Garai aurreko preeklanpsia jaio aurretik bahetzeko eta prebenitzeko programa

Zer da preeklanpsia?

Preeklanpsia haurdunaldian zehar ager daitekeen gaixotasuna da. Kasu batzuetan larria ere izan daiteke, batez ere haurdunaldiko 37 asteak igaro baino lehen agertzen bada (garai aurrekoa). Askotan, gernuan proteina-maila handiak izatearekin lotzen da, eta. Preeklanpsiak amaren odoleko plaketak gutxitu ditzake, arazoak eragin diezaioke giltzurrunetan edo gibelean, likidoa izan dezake biriketan edo garuneko arazoak izan ditzake.

Sintomarik ohikoena tentsio arterialaren zifrak igotzea eta mantentzea da, eta haurdunaldiaren erditik aurrera eta erditzearen ondorengo bi egunetan gertatzen da. Sintoma hauek ere ager daitezke: buruko mina, abdomeneko mina, arnasteko zailtasuna edo erremina bularrezurraren atzean, goragalea eta gorakoak, nahasmendua, konbultsioak, antsietate-egoera handia eta/edo ikusmen-alterazioak, hala nola argiarekiko hipersentikortasuna, ikusmen lausoa edo puntuak keinadaka ikustea.

Haurtxoari eragin diezaioketen konplikazioak izateko arriskua ere badago, hala nola hazkuntza-alterazioak edo karena erortzearen ondoriozko beste batzuk.

Gaur egun ez dago gaixotasun hau sendatzeko tratamendurik. Eskura dauden tratamenduek sintomak hobetzen dituzte eta konplikazioak gutxitzen dituzte, baina ez dute sendatzen eta ez dute garapena saihesten; beraz, gehienetan erditzea aurreratu behar izaten da. Hori haurdunaldiko 37 asteak baino lehen gertatzen bada, prematuritateagatiko sekuelak izateko arriskua dago.

Gure ingurunean, preeklanpsiaren maiztasuna % 2-3koa da; hau da, haurdun dauden 40 emakumetik 1ek du gaixotasun hau. Preeklanpsia duten emakume gehienek osasun-arazorik gabeko haurtxoak erdituko dituzte. Hala ere, zenbait konplikaziok eragina izan dezakete amaren eta haurraren osasunean. Preeklanpsia lehenago agertzen denean, hots, 34. astea baino lehen (% 0,8 haurdunaldi guztien artean), konplikazio eta ondorio gehienak gertatzen dira.

Preeclampsia

Zertan datza programa?

Programa honen helburua da identifikatzea zein emakume haurdunek duten preeklanpsia izateko arriskurik handiena, erditzea 37. astea baino lehen izatea eragin dezakeena. Haurdunaldiaren kontrola egiteko Osakidetzako zentroetara doazen emakume haurdun guztiei eskainiko zaie.

Fetu bakarreko haurdunaldien baheketa hainbat datu edo azterketa mota konbinatzean datza:

  • Odol-analisia, haurdunaldiko lehenengo errutinazko kontrolean egiten dena (9. eta 11. asteen artean). Bertan markatzaile biokimiko bat neurtzen da: PAPP-A.
  • Presio arteriala neurtzea. Bi besoetan egiten da, beso bakoitzean bi aldiz, minutu batzuetan atsedena hartu ondoren.
  • Lehen hiruhilekoko ekografian (11 – 13+6) neurtzen da odola bi umetoki-arterietatik igarotzearen kontrako erresistentzia, kromosomopatien baheketarekin batera.

Datu horiek amaren historiarekin konbinatzen dira. Horrek aldez aurreko hainbat faktore baloratzen ditu.

Haurdunaldi anizkoitzetan, historia klinikoaren arrisku-faktoreak baloratuz egingo da kalkulua.

Baheketa honek ez dakar inolako arriskurik emakumearentzat, ezta fetuarentzat ere, eta 4 preeklanpsia-kasutatik 3 inguru detektatzen ditu, haurra 37. astea baino lehen jaiotzea eragin dezaketenak.

Bi emaitza posible daude:

  • Arrisku txikia (100etik 1 edo gutxiago).
  • Arrisku handia (100etik 1 baino gehiago).

Kalkulatzen da garai aurreko preeklanpsiaren baheketa egiten zaien 10 emakumetik 1ek arrisku handiko emaitza izango duela.

zertan datza programa?

Emaitzaren arabera arrisku txikia badago, zer esan nahi du horrek?

zertan datza programa?

Arrisku txikiko emaitza izateak esan nahi du hardunak ez duela izango erditzea 37. astea baino lehen izatea eragingo duen preeklanpsia. Haurdunaldiaren ohiko jarraipenarekin jarraituko da, beraz.

Emaitzaren arabera arrisku handia badago, zer esan nahi du horrek? Zeintzuk dira hurrengo urratsak?

Arrisku handiko emaitza izateak esan nahi du hardunak aukera handiagoa duela erditzea 37. astea baino lehen izatea eragingo duen preeklanpsia izateko.

Kasu horretan, ginekologoak prebentziozko tratamendua proposatuko du, hau da, konplikazio hori izateko arriskua murrizteko tratamendua, eta haurdunaldiaren ohiko kontrolarekin jarraituko da.

Prebentziozko tratamendua honetan datza: 150 mg-ko azido azetilsalizilikoko (Aspirina®) konprimatua hartzea egunero, oheratzean, haurdunaldiko 36. astera arte. Tratamendua behar bezala hartzen denean, % 80 murrizten dira preeklanpsia goiztiarraren kasuak (34. astea baino lehen erditzea).


Kontrako ondorioak:

Azido azetilsalizilikoa (Aspirina®) farmako segurutzat jotzen da haurdunaldian, eta ez du epidurala kontraindikatzen.

Tratamendu gehienek bezala, ondorio kaltegarriak izan ditzake. Azido azetilsalizilikoaren dosi txikiekin oso gutxitan gertatzen dira, eta agertzen direnean, gehienetan arinak izaten dira. Hartzen duten emakumeen % 10ek sintoma gastrointestinalak izan ditzakete.

Haurdunak azido azetilsalizilikoarekiko intolerantzia edo sentikortasuna badu, erreferentziazko ginekologiako profesionalari jakinarazi beharko dio.

Kontraindikazioak:

Haurdunei ez zaie azido azetilsalizilikorik emango, baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

  • Ultzera gastrikoa, duodenala edo molestia gastriko errepikatuak.
  • Erreakzio alergiko asmatikoak azido azetilsalizilikoa hartzean.
  • Hemofilia edo koagulazio-trastornoak, odoljarioak izateko arriskua eragiten dutenak.
  • Gibeleko edo giltzurruneko gaixotasun larria.

Proba horietan oinarritzen den garai aurreko preeklanpsiaren baheketa-programak hau ahalbidetzen du:

  • Erditzea aurreratu eta 37. astea baino lehen izatea eragin dezakeen preeklanpsia izateko arriskua indibidualizatzea.
  • Prebentziozko tratamendua ematea haurdun bakoitzari, garai aurreko preeklanpsiaren arriskua murrizteko.
  • Garai aurreko preeklanpsiaren kasuak eta haurdun dauden emakumeei eta haurrei lotutako sekuelak gutxitzea.

Garai aurreko Preeklanpsia jaio aurretik bahetzeko eta prebenitzeko programa

Azken aldaketako data: