CSUR Mugimendu nahasmenduen kirurgia
- Mugimendu Nahasmenduen Unitatea (MNU)
- Zer dira mugimenduaren nahasmenduak?
- Irakaskuntza
- Ikerkuntza
- Pazienteentzako baliabideak
- Intereseko pazienteen elkarteak
- FAQ/Ohiko galderak
Mugimendu Nahasmenduen Unitatea (MNU)
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Mugimendu Nahasmenduen Kirurgiako CSUR Erreferentziazko Unitatea erreferentziazko zentroa da estatu mailan Parkinson-en gaixotasun aurreratua tratatzeko.
1999. urteaz geroztik, diziplina anitzeko lana garatzen du, eta Parkinson-en gaixotasun aurreratua, distonia, dardara eta mugimenduaren beste nahasmendu errefraktario batzuk dituzten pazienteak ebaluatzen eta artatzen ditu.
Diziplina anitzeko taldea
Koordinatzaile kliniko-asistentziala eta taldeko kideak
- Beatriz Tijero Merino
NEUROKIRURGIA
- Gaizka Bilbao
- Edurne Ruiz de Gopegi
NEUROLOGIA
- Beatriz Tijero
- Tamara Fernández
- Marta Ruiz
- Juan Carlos Gómez Esteban
NEUROERRADIOLOGIA
- Ainara Dolado
- Olivia Rodríguez
NEUROFISIOLOGIA
- Imanol Lambarri
Unitateko Unitateko gainerako kideak honako fakultatibo espezialista hauek dira:
- Neurología
- Neurocirugía
- Neurofisiología
- Neuroradiología
- Enfermería
- Anestesia
- Neuropsicologia
Kokapena eta kontaktua

Mugimendu Nahasmenduen Unitatea (MNU)
946006568
secretaria.neurologia@osakidetza.eus
6. eraikina
Zer dira mugimenduaren nahasmenduak?
Zer da Parkinsonen gaixotasuna?
Gaixotasun neurodegeneratiboa da, Alzheimer-en gaixotasunaren ondoren maiztasunean bigarrena, eta ezaugarri hauek ditu: dardara, zurruntasuna, mugimenduen moteltasuna eta oreka-alterazioak, bai eta motorrak ez diren beste sintoma batzuk ere, hala nola loaren edo gogo-aldartearen nahasmenduak.
Arrisku-faktoreak eta kausak
Kausak ez dira guztiz ezagunak. Faktore anitzekotzat jotzen da. Zahartzea da arrisku-faktore nagusia; kasu gutxi batzuetan faktore genetikoak, toxiko-ingurumenekoak eta infekzioak daude.
Eboluzio-mailak
Aldaera eta bilakaera-maila desberdinak daude. Terapia aurreratuak, hala nola kirurgia, konplikazio motorren fasean -parkinsonen gaixotasun aurreratua ere esaten zaio- baloratu ahal dira.
Gomendioak
Jarduera fisiko erregularra egiteak -elastikotasuna, egonkortasuna eta gaitasun aerobikoa hobetzen duten ariketak uztartuz- mugikortasuna, oreka eta autonomia mantentzen laguntzen du. Funtsezkoa da medikazioa behar bezala eta erregulartasunez hartzea eta neurologoarekin izan beharreko hitzorduetara joatea. Erorikoak prebenitzea: etxea egokitzea (argiztapen ona, alfonbrak kentzea, oinetako egokiak erabiltzea) eta oinez ibiltzeko eta segurtasunez biratzeko estrategiak ikastea.
Diagnostikoa
Batez ere klinikoa da, hau da, sintomen ebaluazio medikoan eta miaketa neurologikoan oinarritzen da. Neurologoak, halaber, sintomek denboran izan duten bilakaera baloratzen du, bai eta tratamenduari emandako erantzuna ere, diagnostikorako lagungarri. Proba osagarriak, hala nola erresonantzia magnetikoa edo medikuntza nuklearreko azterketak, gehienbat erabiltzen dira antzeko sintomak dituzten beste gaixotasun batzuk baztertzeko, baina gaur egun ez dago Parkinsonen gaixotasuna berez berresten duen odol-analisirik edo irudi-probarik.
Tratamendua
Terapia ez-inbaditzaileak
Tratamenduaren ardatza farmakoak dira (lebodopa, agonistak, IMAOB, ICOMT). Gaixotasunak irauten duen bitartean, tratamendua modu indibidualean doitzen da, adinaren, sintoma nagusien eta pertsona bakoitzaren erantzunaren arabera.
Terapia ez-farmakologikoak
Fisioterapia, logopedia, ariketa erregularra.
Bigarren lerroko terapiak
Garuneko estimulazio sakona, HIFUS, larruazalpeko perfusio-ponpak (duodopa, apomorfina), infusio intraduodenaleko ponpak (lebodopa-karbidopa/lebodopa-carbidopa-entakapona), sintomak ahotiko medikazioarekin kontrolatzen ez badira.
Kirurgia lagungarria izan daitekeen beste mugimendu-nahasmendu batzuk,:
Dardara esentziala
Ohiko nahasmendu neurologikoa da, eta batez ere besoetan eta eskuetan dardara eragiten du, gorputz-jarrera jakin batzuk mantentzean, jatean edo edatean, besteak beste. Buruari eta ahotsari ere eragin diezaieke.
Ez da endekapenezko nahasmendu bat, baina desgaitzailea izan daiteke eta bizi-kalitatea murriztu dezake.
Aukera terapeutikoak: gehienak hobetzen dira tratamendu farmakologikoarekin. Kasu errefraktario zehatzetan, garun-estimulazio sakoneko kirurgia edo HIFUak egiten dira (maiztasun handiko ultrasoinuen bidezko terapia).
Distonia
Mugimenduaren nahasmendu neurologiko bat da. Nahi gabeko uzkurdura muskular iraunkorrak izaten dira, eta postura anomaloak edo mugimendu errepikakorrak eragiten dituzte, batzuetan mingarriak. Gorputz-atal bakar bati eragin diezaioke edo orokorra izan daiteke.
Larritasuna oso aldakorra da, eta farmakoekin, toxina botulinikoaren infiltrazioekin edo errehabilitazioarekin kontrola daiteke. Distonia moderatua edo larria bada, iraunkorra, desgaitzailea eta errefraktarioa, garuneko estimulazio sakoneko kirurgiaz balia gaitezke.
Irakaskuntza
Unitatean garrantzi handia ematen diogu asistentzia-jarduera irakaskuntzarekin eta ikerkuntzarekin uztartzeari.
Irakaskuntzari dagokionez, honako hauek sartzen dira:
Graduko irakaskuntza-eskaintza
Neurozientzien, Medikuntzaren eta Kirurgiaren Departamentua irakasleak gara Patologia Medikoa eta Kirurgia irakasgaian, gradu amaierako lanak zuzentzen ditugu, eta gure kontsultetan, ebakuntza-geletan eta Disautonomia Unitateetan matrikulatutako ikasleen praktikak egiten dira.
Graduondoko irakaskuntza-eskaintza
EHUko Neurozientzien Saileko Gaixotasun Neurodegeneratiboen I. eta II. masterrak zuzentzen ditugu, eta Medikuntza Fakultateko zenbait masterretan parte hartzen dugu. Master amaierako lanak eta doktore-tesiak zuzentzen ditugu; orain arte 7 doktore-tesi baino gehiago irakurri dira taldean.
Ikastaro eta masterrekin lankidetzan aritzea
Gaixotasun Neurodegeneratiboen I eta II Masterra zuzentzen dugu, eta Medikuntza Fakultateko hainbat masterretan parte hartzen dugu. Halaber, beste fakultate batzuekin lankidetzan aritzen gara masterretan eta graduondoko ikastaroetan.
Ikerkuntza
Neuroendekapeneko gaixotasunen eta neurokirurgiaren, neurofisiologia klinikoaren eta anestesiologiaren taldean parte hartzen dugu, Biobizkaia Institutuan.
Nazioarteko erakundeek (Michael J Fox Foundation, National Institute of Health (NIH), Stem Cell Institute (Harvard University), H2020 Programa...) eta erakunde nazionalek (ISCIII, Eusko Jaurlaritzako Industria Osasun Sailak, BIOEF, Ikerbasque Fundazioa...) finantzatutako ikerketa-proiektuak ditugu.
Pazienteentzako baliabideak
Unitateak dibulgazio-bilerak eta -tailerrak antolatzen ditu urtero, normalean, Parkinsonen Gaixotasunaren Nazioarteko Egunean (apirilak 11).
Ate irekien jardunaldia Parkinsonen gaixotasuna duten paziente eta senideentzat.
Parkinsonaren Munduko Eguna. Alfa-Sinukleina eta Parkinsonen gaixotasuna.
Parkinsonen gaixotasunaren terapia aurreratuei buruzko tailer praktikoa.
FAQ/Ohiko galderak
Zertan da Parkinsonen gaixotasunaren ebakuntza?
Neurokirurgiaren bidez, elektrodo oso finak jartzen dira mugimendua erregulatzen duten garuneko eremu zehatzetan, eta bulkada-sorgailu batekin konektatzen dira, taupada-markagailu baten antzekoa, larruazalaren azpian, abdomenean. Gailu horrek garuneko jarduera alteratua modulatzen duten bulkada elektriko jarraituak bidaltzen ditu, eta horrek zenbait sintoma murrizten laguntzen du, hala nola dardara, zurruntasuna eta mugimenduen moteltasuna.
Terapia sendagarria al da?
Ez, ez du gaixotasuna sendatzen eta ez du haren progresioa eteten, baina ondo hautatutako pazienteetan sintomak hobeto kontrolatzeko aukera ematen du, gorabehera motorrak murrizten ditu eta pazientearen bizi-kalitatea nabarmen hobetzen du.
Ebakuntza egin ondoren, jarraipenik behar da?
Bai, etengabeko eta epe luzerako jarraipena behar du. Ebakuntzaren ondoren, estimulazio-parametroak eta medikazioa pixkanaka doitu behar dira, sintomak hobeto kontrolatzeko. Neurologiak egingo du, aldian behin. Gainera, ezarritako gailua gainbegiratu egin behar da, funtzionamendua eta bateriaren egoera egiaztatzeko.
Parkinsonen gaixotasuna diagnostikatu berri didate. Ebakuntza egin ahal didate?
Hasierako faseetan, Parkinsonen gaixotasunakondo erantzun ohi dio tratamendu farmakologikoari. Kirurgia aukera izan daiteke fase aurreratuan, alegia, farmakoek sintomak behar bezala kontrolatzen ez dituztenean, egoera motorra fluktuatzen denean blokeo-uneak eta sintomak areagotuz, eta diszinesiak -medikazioarekin batera azaltzen diren nahi gabeko mugimenduak- agertzen direnean.
Zein kasutan ez zara kirurgiarako hautagaia?
- Dementzia
- Garuneko atrofia (OTAn edo EMn detektatua)
- Parkinsonen gaixotasunaren antzeko sintomak dituzten gaixotasunak, baina gaixotasun desberdinak direnak, hala nola atrofia multisistemikoa edo paralisi supranuklear progresiboa.
- Edozein arrazoirengatik kirurgia kontraindikatzen duten gaixotasun kronikoak (kardiopatia, tumoreak, giltzurrun-gutxiegitasuna, zirrosia)
- Drogazaletasuna, alkoholismoa.
- Gaixotasun mentalaren aurrekaria.
- Jokabide-nahasmendu larriak eta laguntzarik eza.
Badago bestelako tratamendu aurreraturik?
Parkinsonen gaixotasunaren kasuan, badaude medikazioaren infusio jarraituko ponpak erabiltzen dituzten terapiak. Larruazalpekoak edo hesteetakoak izan daitezke.
Dardara esentzialari dagokionez, HIFUSa dago (intentsitate handiko ultrasoinu fokalizatua).
Zer da HIFUSa eta noiz gomendatzen da?
Teknika minimoki inbaditzailea da, ultrasoinu kontzentratuak erabiltzen dituena, garuneko erresonantziak gidatuta, mugimenduaren nahasmenduetan inplikatutako garuneko eremu sakonetan lesio zehatz txiki bat eragiteko, kirurgiarik eta inplantaziorik behar izan gabe. Dardara esentziala kirurgiarik gabe tratatzeko aukera ematen du, eta bereziki egokia da dardara esentzial erregogorrean. Parkinsonen gaixotasunaren dardara errefraktarioko kasu zehatz batzuetan ere baloratu daiteke, garuneko estimulazio sakona egokia ez denean.
Azken aldaketako data:





