Gernu-infekzioa duten emakumeentzako gomendio erabilgarriak
Gernubideetako infekzioak edo gernu-infekzioak emakumeek dituzten infekzio ohikoenetarikoak dira, eta bakterioak uretran sartzen direnean eta maskurirantz doazenean gertatzen dira.
- Infekzioa maskurira mugatzen bada, zistitis deitzen zaio.
- Giltzurrunetara zabaltzen bada, giltzurrunetako infekzioa edo pielonefritisa deritzo.
Honako hauek dira sintoma ohikoenak:
- Erre-sentsazioa pixa egitean
- Sarritan pixa egiteko beharra
- Gernuan odola izatea
- Ondoeza abdomenaren beheko aldean
Maskuriko infekzioak eta giltzurrunetakoak ohikoagoak dira emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino. Emakumezkoen maskuriko infekzio kasu gehienak ez dira konplikatuak eta erraz tratatzen dira antibiotiko dosi bakarrarekin.
Nola prebenitu, tratatu eta arindu sintomak?
Tratamendu ohikoena antibiotiko dosi bakar bat hartzea bada ere (hain zuzen ere, 3 gramo fosfomizina), zure erreferentziazko profesional sanitarioak esango dizu zure kasurako zer den egokiena.
Ohiturak gorabehera, pertsona batzuek beste batzuek baino errazago hartzen dituzte infekzioak. Infekzio errepikakorrak badituzu, honako hau erabilgarria gerta dakizuke:
- Likido gehiago edatea; izan ere, lagungarria izan daiteke maskurian sartzen diren bakterioak kanporatzeko.
- Espermizidak edo diafragmak erabiltzea saihestea eta metodo antisorgailu alternatibo bat bilatzea.
- Bagina bidezko estrogenoak hartzea, menopausia igaro duten emakumeen kasuan.
Maskuriko infekzioak sarritan dituztenei fruitu gorriak, infusioak edo ahabia-grageak kontsumitzea gomendatu izan zaie, infekzio horiek saihesten laguntzeko. Hainbat azterlanen arabera, ahabiek ez dakarte onurarik. Halere, nahi izanez gero, hori egiteak ez dakar inolako arriskurik.
Egin kontsulta baldin eta…
- Gernu-infekzioen sintomak nabaritzen badituzu, besteak beste: molestiak txiza egitean, etengabe sentitzea txiza egiteko premia edo ondoeza abdomenaren beheko aldean.
- Gernu-infekzioaren sintomez gain, honako hauek ere agertzen badira:
- Sukarra, hotzikarak eta ondoez orokor handia
- Bizkarreko edo saihetsaldeko mina
- Goragalea edota gorakoa
- Azken 6 hilabeteetan 2 aldiz edo gehiagotan izan baduzu sintomaren bat.
- Gernuari lotutako sintomak izateaz gain…
- Anomalia urologikoen aurrekariak, gaizki kontrolatutako diabetesa, giltzurruneko transplantea edota arazo immunologikoak badituzu.
- Azken 3 hilabeteetan ospitalizatuta egon bazara, edo duela gutxi antibiotiko bidezko tratamendua izan baduzu.
Azken aldaketako data:



