Hipertentsio arteriala 65 urtetik gora
Presio arteriala igo egiten da zahartu ahala, eta pertsona batek hipertentsioa izateko arriskua, beraz, areagotu egiten da 65 urtetik gora. Adin horretan prebalentzia % 60 eta % 70 artekoa da, eta ohikoagoa da hipertentsio sistoliko isolatua izatea (goikoa bakarrik), adinarekin arteriak zurruntzen joaten baitira.
Pertsona edadetuaren presio arterialak 140/90 mmHg-tik behera egon behar du.Hortik gorako balioak dituen pertsonari, beraz, hipertentsioa diagnostikatu behar zaio, edozein izanik ere bere adina.
Adineko pertsonentzat kaltegarria al da hipertentsioa?
Adinarekin malgutasuna galtzen joaten dira arteriak, zurrunagoak bihurtzen dira, eta presio altuetara egokitzeko ahalmen txikiagoa izaten dute. Horren ondorioz, errazago hautsi edo itxi daitezke, eta adineko hipertentsoek, beraz, hipertentsioa duten pertsona gazteek baino sarriago izan ditzakete arazo baskularrak, besteak beste: bularreko angina, miokardioko infartua, bihotzeko gutxiegitasuna, iktusa (istripu zerebrobaskularrak) eta giltzurrunetako gutxiegitasuna.
Adineko pertsonentzat onuragarria al da hipertentsioa tratatzea?
Beste guztientzat baino onuragarriagoa da, zalantzarik gabe, adinekoentzat presio arteriala zertxobait eta kontrolpean jaistea, odol-hodietan arazoak izateko arriskurik handiena duen biztanle-taldea izanik. Ondorioz, eta arazo baskularrak murrizteko eta bizi-kalitate egokiari eusteko, komeni izaten da presio arterial sistolikoa 140 mmHg-tik behera edukitzea eta presio arterial diastolikoa, berriz, 90 mmHg-tik behera.
Azken aldaketako data: