Irakaskuntza batzordea

Bikaintasunean
profesionalak trebatzen

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak, Irakaskuntza Batzordearen bidez, bere gain hartzen du Prestakuntza Espezializatuko programetara sartzen diren profesional sanitarioei zuzendutako irakaskuntza-ekintza errazteko eta koordinatzeko konpromisoa, baita haien espezialitatearen berezko gaitasunak eta lanbide sanitarioen gaitasun komunak lortzen direla zaintzeko konpromisoa ere. Lortu nahi da profesional sanitario horiek haien lanbidean jardun ahal izatea, eta haien mende egongo diren herritarren osasuna sustatzeko eta zaintzeko eta gaixotasunei aurrea hartzeko helburuak bete ahal izatea.

Nazioartean definitutako gaitasunetan profesional bikainak prestatu nahi ditugu; haien egitekoarekin arduratsuak izango direnak; asistentziaren, irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta berrikuntzaren arloko zereginarekin konpromisoa izango dutenak; eta haien ingurune sanitarioan eta sozialean integratuta daudenak.

Balioak

Irakaskuntza Batzordeak eta batzordekideek lanbide sanitarioaren funtsezko balioak sustatzeko eta babesteko konpromisoa dute:

  • Nork bere buruarekiko, pazienteekiko eta gainerako profesionalekiko zintzotasuna, elkarren arteko konfiantza erraztuko duena.
  • Gure jardueren zuzentasuna eta gizarte-konpromisoa.
  • Errespetua eta adiskidantza, talde lana eta pertsonenarteko harremanak erraztuko dituztenak.
  • Lanbidearen zereginak betetzeko eta etengabeko hobekuntzarako erantzukizuna.
  • Altruismoa, pazientearen ongizatea norberaren interesen aurretik jarrita.
  • Pazienteekiko hurbilketa, betiere onbera, atsegina eta errukitsua izanik.
  • Pazientean oinarritutako zainketa.
  • Zuhurtasuna gure jarduera guztietan, gauza izanik nork bere buruari eusteko eta arauak gure pazienteentzatmodu indibidualizatuan aplikatzeko, egoeraren arabera

Lanbide-profila

Profesional sanitarioarentzat honelako lanbide-profila nahi dugu:

Aditu bat, oinarrizko zientzien eta zientzia sozialen, teknologikoen eta klinikoen jakintza zientifiko egokiak eta eguneratuak dituena eta aplikatzen dituena; trebetasun teknikoak eta klinikoak dituena pazienteari eta haren gaixotasunari buruzko informazioa biltzeko eta interpretatzeko, epai diagnostikoak egiteko, erabakiak hartzeko, zainketa-planak prestatzeko eta bere espezialitateari dagozkion prozedura diagnostikoak eta terapeutikoak egiteko.

Lider bat, bere pazienteekin, familiakoekin eta beste lankide batzuekin ondo komunikatzen dena; taldean lan egiteko eta jarduerak gidatzeko gai dena; bere erakunde sanitarioaren barruan zereginak eta baliabideak antolatzen eta kudeatzen dituena; osasuna eta kalitatea defendatzen eta sustatzen dituena; pazientearen segurtasunaz kezkatzen dena.

Ikastun eta ikertzaile bat, ikasteaz eta bere gaitasuna hobetzeaz kezkatzen dena; informazio zientifiko berria bilatzen eta aztertzen dakiena; beste profesional batzuei ezagutza transmititzen eta kudeatzen laguntzen duena; berrikuntzaren eta ikerkuntzaren bidez bere espezialitatearen garapena sustatzen duena.

Profesional bat, portaera eta jarrera gaitsesezinak dituena eta jardunbide kliniko onaren araberako betebeharrak eta erantzukizunak bere egiten dituena; pazienteekin eta familiakoekin gizalegez eta errespetuz jokatzen duena; konpromisoak bere egiten dituena, bere mugak ezagutzen dituena eta laguntza eskatzen duena; bere ingurunearekiko erlazioetan eta bere portaera pertsonaletan adimen emozionala erakusten duena; alderdi etikoetan oinarritutako erabaki medikoak hartzen dituena, pazientearen interesa bere interesen aurretik jarriz; legezko printzipio medikoak errespetatzen dituena, batik bat interes-gatazkak maneiatzeko eta saihesteko garaian eta informazioaren pribatutasuna eta konfidentzialtasuna errespetatzeko garaian; pazientearen, norberaren eta lankideen osasunaren eta segurtasunaren zaintzan konpromisoa hartzen duena; burutsua eta autokritikoa dena eta bere ibilbide profesionalean ikasteko eta hobetzeko interesa azaltzen duena, jarrera aktiboa eta diziplinatua hartuz bere gaitasunen etengabeko ebaluazioari dagokionez.

Osakidetzako logoa

Azken aldaketako data: