CSUR Helduen uretrako kirurgia berreraikitzaile konplexua

Uretrako Kirurgia berreraikitzaile konplexuaren Atala

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Urologia Zerbitzuko Kirurgia Berreraikitzailearen Atalak estatuko erreferentziazko unitatearen aitorpena du (CSUR), helduen uretrako patologia konplexua diagnostikatzeko, maneiatzeko, tratatzeko eta jarraitzeko 2018. urteaz geroztik. Estatuan, gaur egun, mota horretako 6 unitate daude.

Unitatea espezializatuta dago gizonezko zein emakumezkoen uretrako patologia konplexuaren arreta integralean. Etiologia desberdineko entitate kliniko horrek tratamendu kirurgiko oso espezializatuen beharra eskatzen du, arazoaren ikuspegi orokorra, baliabide tekniko aurreratuak eta esperientzia handiko taldeak, batzuetan diziplina anitzekoak.

Uretrako patologia konplexuaren CSURa arlo horretan esperientzia duten urologoek osatzen dute nagusiki, ezagutza eta trebetasun espezifikoak dituzten erizaintzako langileekin batera.

Gainera, hainbat arlotako mediku espezialistekin koordinatuta jarduten dute:

  • Erradiologia eta Erradiodiagnostiko Zerbitzua.
  • Kirurgia Plastiko Zerbitzua.
  • Anestesiologia eta Bizkorketa Zerbitzua.

Diziplina anitzeko taldea


Koordinatzailea

  • Beatriz Martínez González dk. urologian espezialitatua

UROLOGIA

  • Adela Navarro Martínez dk.
  • Ana Isabel Llorente García dk.
  • Sergio Prieto Milán dk.

Kokapena eta kontaktua

Kirurgia Berreraikitzaileko Unitatea Urologia Zerbitzuaren barruan dago, eta fakultatiboen eta erizainen kontsultak ditu eraikin nagusiko 8. solairuan (C eremua – 5. zenbakia mapan).

Urologiako Idazkaritza leku horretan bertan dago, baita D eremuko 1. solairuan ere (7. zk.), paziente urologikoen ospitalizazio-solairuan.

Ospitalearen mapa
Icono consultas

Urologiako idazkaritza

946 00 6197

946 00 63 70

secretaria.urologiacruces@osakidetza.eus

Icono consultas

Urologiako Kanpo Kontsunten idazkaritza

946 00 64 13

secretaria.urologiacruces@osakidetza.eus

Zer da helduen uretrako kirurgia berreraikitzaile konplexua?

Gurutzetako Ospitaleko Kirurgia Berreraikitzaileko Unitatea gizonezko zein emakumezkoen uretrako patologia konplexua era integralean artatzen espezializatuta dago, eta gertaera kliniko oso heterogeneoak biltzen ditu, sintomatologia desberdinekin.

Patologia horien berrerortze-tasa handiak eta bizi-kalitatean duten eraginak — mikzioan, kontinentzian, sexu-funtzioan eta ongizate psikosozialean eragiten dute — ezinbesteko egiten dute zentro espezializatuetan artatzea. Eskarmentuak eta supraespezializazioak aukera ematen dute emaitza funtzionalak optimizatzeko, konplikazioak murrizteko eta asistentziaren eraginkortasuna hobetzeko, kontsultak, esku-hartze berriak eta osasun-kostuak murriztuz.

Unitateak kausa anitzetik eratorritako patologia uretral konplexua artatzen du, besteak beste:

  • Kirurgia osteko estenosi uretralak, uretra, prostata edo maskuri-lepoko ebakuntzen ondoriozkoak, huts egindako kirurgia errepikatuak barne.
  • Gaixotasun inflamatorio kronikoei lotutako estenosia, liken esklerosoa adibidez, segmentu laburretan edo uretra osoan eragina izan dezaketenak; edo genitaletan eragina duten beste gaixotasun sistemiko batzuk.
  • Aurretiko kirurgia berreraikitzailearen sekuelak, hala nola hipospadien kirurgia okerra, osatu gabeko bi alditan berreraikitako uretrak, mentu autologoak edo emaitza funtzional txarra duten zintzilikarioak.
  • Trauma-ondoko lesio uretralak, uretra-kaboak bereizita, mintz-uretra erasanda, lotutako inkontinentzia edo prozedura konplexuen beharra, hala nola osteotomiak edo zintzilikario handiak.
  • Erradioterapiaren ondoriozko estenosia eta fistulak, eboluzio luzekoak edo latzak.
  • Lesio iatrogenikoak, inguruko organoen kirurgia bitartean, hala nola bagina edo ondestea, fistula uretro-besikalak, uretro-baginalak edo uretro-ondesteak baldintzatzen dituztenak.
  • Beste kirurgia urologiko batzuen konplikazio eta ondorio funtzionalak, prostatako minbiziaren tratamendu erradikalaren sekuelak barne; batzuetan, esfinter artifizialak jarri behar dira inkontinentziarako, edo zakil-protesiak erekzioaren disfuntziorako.
  • Huts egindako kirurgia neo-uretretan, generoa berresteko kirurgia-kasuak barne.
  • Dibertikuluekin, litiasi uretralekin edo neomeato perinealekin lotutako estenosia.
  • Goiko gernu-bidearen kirurgia berreraikitzailea (robotikoa edo irekia).

Kirurgia horiek egiteko CSURen aitorpena beharretik sortu da, hain zuzen ere, tratamendua uretrako kirurgian eta kirurgia protesikoan trebatutako diziplina anitzeko talde baten esku uzteko beharretik, mentuak eta zintzilikarioak maneiatzen esperientzia handikoa eta teknika kirurgiko askoren jakitun, kasu bakoitzaren arabera aplikatu ahal izateko.

Irakaskuntza

Unitatean garrantzi handia ematen diogu asistentzia-jarduera irakaskuntzarekin eta ikerketarekin integratzeari.

Irakaskuntzaren arloan, Urologia Zerbitzuan Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak diren profesionalak ditugu, patologia horri buruzko edukiak ematen dituztenak.

Gainera:

  • Espezialisten prestakuntzan aktiboki parte hartzen dugu, espezialitateko urte bakoitzeko (5 urte) 2 egoiliar (BAME) ditugulako.
  • Beste ospitale batzuetatik etorritako errotazioko medikuak hartzen ditugu, uretrako patologia BAME prestakuntza osatzeko.
  • Estatuko eta eskualdeko elkarte zientifikoek antolatutako ikastaro, biltzar eta masterretan parte hartu ohi dugu hizlari gisa.
  • Euskal Urologia Elkartean eta Espainiako Urologia Elkartean aktiboki parte hartzen dugu.
  • Uretrako patologiari buruzko prestakuntza-ikastaro espezifikoak antolatzen ditugu egoiliarrentzat.

Ikerkuntza

Estenosi uretralerako stent uretral biodegradagarriari (Polimerbio) buruzko zentroen arteko azterketa batean parte hartzen dugu, ZE-2022/00021 – ITEAS – Ikerketa TErapia AvanzadaS proiektuan, konpondu gabeko behar medikoak konpontzeko.

ERN eUROGENeko kide gara. Sare hori mugaz gaindikoa da, eta erreferentziazko Europako ospitaleak biltzen ditu, gaixotasun eta gaitz arraroei, prebalentzia txikikoei eta gaixotasun konplexuei aurre egiteko, asistentzia sanitario oso espezializatua eskainiz, gure kasuan, gaixotasun urogenital arraroei dagokienez.

Ikerketak egiten ditugu gure emaitzetan oinarrituta, eta lan horiek urtero argitaratzen ditugu estatu mailako biltzarretan, patologia horiek dituen pazienteak gure ikerlan guztien erdigunean jarriz.

FAQ/Ohiko galderak

Zer da uretrako patologia konplexua?

Termino horren barruan sartzen dira uretrari (gernua ateratzen den hodia) eragiten dioten gaixotasun guztiak, hau da, uretra lesionatzen duten gaixotasun guztiak, batez ere estutasuna (estenosia) edo beste organo batzuekiko lotura (fistulak), eta haien jatorriagatik edo konpontzeko jarraitu beharreko urratsengatik, talde espezializatu baten beharra dutenak.

Ohiko gaixotasuna al da?

Uretrako patologia nahiko ohikoa da, bereziki gizonengan; hala ere, diziplina anitzeko abordatze espezializatua behar duten kasuak ezohikoagoak dira.

Zein sintoma eduki ditzaket?

Sintomak askotarikoak dira, baina ohikoena da pixa egiteko zailtasuna, gernu-erretentzioa, gernu-galerak, pixa egiteko premia eta gernu-infekzio errepikatuak izatea.

Nola diagnostikatzen da uretrako patologia?

Diagnostikoa emateko, honako hauek hartzen dira kontuan:

  • Urologo batek sintomak baloratzea eta azterketa fisikoa egitea.
  • Irudi-probak (uretrografia erretrogratua, uretroskopia, ekografia uretrala edo abdominala, erresonantzia magnetikoa, etab.).
  • Balorazio funtzionalak, hala nola flujometria.
  • Sintomei eta bizi-kalitateari buruzko galdetegi baliozkotuak.

Zein da tratamendua?

Azken tratamendua, kasu guztietan, kirurgia berreraikitzailea da; horren konplexutasuna desberdina izaten da kasu batetik bestera, eta paziente askorentzat pertsonalizatu egiten da.

Zer da CSUR bat eta zergatik bideratu naute hona?

CSUR bat (Erreferentziazko Zentroa, Zerbitzua eta Unitatea) Osasun Sistema Nazionalak akreditatutako zentroa da, espezializazio handia behar duten gaixotasun arraroak edo konplexuak artatzeko. Gure CSUR-era bideratu zaituzte, zeren eta:

  • Uretarako patologia duzu, eta haren eboluzioa kontuan hartua, konplexutzat jotzen da.
  • Gaixotasun horren diagnostikoan, tratamenduan eta jarraipenean diziplina anitzeko talde aditu bat dago gure ospitalean.

Zer-nolako jarraipena beharko dut?

Hasierako tratamenduaren ondoren, funtsezkoa da jarraipen zorrotza egitea, honako hauek barne:

  • Aldizkako azterketak urologiarekin.
  • Programatutako irudi-probak.
  • Proba funtzionalak eta baliozkotutako galdetegiak.

Jarraipenaren iraupena eta maiztasuna paziente bakoitzaren araberakoak izango dira.

Badago saiakuntza klinikorik edo ikerketa-proiekturik, neuk parte hartzeko modukoak?

Bai. Gure CSURak zenbait ikerketa-proiektutan parte harten du eta, batzuetan, uretrako patologiarekin lotutako saiakuntza klinikoetan. Ikerlan batean parte hartzeko irizpideak betetzen badituzu, zure taldeak azalduko dizu zertan datzan, zer onura eta arrisku izan ditzakezun, eta askatasunez erabaki ahal izango duzu.

Ba al dago pazienteen elkarterik?

Gaixotasun honetarako ez dago pazienteen elkarterik estatu mailan.

Laguntza emozionaleko eta sozialeko, zer-nolako baliabide dut eskura?

Gure ospitalean honako hauek eskaintzen dizkizugu:

  • Psikologia klinikoa eta laguntza psikologikoa paziente eta familientzat.
  • Osasun-arloko gizarte-lana, lan- eta administrazio-alderdiekin eta gizarte-baliabideekin lagun diezazukeena.

Baliabide horien beharra izanez gero, galdetu zure talde medikoari.

Nola argitu ditzaket nire zalantzak kontsulten artean edo bigarren iritzi bat eskatu?

Alta-txostenean, emandako dokumentazioan eta webgunean honako hauek izango dituzu eskuragarri:

  • Unitatearekin harremanetan jartzeko telefonoak eta posta elektronikoak.
  • Larrialdiren bat gertatuz gero, jarraitu beharreko urratsak.

Azken aldaketako data: