozesu akuturen bat dutenen kasuan, txertaketa atzeratu egin behar da aldi baterako; baina sukarrik gabeko edo erasan sistemikorik gabeko gaixotasun arina ez da baliozko arrazoia txertaketa atzeratzeko.

Zer da gripea?

Gripea birus batek eragindako arnas gaixotasun infekziosoa da. Birusa erraz transmititzen da eta azkar zabaltzen da (batez ere udazkenean eta neguan). Gripearen birusek gaixotasun arina edo larria eragin dezakete, eta batzuetan baita heriotza ere.

 

Zeintzuk dira gripearen sintomak?

Gripea duten pertsonek, askotan, sintoma hauetako batzuk izaten dituzte: sukarra, eztarriko mina, sudurreko mukositatea, eztul lehorra, zefalea, giharretako mina, nekea.
Gaixotasunaren sintomak 1. eta 4. egunen bitartean hasten dira birusa organismoan sartu ondoren. Pertsona batzuk gripearen birusaz infektatzen dira, baina ez dute gaixotasuna garatzen; hala ere, pertsona horiek gaixotasuna beste batzuei transmiti diezaiekete.

 

Nola prebenitu daiteke gripea?

Txertaketa da prebentziorako modurik eraginkorrena. Txertatzeaz gain, honako neurri hauek gomendatzen dira:

  • Eztul edo doministiku egitean ahoa estali, ahal den einean, erabilera bakarreko zapiekin.
  • Eskuak sarri garbitu, batez ere eztul edo doministiku egin ondoren.
  • Saiatu doministiku egitean edo sudurreko jariakinak garbitzean erabilitako zapiak ez berrerabiltzen.
  • Ahal den neurrian, beste pertsona batzuekin kontaktua mugatzea, ondoeza, sukarra edo gripearen bestelako sintomak izanez gero, kutsatzea saihesteko.
  • Ez izan kontakturik gaixoekin, ez gaitzaten kutsatu. 

 

Haurdun banago, txertoa hartu behar dut?

Haurdunei txertoa jartzea gomendatzen da, haurdunaldiaren edozein hiruhilekotan, hiru ondorio eragiten baititu:

  • Amaren babesa.
  • Jaioberrien babesa.
  • Bularreko haurraren babesa bizitzako lehen hilabeteetan.

Gripeak haurdunaldian eragin dezakeen erikortasuna eta hilkortasuna beste arrisku-talde batzuetarako deskribatutakoaren antzekoa da. Haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan gripearen birusak eragindako infekzioa bihotz-malformazioak, erbi-ezpaina eta hodi neuralaren akatsak areagotzearekin lotu da, eta bigarren eta hirugarren hiruhilekoan abortu eta erditze goiztiar gehiago izatearekin.

 

Haurdunaldian, noiz gomendatzen da txertoa?

Gripearen aurkako txertaketa-kanpainan, urtero, udazkenean, haurdunei inaktibatutako txertoaren dosi bat ematea gomendatzen da, haurdunaldiaren edozein hiruhilekotan.

 

Segurua al da gripearen aurkako txertoa haurdunaldian?

Bai, gripea eragin ezin duen txertoa da, eta segurua da haurdunaldian.
Hala eta guztiz ere, txertoek, beste edozein sendagaik bezala, kontrako ondorioak izan ditzakete. Eragin horiek ez dira oso ohikoak, eta arinak izaten dira (ziztadaren zonako eragozpenak), eta ez dute eraginik haurraren osasunean.

 

Zein kasutan dago kontraindikatua gripearen aurkako txertoa?

  • Printzipio aktiboei edo txertoaren osagairen bati alergia dioten haurdun daudenak.
  • Aurretik gripearen aurkako txerto batekiko erreakzio alergiko larria izan duten haurdunak.
  • Sukarra edo infekzio akutua duten haurdunak: txertaketa atzeratu egin beharko da sendatu arte.

 

Haurdunaldi bakoitzean eman behar da gripearen aurkako txertoa?

Bai. Beharrezkoa da haurdunaldi bakoitzean gripearen aurkako txertoa jartzea, bi arrazoirengatik:

  • Gripearen birusek gaitasun handia dute azaleko antigenoak aldatzeko (proteinak, birusak infektatzeko duen gaitasunean garrantzi berezia dutenak).  Aldaketa horien ondorioz, gripearen birus berriak agertzen dira, eta gizakiak ez du birus horien aurrean babesik. Horregatik, txertoa urtero eguneratu behar da.
  • Gainera, gripearen aurkako txertaketari esker pertsonek sortutako antigorputzek behera egiten dute denborarekin.

 

Posible al da kukutxeztularen eta gripearen aurkako txertoa egun berean hartzea?

Bai, bi txertoak emateko unea bat badator, bisita berean eman dezakete, baina bakoitza beso desberdin batean. Halaber, egun desberdinetan ere eman daitezke, inolako denbora-tarte zehatzik gorde beharrik gabe. Haurdunari kukutxeztula txertatzea gomendatzen da haurdunaldiaren 27. astetik aurrera, baina, ahal dela, 27. edo 28. astean.

Azken aldaketako data: