GIB/HIESA
Zer dira GIBa eta HIESa
Sexu-transmisiozko infekzio ohikoenak klamidia, gonokozia eta sifilia dira. Gaur egun, GIBa sexu-transmisiozko infekzio ere bihurtu da. Euskadin, sifilia eta GIBa proba azkarren bidez goiz detektatzea doan eskaintzen da farmazietan eta elkarteetan. Ziztada digitalaren bidez egiten da (ziztada hatzean) eta emaitza 10-30 minututan ematen da. Emaitza positiboa Sexu Transmisiozko Infekzioen kontsultetara bideratzen da ondoren.
Sifilis eta GIB proba azkarrak egiteko farmazia-bulegoak:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/gib-test-azkarra-egin-daitekeen-farmaziak/webosk00-oskenf/eu/
Elkarte batean modu anonimoan eta hitzordurik gabe egin nahi baduzu, jarri harremanetan programan parte hartzen duten GKE hauekin:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/gib-test-azkarra-egin-daitekeen-gkeak/webosk00-oskenf/eu/
Sexu-transmisiozko infekzioei buruzko online kontsulta bat ere badago, gizonezkoekin sexua duten gizonentzat, eta, bertan, zure zalantzei buruzko orientabideak eman ahal izango dizkizute:
https://micarpetasalud.osakidetza.eus/b65CarpetaSaludWar/encuesta/mostrar?locale=eu&encuesta=its
Hauek dira STIen diagnostikoa eta tratamendua egiteko Osakidetzaren zentro espezifikoak:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/gib-proba-egiteko-osakidetzako-zentru-espezifikoak/webosk00-oskenf/eu/
Hies-a Giza Immunoeskasiaren Birusak (GIB) eragindako infekzioaren egoera aurreratua da. Pertsona bat infektatzen denean, GIBa bere sistema immunologikoko zeluletan sartzen da, bereziki T4 linfozitoetan, eta pixkanaka hauek suntsitzen ditu.
Infekzioaren hasieran, eta hilabete batzuetatik urte batzuetara luza daitekeen denboran, sistema immunea gai da defentsarako nahikoa zelula produzitzeko eta birusaren erreplika kontrolatzeko. Baina une batean birusek defentsak gainditzen dituzte, sistema immunitarioak okerrera egiten du eta immunoeskasia gertatzen da. Gorputzak jada ezin die aurre egin normalean kalterik egiten ez duten infekzioei eta gaixotasunei. Une horretan, hartutako immunoeskasiaren sindromea edo hies-a agertzen da. Hies-a, beraz, GIB bidezko infekzioaren modu aurreratua da.
Pertsona batek hies-a duela esaten da GIBak haren sistema immunitarioa eraitsi duenean eta "infekzio oportunistak” deitutakoak agertzen direnean. Errepikatzen den pneumonia eta tuberkulosia dira infekzio oportunisten adibideak.
Azken urteetan aurrerapen handiak egin dira birusaren jarduera geldiarazten duten tratamendu antirretrobiraletan, birusaren eragina atzeratuz edo, zenbaitetan, eragin hori saihestuz.
Organismoaren lau jariakinek bakarrik dute GIB kontzentrazio nahikoa birus hori kutsatzeko: odolak, semenak, baginako fluxuak eta ama-esneak. Horrek esan nahi du GIBa hiru modutara kutsa daitekeela: sexuaren bidez, odolaren bidez eta umeak amaren esnea hartuz.
-
Sexuaren bidez: preserbatiborik gabe, baginako, uzkizko edo ahoko sarketa ematen den sexu-harremanetan. Uzkizko sarketak dauka arrisku handiena; horren ondoren, baginako sarketak. Ahoaren eta genitalen arteko erlazioak ez dira hain arriskutsuak GIBerako, baina bai sexu-transmisioko infekzioetarako.
-
Odolaren bidez: infektatutako odolarekin kontaktuan egon diren xiringak, orratzak edo edozein tresna zorrotz partekatzean.
-
Amaren eta umearen artean: emakume batek GIBa duenean umeari haurdunaldian, erditzean edo edoskitzean kutsa diezaioke. Hala ere, gaur egun, mediku-kontrol egokia eta tratamendu antirretrobiral bat jarraituz arrisku hori ia desagertu egin da.
Diagnostikoa eta azterketa osagarriak
Pertsona bat GIBaz kutsatuta dagoen jakiteko modu bakarra dago: GIBaren azterketa egitea.
Azterketaren emaitza fidagarria izateko, azken arrisku-praktika egin den unetik azterketa egiten den unera arte hiru hilabete pasa beharko dira.
Gaur egun azterketa hori egiteko hainbat aukera daude. Osasun-zentro batean analisi kliniko bat egin daiteke, edo Euskal Autonomia Erkidegoko GKE batzuetan edo farmazia batzuetan GIBaren test azkar bat egin daiteke.
Prebentzioa eta arrisku-faktoreak
Sexu-harremanetan preserbatiboa erabiltzea da GIBetik babesteko neurri errazena eta eraginkorrena.
GIBaz kutsatuta ote dagoen ez dakigun pertsonekin sarketa (baginala, uzkikoa edo ahokoa) ematen den sexu-harremanak edukitzean beti erabili behar da.
GIBa duten pertsona guztiek kutsatu ahal izango diote birusa beste pertsona bati, kutsatuta dagoen pertsonak sintomak dituen ala ez edo zein fasetan dagoen kontuan hartu gabe.
Aitzitik, GIB positiboak dituzten pertsonek, tratamendu antirretrobirala jarraitzen badute eta birus kantitatea maila baxuan mantentzen badute, birusa kutsatzeko aukera txikia dute.
GIBa ez da kutsatzen eguneroko jardueren bidez edo objektuekin, janariarekin edo arroparekin kontaktuan egoteagatik.
GIBa ez da kutsatzen:
- GIB positiboa duen pertsona batekin bizitzeagatik, lan egiteagatik edo irteteagatik.
- GIBarekin bizi den haur baten ikastetxe edo haurtzaindegi berberera joateagatik.
- Eskua emateagatik, besarkatzeagatik edo musu emateagatik.
- Ohe berean lo egiteagatik.
- Mahai-tresnak partekatzeagatik, plater berean jateagatik edo edalontzi beretik edateagatik.
- Komun, igerileku edo dutxa publikoak erabiliz.
- Eltxo baten ziztadagatik edo etxeko animaliek egindako zauriengatik.
- Odola jaso edo emateagatik
Sexu-harremanetan preserbatiboa erabiltzea da GIBetik babesteko neurri errazena eta eraginkorrena.
Tratamenduak eta zaintzak
Gaur egun GIBak ez du sendabiderik. Tratamenduetan urrats handiak eman diren arren, oraindik ez da lortu birusa behin betiko ezabatuko duen sendagairik. Bestalde, ikerketa asko egiten ari diren arren, oraindik ez dago infekzioa prebenitzeko txertorik.
Sendagai antirretrobiralak erabiltzen dira GIBa organismoan garatzea geldiarazteko. Sendagai horiek birusa zabaltzea eragozten dute. Gaur egun tratamendua, normalean, diagnostikatzen den unean hasten da eta bizitza osoan jarraitu behar da hartzen.
Tratamendu antirretrobiralari esker, GIBa infekzio kroniko bihurtu da. Gainera, kutsatuta dauden pertsonek bizi-kalitate ona eta gainerako pertsonen bizi-itxaropenaren antzekoa dute.
Sintomak
Ez dago pertsona batek GIBaren birusa duela baieztatzen duen sintoma espezifikorik. GIBaren bidezko infekzioa poliki garatzen da, normalean urte batzuk behar ditu. Denbora horretan, tratamendu antirretrobiralik jasotzen ez bada, birusak sistema immunologikoko zelulak suntsitzen ditu. Denbora horretan ez dago pertsona batek birusa duela adierazten duen sintoma zehatzik.
Ohiko galderak
GIBaren bidezko infekzioak nolako sintomak ditu?
GIBaren bidezko infekzioak ez du sintoma espezifikorik. Pertsona bat infektatua ote dagoen jakiteko modu bakarra GIBaren azterketa espezifikoa egitea da.
Arrisku-praktika bat izan ondoren zenbat denbora itxaron behar da GIBaren azterketa egiteko?
Azterketaren emaitza behin betikoa dela ziur egoteko, azken arrisku-praktikatik 3 hilabete pasa beharko dute. Tarte horri leiho-aldia deitzen zaio.
Zer dira GIBa hautemateko test azkarrak?
Test azkarren funtsezko ezaugarria da emaitza 30 minutu baino gutxiagotan ezagutzen dela, odol kantitate txiki bat erabiliz. Emaitza positiboa ez da behin betikoa. Horregatik, beti, odol-analisi betekin berretsi behar da. Test azkarraren emaitza negatiboa bada eta arrisku-praktikatik 3 hilabete igaro badira, emaitza behin betikotzat jotzen da.
Preserbatiboa eraginkorra da GIBaren kutsadura saihesteko?
Bai. Preserbatiboak GIBetik babesteko eraginkorrak dira, baldin eta behar den moduan (hasieratik bukaerara arte) erabiltzen badira sarketa-erlazio guztietan (baginala, uzkikoa edo orogenitala).
Felazio baten bidez kutsatzeko arriskua dago?
Felazio batean GIBa kutsatzeko arriskua uzkizko edo baginako sarketa batean baino askoz ere txikiagoa da, baina ezin da saihestu. Arriskua felazioa egiten duen pertsonarentzako bakarrik dago (semena bere ahoarekin kontaktuan dagoelako). Felazioa egiten zaion pertsonak ez du arriskurik (listuak ez du GIBa kutsatzen).
Hala ere, sexu-transmisioko beste infekzio batzuk (sifilis, blenorragia, herpes, etab.) hartzeko arriskua handia izan daiteke bientzat.
Cunnilingus bidez GIBa kutsatzen da?
Cunnilingus batean GIBa kutsatzeko arriskua uzkizko edo baginako sarketa batean baino askoz ere txikiagoa da, baina ezin da saihestu. Arriskua cunnilingusa egiten duen pertsonak bakarrik dauka (baginako fluxuak bere ahoa ukitzen duelako). Cunnilingusa egiten zaion pertsonak ez du arriskurik (listuak ez du GIBa kutsatzen).
Hala ere, sexu-transmisioko beste infekzio batzuk (sifilis, blenorragia, herpes, etab.) hartzeko arriskua handia izan daiteke bientzat.
Likido aurreseminalak badu arriskurik?
Ez da ezagutzen bide honen bitartez kutsatutako kasurik, baina likido aurreseminala fluido infekziosoa izan daiteke eta GIBa kutsa dezake.
Preserbatiboa behar bezala erabiltzeak kutsatzeko aukera ekiditen duenez bere erabilera gomendatzen da.
GIBa musu sakonen biez kutsatzen da?
Ez. GIBa ez da listuaren bidez kutsatzen.
Nik beste pertsona bat masturbatzeagatik edo hark ni masturbatzeagatik kutsa naiteke?
Ez. Kutsatzaileak izan daitezkeen fluidoak beste pertsona baten larruazal osasuntsua ukitzeak ez du GIBa kutsatzeko arriskurik.
GIBak zenbat denbora irauten du bizirik giza organismotik kanpo?
Organismotik kanpo GIBa berehala geratzen da ez aktibo, kutsatzeko ahalmena galduz.
Zauri bat daukat eta bere gainean GIBa kutsa dezakeen fluido bat (odola, semena edo baginako fluxua) erori zait. Kutsa naiteke?
Kutsadura bakarrik gerta daiteke fluidoak hartzailearen odola ukitzen badu. Hatz-bizar batekin edo azaleko zauri batekin kontaktuan egoteak ez du GIBa kutsatzeko arriskurik.
Zauri irekien kasuan kutsatzeko probabilitatea oso txikia da. Kasu horretan profesional batek egin beharko du arriskuaren balorazio erreala.
Transfusioen bidez kutsatzeko arriskua badago?
Gaur egun ia ez dago odol-transfusio baten bidez kutsatzeko aukerarik. 1987. urteaz geroztik odol-banku guztiek donazioen analisi-kontrol zorrotza egiten dute.
GIBa duen pertsona batekin bizitzea arriskutsua da?
Ez. GIBa duen pertsona batekin egunero bizitzeak ez du kutsatzeko arriskurik eragiten. GIBa ez da kutsatzen airearen edo uraren bidez; janarien edo intsektuen bidez; ezta odol edo sexu-jario bidezko kontaktua eragiten ez duten tresnak partekatuz ere; halaber ez da gorozkien, listuaren, sudurreko fluxuaren, izerdiaren, malkoen, goitikakoen eta txizaren bidez kutsatzen, baldin eta horietan odolik ez badago.
Esteka interesgarriak
- GIB-aren Infekzioa eta Sexu-Transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko Plan Estrategikoa, 2022-2030
- Gaixotasunak kontrolatzeko eta prebenitzeko zentroak (CDC)
- Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioa
- Hiesa eta Sexu Transmisioko Infekzioen Plana
- Bizkaisida, Bizkaiko hiesaren aurkako herri-batzordea
- T4 elkartea
Azken aldaketako data: