CSUR Orbita-deskonpresioa tiroideko patologian
- Tiroideko patologiaren orbita-deskonpresioko unitatea
- Zer da orbita-deskonpresioa tiroideko oftalmopatian?
- Irakaskuntza
- Pazienteentzako baliabideak
Tiroideko patologiaren orbita-deskonpresioko unitatea
Diziplina anitzeko taldea
Koordinatzailea
- Roberto Fernández Hermida Oftalmologia Zerbitzuan espezialitatua
Oftalmologia Zerbitzua
- Cristina Sacristán Egüén
- Alejandro Fonollosa Calduch
Erizaintzako gainbegiralea: Oftalmologiako ebakuntza-gela
- Cristina Uriarte Madariaga
Erizaintza: Oftalmologiako ebakuntza-gela
- Mª Ángeles Gómez Barral
- Maitane Gómez Bilbao
- Verónica Gómez Ruiz
- Mª Carmen Gutiérrez García
- Ana María Rodríguez Paz
- Elixabet Rodríguez Pérez
Kokapena eta kontaktua

Tiroideko patologiaren orbita-deskonpresioko unitatea
946 00 64 62
secretaria.oftalmologiacruces@osakidetza.eus
Zer da orbita-deskonpresioa tiroideko oftalmopatian?
Zer da tiroideko oftalmopatia?
Batez ere, tiroide hiperaktiboa duten pertsonek garatzen duten arazoa da, tiroideko gaixotasun autoimmune baten ondorioz.
Zergatik garatzen da gaixotasun hori?
Gaixotasun autoimmunea da (immunitate- edo gorputzaren defentsa-sistemarena), hau da, tiroide-guruinaren aurka zuzendutako antigorputzek eta zelulek eragindako gaixotasuna, bai eta begien inguruan eta atzean (orbita) dauden ehunen kontra zuzendutakoek ere.
Gehienetan ezezagunak diren arrazoiengatik, immunitate-sistemak ez ditu ehun horiek berezkotzat hartzen, eta haien aurka zelulak eta substantziak sortzen ditu, hantura eta tamainaz handitzea eragiten diena. Gaixotasuna ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, baina larriagoa izan ohi da azken horiengan, eta askotan aurrekariak daude familian, batez ere amaren familian. Badakigu erretzeak, modu pasiboan bada ere, gaixotasunaren bilakaera eragiten eta/edo larriagotzen duela, eta tratamendu-modalitate batzuei behar bezala ez erantzutea eragin dezakeela.
Gaixotasun hori duten pertsonen erdiek ere begietako sintomak garatzen dituzte, arinak gehienetan. Ehuneko txiki batean, sintomak moderatuak, larriak edo oso larriak izaten dira, eta tratamendua eskatzen dute.
Zer sintoma nabaritzen dira begietan?
Begietako sintomak, oro har, gaixotasuna diagnostikatu baino sei hilabete lehenago edo ondoren hasten dira, batzuetan tiroideko gaixotasuna baino askoz lehenago edo ondoren, baina, oro har, gehienez ere 5 urteko epean.
Begietako sintomak dituzten paziente batzuek ez dute inoiz hipertiroidismorik izaten edo arinki garatzen dute, eta oharkabean pasa daitezke. Begietako sintomen larritasuna ez dago lotuta hipertiroidismoaren larritasunarekin, baina tabako-kontsumoarekiko proportzionala da: zenbat eta kontsumo handiagoa, orduan eta larritasun handiagoa gaixotasunean eta erantzun okerragoa tratamenduari.
Hauek dira gaixotasunaren sintomak:
- Begietako narritadura-sentsazioa.
- Gorritasuna eta hantura.
- Malko-jario handiegia eta/edo lehortasun-sentsazioa.
- Betazalen hantura.
- Argiarekiko sentikortasuna, begi irtenak eta ikusmen bikoitza.
Begietako gaixotasun aurreratuenean, begien eta betazalen mugimendua gutxitu daiteke, begiak erabat itxi gabe egon daitezke, korneako ultzerak egon daitezke, eta kasurik larrienetan (bakanetan) itsutasun partziala edo erabatekoa izan daiteke, nerbio optikoaren konpresioagatik.
Begietako gaixotasuna diagnostikatzeko unean, hipertiroidismoaren sintoma klasikoak egon daitezke ala ez. Eta, halaber, tiroide-guruinaren funtzionamendua eraginkortasunez kontrolatu arren, sintoma horiek ager daitezke.
Prebenitu dezaket gaixotasun hau?
Tiroideko gaixotasuna eta horri lotutako begietako gaixotasuna ezin dira prebenitu. Hipertiroidismoa tratatzeko erabiltzen den iodo erradioaktibodun terapiak begiko gaixotasuna larriagotu dezake, erabiltzen den kasuen % 5era arte. Beraz, gaixotasun moderatua edo larria duten pazienteen kasuan, ahal den guztietan saihestu behar da.
Medikamentu antitiroideoen bidezko tratamenduak edo tiroideko kirurgiak, oro har, ez dio begietako gaixotasunari eragiten. Erretzaileek oftalmopatia garatzeko joera handiagoa dute ez-erretzaileek baino; hortaz, erretzeari uzten saiatu behar dute eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliz. Kearekiko esposizioa ere saihestu behar da (erretzaile pasiboa), erretzearen eragin bera baitu.
Zein tratamendu daude gaur egun?
Oftalmopatia baduzu, tratamendu hauetako bat edo gehiago lagungarri izan daitezke zure begiak arintzeko eta ikusmena hobetzeko.
- Begietan konpresa hotzak jartzea. Hezetasun gehigarriak arindu dezake.
- Eguzkitako betaurrekoak erabiltzea: begietako gaixotasun horrekin, begiak zaurgarriagoak dira UVA izpiekiko, eta eguzki-argiarekiko sentikorragoak. Eguzkitako betaurrekoak erabiltzeak haizetik eta eguzkitik babesten laguntzen dizu.
- Begietako tanta lubrifikatzaileak erabiltzea: malko artifizialek narritaduraren sintomak arintzen lagun dezakete. Ziurtatu begietako tantek ez dutela substantziarik gorritasuna ezabatzeko (basokonstriktoreak) eta/edo kontserbagarriak direla. Gel lubrifikatzaile bat oheratu aurretik erabil daiteke kornea ez lehortzeko; izan ere, betazalek ez dute begi osoa estali behar lo dagoen bitartean.
- Oheburua altxatu. Burua gorputzaren gainerakoa baino gorago mantentzeak hantura murrizten eta begietako presioa arintzen lagun dezake.
- Tratamendu immunoezabatzailea: begi-gaixotasunaren aktibitate (hantura) handieneko faseetan, beharrezkoa izan daiteke erantzun immunitarioa murriztea edo blokeatzea medikamentuekin (zain barneko kortikoideak, Rituximab) edo erradioterapiarekin, gaixotasunaren bilakaera geldiarazteko eta ikusmena babesteko.
PRISMAK: Ikusmen bikoitza arazoa bada, medikuek prismak dituzten lenteak errezetatu ahal dizkizute. Hala ere, prismek ez dute funtzionatzen ikusmen bikoitza duten pertsona guztientzat, eta zure medikuak estrabismoaren kirurgia (begietako muskuluak) gomenda diezazuke aukera eraginkorrago gisa.
BETAZALEN KIRURGIA: Gaixotasun honetan betazalak irekiago egoten direnez (uzkurtuta), artaturiko pertsona batzuek zailtasunak izaten dituzte begiak ixteko, eta horrek begia babesgabeago uzten du, malko-jarioa eta narritadura eraginez. Betazalak berriz kokatzeak (kirurgia bidez) narritadura murrizten lagun dezake.
BEGI- MUSKULUETAKO KIRURGIA: Batzuetan, tiroideko oftalmopatian sortzen den orbain-ehunak begietako muskuluetako bat edo gehiago laburtzea eragin dezake (uzkurtu egiten dira). Horrek lerrokaduratik kanpo bultzatzen ditu begiak, eta ikusmen bikoitzaren pertzepzioa dakar. Baliteke begietako muskuluen kirurgia (estrabismo-kirurgia) beharrezkoa izatea egoera hori zuzentzeko, muskulu bat edo batzuk ahulduz, dagokionaren arabera. Kasu hauetan, estrabismo-kirurgiaren helburua da irudien fusioa lortzea (ikusmen bikoitzik eza), "begiradaren posizio funtzionalak" deiturikoan. Zenbait kasutan, ebakuntza bat baino gehiago behar izaten da emaitza horiek lortzeko.
ORBITA DESKONPRIMITZEKO KIRURGIA: Orbiten diametroak handitzen dira, begiak berriro beren lekuan jartzeko. Gaixotasunak eragindako begi irtenak zuzentzeko erabiltzen da ebakuntza hau, itxuraren deformazio nabarmena eragiten dutenean, bai eta ikusmena babesteko ere (nerbio optikoa), ehunen bolumena handitzeak nerbioa orbitan konprimitzea dakarrenean. Ebakuntza anestesia orokorrarekin egiten da, 1-3 egun bitarteko ospitaleratzearekin eta 2 astetik 3 hilabetera bitarteko susperraldiarekin, ebakuntzaren aurretik ikusmen bikoitza zegoen ala ez kontuan hartuta.
Tiroideko oftalmopatia sintoma gehienak tratamendu-modalitate batekin edo bestearekin arrakastaz trata daitezke, gaixotasuna dagoen fasearen eta artatutako pertsonaren inguruabarren arabera.
Gaixotasun horren errehabilitazioa lortzeko, askotan, tratamendu-modalitate bat baino gehiago konbinatu behar izaten dira, ebakuntza kirurgiko desberdinak barne.
Irakaskuntza
Graduko irakaskuntza-eskaintza
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea: Oftalmologia (4. maila)
Graduondoko irakaskuntza- eskaintza
Aktiboki parte hartzen du espezialitateko barne-mediku egoiliarren (BAME) prestakuntzan, egoiliarren tutoreak barne. Osasun eta Kontsumo Ministerioaren akreditazioa oftalmologiako 2 espezialista prestatzeko urteko. Prestakuntza horrek 4 urteko iraupena du.
Gainera, beste ospitale batzuetatik (Osakidetza barrutik zein kanpotik) errotazioan datozen mediku egoiliarrak onartzen dira, patologia mota horien maneiua osatzeko.
Pazienteentzako baliabideak
- Bizi-kalitateari buruzko galdetegia
Kontsultara joan aurretik, bete ezazu bizi-kalitateari buruzko galdetegia eta bidali posta elektronikoz, "Word" formatuan, helbide honetara:
secretaria.oftalmologiacruces@osakidetza.eus - Pazientearentzako informazio-orria
Azken aldaketako data:




